Galdera hau entzuten da maiz: Martitzera joatea beharrezkoa al da? Batzuen aburuz Lurrean arazo larri asko dugunez, Martitzerako gizakien bidaiak itxaron dezake. Baina guk beti horrela pentsatu izan bagenu ez zatekeen Sputnik ik eta Juri Gagarin-ik izango. Kosmonauten bidaiarik ez zatekeen egongo; hasiera batean inork ez bait zuen ikusten hegaldi espazialek onura zuzenik izango zutenik. Orain izan dituela badakigu. Baina hala ere, Martitzerako bidaia orain antolatu behar al da? Agian atzera genezake, gure oraingo arazoak konpondu arte. Baina horrelako arazoak beti egongo dira eta horrelako arrazonamenduak zientziaren eta teknologiaren garapena geldi eraziko luke.
Zeintzuk dira egun dauzkagun baliabide teknikoak? Zein espaziuntzi-motak eraman dezake gizakia mundu batetik bestera? Posibilitateetako bat hiru zatiz osatutako planetarteko espaziuntzia da: propultsio-sistema, tripularien egoitza (bizi ahal izateko sistemak eta nabigazio- eta kontrol-sistemak bertan leudeke) eta tripulariak Martitzeratzeko eta berriro untzira itzultzeko ibilgailua.
Espaziuntzia Lurretik gertuko orbita batean muntatuko litzateke hainbat ibilgailuk, Energia jaurtigailuak seguru asko, eramandako piezak erabiliz. Sistema guztiak probatu ondoren, espedizioa Martitzera abiatuko litzateke. Lautik seira lagunek osatuko dute tripulazioa eta akaso nazioartekoa izango da.
Planetarteko ibilgailua behe-mailako orbita lurtarretik jaurtia izango litzateke eta Martitzen orbita moztuko lukeen orbita heliozentrikoa (Eguzkiaren ingurukoa) hartuko luke. Bidaiak zenbait hilabete iraungo luke. Planetarteko ibilbideak Martitzen bidea moztean, espaziuntzia planeta orbitatzen hasiko litzateke.
Planetarteko espaziuntzi osoa lurreratzea lan neketsua luke. Horrexegatik, ibilgailu txiki batek martitzartuko luke tripulazio osoarekin edo zati batekin. Gainazala esploratu ondoren, tripulaizoak planetatik orbitatzen ari den planetarteko ibilgailura joan beharko du. Honek, Lurrerako bidea hartuko du Lurra-Martitz ibilbidearen antzeko bati jarraituz. Aukera bat, Artizarrerantz joanez ibilbide luzea egitea izango litzateke. Kasu honetan, espedizioak urtebete edo urte t’erdi beharko luke (bizpahiru urte beharko lirateke beste kasuan), baina erregai-premiak asko haziko lirateke. Honek zera esan nahi du: planetarteko untziaren masa eta tamaina handiagotu egingo liratekeela eta aldi berean eraikuntz arazoak ere bai. Hegaldiaren segurtasuna hobetzeko, planetarteko bi untzi jaurti beharko lirateke batera. Behar izanez gero, untzi bateko tripulariak bestekoei laguntzeko moduan leudeke.
Zera da arazo nagusienetako bat: Lurreko orbitatik Martitzera joateko, Martitzen orbitan sartzeko eta Martitzetik Lurrera etortzeko untzia azeleratuko duen propultsio-sistema aukeratzea. Horretarako jadanik ondo garatuta dagoen erregai likidozko koheteen bidezko propultsio-sistema aukera daiteke; energia kimikoa (hidrogenoaren errekuntza esaterako) erabiltzen duen sistema alegia. Sistema hauek dira egungo efektiboenak eta Energia jaurtigailuan erabiltzen dira.
Martitzerako bidaian propultsio kimikoa erabiltzeak ez du diseinu-arazo larririk planteatzen. Hala eta guztiz ere, espedizioaren energi beharra handia dela eta pilotatutako ibilgailuak aurretiko ibilgailu robotikoek baino masa handiagoa duela kontutan hartzen badugu, erregai-premia itzela dela ohartuko gara.
Lurraren orbitan ibilgailua muntatzea korapilotsua izango da. Untziaren hasierako masa 2.500 tonakoa baino handiagoa izango da. Zilegi dirudi energi iturri eraginkorragoak, nuklearra adibidez, bilatzeak. Kasu honetan erreaktore nuklearrak beroa sortzen du eta gas bat koheteen haizabideetatik atera dadin bultzatzen du, behar den bulkada lortuz. Bizpahiru aldiz propultsiogai (haizabideei darien gasa) gutxiago behar da erregai kimikoa erabiltzen duten kohetetan baino. Energia nuklearrez hornitutako untziaren hasierako masa 800 tonakoa izango litzateke.
Erreaktore nuklear elektrikoa, are eragingarriagoa izango litzateke. Hauetan erreaktorearen energia zuzenean energia elektriko bilakatzen da. Propultsagaia eremu elektriko baten bidez azeleratzen da, beharrezko bulkada lortzeko. Kasu honetan behar den propultsagai-kantitatea, aurreko kasuan behar zena baino are txikiago da. Misioaren hasierako masa 450 tonakoa bakarrik izango litzateke.
Planetarteko untziaren beste zatiak azter ditzagun orain. Bizitzeko gelena da zatirik garrantzitsuena. Hermetikoki itxitako modulua edo modulu-andana izango da eta tripulazioarentzako ganbaroteak eta tresnentzako kokalekuak ere bai. Tripulazioa oxigeno, ur, eta janariz hornitu beharko da eta gainera hondakinak baztertu beharko dira. Horrelako sistemek egun duten garapena, planetarteko bidaia egiteko aski da.
Bizitzeko moduluan Lurrarekin komunikatzeko tresneria izango da. Ibilgailuak nabigazio- eta gidatze-sistema automatikoa izango du.
Estazio orbitaletan erabiltzen diren antzeko sistemez mantenduko da bizitzeko geletako tenperatura erosoa. Energia elektrikoak bi iturri izan ditzake: erreaktore nuklearra edota eguzki-panelak. Sar daitezkeen izpi kosmikoen edo eguzki-erradiazioen arriskua txikiagotzeko, tresneriaren zati bat bizitzeko moduluaren pareta hermetikoen barruan mantenduko da. Tripulazioa eguzki-galdatatik babesteko koraza berezia behar da. Lurrean egiten diren hegaldi orbitaletan, Lurraren eremu magnetiko bortitzak babesten ditu astronautak eguzkitik. Baina planetarteko bidaian babes hori ez dago eta babes gehigarria beharrezkoa da. Tripulazioak ez du denbora osoan babesaren barruan egon beharrik, baina bertan nahikoa denbora egin beharko du (lotan esaterako) hartutako erradiazio-dosiak maila arriskugabean iraun dezan.
Segurtasunarekin zerikusia duen beste puntu bat, meteoritoekiko babesa da. Hegaldi espazialetan, Lurraren orbitan egiten direnetan ere bai, meteoritoak topatzea posible da. Babesik eraginkorrena, bizitzeko modulu hermetikoa inguratzen duen pantaila bereziaren babesa da. Meteoritoak pantaila topatzen duenean, hauts-zorrotada bilakatzen da eta horixe bakarrik iristen da bizitzeko gelaren paretara. Saliut eta Mir estazioen paretak horrelaxe diseinaturik daude. Pantaila eta pareta hermetikoak zulatzeko nahikoa masa izan duen meteoritoa topatzeko posibilitatea oso urria da. Baina kasu honetan ere, modulu bananduz osatutako bizitzeko gela diseina daiteke. Modulu bat zulatzen bada, tripulazioa besteetan bizi daiteke komunikazioa ondo zigilatu ondoren.
Plantetarteko espaziuntziaren hirugarren zatia, martitzartze-modulua da. Zoluan pausatzeko Martitzen atmosfera zeharkatu behar duenez, itxura aerodinamikoa izango du. Martitzen gainazaleko atmosferaren dentsitatea Lurrarena baino %1 txikiagoa da. Dena den, pausatzean ibilgailua balaztatzeko erregai likidozko koheteak erabiliko dira. Ibilgailu honen barnean, gero tripulazioa untzira itzuliko duen igotze-kohetea egongo da.
Lurreraino egin beharreko itzulera-hegaldia planteatzeko, hainbat aukera dago. Untziak balaztatze-koheteak erabil ditzake Lurraren orbitara sartzeko. Horrek, propultsagai gehigarria eskatuko luke. Alternatiba moduan Lurraren atmosfera erabil daiteke abiadura txikiagotzeko. Kasu honetan, planetarteko espaziuntziak kabina berezi bat beharko du eta tripulazioa transferitua izango da Lurrera iritsi baino lehen. Kabina espaziuntzitik bereizi egingo litzateke atmosferaren geruzarik trinkoenetara sartu baino lehen. Azkeneko zatian jausgailuak erabiliko lirateke.
Itzulerarako eskema aukeratzeko unean, Lurra Martitzen egon daitezkeen bizi-forma arriskutsuetatik (posibilitate hau ezin dugu guztiz baztertu) babestea kontsideratu behar da. Lurrera itzuli ondoren, tripulazioa eta Martitzekin harreman zuzena izan duten objektu guztiak arretaz aztertu beharko dira. Koarentena luzea beharrezkoa izango da. Tripulazioa Lurrera zuzenean itzuli beharrean Lur-orbita batera itzultzen bada, koarentena estazio espazialean egin daiteke. Lurra naturalki isolaturik gelditzea da bide honen abantaila. Alderdi negatiboa, ikerketa mediko eta biologikoaren sakontasuna mugatzea da. Lurrean zuzenean lurrartzen bada, koarentena hangare batean kokatutako modulu batean egingo da. Lurreko koarentena-estazioetan orbitaletan baino azterketa mediko eta biologiko sakonagoak egin daitezke.
Lehenengo planetarteko hegaldia egiteko Lurreko espazio-teknologia zein puntutaraino dagoen prest azter dezagun orain. Zein arazori egin beharko zaio aurre Lurreko ordezkariek beste planeta batean lehenengo urratsa eman baino lehen? Piezetatik abiatuz espaziuntzia lur-orbitan muntatzea da horietako bat. Sobietar Batasunak duela 20 urte hasita, espazioan egiturak automatikoki muntatzen esperientzia handia du. Sobietar Batasunak eta Ameriketako Estatu Batuek akoplatu dituzte espaziuntziak espazioan.
Martitzerako misioan hori ere egin beharko da. Bi potentziek planetarteko ibilbidetan eta hegaldi-nabigazioan eskarmentua dute. Zunda automatikoek Eguzki-sisteman inguruko eta urruneko planetak esploratu dituzte. Estazio orbitaletan (Saliut, Skylab, Mir) egin diren egonaldiek iraupen luzeko giza hegaldietarako bitartekoak garatzea posible egin dute. Eta baita tresneriaren segurtasuna eta fidagarritasuna aztertzea ere. Lurretiko laguntzarik ez da egongo. Beraz mantenurako erreminta eta baliabide guztiek espaziuntzian egon beharko dute.
Martitzartze-untziari dagokionez, antzeko arazoei egin beharko zaie aurre. Estatu Batuek Ilargira tripulazio bat eramaten eta atzera ekartzen esperientzia badute. 1969.etik 1972.erarte Apollo untzien bidez sei aldiz pausatu zituzten untziak Ilargian. Sobietarren zunda automatikoak ere Ilargian pausatu eta itzuli dira. SESB eta EEBBk Artizar eta Martitzeraino bidali dituzte.
Tripulazioak denbora luzez grabitaterik gabe lanean irautea da arazoa. Urtetako lanak egin dira hori ezagutu asmoz. Bidea luzea izan da. Zenbait unetan espazioan egonaldi luzeak egiteko pisu ezak gaindiezinezko langa zirudien. Esaterako, 18 eguneko hegaldia egin ondoren, A. Nikolaiev eta V. Sebiastianov-en Lurrerako birmoldaketa oso neketsua izan zen eta hurrengo hegalditan egonaldia luzatzeak kezkagarria zirudien. Baina sistema kardiobaskularra eta muskularra garatuz, tripulazioa denbora luzez grabitaterik gabe egon ahal izateko bideak landu dira. Lanak oraindik ere segitzen du. Zenbait urtetan zehar estazio espazialean eginiko egonaldiak luzatu egin dira. Joan den urteko (1987.eko) abenduan Juri Romanenko kosmonautak grabitaterik gabe eginiko giza egonaldirik luzeena burutu du (326). Oso egoera fisiko onean itzuli zen. Egonaldi luzeko hegaldien arrakasta, estazioan eginiko ariketa fisikoen programa berezi bati zor zaio. Iraupen luzeko espazio-hegaldiari baikor begiratzeko arrazoiak baditugu.
Dena den, ez dugu arazoa gehiegi erraztu behar. Martitzeko bidaia handia baino lehen espazio-teknologiazko espezialistek arazo tekiniko eta mediko asko ebatzi beharko dute. Hegaldia ez da arazo tekniko eta zientifikoa bakarrik; Lurreko zibilizazioaren aurrerabidea eragin dezakeena ere bai baizik.