Hegazti sarraskijaleez mintzo garenean hainbat jendek muturra okertzen duen arren, saiek eta antzerako hegalari bikainek erakargarritasun berezia dutenik ezin uka dezake mendian ibilia den inork. Hegalak zabalik, eguzkiaren berotasunak sortutako aire-korronteen gainean igeritan aritzeko duten erraztasunak txundituta uzten gaitu, eta berak bezala zeruan gora ibiltzeko inbidiaz geratzen gatzaizkie begira.
Sai zuria sai palearktikotan txikiena da; 58-70 cm-ko luzera eta 145-165 cm-ko hegal-zabalera ditu, eta bere pisua 1,6 eta 2,5 kg bitartekoa izan daiteke. Migratzaileak dira berez, eta negua Afrika tropikalean bota ondoren, martxoaren hasiera aldera edo iristen dira Euskal Herrira, habia bertan egin eta sai zuri gazteak hazi asmoz.
Udaberrian eta udan zehar, bere hegaldi dotoreez eta soslai bereziz apaintzen ditu gure mendietako zeruak. Izan ere, sai zuria oso erraz bereiz daiteke gainerako harrapariengandik. Tamaina ertainekoa da, isatsa ziri-itxurakoa du, eta luma zuri eta beltzez osatutako janzkera distiratsua nabarmenegia zaio besteren batekin nahastu ahal izateko. Bestalde, aurpegiko azal hori bilutsa, eta moko mehe eta gakoduna ere bereziak ditu nahikoa hurbiletik ikusteko parada izanez gero.
Baina itxura erakargarriaz gainera, sai zuriak beste makina bat bitxikeria ere eskaintzen du bere bizimodu eta ohituretan. Elikadurari dagokionean, sai zuria sarraskijalea dugu batez ere, baina bere izaera saiena baino askoz ere oportunistagoa denez, sarritan ehiztari, arrantzale, arrautza-lapur edota koprofago (gorotz-jale) ere izan daiteke. Janari bila aritzeko leku zabalak maite ditu, eta oihan ertzetara hurbiltzeko ohiturarik ez du izaten. Horregatik, maiz ikus daiteke sai zuria aziendak bazkatzen direneko larreetan, gorotzak jaten, gorotzetan dabiltzan ornogabe txikien bila, edota errepide ertzetan, autoek hildako animalien hondakinetan. Bestalde, aukera duenean sugandilak, muskerren bat edo beste, ugaztun txikiak, eta hegaztiak ere harrapa ditzake bere dieta osatzeko. Azken kasu honen adibide gisara J. L. G. Grandek, sai zuri batek sorbeltzen habia bati eraso, eta helduetariko bat eta bi txito harrapatu zituenekoa aipatzen du.
Hala ere, sai zuriaren elikadurari dagokion ezaugarririk nabarmenena, eta sai jakintsua izengoitia atxekitzearen arrazoia izan dena gainera, hegazti harrigarri honek arrautzak lapurtzeko ageri duen jokabide berezia da; alegia, sai zuria tresnak erabiltzen dituzten hegazti gutxietariko bat dugu. Afrikan ikusi denez, sai zuriak, arrautzak ohostu ahala, harri handi baten kontra bota, oskola hautsi eta jan egiten ditu. Alabaina, ostrukarenak ( Struthio camelusenak ) bezain arrautza handi eta gogorrak aurkitzen dituenean, harri bat kontu handiz aukeratu, eta arrautzaren gainera jaurtitzen du behin eta berriro, oskola puskatu eta barneko jaki goxora iritsi arte. Iharduera berezi hau arazo klasiko bihurtu da etologoen artean, eta egun, zenbait autorek ikasitako jokabidea dela defendatzen duten artean, beste batzuek jaiotzetiko faktoreek garrantzi handiagoa dutela uste dute.
Sarraskien aurrean ere jarrera bitxia ageri du hegazti xelebre honek. Gehienetan bera izaten da lehena, bele eta erroiekin batera, hilikia aurkitzen, baina orduan ez zaio jaki goxoari hurbildu ere egiten, eta bere inguruan ibili ohi da, xomorro edo beste txikikerien bila. Horrela denboratxoa bota eta gero alde egiten du, eta ez da bertara itzuliko bere lehengusu erraldoiak (saiak alegia) iritsi artean. Orduan, saiek sarraskia ireki eta jaten hasten direnean, hauen inguruan arituko da lurrera erortzen diren apurren bila, oilo zoro baten moduan. Batetik, iharduera hau normala dela ere esan daiteke, noski; sai zuriaren moko mehea ez bait da aski sendoa animalia handien larrua urratzeko, eta, beraz, probetxugarri gerta dakioke sai ahaltsuagoen itzalean aritzea, baina dirudienez, sai zuriak jokabide beretsua erabiltzen du animalia txiki eta bigunagoekin ere, eta kasu honetan arrazoiak bestelakoa beharko luke izan. Hegazti zuhur hau hilikien aurrean mesfidati ibiltzen dela esan daiteke, eta nahiago duela, badaezpada ere, lehengusuak bere aurretik bidaltzea!
Habia egiteko sai zuriak oso mota ezberdinetako habitatak aukera ditzake, itsas mailatik hasi eta ia 2.000 m-ko altituderaino, baldin eta bertan lan horretarako haitz edo hormatzar aproposik badago behintzat. Horrelakoetan, apalak edo zulo egokiak aukeratzen ditu, bertan mota guztietako materialak pilatzen dituelarik. Urtero erabilitako habia batek 70-150 cm-ko diametroa eta 20-70 cm-ko altuera izan ditzake, eta bertan zotzak, animalien ilea, oihal-zatiak, sokak, eta beste makina bat hondakin aurki daiteke. Izan ere, azken urte hauetan sai zuriak zabortegietara joateko ohitura hartu bait du, eta bertan, jakiaz gain, habia egiteko material berri franko ere aurkitu bait du. Neronek aztertutako habia batean adibidez, aipatutakoez gain galtzerdi zahar bat, konpresa batzuk, egunkari-paperak, alanbreak, eta beste hamaika hornidura ikus zitekeen. Martxoaren azkenetan edo apirilaren hasieran emeak arrautzak errungo ditu. Normalean bi izaten dira, zuriskak eta pikardatuak, eta beren neurriak batezbeste 65x50 mm-koak dira, 90 gramo inguruko pisua izanik.
Txitaketa arraren eta emearen artean burutzen da, eta txitoak 42 egunen buruan jaioko dira. Hauetan, normalean handiena bakarrik iritsiko da hegan egitera, bestea hil egiten delarik. Txitoak habian egingo dituen 75-80 egunetan zehar, bere elikadura, garbiketa, eta zainketaren ardura bi gurasoek izaten dute. Abuztuaren erdi-alderako txitoak lumajea osatua izango du, eta hegarako lehen saioak egiteari lotuko zaio. Sasoi honetan, sai zuri gaztearen soslaia jadanik bere gurasoenaren antzekoa da oso, baina lumajea erabat arre iluna ageri du; ugatz gazteek dutenaren antzekoa oso, baina, noski, sai zuria askoz ere txikiagoa da ugatza baino. Irailaren azkenerako, gurasoekin batera sai zuri gazteak Afrika tropikaleranzko bidaiari ekin beharko dio, eta froga honi eusteko gai bada lehen aldiz ezagutuko ditu hortik aurrera bere neguko lurralde izango direnak.
Bere banaketari dagokionean, sai zuria Europako hegoaldean, Afrikan eta Asian bizi da. Dirudienez, azken mende honetan zehar atzerakada handia izan du Europa osoan, eta egungo populazio kontinentala 2.500 bikote ingurukoa soilik da, hauetariko 2.000 Iberiar penintsulan kokatzen direlarik. Dirudienez, atzerakada honen arrazoi nagusiak abelzaintzaren atzerakada, eta karniboroentzat jarritako beita pozoituak dira.
Euskal Herrian egin diren estimazioei begira, bertako populazioa 190 bikote ingurukoa dela esan daiteke, hauetarik 140 Nafarroan kokatzen direlarik, eta dirudienez, azken hamarkadetan atzerakada izan den arren, gaur egun populazio hau nahikoa egonkor mantentzen dela esan daiteke.
FITXA TEKNIKOA: SAI ZURIA |
ESPEZIEA : Neophron percnopterus |