Meningeen inflamazioa infekzio batek sortzen du ia beti, eta meningitisaren germen erantzuleak birusak edo bakterioak izaten dira kasu gehienetan.
Hain zuzen, birusek sortutako meningitisak, biralak, dira haurtzaroan gehien agertzen direnak. Kasuen % 90ean enterobirusen taldeko birusek sortzen dituzte, eta eboluzioa eta pronostikoa, salbuespen gutxi batzuetan izan ezik, oso ona izaten da. Meningitis-mota hau epidemia moduan agertzen da, hilabete epeletan (udazkenaren amaieran, batez ere, eta noizean behin baita udazken suabeetan ere).
Meningitis bakterianoak, aldiz, ez dira hain usuak. Gure artean gehien agertzen diren bakterioak pneumokokoa, meningokokoa (B eta C tipoetakoa) eta, gutxiagotan, B motako Haenophilus influenzae izaten dira. Mota horietako meningitisak gaixotasun guztiz larriak izaten dira. Hori dela eta, medikuok bi bidetatik saiatzen gara gaitzari aurre egiten: batetik, txertaketa-egutegian txerto egokiak sartuz (esaterako b Haenophilus -aren kontrakoa edo meningokokoaren aurkakoa), eta, bestetik, gaitza diagnostikatu ondoren, tratamendu agresiboa ezarriz. Meningitis-mota hau usuagoa da negu-partean.
Meningitisaren sintomak diferenteak dira birala izan edo bakterianoa izan; gainera, umearen adinak ere eragiten du. Esan beharra dago, dena den, hasiera batean (aurreneko orduetan) ezin direla bereiztu meningitisa eta garrantzirik gabeko infekzio birala.
Meningitis biralaren kasuan, ume koskortu batek buruko min handia, gorakoak eta sukarra (ez oso altua) eduki ohi ditu. Umea txikiagoa bada, buruko minaren ordez suminkortasuna agertzen da (etengabeko negarra). Eta umeak hainbat egun egon daitezke horrela (erraz ulertzen da diagnostiko ezberdintzailea egitea zein zaila den).
Meningitis bakterianoaren kasuan, umea koskortua bada, buruko mina, gorakoak eta sukarra, normalean altua, agertzen dira. Aurreneko orduetan gripea dela ere pentsa daiteke, oso zailak baitira bereizten. Baina, ordu gutxitara, umearen egoera nabarmen okerragotzen da (ahulaldia, logura). Sarritan, mantxa edo orbanak ere agertzen dira larruazalean.
Ume txikiagoetan, meningitis bakterianoak beste hainbat gaitz arinagoren sintoma berdintsuak eragiten ditu hasieran: sukarra, gorakoak eta suminkortasuna. Baina, ordu gutxitara, makalaldia agertzen da, itxura txarra, garondoko zurruntasuna eta baita azaleko mantxak ere, zenbait kasutan.
Ume batek meningitisa duenean, meningeak handitu edo inflamatzeaz gain, mintz horiek busti eta blaitzen dituen likido zefalorrakideoa (LZR) ere aztoratu egiten da. Horregatik, diagnostikoa egiteko, aski da meningeen inguruko LZRa aztertzea, gerrian ziztada bat eginez: umearen bizkarrezurrean, bi gerri-ornoren artean, ziztada bat egiten da, eta horrela lortzen den laginean, LZRa aztertu eta meningitisa berretsi edo bazter daiteke. Likido horrexek, era berean, meningitisa birus batek sortua den (ziztadatik ateratzen den LZRa argia da) edota bakterio batek sortua den argitzeko balio du (kasu horretan, LZRa "zikinagoa" izaten da). Ziztada lunbar hori egiteko erabakia medikuak hartuko du, noski, umearen azterketa zehatz eta zorrotza egin ondoren.
Odol-analisiak ez dira baliagarriak meningitisa diagnostikatzeko, baina meningitisa birikoa edo bakterianoa den bereizteko bai, balio dute.
Umeak meningitis-sintomak dituela pentsatuz gero, berehala osasun-zentro batera jo behar da.
Baina buruko mina, gorakoak eta sukarra dituzten ume guztiek ez dute ospitalera joan behar, ezta gutxiagorik ere. Kasurik gehienetan gaixotasun arinak izaten dira (birusek eragindakoak, gripeak) edota hain larriak ez diren bestelako infekzio batzuk (pneumoniak, gernubideko infekzioak...); horiek berehala diagnostikatuko ditu umearen pediatrak.
Dena den, umearen egoerak okerrera egiten badu (lotarako joera, erantzutea kosta egiten zaio, hitz egiteko zailtasunak ditu, garondoa —kokotea— mugitzea nekeza eta mingarria gertatzen zaio, etab.), orduan bai, berehala larrialdietara joatea gomendatzea da.
Pediatrari aurrez esan gabe, ez diogu umeari antibiotikorik emango. Umeak buruko mina, gorakoak eta sukarra baldin baditu, komeni da medikuari kontsulta egitea, baina ez geure kabuz antibiotiko bat ematea. Umeak gaixotasun birikoren bat baldin badu, antibiotikoak, ahoz, ez du sekula sendatuko, eta, gainera, diagnostiko zuzena egiteko zailtasunak eta trabak jarriko dizkio medikuari.
Txertaketak
Zenbait txertorekin lortu da gaitz batzuk erabat desagertzea. Horixe gertatu da b motako Haemophilus influenzae -aren kontrako txertoarekin (anti-Hib). Txerto hori duela urte batzuk sartu zen geure txertaketa-egutegian, eta geroztik ikaragarri jaitsi da germen horrek eragindako meningitisen kopurua (ia desagertzeraino). Eta espero dezagun gauza bera gertatzea aurten bertan egutegian sartu den C meningokokoaren kontrako txertaketarekin. Zoritxarrez, oraindik ez daukagu geure artean sarritan agertzen diren bi meningitis bakteriano sorrarazten dituzten germenen kontrako txertorik (hau da, pneumokokoaren eta B motako meningogokoaren kontrako txertorik). Bestalde, ez dago meningitis birikoak eragiten dituzten birusen kontrako txertaketarik.
Kontaktuak
Meningitis birala duten haurrekin edukitako kontaktuak. Ez da inolako neurri berezirik hartu behar.
Meningitis bakterianoa dutenekin edukitako kontaktuak. Harremana estua izan bada (batera bizi diren umeak, edo ikasgela berekoak), eta umeak B edo C motako meningokokoak nahiz b motako Halmophilus influenzae -ak eragindako meningitisa baldin badu, ahalik eta lasterren (ahal izanez gero, 24 ordu baino lehen) antibiotiko bat ematea gomendatzen da, neurri profilaktiko bezala. Hala ere, meningitisaren germen sortzailea pneumokokoa baldin bada, ez da neurri profilaktikorik gomendatzen. Ospitaleko alta jaso ondoren, meningitis bakterianoak jota egon den umea bere eguneroko bizimodura itzuliko da (familia, eskola, etab.), inolako neurri berezirik gabe.
Meningitis birikoen ondorioak ia ez dira kontuan hartzekoak, eta agertzekotan umerik txikienetan agertzen dira. Dena den, normalean, inolako ondoriorik gabe sendatzen dira.
Meningitis bakterianoetan, berriz, kasutik kasura alde handia egon daiteke. Tratatu gabe, meningitis bakterianoa gaixotasun ikaragarria izan daiteke, heriotza ekar dezake edota ondorio neurologiko oso larriak utzi.
Dena den, maizenik bi motatako ondorioak ikusten dira: batzuetan entzumenari eragiten diote eta beste batzuetan ezgaitasun intelektual txikiak izaten dira. Gaur egun, tratamendu egokiarekin, eta garaiz hasiz gero, heriotza-tasa pazienteen % 4-5ekoa da.
Nola tratatzen da meningitisa?
|