Piztizaleon berriak: uztaila-abuztua

Udak aurrera egin ahala, hegoaldeko lurretan kolore arreak eta horiak nagusituko dira. Argazkian Aibarreko inguruak.
M.M. Elosegi

Eguerdiko ordu bata da eta itzalean 30 graduko tenperatura dugu. Egun osoa izerdi patsetan daramagu eta etzanda egoteko gogoa besterik ez du ematen. Gauean, gainera, ez du freskatu eta izarak itsatsita bueltaka pasa dut gauaren erdia. Nolanahi ere, azken egunetakoa latza izan da. Hego-haizearen laguntzaz, eguzkiak bazter guztiak lehortu ditu. Hautsa nagusitu zaigu kaleetan eta herri inguruko putzu gehienak idortu egin dira, zartatutako lurra agerian utziz. Duela hilabete batzuk mendiak zituen kolore biziak itzali egin dira eta hegoaldea hori eta arrea ageri da.

Udak, ordea, gauza on askoak ere baditu: gauetan kalean egoteko giroa bikaina izan daiteke eta egunean zehar izerdiarekin galdutako ura berreskuratzeko, zerbeza freskoa ezin hobe sartzen da. Gainera, herri gehienetako jaiak, sanjoanak eta sanmigelak bitartean, udan ospatuko dira. Horiek horrela, benetan zaila gertatzen da parrandarik ez egiteko aitzakiarik topatzea udan.

Ur-gutxi putzuetan

Eguzkilore-soroa udan.

Igel berdeak ibai eta putzu bazterretan daude eta etsairik inguratzen zaienean, jauzi baten bidez uretaratzen dira. Hauez gain, hezeguneetan apaburuak ere badaude, eta dagoeneko garapen-maila aurreratua ageri dute.Tenperatura altuekin azkarrago hazten dira baina aldi berean, beroak beraiek bizi diren putzuetako ura lurrindu eta hauek lehortzeko arriskua dakar. Beroaren eraginez putzu osoa lurrintzen bada, hortxe hilko dira guztiak. Hala ere, hauxe da anfibio gehienek arrautza ugari jartzearen arrazoia: dozenaka edota ehunka arrautza jartzen baldin badira, hauetako bakarren bat aurrera ateratzeko aukera bermatzen da.

Uzta biltzearen arazoak

Larrako elurrak aspaldi urtu ziren. Hala ere, ospel eta elur-zuloren batean zer edo zer mantentzen da eta sarrioak edo basoilarrak bertara hurbil daitezke freskatzera.
M.M. Elosegi

Uztaila hitzak adierazten duenez, hauxe dugu leku askotan uzta bilduko den tenorea. Garai batean uzta-bilketa eskuz egiten baldin bazen ere, teknologiaren aurrerapenak mekanizazioa ekarri zuen eta lana ez da ordukoa bezain gogorra. Alor eta soroetan bizi diren animalientzat, ordea, mekanizazioa arazo latza bihur daiteke. Izan ere, uzta biltzeko tresnek gari-soroan kumatzen ari diren eper, galeper, basoilo edota mirotzen makina bat arrautza, txito eta abar zapuzten dituzte urtero eta ondorengorik gabe utzi.

Eskuz egiten zenean, oso normala zen, esate baterako, eperrak habia zuen lekuan puskatxo bat bildu gabe uztea txitaldia aurrera atera zezan. Dena den, gaur egungo makina handiekin ez da normalean halakorik egiten, eta animalientzat irtenbide egokiena uzta egun batzuetan atzeratzea bada ere, honek nekazarientzat galera handiak ekar litzazke eta, noski, ez da halakorik egiten. Uzta biltzea, beraz, inguruotako animalien arazo handienetako bat dugu.

Organbidexkan migrazioa behatzen

Tximeletek (Papilio machaon argazkian) kolorez betetzen dituzte bazterrak. (M.M. Elosegi).

Negua oraindik oso urrun dagoen arren, sai-zuriak kumatu diren lurraldeak utzi eta Afrikaranzko bidean ditugu iadanik. Uztailean miru beltzek eta zikoina zuriek ere eztei-ondorengo migrazioari ekin diote eta sorbeltzak ere aurki joango zaizkigu.

Askotxo dira udan hegoalderantz migratzen hasiko diren hegaztiak. Abuztuan, esate baterako, kukua, zapelatz listor jalea, mirotz urdina, eta euli-txori arrunta abiatzen dira, besteak beste. Espezie hauek gure lurraldera kumatzera etorri ziren, eta hau burutu bezain laster, alde egingo dute. Jende askorentzat harrigarria gerta daiteke hegazti batzuk uda bete-betean joatea. Migrazio ikusgarriena udazkenean ematen bada ere, eztei-ondorengo bidaia uztailetik aurrera hasten da gertatzen. Euskal Herrian migrazioa behatzeko gune desberdinen artean Organbidexkakoa dugu famatuenetarikoa eta abuzturako bertan izaten dira ornitologoak urteroko jarraipena egiteko.

Beroari aurre egiteko estrategiak

Burumakur, ardiak haritz bakarti baten itzalean daude bildu-bildurik. Bero zakar hauekin animalia gehienek itzala bilatzen dute eta burua da gehien babestu behar duten gorputz-atala. Behi-taldea, berriz, goiko muinora igo da, haize goxoaren bila.

Arrubioek eta orokorrean anfibio gehienek eguzkitan larruazala lehortzek arriskua dute. Hori dela eta, iluntzetik aurrera eta batez ere gau hezeetan mugitzen dira.
M.M. Elosegi

Ardiak eta etxeko azienda gehienak bezalaxe animalia basatiak ere leku freskoetan ezkutatzen dira ordu beroenetan, eta egunsentian eta ilunabarrean gehiago mugitzen dira. Larrako sarrioak azken elurrak dauden ospeletan etzan dira, eta basoilarra ere, hementxe zen goizean elur freskagarria jaten.

Oraindik hegatu ez diren saien habietan, gurasoek itzala egiten diete kumeei hegoak zabalduta eta uretan, berriz, animalia asko sartzen da freskatzera. Hala ere, putzuak guztiz lehortzen badira, espezie batzuek lokazpean ezkutatu eta garai hobeen zain itxaron beharko dute. Estibatzen duten, edo udako geldialdia duten, animalien artean, anfibio batzuk edota apoarmatuak ditugu.

Gizakiek ere antzeko portaerak dituzte. Lanerako txapela edo zapia jantzi dezakete burua babesteko, bulego arruntetan haizagailuak pizten dituzte eta ofizialetan aire girotua. Eta zalantzarik gabe, ahal dutenak oporraldia hartu eta bero itogarri honekin kolperik ere ez jotzen saiatuko dira. Alabaina, oporretan itzalean gorde beharrean, gizaki askok portaera bitxia erakusten dute egun eguzkitsuetan: sugandilen modura luze-luze etzan eta eguzkiak larruazala kiskal diezaien utzi. Ohitura xelebre hau ikusteko aski da hilabeteotan kostaldeko edozein hondartzatara hurbiltzea.

Beroarekin batera, gaitz ugari

Uroilanda txikia aintzira bazterreko landaretzan. Zoko heze hauetan ez da beroa hainbeste nabari.
M.M. Elosegi

Orein gizarajoak zer egin ez dakitela ditugu. Akainez josita daude eta hori gutxi balitz, belarriak zabal-zabal astinduta ere ezin dituzte sudurtzulo, begi eta ahotik sartzen zaizkien euliak gainetik kendu. Zomorro hauek, gainera, hainbat gaitz zabaltzeko arriskua ekar dezakete. Basa-animalien artean kalte handiak eragin dituenetako bat untxien mixomatosia dugu. Gaitz hau agertu zenetik, milioika dira Europan urtero hiltzen diren untxiak eta oraingoz, ez da kontrolatzea lortu.

Trumoi-hotsak

Gaurko goiza arras polita genuen, baina haize nahasia mugitzen hasi da eta arratsalderako zerua beltzatu zaigu. Hodei mamitsuak ugaritu eta ilundu egin dira eta bat-batean, BROOOOM, trumoi-hotsak entzun ditugu. Hasierako tanta lodien ondoren ordu beteko erauntsi izugarria bota du.

Akabo kanpoko zerbeza eta tertuliak; denak taberna barrura! Nekazarien zorionerako, kiskalitako alorretan euri gozoak barazki iherrak busti ditu. Pixkanaka errekak handitu eta zikintzen joan dira eta amuarrainak txoratuta bezala jauzika hasi dira atmosferako goiko kapa nahasietatik jaitsitako eltxoak jan nahiean. Gauean berriz, errepidean bertan anfibio ugari ikusi ditugu. Izan ere, azken hauek larruazala lehortzeko arriskurik gabe, bare, marraskilo eta bestelako zomorroak sabeleratzeko aukera bikain hau ez dute inolaz ere pasatzen utzi nahi izan.

Putzuen garrantzia

Suge biperakara ibai-ondoan. Egun beroetan uretan sartzen dira eta arrantzan ere aritzen dira.
M.M. Elosegi

Kantauri alde hezean ura behar bezala estimatzen ez dugun arren, Araba eta Nafarroako hegoaldera mugituz gero, urak duen garrantziaz jabetuko gara. Ura bizia da eta ezinbestekoa da bizidun guztiontzat. Atzoko ekaitzak, adibidez, putzu ederrak utzi zituen Kodeseko mendietan eta berehala animalia ugari hurbildu zen edatera edo bainua hartzera. Basurdeak, adibidez, bertan izan ziren eta zorritsu eta zikin fama duten arren, oso maiz garbitzen dira, larrua eta ilajetik zomorroak uxatzeko.

Bukatzeko, atzoko ekaitzaren bi alderdi gogoratuko ditut; alde batetik, suhiltzaileak poz-pozik zeuden zaparradak sute-arriskua nabarmen gutxituko zuela ikusita. Bestetik, ordea, nekazariak erreguka genituen ekaitzak alorretan txikiziorik egin ez zezan. Tamalez, ia ezinezkoa zen denen nahia betetzea.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila