Atzo euri-jasa latza bota zuen Arballetako basoan eta gaur bide-bazterreko putzuak, inguru guztietatik etorritako baso-igel gorriz bete dira. Uretan sekulako ikuskizuna dugu: bata bestearen gainera igotako igelak, emeak harrapatzeko lehian ari diren arrak, eta tarteka, eme berari sutsuki lotutako lau eta bost ar. Dagoeneko, ehundaka arrautz dituzten mordoiloak ageri dira han-hemenka eta okerrik ez bada, egun batzuen buruan putzua zapaburuz beteta egongo da.
Zenbait lekutan baso-igel gorrien ugalketa joan den urtearen bukaeran hasi bazen ere, erruketa gehienak aurtengo lehen bi hilabeteetan eman dira. Dena den, Irati eta Pirinioak aldeko goiko mendietan, garai honetan erruten dute eta atzoko euri-jasa epelaren ondoren, festa handia egongo da gaur. Baso-igel gorriak bezala, uhandre palmatuak, txantxikuak, eta beste anfibio batzuk ere ugalketa-lanetan buru-belarri sartuta daude.
Gaurkoa bezalako egun epel eta polit baten zain zeuden neguan lurpean ezkutaturiko sugandila, musker eta sugeak. Gaurkoan, termometroak gora egin du eta animalia hauetariko asko eguzkitan etzan dira gozo-gozo. Gehienak hibernaziotik atera berriak direnez, moteldurik eta erdilo ditugu baina eguraldiak honela jarraitzen badu laster suspertuko dira. Ikusitako narrastien artean, masailak eta zintzurralde urdin biziko musker berdeak ikusi ditugu, hauek ere araldian sartzen hasi baitira. Hortaz, laster hasiko dira arrak lehian emeekin parekatu ahal izateko.
Beti bezain zalapartatsu, bart gauean antzarak somatu ditugu herri gainean. Kontrapasa garaia dugu eta hegazti askori kumatze-lurraldera itzultzeko garaia iritsi zaie. Eguraldi ona egitekotan interesgarria izan daiteke Ondarru, Mutriku, Orio eta orokorrean kostaldera joatea, egun batzuetako ikuskizuna zoragarria izan daiteke eta; goiz polit batean honela, milaka txonta, karnaba, buztanikara, uso eta abar ikus ditzakegu.
Egunak aurrera egin ahala berriz, patxadatsu eta dotore, miruak, mirotzak eta beste hainbat harrapari-espezie pasa daitezke. Gauean azkenik, ilargiari begira txoriak ikusten, edota hauen kantuak entzuten saia gintezke pasea antzemateko.
Kostaldean ez ezik, kontrapasa beste leku askotan ere soma liteke, baina normalean ez da pasa bezain nabaria izaten. Dirudienez, hegaztiek azkarrago egiten dute kumatze-lurralderako bidaia eta udazkenean lepo batzuetan kontzentrazio bikainak dauden bezala, udaberrian fronte zabalagoan mugitzen dira eta migrazioa ez da hain ikusgarri gertatzen.
Hilabete honen bukaeratik aurrera itzuliko zaizkigun hegaztien artean, ezagun eta maitatuenetarikoak diren enarak ditugu. Hegalari bizkor eta alai hauek hainbat herritan urtero-urtero egun jakinetan agertzeko gaitasun harrigarria dute.
Aurreko hilabeteetako isilaldi goibelaren ondoren txoriak berriro ere txorrotxioka ditugu. Kantuaren bidez, ar gehienak lurraldea aldarrikatu eta emeak erakarri nahiean dabiltza. Izan ere, txori gehienentzat ezinbestekoa da lurralde bat lortzea baldin eta ugaldu nahi badute, eta beste espeziekideren baten kantua somatu ezkero, lurraldetik botatzen saiatuko dira. Migratzaile diren paseriforme txiki gehienen kasuan, neguko eskualdetik iristen diren lehenak arrak dira eta berehala kantari hasten dira, emeak agertu orduko lurralde egokienak eskuratzearren. Txori batzuk kantua erabiltzen duten bezala, beste batzuk kantuen ikusizko baliokideak ere erabiltzen dituzte. Honela bada, hegazti askok mugimendu eta dantza bereziak erabil ditzakete lurraldeari eutsi eta emeak bertara gonbidatzeko.
Udaberriko eroaldia edozein kaletan somatzeko modukoa da. Beste hainbat espezieri bezala, txolarreei ere araldian sartzeko tenorea iritsi zaie eta lotsagabe samarrak direnez, erraza da hauen eztei-jolasak ikustea. Honetarako nahikoa da edozein parketan ogi-apur batzuk bota eta txolarre-talde bat biltzea. Emea ondotik pasa orduko, txolarre arra harrotzen ikusiko dugu. Puztuta, hegalak zintzilikatu, eta burua eta buztana zerurantz altxako ditu “damaren” aurrean. Tentsioa igotzeko, emeak mokokada lizuna emango dio arrari saihetsean, eta eroaldia kutsakorra balitz bezala, inguruko arrak ere sutan hurbilduko dira. Emeak orduantxe hegan egingo du ar guztiek atzetik dituelarik, festak beste nonbait jarrai dezan.
Kurrr-kurrr-kutukrrrr. Txolarreak ez ezik, usoak ere ogi-apurretara hurbildu zaizkigu. Hauek ere bero-bero ditugu eta arrak emeen aurrean lepoa puztuta abesten eta buztana zabaldu eta biraka dantzan hasiak dira. Iruñeko Gaztelu enparantza, Bilboko Arenala, edo kaleko uso ugari dagoen beste edozein gune, uso-festak ikusteko egokia izan daiteke.
Karraka-ka-ka-ka-ka-ka. Zikoina jauna burua atzerantz kulunkatu eta mikoa astinduz zikoina anderea maitekiro agurtzen ari da. Bigarren honek halaber, antzeko erantzuna eman dio. Hilabete baino gehiago da amiamokoak Afrikatik itzuli zirela eta denborarik galdu gabe, behin eta berriz habira adarrak eraman eta iazko egitura txukuntzeari ekin diote. Ikuskizun eder hau, Gasteiz ondoko Gamarran izan dezakegu.
Espezieak urte txarrak pasa zituen arren, azken urteotan amiamoko zurien populazioa gora egiten ari da eta 1997an Nafarroan 185 habi egin zituzten eta 16.000tik gora Espainiar Estatuan. Ospe handiko habia aipatzearren, Gasteiz aldean dagoena aipatu dugu baina Euskal Herrian habi gehien dituen herria, 40 baino gehiagorekin, Tutera da. Hauxe da beraz, Tutera eta Nafarroako Erribera alegia, gure lurraldean zikoinak ikusteko inguru egokiena.
Pirinioetan dugun berriemaileak esan digunez, goi haiek elurtuta daude, eta ofizialki udaberrian sartu garen arren, hango mendietan inondik ere ez. Hartzulo batean ordea, bi hartz-kume bero-bero daude amaren besoetan. Duela hilabete jaio zirenean, 350 gramo besterik ez zuten baina amaren esnea gogoz edanda honezkero zertxobait kozkortu dira. Dagoeneko hartza itxurako bi pilota iletsu bihurtu dira, baina oraindik ez dira zuloaren babesetik ezertarako atera, eta datorren hilera arte edo ez dute egingo. Ordurarte ongi segi!