Orain dela urte batzuk, Nafarroako Larraren hegoaldean dagoen Haztaparretako lepoan genbiltzala aurkikuntza txundigarria egin genuen: pago zahar bat inguratzean, berau 3 m-ko altueraraino erabat “hustuta” zegoela jabetu ginen. Gainera, zura freskoa zegoen artean, eta ahul itxura zuen arren, ezin zitekeen ustelduta zegoenik esan.
Zerk egin zezakeen halako txikiziorik? Enbor-ipurdian 5 cm inguruko luzera eta cm inguruko zabalerako ezpal txikiez osatutako pilo handia ikus zitekeen. Bestalde, zuhaitzaren zuretan eztenkada zorrotzen arrastoak ageri zitzaizkigun argigarri gisa. Erantzuna bapatekoa bezain sineskaitza gertatu zitzaigun: lan ikaragarri hura hegazti batek burutua zen, okil beltzak egina alegia.
Okil beltza ( Dryocopus martius ), gainerako okilekin batera pizidoen familian sailkatutako hegazti bikaina dugu, eta talde honetako beste kideak bezalaxe bizimodu arborikolarako egoki moldatutako animalia da.
Okilak intsektiboroak dira, eta zuhaitz-enborretan, azalean nahiz zuraren barnean, bizi diren ornogabeez elikatzen dira. Horretarako moko luze eta sendoa dute, eta berari esker zura zulatu eta puskatzeko gai dira. Bestalde, hegazti hauen mihia protraktila eta oso luzea da, eta muturrean zetaz hornituta ageri da bere ehizakiei hobeki eusteko, listu itsaskorra ere lan honetan lagungarri gertatzen delarik.
Hanka laburrak hatzamar luze eta indartsuz armatuta dauzkate. Izan ere denbora gehiena zuhaitz-enborretan gora eta behera ematen bait dute ehizaki bila. Joera lauzikatzaile honen ondorioz halaber, okilen isatseko lumetako ardatzak alanbrea bezain gogorrak izaten dira. Hegaztia berauetan sostengatzen da enbor bertikalari atzaparrez eutsita tente mantentzeko.
Okil beltza Europako okilen arteko handiena da, 45-48 cm-ko luzera eta 70-75 cm-ko hegaltzabalera izanik; ia belearen tamainakoa bait dugu. Bere koloreak eta itxura orokorra ere oso deigarriak dira: lumaje beltza du erabat buru gainean izan ezik, bertan marra gorri zabala ageri duelarik. Marra gorri hau oso nabarmena du arrak. Emean aldiz, hegaztiaren garondoan kokatutako orbain txiki bat baino ez da izaten. Mokoa berriz gris argia izaten du, eta begiak zuri-horiskak. Itxura orokorrari dagokionean, baldar samarra dela esan daiteke.
Alegia, okil beltzaren moko eta burua oso handiak dira bere lepo mehearen aldean, eta hankek eta isatsak ere laburrak dirudite, oro har hegaztiaren soinak diseinu bereziko soslaia eskeintzen duelarik. Honi begi zurisken behako zorrotza gehitzen badiogu, eta animaliak bere lurraldekoitasuna aldarrikatzeko botatzen duen kantuak maniako baten tajurik gabeko irria dirudiela kontutan hartuz, erraz uler daiteke okil beltza hegazti zorotzat jo izana.
Okil beltza Europa eta Asiako oihan boreal eta epel zaharretan bizi da, eta ale gazteen kasuan izan ezik bizimodu sedentarioa egiten du. Iberiar penintsulan Pirinioetan, Kantaurialdeko mendietan eta Sistema zentralean bakarrik ikusi izan da, azken gune honetan populazio erreliktiko bat baino ez dagoelarik. Euskal Herrian berriz, Pirinioetan eta hauen inguruetako pagadi, izeidi, eta mendi-pinudietan bizi da batipat, 800 eta 1.600 m-ko altueren bitartean, eta pixkanaka ler gorriz ( Pinus sylvestris ) osatutako landaketa zaharrak ere onartu ditu bizilekutzat.
Baso hauetan, eta otsailetik aurrera, nonnahi entzun daiteke okil beltz arraren tarrapatada-hots ozena. Tarrapatada hau atabal-erredoble lehor eta azkarraren modukoa izan ohi da, eta hegaztiak bere moko sendoaz adar ihartu bat joz sortzen du, bere bitartez emeak eta gainerako arrak oharterazten dituela.
Esan bezala, okilak intsektujaleak dira batez ere, eta tarteka pinu-hazirik edota pagazirik jaten duten arren, hauek bere dietaren osagai urrienak baino ez dira. Aldiz, intsektu kortikalak —zuhaitz-enborretan bizi direnak—, eta koleoptero xilofagoak —zura janez elikatzen direnak— dira okil beltzaren ehizakirik gogokoenak, eta hauek harrapatzeko behin eta berriro zulatzen ditu zuhaitz-enborrak, egindako zuloak gehienetan okila dagoela adierazten duten daturik nabarmenenak izanik. Era berean, inurritegiren bat aurkitzen duenean ere ez du zalantzarik izaten lurrera jaisteko, eta bere mihi luzeaz baliatuz ase arte aritzen da bertan.
Batzuetan, gaixorik edota ustelduta dauden zuhaitzak mota guztietako koleopteroz edo hauen larbez josita egoten dira, eta horrelakoetan okil beltzak birrindu egiten du zuhaitza erabat, ezpal-piloa baino geratzen ez den arte. Honela bada, begibistakoa dugu okil beltzak —eta gainerako okilek— intsektu hauen populazioen kontrolean duen garrantzia, eta baita zur hilaren deskonposizio-prozesuan ere; enborrak txikituz, ornogabe, onddo, bakterio, eta gainerako deskonposatzaileen lana errazten eta azkartzen bait du.
Udaberria iristen denean, okil beltzek, bikotea osatu ondoren, zuhaitz sendo eta handi bat aukeratzen dute, eta mokoaz zura zulatuz 20 cm diametro inguruko ganbara bikaina eraikitzen dute enborraren barnean. Ganbara honen atari eliptikoa normalean hegoalderantz begira kokatuta egoten da.
Apirilaren azkenetan edota maiatzean emeak 4-5 arrautza zuri jartzen ditu bertan, eta txitoak 12-14 egunen buruan jaioko dira mundura, beren elikadura ar eta emearen kargu burutzen delarik. 20 egunetara txitoak jadanik habi ataritik kanpora begira hasiko dira, eta 27. egunerako irten eta inguruak miatzen. Hala ere oraindik txitoen elikadura gurasoen esku izango da, eta talde familiarra ez da bananduko bi hilabete igaro artean.
Aipatutakoaren arabera, eta oihanetako intsektiboro gehienen kasuan bezalaxe, begibistakoa da okil beltzaren iraupena oihan zabal eta helduenarekin lotuta dagoela erabat; zuhaitz zahar eta handiak derrigorrezkoak bait ditu habia egiteko, eta era berean honelako oihanetan aurkitzen bait ditu ugari bere elikaduraren osagai nagusi diren intsektuak. Honela bada, oihan zaharrez osatutako guneak mantentzeak eta bertatik gaixotutako edota usteltzen hasitako zura ez ateratzeak duen garrantzia nabaria da, bai okil beltzari, eta bai oihanetako intsektujale gehienei dagokienean ere.
FITXA TEKNIKOA: OKIL BELTZA |
ESPEZIEA : Dryocupus martius FAMILIA : PICIDAE ORDENA : PIZIFORMEAK KLASEA : HEGAZTIAK |