Piztizaleon berriak: Apirila

Kuku! Kuku! Azken urteotan kukuaren lehen kantuak pezetarik gabe harrapatu nauenez, eta urtean zehar ere antzera ibili naizenez, euskal kondaira zaharra sinisten hastekotan naiz ia. Dena dela, kondairak alde batera utzita, kukuaren kantu ospetsuak neguko geldialdiaren ondoren udaberrian gaudela gogorarazten digu. Bizitzaren oparotasunaren garaia da hau eta Euskal Herriko bazterrak, lorez beteta, ezin politago daude. Artzainak berriz, Gorbeia, Aitzgorri, Aralar, Urbasa eta Pirinioak aldeko gainei begira ditugu, elurra noiz desagertuko zain. Izan ere, eguraldiak laguntzen badie, hilabetearen bukaera aldera edo, euren aziendak hartu eta goiko larreetara abiatuko dira.

Negua berandu arte

Hilabete hauek normalki euritsuak izaten direnez, ibaiek emari handia izaten dute Argazkian Kakueta.
M.M. Elosegi

Orokorrean euritsua izaten den arren, apirileko eguraldia arras aldakorra gerta daiteke. Giroak laguntzen duenean, kolore eta usain guztietako loreak jaio eta zuhaitzak hostoz janzten hasten dira. Egun batetik bestera, eltxoak, tximeletak, eta aspaldi ikusi gabeko bestelako zomorro ugari agertuko dira. Dena den, bolada on baten ondoren neguko ekaitza sartzen baldin bada… orduan komeriak! Izan ere, martxan jarri berriak diren bizidunei elur-ekaitza berantiarrak kalte ugari eragiten dizkie, eta apirila zein maiatzean ere, ederki daki horrelakorik egiten. Izotzaren eraginez adibidez, hostoberritutako zuhaitza ez da hiltzen baina hostoa berriztatzeak luze jotzen duenez, urte horretako hazkuntza dexente murrizten da. Hostoak ez ezik, zuhaitzek loreak eta ondorioz fruituak ere gal ditzakete. Landareei bezala, garai hauetako neguko giroak animaliei ere ez die inongo mesederik egiten, eta ahulenak larri ibiltzen dira.

Anfibio gehienak ugalketan

Krak, Krak (zuhaitz-igelak), Tut....tut (txantxikuaren flautaren doinuko kantua). Krrroarrr, krrroarrr (ur-igelak). Txorien txorrotxioen bidez ugalkidea erakar daitekeela ulerterreza gertatzen den arren, igel eta apoen korrokek ez dirudite horretarako hain aproposak. Alabaina, kantu hauen xarma antzemateko gai ez garelako da. Guri zalaparta iruditzen zaigun kantu hau bera da, hain zuzen ere, espezie horietako emeak erakartzeko balio duena. Izan ere, anfibio askotan hautespen sexuala kantuaren bidez bideratzen da, eta hartara, erraz uler daiteke arrek kanturako duten zaletasun itsua.

Hegaztien txitaldia

Apirilean Euskal Herriko bazter guztiak koloretsu ikus daitezke. Argazkian Sesma.
M.M. Elosegi

Honezkero txori askok habia eraiki dute eta mordoska bat dira erruten ari direnak. Dena den, arrautza guztiak jarri arte, hegaztigehienak ez dira txitatzen hasiko. Amilotxaren kasuan adibidez, 10 egunez egunero arrautza bat errun eta azkena jarritakoan hasiko da txitatzen, kume guztiek adin bera izan dezaten. Hontza askok, ostera, lehenengo arrautza jarri orduko txitatzen hasten dira eta, hortaz, adin desberdineko txitoak izaten dituzte. Hau, ordea, egokia den beste planifikazio-sistema bat dugu. Honela, denentzat behar adina bazka topatzerik ez dutenean, txito gaztenak hil egiten dira eta alferrikako gastuak ekiditen dituzte.

Hona hemen zenbait hegaztiren txitaldiak irauten duena: zozoarenak eta txantxangorriarenak 12 egun, txepetxarenak 14, hontza zuriarenak 30 eta sai arrearenak 52 egun.

Hegalari iaioak

Valderejoko parkea lorez beteta ageri da garai honetan.
M.M. Elosegi

Enarak somatu genituenetik egun batzuk pasa diren arren, hilabetearen bukaera aldera sorbeltzak iristen hasiko zaizkigu. Enaren taxukoak dira baina hego luzeagoak dituzte, sega-itxurakoak. Ilunak dira oso eta hegan, paregabeak. Afrikatik honuntzako bidea oso azkar egin behar izan dute, batazbeste 70-100 kilometro orduko abiadura eramaten dutelako. Hanka motz-motzek erakusten digutenez, ez dira ibiltari onak. Ezta txarrak ere! Izan ere, hegan besterik egiten ez dutenez, sorbeltzek ez dute bizitza osoan pausorik ere emango. Pausatu, txitatzeko, kumeak bazkatzeko eta gutxi gehiagorako, eta gainontzekoan, ziztu batean hegan ibiltzen dira zeruan barrena. Gai ditugu hegan lo egin eta baita kopulatzeko ere.

Zer gertatu ote zaie oreinei?

Sai arre gehienek urte-hasieran errun zuten eta honezkero, txitoa kozkotzen hasi zaie.
M.M. Elosegi

Iruñean bizi direnek ederki ezagutzen dituzte Takonerako oreinak eta sobera dakite hilabete honen inguruan arrei urtero adarrak erortzen zaizkiela. Behiek, ardiek edo ahuntzek adarrik galtzen ez dutenez, jende askorentzat harrigarria gerta daiteke adar-galtze hau. Alabaina, oreinek eta orokorrean zerbidoek, hezurrezko egitura sendoko adarrak dituzte eta aldaketa hormonalaren eraginez, urtero bota eta berriztatzen dituzte. Erori ahala, belusez bilduriko adar berriak garatzen hasten dira, baina araldia iristerako larruzko estalki hau galdu eta betiko itxura dotorea hartzen dute. Gainera, jende askok bestela uste badu ere, ez dute urtero punta berri bat garatzen. Adarrak adina eta batez ere sasoiaren araberakoak dira eta beraz, hauen tamaina, elikadura, eskualde geografiko, populazio-dentsitate, ezaugarri genetiko eta osasun-egoeraren araberakoa da.

Familia berriak

Ibai askotan, apoen ugalketa ikusteko parada izanen dugu.
M.M. Elosegi

Azeri-zuloan lau azeri-kume bihurri jostaketan ari dira. Egun batzuk bete dituzte eta dagoeneko zuloaren atariraino hurbiltzen dira muturraren punta aterata gurasoen berri ote dagoen ikustera. Hauek hurbildu orduko, ordea, iskanbila franko egoten da. Gainontzeko kume guztiak bezala azeri-kumeak goseak amorratzen egoten dira eta amaren errape emankorrena harrapatzeko lehian aritzen dira. Ama, ordea, goizean zuloaren inguruan jendea somatu duela eta, kezkati dago, eta gaur bertan kumeak aldameneko basoko ezkutalekura eramatekotan da.

Azeriak bezala, ugaztun gehienak erditzen ari dira. Basakatuak 5 kume izan ditu, oreinak bat, lepazuriak lau, etxe-xaguak 9 eta erbiak hiru. Erbinude emeak berriz, ar zoragarria ezagutu du eta ez du halako piezak ihes egin diezaion utziko. Erditzea, kumeak bazkatzea eta ugalketarekin zerikusia duten gainontzeko lanak, energia-behar handikoak direnez, animaliek erruz ehizatu behar dute. Hau dela eta, hauxe dugu ugaztun izu hauek errazen ikusteko tenorea.

Larunen pottokak erditu dira

Orein arrek hilabete honen inguruan galtzen dituzte adarrak. Argazkian Iratin aurkitutako orein-adarra.
M.M. Elosegi

Zoritxarrez, pottokak ez dira nahi adina ikusten. Beste zaldi-arraza batzuekin nahasita, arraza honek atzerakada latza pairatu du azken urte hauek arte, joera hau eragozteko neurririk ez baita hartu. Gaur egun, besteak beste, Baztanen eta Iparraldeko eskualde askotan ikus daitezke pottokak eta, azken aldian, naturgune batzuetan ere sartu dituzte. Larun, edo Otsondoko gaina, leku bikainak izan daitezke apirilean pottokak kume eta guzti ikusteko.

Hibernaziotik ateratzen

Tenore honetan erditzen dira ugaztun asko. Garai batean oso arruntak baziren ere, gaur egun ez dira hainbeste asto eta asta-kume ikusten.
M.M. Elosegi

Aspaldiko partez, gaur gauean muxarrak ibili dira Urbasako pagadietan. Argal eta erdi zozotuta, goseak amorratzen zeuden. Azaroaz geroztik zulotik atera gabe zeudela kontuan hartuta, noski, ez zen harritzekoa egoera horretan aurkitzea. Lotan egon diren bitarte honetan izugarri argaldu dira eta azken aldian ikusi genituenaren erdia pisatzen dute orain.

Pirinioetan, berriz, marmota eta hartza ere zulotik atera berriak dira. Muxarren estrategia berdina erabiliz, hibernazioa alegia, neguko elurte, izozte eta eurite guztiei aurre egiteko gai izan dira, eta tenperaturek gora egitearekin batera berriro martxan jartzeko irrikitan ditugu.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila