Muxar grisa, loti hori!

Naturari dagokion problematika gero eta garrantzi handiagoa hartzen ari da. Honekin batera gai batzuren interes publikoa hazi egin da: poluzioa, baso eta animalien desagerpena, etab.
Artikulu honetan gure ugaztun-faunari buruzko sail bati hasiera ematen diogu, naturaren ezagupena handitzeko asmotan eta ahal dugun neurrian, kontserbazio-pentsaera zabal eraziz.

Herri bateko faunaren egoerak bere ingurune naturalaren aldaketekin lotura estua du. Jakina denez, Euskal Herrian, zona konkretu batzuetan batez ere, naturaren kondizioek aldaketa ikaragarriak jasan dituzte. Aldaketa hauek ondorio desberdinak sortu dituzte espezie desberdinetan. Otsoa, katamotza edo hartzaren desagerpenak giza-eragina noraino iritsi daiteken azaltzen digu. Beste espezie batzuk, desagertu gabe, erregresio handia izan dute, eta beste kasu batzutan, egoera berrira moldatzeko erraztasuna daukatenak, ohitu egin dira.

Europa-mailan espezie honen distribuzioa Kaspio itxaoaraino iristen da, baina ez dago ez Eskandinaviako iparraldean eta ez Iberiar Penintsulako hegoaldean. Lurralde honetan zehazki, Demanda mendikatean, Errioxan, eta Ankares mendikatean, Galizian, kokatzen dira hegoaldekoenak. Euskal Herrian distribuzio orokorra du, Ebro haranean eta Nafarroako Erriberan ez izan arren.

Sail hau hasteko aukeratu dugun ugaztun espezieak, muxar grisak, zenbait animalia basatiren ekologi eboluzioa adierazten digu eta bide batez naturaren eboluzioa.

Muxar grisa haritz- eta pago-basoetan bizi da, landare-mota hauekin lotura handia duelarik. Lotura honen ondorioz, espezie honek ezin izan du pinudia edo beste edozein habitat kolonizatu.

Muxarra basoetan bizi denez eta gaueko bizimodua duenez, animalia ezezaguna dugu, dudarik gabe. Tamaina txikiko animalia da, 130-190 milimetroko luzera du burua eta gorputza hartuz, eta buztana 110-150 milimetrokoa da. Bere pisua normalean 150 gramo ingurukoa izaten da, ale zahar bakarren bat 200 gramora iritsi badaiteke ere. Gorputza sendoa eta buztana iletsua izanik, benetan ikusgarria da. Bere bi begi handi eta biziak iluntasunean nabarmentzen dira. Belariak tenteak eta ilegabeak dira. Gorputzaren tamainarekin konparatuz, hankak motzak ditu; atzaparrak luzeak ordea. Azkazal zorroztuez horniturik ditu eta zuhaitz-azalean gora igotzea errazten diote horiek.

Animalia gauzalea da muxarra.

Gorputza eta buztana ile luzez estalita dauka. Bizkar aldean eta buztanean gris kolorekoa da eta espezieari honek eman dio izena. Sabelaldea berriz, zuria du. Gazte direnean, kolore grisa oso argia dute, baina heldutasunera ailegatzen direnean gris hau marroixka bihurtzen da. Aldaketa hau jasatzen dutenean, sabel aldeko eta bizkar aldeko koloreak elkartzen direnean, muturretik buztaneraino doan lerro horixka bat agertzen da. Kolore-diferentzi honen bidez, muxar heldu eta gazteak bereiz daitezke.

Garezurra karraskari tipikoarena da. Karraskarien horzturan diastema deritzaion hutsune bat agertzen da. Barail bakoitzean bi ebakortz, bi haginaurreko eta sei molar ditu, hortz-formula 1013/ /1013 osatuz. Formula honek, Gliridae familia beste karraskarien familietatik bereizteko balio du. Euskal Herrian familia honetako bi espezie daude; muxar grisa eta muxar "caretoa".

Lehenago esan dugunez, muxarraren habitata hariztiak eta pagadiak osatzen dute. Gauregun harizti gutxi gelditzen denez, pagadietan edo baso nahasietan bizi dira. Baso hauetako zuhaitzetan zuloak bilatzen dituzte, gordelekutzat hartuz. Zuloa ebakortz zorroztuen bidez zabaltzen dute; sakontasun handia lortu beharrean sarritan ale asko zulo berean elkartzen bait dira. Baso gazteetan muxarrek, garrantzi handiko oztopo bat topatzen dute, hau da, zuhaitz zaharren eskasia; hauetan zuloak gazteetan baino errazago sortzen bait dira.

Urtean zehar muxarrak bi fase ditu. Ekainetik azaroa arte fase aktiboa eta abendutik maiatza bitartean fase hibernantea. Beraz urte erdia negu-loaldian pasatzen du. Izaera loti honek espezie hau famatu bihurtu du. Baina hibernatzailea izateak interes handiko fisiologi-arazoak sortu dizkio. Hibernazio prozesuarekin animaliaren gorputz-tenperatura jaitsi eta aktibitatea moteldu egiten da garai honetan, neguko larritasunak gainditzea lortzen dituelarik.

Negu-loaldia igarotzeko gordeleku desberdinak aukeratzen ditu: harkaitz-zuloak, zuhaitz-zuloak edo lurpea.

Negu-loaldiaren hasiera erakartzen dituzten faktoreak, janariaren falta eta ingurugiro-tenperatura dira. Baina, negu-loaldia sorterazteko bietatik zeinek duen indar handiago ez dago oso garbi.

Negu-loaldia sei hilabetekoa izan arren, denbora tarte honetan animalia esna daiteke inguruko tenperatura handiagotzen bada edo zirikaturik sentitzen bada.

Ekainean negu-loaldia uzten duenean, fase aktiboan hasten da muxarra, eta zuhaitzetako zuloak bilatzen hasten da, nahiz eta hauen faltan beste aukera batzuk ere izan. Adibidez, zuhaitzetan txintxilikatzen diren kabi-kutxak. Europa-mailan eta gure basoetan muxarrak, txoriek habia egin dezaten jartzen diren kutxak erabiltzen ditu.

Bigarren fase honetan, muxarrek bere aktibitate garrantzitsuenak aurrera eramaten ditu. Hauetariko bat ernalketa da dudarik gabe, negu-loaldia bukatu berria dagoenean hasten delarik.

Arrengan sexu-aktibitatea ekainean nabaria da jadanik, baina maximoa uztailean izaten dute.

Emeek umaldi bakarra izaten dute urtean. Erditze-garaia abuztuaren bukaeran eta irailaren hasieran izaten da. Ernaldiak hogeitazortzi egun inguru irauten duela kalkulatu da. Alabeharrez ernalkuntza uztailean eta abuztuaren hasieran gertatzen dela pentsa dezakegu, hilabete hauetan arrek sexu-aktibitate maximoa izaten dutela ere kontuan izanik. Umeek irailaren bukaera edo urriaren hasiera arte amaren esnea hartzen dute; geroztik emeek ez bait dituzte titiak desarroilaturik izaten. Beraz muxarren ernalketa-aktibitatea ekainetik urria arte luzatzen da.

Ondoren beren arazo garrantzitsuena, bai helduentzat eta bai urteko umeentzat, ahal duten janaririk gehiena biltzea izango da; orain jasotzen dituzten erreserbei esker igaro beharko bait dute negu luzea. Energi erreserba garrantzitsuena, koipea dute. Beraz negua iritsi baino lehen, muxarrek pisua izugarri irabazten dute. Koipez beterik azaltzen dute bai larruaren azpia eta bai barneko organu ingurua, animalia zeharo loditurik agertzen delarik.

Gusto oneko haragia omen dauka muxarrak.

Muxarrak, erreserbak edukitzeko, beste modu bat ere erabiltzen du; biltegitzat dauzkan zuloetan janaria gordetzea.

Muxarraren koipeari fakultate medizinalak aurkitu zaizkio; artikulazio-gaitzak sendatzeko erabilia izan bait da. Erabilpen hau oso ezaguna ez bada ere, nahiko zabaldua zegoen herri-medikuntzan. Gaur egun noski, botika modernoek baztertu dute. Hala ere, muxarraren koipea estimatua da oraindik. Hau dela eta, udazkena iristen denean, zenbait pertsona pagadi handietara muxarren bila joaten da; Euskal Herriko hainbat lurraldeetara batez ere, Aralar, Urbasa, etab.era hain zuzen. Baina muxarren harrapatzeak badu beste arrazoi bat ere; hau da, bere aragia oso gusto onekoa da, ohituak daudenentzat behintzat. Kontuan izan behar da erromatarrek jadanik animalia honen interes gastronomikoa ezagutzen zutela.

Espezie honentzako janari-motak oso mugaturik daude. Pago eta haritzen ezkurrak, urrak, gaztainak eta fruitu lehorrak dira oinarrizko elikagai.

Pagadietan ezkur asko dagoen urtetan muxarren sainalea erraz ikus daiteke; zuhaitz inguruetan fruitu-azalen pusketak azaltzen bait dira.

Artikulu hau bukatzeko, kontserbazioaren aldeko dei bat egin nahi genuke. Muxar grisa gaur egun babesturik dago Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan. Baina neurri hau txalotzen dugun bezain garbi esan behar dugu beharrezkoa dela gure harizti, pagadi eta baso autoktonoak kontserbatzea, muxarra eta honekin batera gure faunako muxarraren egoeran aurkitzen diren zenbait espezie gure artean bizitzen jarrai dadin.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila