Osasun-arazoak zahartzaroan

Izenburu honekin ospatu ziren Gazteizko Villa Suso jauregian maiatzaren 7an eta 8an Osasungoa Euskalduntzeko Erakundeak antolatutako III. Ihardunaldi Medikoak. Hutsik gabeko antolakuntzaz, bi egun horietan egitarau zabala aztertzea lortu zen.

Lehen egunean goizez eta aurkezpen ofizialaren ondoren, R. Saizarbitoria soziologoak eman zien hasiera hitzaldiei gizarte-politika eta zahartze-prozesua aztertuz. Bere hitzetan “fenomeno ezaguna da euskal gizartearentzat eta, nonbait, sakonki kezkatzen duen gaia: gure gizartearen zahartzea”. Dena dela, “euskal populazioaren piramidea oinarrian dago zaharturik”, hau da, 15 urtetik beherakoen proportzioa txikia da, jaiotza-tasa “batezbeste emakumeko 1,14 seme-alabakoa delako; populazioa berritzeko behar den 2,1 horren azpitikoa”. Bestalde “Euskal Autonomi Elkartea inmigrazio-esparru izatetik emigrazio-zonaldea izatera pasa dela” zioen. Zerbitzu sozialez honakoa aipatu zuen: “ez dago babes sozialaren eta, zehazkiago esan, zaharreriari buruzko gizarte-politikaren krisirik; politika hori kokatuta dagoeneko ingurune ekonomikoaren krisia baizik”.

Ondoren J. Ferro geriatrak zaharren bihotz-aldaketak eta kardiopatiak aztertu zituen. Arazo traumatikoek aipamen bikoitza izan zuten: J. I. Gonzalez Galarragak lesio traumatikoen azterketa kliniko-kirurgikoa egin ondoren, M. Etxanizek errehabilitazioaren garrantziaz ohartarazi zuen entzulegoa. Azken hitzaldia gaixotasun psikiatrikoak aipatuz eman zuen I. Kerejeta psikiatrak.

Arratsaldez dementziari buruzko mahaingurua izan zen. Neurologoek zuzendutako tartea izan genuen; dementzi mota ezberdinez hitz egin baitzuten. L. Galdos, J. M. Basterretxea eta B. Indakoetxea neurologoek. M. A. Garro biologoak aurretik B. Indakoetxeak aztertutako Alzheimer-en gaixotasunean neurotransmisoreek dituzten aldaketak aztertu zituen. Beharbada entzulegoa espezialista ezberdinez osatua zegoela kontutan hartuz, mahainguru sakonegia suertatu zen.

Bigarren eguneko iharduna A. Iturberen hitzaldiarekin hasi zen. Bere gaia zahartzea eta elikadura izan zen; zaharrek duten elikagaien beharra, oreka dietetikoa eta dieta egokia edo gomendagarria. Ondoren ahozko txostenen aurkezpenak etorri ziren eta gaien zabaltasunaz ohartzeko besteak beste hauek aipa ditzakegu: bihotzeko konplikazioak, eritasun infekziosoak, hesteetako eritasun inflamatorioak, HIES-a, eritasun onkohematologikoak, sakoneko tronbosi benosoak, hezur-hausturak, gaixotasun kirurgikoak, buruhilketak, eriautoen zaharrentzako irtenaldiak, etxean eskaintzen den osasun-laguntza, gripearen kontrako txertaketa, etab.

Ezin ahaztu panel interesgarriak ere aurkeztu zirela eta guztia liburu batean bildua gelditu zela. Bukatzeko, Osasungoa Euskalduntzeko Erakundearen urteroko batzarra egin zen. Bertan Ihardunaldiei buruzko erabat balorazio positiboa agertu zen, profesionalen parteartzea zabala izan zela azpimarratuz.

Datorren urtean Donostian ospatuko diren Ihardunaldietarako gaia ere aukeratu zen: “Aurrerapen berriak eritasunen tratamenduan”. Zuen lanak bertan aurkeztera konbidatuak zaudete.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila