Pitxartxar burubeltza, esan eta izan

— “Hi, Miel Mari! zein izan zitekeen arestian hor goiko otadi horretan ikusi dudan txoria? Ederki asko ikusi diat. Ttikie huen, txantxangorriaren tamañekoa eta ikaragarri politta, buru beltzekoa, eta lotsagabea. Ote baten puntatik behin eta berriz pui-txak-txak, pui-txak-txak egiten zian”.
—”Motel, deskribapen borobille egin didak, pitxartxarra behar zian!”
FITXA TEKNIKOA

“Pitxartxar” delako izena ez da besterik gabe jarri den horietakoa. Katalanek esate baterako, txori hau bera bitxac izenaz ezagutzen dute eta ingelesek, berriz, chat deitzen diote. Horiek guztiak, noski, txoriak egiten duen klaskada imitatuz sortutako izenak ditugu, hau da, onomatopedikoak dira, eta euskaraz, badugu era honetako izen mordoska ederra. Hegaztien artean, adibidez, pirripioa, txirriskilla, txepetxa, txiioa, garraztarroa edota kukua bera ere aipa genitzake.

Aipatutako kantu xelebrearen egilea pitxartxar burubeltza ( Saxicola torquata ) dugu, 13 cm-ko luzera eta 15 gramoko pisua duen hegazti intsektujalea. Arrak buru eta bizkarralde beltza, ipurtxuntxur zuria, bular arre-gorriska eta bi aldeetan orbain zuriz apaindutako lepoa ditu. Emeak, berriz, antzeko kolore-banaketa duen arren, kolore motelagoak ditu. Gazteak ere emearen antzekoak dira, baina lumaje pintarratuaz jantzita egoten dira. Lumaje polit honi esker erraz ezagutzeko moduko txoria da eta, nahastekotan, zihurrenik beste pitxartxar-espezie batekin nahasiko genuke, pitxartxar nabarrarekin ( Saxicola rubetra ), alegia. Azken honek, burubeltzak ez bezala, bekain zuria du eta baita buztanean orbain zuriak ere, besteak beste. Hala ere, lehena ugaria dugun bitartean, bigarrena askoz ere eskasagoa da eta Aralar, Lokiz, Urbasa, Arabako Lautadatan eta Lapurdiko mendebaldean besterik ez da kumatzen.

“Pitxartxar” delako izena, txoriak egiten duen kantua
“Pii-txak-txak” imitatuz sorturiko da. Argazkian arra. (M. M. Elosegi

Janzkera berezia edukitzeaz gain, pitxartxar burubeltzak identifikatzen lagun gaitzaketen jokaera bereziak ere baditu. Argindarreko kableetan, larre-arteko hesietan, zuhaisken puntatan eta antzeko leku deigarrietan pausatzeko ohitura du. Horregatik, eta gizakiarekiko beldur gutxi erakutsi eta eremu zabaletan ibiltzeagatik, ez da zaila gertatzen ederki ikustea. Batetik bestera hegan doanean, bestalde, lurretik oso gertu joaten da eta hegaldi motzak egin ohi ditu. Ezagutzeko egokia da, azkenik, etengabe buztan eta hegalak astintzeko ohitura eta, nola ez, hasieran aipatu dugun “pii-txar-txar” delako dei famatua.

Habitatari dagokionez eta jadanik aipatu den bezala, zabalune eta leku irekiak atsegin zaizkio; otadi, txilardi eta zuhaiskadun larretan, sastrakadun alorretan eta baso hertzetan bizi da, itsas mailatik 1.400 metrotik gorako altueraraino.

Martxo bukaera aldera eta udaberriko grinak bultzatuta, arra, lumaje disdiratsuenaz jantzirik, 1-2 hektarea inguruko lurraldearen mugak txistu eta mintzuruka defendatzen hasten da. Horretarako hegan has daiteke hegal-kolpe bakoitzarekin batera txiio eginez edota pausaleku deigarriren batetik kantatu. Baina arra poligamoa denez eta ugaltze sasoi batean zenbait emerekin pareka daitekeenez, eme adina lurralde izango ditu eta, noski, lanez gainezka egoten da zainketa-lan guztiak burutzen. Horretxegatik, hauxe izaten da pitxartxarra ikusteko garai aproposena, erabat leku nabarmenetan kantari aritzen delako. Tarteka, pausalekuetako batean dotore asko jarrita ikusiko dugu, emea erakartzeko txirularen doinuko kantu berezia lau haizetara zabalduz. Emea hurbiltzen denean eztei-jolasean hasten dira eta arra emearen atzetik hegan ziztu bizian ibiltzen da.

Ez da zaila izaten txori hau ikustea. Gizakiarekiko beldur gutxi erakusten du, leku irekitan ibiltzen da eta gainera, pausaleku deigarrietan jartzeko ohitura du.
M. M. Elosegi

Apiriletik aurrera eta inork ez aurkitzeko moduko zoko edo landare-tarteren batean ongi ezkutatuta, emeak ontzi-itxurako habia eraikitzen du. Batzuetan, sastraka baten erdian ezartzen du eta adarren artetik tunel bat irekitzen du inork ikusteke bertaraino ailegatzeko. Goroldio, sustraitxo, lumatxa eta belarrez gain, ilea erabiltzen du barrualdea goxatzeko. Lan hauek amaitzerakoan, pintta arre-gorriztaz apainduriko 4-6 arrautz urdin jartzen ditu. 13-15 eguneko txitaketa ere emeari dagokio eta arra, berriz, lurraldea defendatu eta ugalkidearentzat (edota ugalkideentzat) bazka ekartzeaz arduratzen da.

Kumeak jaiotzen direnetik habia uzten duten arteko bi asteak gurasoentzat atseden izpirik gabekoak izaten dira, txito aseezinak bazkatzeko etengabe ehizean aritu behar izaten dutelako. Ahalegin itzel horretaz jabetzeko, hona hemen datu aski esanguratsua: egun bakar batean gurasoek 300 joan-etorritik gora egiten dituzte habira bazka eramateko! Gainera, lehenengo txitaldia goiz hasten dutenez, normalki bigarrena ere aurrera ateratzen dute eta batzuetan hirugarrena ere bai. Kontuak atera, beraz, ugaltze sasoia bukatzen denerako zer nolako joan-etorri pila egin behar izan duten pitxartxarrek.

Emeak lumajea apalagoa du. Txitaketaren ardura berea denez, ez zaio kolore bizirik komeni.
M. M. Elosegi

Miko eta hanka finek erakusten dutenez, pitxartxar burubeltza zomorrotaz elikatzen da. Zelatari fina, intsektuak, armiarmak, arrak, barraskiloak, eta abarren zain egoten da, zeozer somatu ahala, goitik behera jaitsi eta mokoaz harrapatzeko. Neguan, hala ere, elikagai hauek behar bezain ugari izaten ez direla eta, fruitu eta haziak ustiatzen ditu elikagai gisara. Arrazoi berberagatik, bestalde, Europako erdialdean kumatutako espeziekide askok hegoaldera egiten du neguan. Gure pitxartxarrak, aldiz, sedentarioak direla dirudi eta, beraz, urte osoa ematen dute inguruotan.

Hegazti hau Europako erdialde eta hegoaldean, Afrikako iparmendebaldean eta Asiako eremu handitan bizi da. Iberiar Penintsulan, iparraldea eta mendebaldean da ugarien eta Euskal Herrian habiagile arrunta da. Itsas ertzetik mendiko belardietara heltzen da eta Ebro aldean, goi-mendian eta basoz guztiz estalitako eskualdetan izan ezik, ia nonnahi erraz aurkitzeko moduko espeziea da. Ez zaizue beraz zailegi gertatuko hegazti honekin topo egitea; adi egon, beraz: “pii-txar-txar” esaten badu, jakin ezazue halaxe dela alajaina.

Pitxartxar burubeltza

Espeziea: Saxicola torquata
Familia: muszikapidoak
Ordena: paseriformeak
Klasea: hegaztiak

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila