MIKORRIZAK: Lurreko ekosistemaren salbatzaileak ote dira?

Mikorriza hitza azken urteotan oso entzuna egin bada ere, XIX. mendearen bukaeran Frank alemaniarrak erabili zuen lehen aldiz landare-sustraien eta onddoen arteko elkarte sinbiotiko berezia izendatzeko (1. irudia).
1. irudia. Eskema honetan onddo ektomikorrizikoen elkartea erakusten da.

Elkarte hori gertatzen denean bi osagaiek zenbait onura eskura dezakete; landareak onddoari fotosintesiaren ondorengo karbonodun konposatuak eskaintzen dizkio eta onddoak, beste zenbait gauzen artean, elementu mineralak eta ura eskuratzea errazten dio landareari.

Azken hamarkadetako izarrak

Landare kormodun gehienen sustraiak (%95) onddo-mota batekin edo batzuekin erlazionatuta daude (5. irudia). Sustrai zoldu horiek mikorriza izenaz ezagutzen dira. Grekotik dator hitz hori: mukes onddo eta rhiza sustrai.

Aurrerago azalduko ditugun arrazoiak direla eta, gizarteak bi osagaiengan ipini ditu begiak, batzuetan onddoaren ekoizpena bultzatu delarik eta besteetan berriz, zuhaitzena.

3. irudia. Ektomikorriza baten zeharkako ebakidura, zorroa eta Hartig sarea ondo bereiz daitezkeelarik.

Mikorrizei buruzko ikerketetan sakontzen goazen heinean, ezaugarri morfologikoen eta anatomikoen arabera bereizten diren mikorriza-motak gehitzen doaz; halaber, elkarketan parte hartzen duten onddoen nortasuna ere irizpidetzat hartzen da. Hasieran mikorrizak bi multzo nagusitan sailkatzen baziren, gaur egun zazpi multzo bereiz daitezke. Edonola ere, ondorengo hiru multzoek oinarrizkoak izaten segitzen dute: mikorriza ektotrofikoa edo ektomikorriza, mikorriza endotrofikoa edo endomikorriza eta mikorriza ektendotrofikoa edo ektendomikorriza

2. irudia

Gogora dezagun onddo horien bizi-zikloa egitura bakoitzari dagokion funtzioa ezagutzeko. Onddoak bizidun heterotrofoak dira eta beraz, beste bizidunez baliatzen dira karbono konposatuak lortu ahal izateko; onddo mikorrizikoek mikorriza egiturari esker, landareetatik lortuko ditu konposatuak; onddoak energi iturritzat darabiltza konposatuok eta bere gorputz begetatiboa, hots mizelioa, hazteko behar ditu. Soilik zenbait baldintza bereziren aurrean karpoforo bilakatuko ditu eta horiek meiosporak, hau da, sakabanaketa-unitateak askatuko dituzte.

2. irudia. Mikorriza-mota ezberdinen ezaugarriak
M. Chalot et al.-etik hartuta

Morfologia eta anatomia

4. irudia. Mikorriza dikotomoa ( Scleroderma sp. eta Pinus radiata espezieen artean).

Zenbait sustrai mikorrizaturen morfologia sustrai sekundario ez mikorrizatutik desberdintzea nahikoa erraza da. Beste batzuk bereizteko ordea, mikroskopioa erabili behar da derrigorrez. Arestian aipaturiko sailkapena sustraiaren zeharkako hifen kokapenean oinarrituta dago.

Ektomikorrizak erraz bereizten dira. Onddoak bigarren mailako sustraien inguruan zorroa izeneko geruza nabaria garatzen du. Halaber, onddoen hifak sustraiaren kortexan sartzen dira eta soilik zelulen artean garatzen dira. Hifek garatzen duten sarea Hartig izenaz izendatzen da (2. eta 3. irudiak). Ezagutzen diren landareen %3 edo %5 baino ez du ektomikorrizarik garatzen; hala ere, basogintzan paper azpimarragarria jokatzen dute.

Endomikorrizak sustraiaren kanpoaldean sare fina izan dezake, baina sustraiaren ehunetan zehar nabaria da; gehienetan intrazelularki bexikulak eta zuhaiskak eratzen dituzte (2. irudia). Mikorriza-mota hori landareen artean hedatuena da eta ezagutzen ditugun landareen %90 endomikorrizak dituzte. Nekazaritzan duten zereginak damaie bestalde, aparteko garrantzia.

5. irudia. Mikorriza ez-adarkatua. ( Quercus pyrenaica ametsa eta onddo ezezagun espezie birekin).

Ektendomikorrizak aurreko bi taldeen ezaugarriak biltzen ditu: zorroaz gain, sustraien zeluletara sartzen da eta bertan hifa-kiribilak bereizten dituzte (2. irudia). Mikorriza-mota hori zenbait zuhaitz eta zuhaiskatan behatu da eta zorro eta Hartig sarearen arabera azpitaldeak egin dira.

Sailkapena egiteko, morfologia eta anatomiaz gain, onddo-taldea ere irizpide garrantzitsua da. Mikorrizen forma dikotomoa da esagunena. Mikorriza batek edo ektomikorrizak bereziki, onddo-espeziearengatik edo zuhaitz-espeziearengatik hartuko ditu bere ezaugarri morfologikoak eta anatomikoak. Horren arabera bereiz daitezke mikorriza-formak. Forma arruntenak dikotomoa, ez-adarkatua, pinatu-monopodikoa, irregularki pinatua eta koral-formakoa dira (4., 5., 6. eta 7. irudiak).

6. irudia. Mikorriza pinatua ( Castanea sativa gaztainondoa eta Scleroderma verrucosum espezieen artean).

Oro har, onddoen oinarrizko gorputza egitura firukara da. Bestalde, beraien antolaketa ere oso garrantzitsua da mikorrizen sailkapena osatzeko. Egitura firukara horiek pseudoehunetan antolatzen dira eta bi dira oinarrizkoak: plektenkima, hau da, hifak lasaiki gurutzatuta daudenean, eta pseudoparenkima, hifak estu josita daudenean (ez da ahaztu behar tarteko egoerak ere ematen direla). (8. irudia).

Esan dugunez, ektomikorrizak berez endomikorriza baino urriagoak dira, baina izugarrizko garrantzia dute gure lurraldeetan; onddo horiek lurralde epeletako landare oihandarrak mikorrizatzen dituzte, hala nola, Betulazeoak, Fagazeoak, Pinazeoak, Salikazeoak, Fabazeoak, Rosazeoak eta abar. Bestalde, elkarketa-mota hori eratzen dutenek gure gizartean eta bereziki perretxikozaleen artean hain preziatuak diren fruitu-gorputzak garatzen dituzte, besteak beste, Basidiomycotina subdibisioko genero ugari ( Amanita, Russula, Lactarius, Boletus, Suillus, Rhizopogon, Scleroderma eta abar), Ascomycotina subdibisioko Tuber, Elaphomyces generoak edota Zygomycotina subdibisioko Endogone generoa.

7. irudia. Koral-formako mikorriza ( Rhizopogon sp . eta Pinus radiata espezieen artean).

Endomikorrizen presentzia hedatuago badago ere, lurralde epeletako basoetan eragin txikiagoa dute, nahiz eta gainerako ekosistemetan nagusi izan. Azken mikorriza-mota hau Zygomycotina subdibisioko generoekin erlazionatuta dago. Ektendomikorrizak aitzitik, Basidiomycotina subdibisioko generoak izaten dira, baina zenbait zuhaiska eta belarkarekin sortzen dira.

Mikorrizen onurak eta erabilpenak

Sinbiosi mikorrizikoek funtzio ekofisiologiko garrantzitsua betetzen dute lurreko ekosistematan. Mikorrizak elementu zurgatzaile eraginkorrak dira, ura eta elikagai mineralen zurgapena areagotzen dutelako. Elikagaien zurgapenaren hobekuntza sustrai sistemaren zurgapen-azalera gehitzean datza, urrun ailegatzen baitira; bestalde, onddoak zenbait exoentzima kanporatuz, landarearentzat eskuragaitzak izan zitezkeen konposatu organikoak edo ez-organikoak lor ditzake (9. irudia).

8. irudia. Onddoen hifen antolaketa mikorrizen zorroan. A: plektenkima, B: tarteko egoera eta C: pseudoparenkima.

Onddo mikorrizikoak landareari zenbait patogenoren aurrean, ( Rhizoctonia, Fusarium, Phytophthora ), nolabaiteko kontrol biologikoa eskaintzen dio. Babes-funtzioaren mekanismoak besteak beste, oztopo fisikoa edo antibiotiko eta fungistatiko diren metabolitoen ekoizpena izan daitezke.

Funtzio horiez gain, onddoak landarearen hazkuntza-erregulatzaileak ekoiz ditzake, sustrai mikorrizatuen garapenean eta fisiologian eragin dezaketelarik. Hori guztia dela eta, azken urteotan mikorrizen erabilpena erabat hedatu da basogintzako lan ugarietan. Esate baterako, espezie ohiandarrek mikorrizen elkartea ezinbestekoa dutela ikusi da.

Erabilpenen artean, lurzoruen berreskurapena eta kontserbazioa nabarmen daitezke. Besteak beste, nekazaritzan erabilitako eta ondoren utzitako lur-eremuak, eremu desforestatuak eta larretako lurrak berreskuratzeko nahitaezkoa da landare mikorrizatuen erabilera. Alabaina, lurzoru horietan onddo mikorrizikorik ez dagoela kontutan hartu behar da, birlandaketa arrakastatsua izango denik ezin baita ziurtatu.

Degradatutako eremuetan eta estres-egoerako birlandaketak burutzeko oso erabiliak dira mikorrizak. Poluzioak jotako lurraldeetan landaketek aurrera egitea lortu da landare mikorrizatuak erabiliz.

Eta azkenik, ekoizpen ohiandarren hobekuntzan funtsezko tresna bilakatu dira. Hauxe da ektomikorrizak gehien erabilitako arloa. Izan ere, ektomikorrizak aipatutako beste erabilerak biltzen ditu eta une honetan lur antzuetako birlandaketarako itxaropena baita. Itxaropena egi bihur dadin, mintegietan gune desberdinetara hobeki egokitu diren landare mikorrizatuen ekoizpena bultzatzen da (10. irudia).

9. irudia. Plantula baten sustrai-sistema mikorrizatua.

Mikorrizek basogintzan duten garrantzia nabarmendu badugu ere, nekazaritzarako ere alternatiba egokia izan daitezke, ohizko ongarrien erabilera aldaraz baitezake. Endomikorrizek elikagaien zurgapena errazten dute eta beren koste ekologiko eta ekonomikoa oso txikia da. Utzitako nekazal eremuen birziklapenean ere oso garrantzitsuak dira, zuhaitzen eta karpoforoen ekoizpena ahalbideratzen baitute.

Ikerketa berrietako in vitro -ko landare-kultiboetan mikorrizen erabilera gero eta handiagoa da eta lortutako plantulen birlandaketako sustraitzea eta superbizipena hobetzen ari direla behatu da.

10. irudia. Mintegi bateko plantula mikorrizatuen ekoizpena.

Edonola ere, landarearen hobekuntzaz gain (aipatu ditugun eragin ekologiko eta ekonomiko nabariak ahaztu gabe), azken urteotan onddo karpoforoen ekoizpena bultzatzen ari da. Lehenago ere aipatu ditugu onddo ektomikorrizikoak, horietako genero asko oso ezagunak direlarik. Batzuk balio komertzial handia dute, hala nola, Boletus onddoa, Lactarius esnegorria eta Tuber grisola. Hori dela eta, karpoforoen ekoizpena sustatzea eta uzta berriak lortzea gaur egungo erronka dira.

Mikorrizaz baliatzea ezinbestekoa izango dela uste dugu eta bi onura-multzoak batera baliatu beharko genituzke: lehena ezinbestekoa da gure baso, ohian eta lurraldeak berreskuratzeko eta bigarrena epe ertain batera, diru-iturri zuzena bihur daiteke.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila