Ramón Adán de Yarza

Herri bakoitzak izan ditu, eta ditu, bere ikertzaile handiak. Beren lana, nahiz eta zientziarako garrantzitsua izan, itzalean geratu eta ahaztu egiten da askotan. Euskal Herrian ere horrelako pertsonaiak izan ditugu eta horien artean, Ramón Bonifacio Teodorico Adán de Yarza y de la Torre Lequerica (1848-1917) aipatu beharra dago. Zure eskutara ekarri nahi izan dugun lan labur honen bidez, geologo eta naturzale zenaren bizitza eta egindako lanaren garrantzia erakusten saiatuko gara.

Ikertzaile askoren iritziz, R. Adán de Yarza Euskal Herrian izan den geologorik handiena da. Horren erakusgarri Euskal Herrian egindako geologi lan gehienetan bere izena aipaturik ikustea da, bere lan horiek Euskal-Kantauriar Arroaren ezagupen geologikoaren oinarriak baitira. Suess geologo ospetsuak “La faz de la Tierra” bere liburuan euskal geologoa aipatu egin zuen , eta berdin-berdin egin zuten Odón de Buen-ek “Histora natural” liburuan eta Pierre Feuille geologo frantsesak XIX. mendeko eskualde kantauriarrari buruzko lanak aztertu zituenean.

R. Adán de Yarza 1848ko ekainaren 5ean jaio zen gaur egun Bilboko Bidebarrietako liburutegiaren orubean zegoen jauregian. Bere gurasoak Carlos Adán de Yarza eta Clotilde de la Torre de Lequerica ziren. Aitaren aldeko aiton-amonak Fernando Adán de Yarza eta Ramona de Zorina ziren eta amaren aldekoak Vicente de la Torre de Lequerica eta Monica de Ulibarri. Adán de Yarza leinuak Lekeition ditu bere sustraiak eta bere sortzailea XIV. mendeko Fernando Adán de Yarza da. De la Torre Lequericaren jatorria berriz, Donostiako Armeria adarretik dator.

Ramón gazteak etxean egin zituen oinarrizko ikasketak irakasle partikular batekin. Batxilergoko azterketak ikasle libre legez egin zituen Begoñako galtzadetan zegoen institutu zaharrean. 1866an Madrilgo Mehatz-Injinerutzako Eskola Berezirako sarrera goraipamenez lortu zuen. 1871ko ekainaren 24an bukatu zituen bere ikasketak erlazio orokorreko 541. postua lortuz. 1894ko otsailaren 16an eskatu zuen bere mehatz injineruko titulua eta urte bereko urriaren 26an eskuratu zuen. Bere ikasketak amaitu berria zelarik, ikerketa-lanari ekin zion eta orduantxe hasi zen azken Gerra Karlista; liberalekin, Bilboko defentsan hartu zuen parte.

Gerra Karlista amaitu zenean, bere kabuz hasi zen ikertzen. Argitaratu zuen lehen lanaren eskuizkribua 1876ko azaroaren 30ean sinatu zuen, baina 1877ra arte ez zen Espainiako Mapa Geologikoaren Komisioko boletinean argitaratu. Euskal Herritik aparte, beste hainbat herritan ere egin zituen geologiako ikerketak, baina aipagarrienak Gipuzkoako (1884an), Arabako (1885ean) eta Bizkaiko (1892an) memoria geologikoak dira.

Oso geologo ona izanik, berehala lortu zuen sona handia. Bizitza profesional txit aktiboa izan zuen eta hainbat goi-kargutara iritsi zen. Bete zituen kargurik garrantzitsuenen artean, ondokoak aipatuko ditugu:

  • 1871ko uztailaren 8an Mehatz-Injineruen Gorputzean sartu zen bigarren injineruaren postuan eta Bizkaiko Mehatz barrutira destinatu zuten menpeko injineru bezala.
  • 1880ko urtarrilaren 20an lehen injineru postua eskuratu eta Bizkaiko barrutiko bigarren nagusia izendatu zuten.
  • 1892an Espainiako Mapa Geologikoaren Komisioan batzordekide izendatu zuten; Kargu horrekin bere prestakuntza geologikoa amaitutzat eman zuen eta hortik aurrera, XIX. mendeko petrograforik onenetarikoa izatera iritsiko da.
  • 1898an Frantziako Elkarte Geologikoak Bartzelonan egin zuen ikustaldiko zuzendaria izan zen.
  • 1907ko maiatzaren 30ean Mapa Geologikoaren Komisioko batzordekide izendatu zuten.
  • 1907ko ekainaren lehenean Mehatz-Injinerutzaren Eskolako geologiako katedra eskuratu zuen.
  • 1908ko maiatzaren 29an Lehen mailako injineru nagusi izendatu zuten.
  • 1910eko urtarrilaren 28an Stockholmeko Nazioarteko Geologia Kongresurako izendapen ofiziala lortu zuen Estatu Espainoleko ordezkaritzan.
  • 1910eko martxoaren 27an Begirale Nagusiko postua eskuratu zuen. Horren ondorioz, praktiketako arduraduna izateko eta iraileko epaimahaian jarraitzeko baimena eman zioten arren, katedrari uko egin behar izan zion.
Ramón Adán de Yarzak egin zuen mapetako bat (Gipuzkoakoa) eta Lekeitioko bere "Zubieta” jauregia.

Horiez gain, hainbat erakunde zienfikoko kide eta Bartzelonako Zientzia eta Arteen Akademiako koadroko partaidea ere bazen. Erakunde horietako batzuetan ohoreak jaso zituen.

1915eko ekainaren 5ean bere erretiroa aurreratzea eskatu zuen eta Lekeitioko eta Arrasateko lurraz arduratu zen. Euskal Herriko geologian itzal luzea utzi duen gizona alborengoak jota hil zen 1917ko urtarrilaren 25ean Arrasateko etxean.

Ikertzaile handi honen izena ez da berehala ahaztuko; besteak beste, hortxe daude berak egindako lan guztiak, ondorengook erabil ditzagun. Ramón Adán de Yarzak makina bat lan egin zuen eta, guztiak aipatzea ezinezkoa denez, goiko taulan nabarmenduko ditugu batzuk.

Hemen azaldu dugun guztia, ikertzaile bikain honen bizitzaren eta lanaren laburpen txiki bat besterik ez da izan. Bere lanaren balio zein ekarpena eta jakina, berak utzitako itzala handiak dira oso Euskal Herrian. Eta gu zientzilariak garen heinean, beraz, ez dugu euskal geologorik nagusienetakoaren izena eta izana ahaz daitezen utzi nahi. Horixe bada artikulu honen helburua.

  • Apuntes geológicos acerca del criadero de hierro de Somorrostro, en la provincia de Vizcaya. Boletín IV; 1877, 45. or.
  • Examen microscópico de varias muestras de rocas eruptivas, recogidas por D. Luís Mariano Vidal en la isla de Mallorca. Boletín VI, 1879, 23. or.
  • Las rocas eruptivas de Vizcaya. Boletín VI, 1879, 269. or.
  • Las minas de Somorrostro, por Eug. Bourson (Extracto de la nota acerca de). Boletín VI, 1879, 287. or.
  • Nota sobre las minas de hierro de Bilbao, por M. Baills (Extracto y observaciones acerca de). Boletín VI, 1879, 391. or.
  • Roca eruptiva de Motrico (provincia de Granada). Anal. S.E. de H.N. VII, 1877 78, 21-25. orr.
  • Edad de las ofitas. Boletín IX, 1882, 93. or.
  • Los criaderos de cinabrio de California, Nevada y Virginia. Revista Minera, t. 1, serie C, año XXXIV, 1883, 87-89. orr.
  • Descripción física y geológica de la provincia de Guipúzcoa. Memorias, 1884.
  • Descripción física y geológica de la provincia de Álava. Memorias, 1885.
  • Descripción física y geológica de la provincia de Vizcaya. Memorias, 1892.
  • Rocas hipogénicas de la isla de Cuba. Boletín XX, 1893, 71. or.
  • Roca eruptiva de Fortuna (Murcia). Boletín XX, 1893, 349. or.
  • Rocas eruptivas de la provincia de Barcelona. Mem. Acad. Cienc. y Artes de Barcelona, II, 1898, 359-369. orr.
  • Provincia de Guipúzcoa. Geología Agrícola, primera parte. Bosquejo petrográfico. San Sebastián, Imp. de la Provincia, 1900, 20. or. eta mapa bat.
  • (R.; Almera, J.; Barrois, C.; Bergeron, J; Bofill, A.; Calderon, S.; Deperet, C.; Dollfus, J.F.; Stuart-Menteath eta Vidal, L.M.rekin batera): Excursiones verificadas durante la reunión de la Sociedad Geológica de Francia, en Barcelona, Septiembre y Octubre de 1898. Boletín XXVII, 1900.
  • Mapa petrográfico de Vizcaya a escala 1:100.000, 1900.
  • Nota acerca de los yacimientos cupríferos del norte de la provincia de Palencia. Boletín XXVIII, 1906, 105. or.
  • El País Vasco en las edades geológicas. Boletín XXVIII, 1906, 45. or.
  • Dos palabras referentes a las teorías de las zonas de cobijadura, como prólogo a la traducción de un trabajo del señor Nicklés. Boletín XXVIII, 1906, 65. or.
  • Estudios hidrogeológicos. Provincia de Madrid. Zona entre Madrid, San Martín de Valdeiglesias y el ferrocarril de Madrid a Alicante. Boletín XXVIII, 1906, 297. or.
  • Lecciones de Geología, explicadas en la Escuela Especial de Ingenieros de Minas. Curso 1909-1910. Madrid. Lit. E.J., 1260. or.
  • Lecciones de yacimientos metalíferos. Curso 1909-1910. Madrid. Lit. E.J., 278. or.
  • Note supplementaire sur les gisements de fer de l’Espagne. C.R. XI Cong. Geologique International, 1910, 303-306. orr.
  • (R. eta Rubio, C.rekin batera): Memoria acerca del Congreso Internacional de Geología, celebrado en Estocolmo en 1910. Boletín XXXI, 1910.
  • Estado actual de la minería en Murcia. Extracto de un informe. Boletín XXXII, 1911, 215. or.
  • (Lozano Sánchez, R. eta Kindelan,V.rekin batera). Dictamen sobre los yacimientos de hierro de Mayarí. Revista Minera, Metalúrgica y de Ingeniería (Madrid). XXIX, 2322 (Octubre 1911), 493-504. orr.
  • Informe geológico sobre la captación de los manantiales de Cestona.
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila