Nekazaritzari begira

Gaurko nekazaritzak, antzinakoarekin konparatuz, ondorio positibo batzuk baditu, esate baterako, errendimendu edota salmenta-sareen hobekuntzari begira. Baina ondorio negatiboak ere sortu ditu, txanpon beraren beste aurpegia erakutsiz; monokultiboak lurzoruaren ekosisteman eragindako aldaketak dira hauek, batik bat.
Nematodoez erasotutako patata-landaketa batean ez da sintoma berezirik agertzen, lehorteak edota nutrienterik ezak eragindako arazoak baino ez dira ikusten, baina errendimenduak nabarmen egiten du behera.

Honen inguruan, fitoparasitismora arras egokituta dagoen nematodo baten estrategiak ingurugiroaren baldintzak aldatzen direnean nolakoak diren erakutsiko da. Baldintza berrietara egokitzeko estrategiak beste oreka batera heltzeko joera dute. Eta oreka berria, gehienetan, plaga-egoera izaten da.

Paisajeari begiratzean landareak ikusten ditugu, bere bizitzako unearen edota ur edo eguzkiaren eraginez kolore desberdina dutenak: orain muskerra, orain horixka. Ikusten ez duguna lurpeko bizia da. Lurpean, sustraiak dira nagusi eta hauen garapena hamaika faltoreren menpe dago. Egoera arruntean, izaki bizidun txiki asko bizi da sustraien babesean eta haien zikloa osatzen. Organismo hauek mota anitzeko erlazioak ezartzen dituzte landareekin. Batzuk ez-kaltegarritzat jotzen dira gizakiaren ikuspegitik eta beste batzuk, berriz, kaltegarritzat. Parasitismoa da hauetako bat. Parasitoak kalte egiten dio ostalariari; hala ere, Natura eta oreka elkarrekin joan ohi direlako, kaltea gehienetan somagaitza da.

Paisajeari begira, lur-eremu zabalak estaliz mota bereko landare asko ere ikus ditzakegu. Normalean landaketak dira, hau da, ahalik eta etekin handiena atera nahian gizakiak ezarri eta zaindutakoak. Aspaldidanik dakite nekazariek lurra “nekatu” egiten dela, batez ere mota bereko landarea eremu berean behin eta berriz hazten denean. Horren arrazoietako bat faktore desberdinen arteko orekaren desplazamendua da. Eta honek, besteak beste, parasitoek eragindako kaltea areagotzen du.

Lurpeko biztanle txikien artean nematodoak daude. Nematodoak animalia sinple samarrak dira; har itxura dute eta mikroskopioz begiratuz bakarrik nabaritzen da egitura berezia dutela, dagokien ‘zokogune ekologikoa’ adieraziz. Animalia poikilotermoak dira, hau da, beraien barruko tenperatura ez da aldatzen eta prozesu biologikoa bi tenperatura optimoren artean gertatzen denez gero, inguruneko tenperatura da haien bizitzaren zikloa osatzeko duen faktorerik garrantzitsuenetako bat.

Nematodo fitoparasitoak lur-zoruko fauna propioa izateak ekosistemaren elementu direla eta oreka mantentzeari laguntzen diotela esan nahi du. Bestalde, parasitismora egokitzearren kanpoko makurraldiei (tenperatura edota hezetasuna optimoa iristen ez direnean, hain zuzen) aurre egiteko zenbait iraupen-gaitasun erakusten dute. Moldaketa ekologikoak ere erakusten dituzte; adibidez, sexu-proportzioa aldatzen da –ar gehiago sortuz– makurraldietan ernalketa ziurtatzeko.

Istorio honen protagonista Globodera [rostochiensis] Woll izeneko nematodoa da. Bere ostalaria patata da (Tuberifera sekzioa Solanum generoaren espezie batzuetatik ateratako barietate ugari). Globoderak ezaugarri berezi batzuk ditu: endoparasitoa da eta ostalariaren beharra dauka bizi-zikloa osatzeko nahiz progenie sortzeko. Beraz, ez du landarea hiltzen edo agortzen. Ostalariak eta parasitoak bilakaera paraleloa dutela onartuta dago, duela hamar urte inguru Stone nematologo britainiarrak honela proposatu zuenetik.

Nematodo honek ez dio gaixotasunik eragiten patatari. Dena den, erasotutako sustraiek beren funtzioa galdu egiten dute eta ondorioz, nematodoak landaketaren errendimendua gutxiarazi egiten du, lehortearen eraginpean edo elikagai faltan balego bezala. Beste era batera esanda, erasotutako landaketa batean sintoma berezirik ez da agertzen, lehorteak edota nutrienterik ezak eragindako arazoak bezalakoak ezik, eta horren ondorioz, errendimenduak gogor egiten du behera.

Larba baten aurreko zatiaren xehetasuna. Aspaldidanik dakite nekazariek lurra “nekatu” egiten dela, batez ere mota bereko landarea eremu berean behin eta berriz hazten denean. Horren arrazoietako bat faktore desberdinen arteko orekaren desplazamendua da.

Arestian aipatutako moldaketa ekologikoaz gainera, Globoderak progeniea babesteko egitura berezia dauka, ‘kistea’ hain zuzen ere. Emeak ernalduta dagoenean bere azala eraldatu egiten du eta azal gogor bilakatzen da larbak bertan gordetzeko. Nematodoaren eta patataren bizi-zikloak paraleloan burutzen dira.

Gure latitudeetan, nematodo honen bizitza udaberrian hasten da, patatak landatzen direnarekin batera. Frogatuta dago patataren sustraiek sortzen dituzten zenbait metabolitok larbak kisteetatik masiboki aterarazten dutela. Hezetasunaren eta tenperaturaren arabera, atera daitekeen larben kopurua % 80 eta % 90 bitartean egon daiteke. Larbak sustraietan sartu eta kanal baskularretarantz jotzen dute. Patata-barietatea egokia baldin bada, hau da, erresistentzia genetikorik ez badu, nematodoen txuak eragindako kanal baskularretatik gertu dauden zeluletan zenbait aldaketa agertzen da berehala, sinzitium bihurtuz.

Larbak zelula erraldoi hauetan finkatuko dira kanal baskularretatik elikatzen. Handitzen diren heinean, hiru azal-aldaketa jasango dituzte eta azkenetatik helduak aterako dira, dimorfismo sexuala argi agertuz. Espazioagatik edota elikagaiengatik konpetentziarik ez badago, hau da, sustrai berean larba gehiegi ez badaude, sexu-proportzioa 1:1 inguru izango da.

Arrak laster aterako dira sustraietatik. Emeek, berriz, gorputzaren atzeko partea besterik ez dute ateratzen eta elikatzen jarraitzen dute. Ordurako nahikoa biribildu dira. Arrek ez dute egun asko iraungo sustraietatik kanpo, emeak ernaltzeko behar duten denbora baino ez. Behin ernalduta, emeak ere hil egingo dira. Beren azala gogortu egingo da eta kiste bihurtuko dira sustraietatik askatu eta lurpean geratuz.

Udazkenean, patatak bildu behar direnean, kiste berriak lur-zoruan geratuko dira hurrengo udaberria heldu zain. Zenbat gehiago izango ditugu orduan?

  • Demagun hasieran hamar kiste zeudela berrehuna larbarekin, hau da, 2.000 larba, eta patataren sustraiak eragindako eklosioa % 90ekoa izan zela. Honek 1.800 larba aterako liratekeela esan nahi du. Demagun hauetako % 80k sustraietara sartzea lortu zuela, hots, 1.440 larba egongo lirateke sustraien barruan. Orduan, baldintza egokietan eta larben kopurua jasangarria izanez, sexu-proportzioa 1:1 zatekeen eta horren ondorioz, 720 eme sortuko ziratekeen. Udazkenean 720 kiste berrehuna larbarekin gehi hamar kiste hogeina larbarekin egongo lirateke lur-zoruan.
  • Zer gertatuko da hurrengo udaberrian? Bada, kalkulu berdina eginez, patata berriro hazten bada, 50.000 kiste berri baino gehiago eta zahar ugari ere izango dugu lurpean. Hala ere, zenbat eta larba gehiago hainbat eta konpetentzia handiagoa izango da elikagaiagatik eta lekuagatik sustraien barruan, eta horren ondorioz, ar gehiago sortuko dira emeak baino. Beraz, biderkaketa-faktorea gutxiagotu egingo da. Nematodoen populazioaren hazkundeak ez duela funtzio linealik jarraitzen esan nahi du horrek, esponentzial asintotikoa baizik. Asintota da, hain zuzen, landaketak jasan dezakeen nematodo-dentsitaterik handiena. Eta hau, plaga da.
  • Lurra debet uzten bada edota beste landare bat hazten bada, udaberrian zenbait larba aterako dira kisteetatik, tenperaturaren eraginez batik bat. Baina larba hauek ez dute sustrai egokirik aurkituko eta hil egingo dira. Zein da nematodoaren estrategia ez desagertzeko? Patatarik gabe larben % 20 inguru atera ohi da kanpo-baldintzen arabera eta horren ondorioz % 80 geratu egiten da. Hurrengo udaberrian % 80aren beste % 20 aterako da, eta abar. Mekanismo honek hiru emaitza hornitzen dizkio nematodoko populazioari. Bata da proportzio handi bat geratzen dela artean; beste bat, gutxitze-prozesua gero eta motelagoa dela eta, hirugarrena, ‘buruerregulazio’-prozesua da; gero eta biderkaketa-faktore handiagoa segurtatuz hurrengo sasoirako, hau da, kiste berri gehiago.
Ernaldutako eme batzuk sustraietan itsatsita daudela ikus daiteke argazkian, nabarmenduta dagoena (kolore marroia izan ohi du) dagoeneko kiste bilakatu da.

Gizakia nematodoen estrategien kontra hainbat estrategia erabiltzen saiatzen da. Baina normalean estrategia hauek nematodoa desagertarazterantz jotzen dute eta Naturaren erantzuna gogorra izaten da.

Arestian erresistentzia genetikoa aipatu da. Genetistek espezie basatietatik abiatuta erresistentzia handiko gen-barietate ugari lortu dituzte. Barietate hauek larbak kisteetatik ateratzea eragiten dute. Nematodoak sustraietan sartzen diren arren, patatak ez die erantzunik emango eta sustraien zeluletan ez da aldaketarik agertuko. Horren ondorioz, nematodoak bere garapena osatzerik ezin duenez progenierik gabe hil egingo dira. Barietate hauek erabiltzeak oso kontrol ona ematen du, kisteak oso azkar husten baitira. Hala ere, nematodoen populazioak genetikoki homogenoak ez direnez gero, ‘resistance-breaking’ deituriko indibiduo batzuk —patotipo delakoak— egongo dira.

Hauek erresistentzia gainditu egingo dute bizi-zikloa osatzea lortuz. Horrela, pixkanaka-pixkanaka erresistentzia gainditzen duten indibiduoen kopurua handitu egingo da. Horri buruzko adibide batzuk badaude. Hauetako bat, esateko, joan den hamarkadan Ingalaterran erabat desagertarazi zuten, Ro1 patotipoa ‘Maris Piper’ barietate erresistentea behin eta berriro landatuz. Hasieran nematodoen dentsitatea gutxitzen zihoala nabaritu zen, baina berehala beste patotipo bat agertu zen. Patotipo horren kontrako erresistentziarik oraindik ez da aurkitu.

Biodibertsitateari buruz hemen ez da mintzatuko, baina gogorarazi behar da Naturan bariabilitateak —biodibertsitateak— garrantzi handia duela ingurunearen baldintzen aldaketa gogorrak bat-batean gauzatzen badira, esate baterako.

Irtenbide fitosanitarioak erabiltzea ote da? Gai hau beste arlo bat da eta ez dugu hemen garatuko, baina argi dago parasito espezifikoek sortutako arazorik larrienak monokultiboak eragindakoak direla eta, halaber, ez direla gaindituko landarea eta parasitoa sistema bakartzat hartzen ez badugu. Hau da, gure joera nematodoen populazioa erabat desagertaraztera ez badoa, behintzat.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila