2.400 metro karratu dira, oraingoz, sail berriak egingo direnez hau oraindik hazi egingo da eta. Gaur egun honela banatuta daude:
Lur ontzia: Lurra nolakoa den eta gure jarduerek Lurrean nolako ondorioak izan ditzaketen jakiteko. Fenomeno naturalek nola eragiten diguten ere erakusten du.
Mundu mekanikoa: Indarrak, higidurak, inertzia, biraketak, eguneroko bizitzako gertaera arruntak dira. Areto horretan mekanismo xume askoren funtzionamendua ulertzeko modua dago.
Argi-jokoak: Kolorearen eta argiaren aretoa. Argiaren oinarrizko propietateak eta haren agerpen ikusgarrienak erakusten dira. Ispilu lauak eta makurrak, islapena, errefrakzioa, lenteak eta prismak...
Zentzumena eta sentikortasuna: Ikusmena, entzumena, ukimena eta usaimena lantzen dira areto horretan. Prestatu diren esperimentuei esker, zentzumenen bidez hautematen dena interpretatzean egiten diren akatsak edo agertzen diren zailtasunak agerian geratzen dira.
Material harrigarriak: Plastiko harrigarriak, likido magnetikoak eta fotokromikoak, material autolubrifikatuak, oroimena duten aleazioak... zertarako erabil daitezke?
Energia-txinpartak: Elektrizitatea ezin da ikusi, baina efektuen bidez nabaritzen da. Areto horretan elektrizitatea eta magnetismoa oinarrizko indar baten adierazpenak direla ikus daiteke eta, biak elkartuz gero, efektu mekanikoak sor ditzaketela.
Sistema konplexuak: Biologiak, ekonomiak, soziologiak eta beste zientzia batzuek sistema konplexuak ikertzen dituzte eta haien jokaera harrigarriak azaltzen saiatzen dira. Atal horretan, sistema konplexuen jarduera azaltzen duten emaitzak aurkitzen dira.
Komunikazioa: Telefono arruntaren atzean oso sistema konplexua dago, bere kable, satelite artifizial, zuntz, anplifikadore optiko eta guzti. Egunero sortzen dira sistema berriak, seinaleak gero eta urrutirago, gero eta azkarrago, gero eta kalitate hobeaz eramateko. Komunikazioaren osagai diren gailu eta teknikak gertu-gertutik ikusteko aukera.
Elementuen lorategia: Miramoneko eraikinean sartu baino lehen, estetikak eta zientziak bat eginik, antzinako grekoen historia eta filosofiari omenaldia egiten diote. Orduan lurra, ura, sua, eta airea kosmosa eratzeko funtsezko elementutzat zeuzkaten.
TxikiKlik: Umeak zientzia eta teknologiaren mundura hurbiltzeko zubia. Gune sustagarri, informal eta dinamikoan Miramonek talde-jokoa proposatzen du: umea giro ezagunean ezezaguna bilatzera gonbidatzea, bere errealitatetik gertuko giroan zientziaren eta teknologiaren oinarrizko printzipioak aurkitzera bultzatzea.
Orientatu beharra duen nabigatzailearen begiez begiratzeko ortziari. Izarrek eta konstelazioek hazia ereiteko edo uzta jasotzeko garaia markatzen zuten zenbait zibilizaziotan eta beren jainko eta kondairetako kontakizunak pertsonifikatzen zituzten. Haiek bezala begiratzen saiatzeko toki aproposa, baita unibertsoaren azken xehetasunaren berri izan nahi duen zientzialariaren arretaz begiratzeko zeruko astroei. Musikak, poesiak, arteak eta zientziak bat egiten dute ikus-entzunezko ikuskizunean: 40 diapositiba-proiektore, 3 bideo-proiektore, soinu digitala, efektu bereziak eta Digistar II izar-proiektorea.
Gailu optikoetara moldatutako bideo-kamerak irudiak zuzenean bidaltzen ditu dorreko kupulatik. Egunez Eguzkiko erupzioak eta protuberantziak ikusi eta Eguzkiari azalean dauden xehetasun ikaragarriez jabetzeko aukera izango da. Iragazkien bidez, Eguzkiaren egunez seguru ikusi ahal izango da. Gauez, berriz, gas-hodei ikusgarrien, supernoben eztandetako hondakinen, izarrak eratzen ari diren zonen edo urrutiko galaxien irudiak ere ikusi ahal izango dira.
900 metro karratu inguruko gela; lehenengo horretan dinosauroak ikusgai. Toki horretaz gain, 300 metro karratu inguruko beste bat ere badago erakusketa ibiltarientzat.