Teknikoki, abandonware software-pirateria da. Legeari mugatuz gero, abandonatutako softwarea (hortik abandonware hitza, hain zuzen ere) erabiltzeak copyright-legea hautsi egiten du. Alegia, lege horren arabera, ezin da programa baten kopiarik egin kaleratu duen enpresak copyrighta lortu eta 75 urte igaro arte. Horren aurrean, zenbait ekimen egin dira fabrikatzaileek antzinako zenbait sistema eragile edota programen eskuratzea erraz dezaten.
Esaterako, arrakasta izan duen ekimen horietariko bat VisiCalc kalkulu-orriaren asmatzaile Daniel Bricklin-ek egin du. Izan ere, bere aplikazioa edonorentzat eskuragarri izan dadin, Lotus Development -en baimena lortu zuen eta Interneten sartu zuen. Lotus -ek 1985ean erosi zuen VisiCalc, baina gaur egun ezin da inon ere erosi. Alabaina, abandonware mugimenduari esker, behar duenak badu eskuratzeko modurik.
Beraz, abandonware mugimenduaren aldekoek esaten dutenaren arabera, abandonware ez litzateke pirateriatzat hartu behar. Izan ere, lau urte baino gutxiago dituzten programak edota oraindik ere salgai daudenak ez dira abandonware . Are gehiago, enpresa batek erabakiko balu programa jakin bat berriro ere salgai jartzea, une horretatik bertatik ez litzateke jada abandonware izango.
Zenbait kasutan konkurrentziaren eraginez, beste zenbaitetan ekoizleak bertsio berriak atera dituelako edota makina bera desagertuta dagoelako (Atari, Amiga ...), hamaika programa geratu dira baztertuta.
1997ko otsailean Israelgo bi informatikari ohartu ziren ordenagailu zaharkitua zutenek ez zutela programak eskuratzeko biderik. Halatan, lehenengoak, Peter Ringering-ek, Ordenagailu Zahartxoaren Gunea ( Oldie Computer Site ) ezarri zuen eta bigarrenak Joko Klasikoen Artxiboa ( Classic Gaming Archive ). Berehala elkartu zitzaien jokozale mordoa, eta bakoitzak bere gunea eskaini zuen. Martxoan, indarrak elkartu eta Abandonware Ring Central (gaur egungo Abandonware Ring) ezarri zuen Peter Ringering-ek.
Baina espero zitekeena gertatu zen, eta legearekin arazo ugari izan eta itxi ere egin zen gunea. Alabaina, Swizzle ezizenekoak aurrekoaren lekukoa hartu zuen; gaur egun martxan dagoena da horren emaitza.
Eskura daitezkeen jokoen artean Civilization, Doom, Monkey Island, SimCity eta Tomb Raider bezalako joko klasikoak eta beste asko daude. The 386 Page -an IBM OS/2, Microsoft-en MS DOS-en zenbait bertsio, lehenengo Windows-a eta ezezagunagoak diren Tandy Deskmate 3.69 edo Quarterdeck DESQview/X 2.1 daude. Bestalde, 21st Century Oldies ( http://21ct.gooddays.org/apps.html ) izeneko gunean, Windows-erako Apple IIe-ren emuladorea, Norton Commander, Quicken 3 for Windows, dDebase 3+ datu-base famatua, Winamp musika-irakurleak edo DOSen ibiltzeko saguaren driver -a daude. Horrelako beste zenbait gune: www.abandonwarering.com ; Apple-ren programa zaharrak eskuratzeko: www.info.apple.com/support/oldersoftwarelist.html