Elhuyar Fundazioa
MPEG-7a hainbat multimedia-informazio deskribatzeko ezarritako estandarra besterik ez da. Deskribapen horretaz baliatuz, fitxategi audiobisualetan egon daitezkeen irudi edo hitz zehatzak bilatzeko sistemak presta ditzakegu, edozein datu-basetan egin ohi den moduan, hitz gakoak erabiliz. Estandar horrek multimediaren deskribapena ahalbidetzen du, edukiak hitz gakoen bidez eta ulermen semantikoaren bidez azaltzen baititu.
Estandar berri hori indexaziorako tresnen lagungarri bihur daiteke, horrela ikus entzunezko materialez osaturiko datu-banku handiak osatu (irudi finkoak, grafikoak, bideoak, audioak etab.) eta datu-base horietan bilaketak azkar egitea ahalbidetzen du.
Estandar horren aurretik izan ziren beste hainbat. MPEG-1 estandarraren bidez ikus entzunezko fitxategiak gorde eta deskargatzen ziren. MPEG-2a etorri zen ondoren, telebista digitalerako erabiliko zena, eta MPEG-4a azkenik; honek audioa eta bideoa objektu moduan kodifikatzen du. Estandar berriak ez ditu aurrekoak ordezten, erabili egiten ditu.
Funtzionatzeko era honakoa izan daiteke: aplikazio bat erabiliz hainbat bideo- edo audio fitxategiren deskribapena gorde daiteke MPEG-7a erabiliz. Horretarako XML formatua erabiltzen da, deskribapen hori formatu honetan gordetzen baita. Gordetako deskribapenak ez du fitxategiaren edukia bakarrik azalduko, baita bestelako informazioa ere: konpresio-mota, eskubideak, sailkapena, antzeko materialerako estekak, testu ingurua etab. Horrela, bilatzaileek hainbat gakoren araberako bilaketa azkarra egin dezakete.
MPEG taldeak lantzen dituen estandarrak ez dira horrekin amaitzen. Prestatzen ari diren hurrengo estandarra MPEG-21 izenekoa da. Horren bidez, multimedia-prozesuaren inguruko elementu guztiak kontrolatzen dira. MPEG-21ak prozesu guztian agertuko diren elementuak deskribatzen ditu: erabiliko diren ordenagailuak, sareak etab. Pixkanaka gero eta gehiago zehazten ari dira multimediaren etorkizuna.