Ordenadorea opari arikulu hau irakurtzeagatik

Waliño, Josu

Elhuyar Fundazioa

Erakargarria ezta? Ba horrelako mezu gehienak bezala, hau ere gezurra da, publizitate hutsa. Zer uste zenuten ordenadoreak oparitzen hasiko nintzela ala? Dena den, jarraitu irakurtzen eta jakingo duzue izenburu hori zergatik idatzi dudan.

Moda komertzial guztiakbezala, hau ere Ameriketako Estatu Batuetatik datorren moda berria da. Uztailean, AEBetako enpresa handiak eta Interneteko zerbitzari garrantzitsuenak (Microsoft, America Online, Micron Electronics eta beste batzuk) ordenadoreak “oparitzen” hasi ziren baldintza “txiki” batekin: ordenadore berria jasotzearen truke, hiru urtez beraien zerbitzaria erabiliz konektatu behar duzu Internetera. Hori bai, Internet-eko konexioa ordaindu egin beharko duzu: 17,99 dolar hilabetean hiru urtez. Ez da asko, baina kontuak aterata honetaz konturatuko zara: guztira 647 dolar direla, gutxi gorabehera 100.000 pezeta/4.000 libera, gaur egun, beraiek eskaintzen dituzten ordenadoreek (K6-2, 400 MHz, 4 GB, 64 MB RAM, CD eta modema) merkatuan duten antzeko prezioa. Free PC izenaz ezagutu dira ordenadore hauek Interneteko merkatuan, baina Macintosh-a nahiago baduzu ez kezkatu, Free Mac-ak ere hasiak baitira: Freemac.com izeneko konpainia berri batek, milioi bat iMac “oparituko” ditu, beraien Internet-eko zerbitzua kontratatzen duten erabiltzaileei emanda noski.

Euskal Herrian (eta Europan) Interneteko konexioa dohain ematen duten zerbitzari ugari dagoela kontuan izanda, sistema hau ez litzateke oso arrakastatsua izango hemen, baina badago bide komertzial berriak asmatzen aritzen den jende ugari. Ikusi bestela ondoko “Free PC” mota hau:

Bidali duro bat eta aberastu egingo zara

Ez al zaizue inoiz etxeko buzoira beste zazpi pertsonari duro bat bidaltzea eskatzen dizuen gutuna iritsi, laster batean jasoko duzun gutun pila dela eta aberatsa izango zarela aginduz? Antzeko sistema bat erabili dute Internet-eko gune batean (www.onlineamigo.com/free-pc-le.htm) ordenadoreak “dohain” emateko: zuk 2.199 dolar balio dituen ordenadorea erosten diezu, eta horretarako ordainketa-mota ezberdin eta erosoak eskaintzen dizkizuete. Honaino dena normal dago. Kontua da, beste zerbait ere eskaintzen dizutela: zuk lortzen diezun bezero bakoitzeko 300 dolar deskontatuko dizkizute zure ordenadorearen preziotik. Horrela, zazpi bezero bidaltzen badituzu ordenadorea dohain izango duzu.

Inprimagailuak ere opari

Horrelako ordenadorea opari gisa jaso ondoren, inprimagailua erosi egin beharko ote dugu? Ez jauna! Internet-en inprimagailu ederrak oparitzen baitituzte. Tektronic Inc enpresa izan da honetan hasi dena, baina kasu hau ere Free PC-en antzekoa izan arren, badu desberdintasun bat. Beraien inprimagailurik onena opari egiten dizute, Phaser 840 koloretako inprimagailu laserra, 2.499 dolarretan baloratua (400.000 pta./16.000 libera inguru). Zuk izango duzun betebehar bakarra honakoa da: hiru urtez, beraien markako tinta bakarrik erabil dezakezu inprimagailuan, eta gutxienez beraiek esandako orri-kopurua inprimatu behar duzu hilero. Orri-kopurua zure enpresaren arabera aldatzen da, noski. Behin hiru urte pasatuz gero, inprimagailua zurea izango da erabat, baldintza horiek betetzen jarraitu beharrik ez daukazularik. Ikusi nahi baduzue, helbide honetan dago: http://freecolorprinter.com. Baina kontuan izan Ameriketako Estatu Batuetako erabiltzaileentzat bakarrik dela hau.

Eta Euskal Herrian?

Euskal Herrian kontrako bidea daramagu. Hemen inork ez dizu ordenadorea opari egiten, baina Internet-erako sarbidea nonahi oparitzen dizute. Dena den, hasiak dira gutxi batzuk gisa honetako eskaintzak egiten. Esate baterako, Telefonica-k bere TeleLine zerbitzuaren bidez ordenadoreak saltzen ditu 99.900 pezeta/3.996 liberatan. Ordenadorearekin batera ordea, bizitza osorako Internet-erako sarbidea ere oparitzen dizu. Kontuan izan, lehen aipatu ditugun “opari” horietan ere antzerako kontuak zirela, diru-kopuru hori ordaindu eta ordenadorea eta Internet lortzen baitzenuen. Ez da hau gisa honetako eskaintza bakarra, eta pixkanaka geroz eta gehiago ikusiko ditugu.

Esan bezala, horrelako pagotxa eskaintzen duten toki asko daude Internet-en, baina ez fidatu, hemen ez du eta inork ezer oparitzen!

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila