Marteren konkista

Eguzki-eklipsea zela eta, seguru zuetariko asko zerura begira egon zinetela pasa den abuztuaren 11n. Iraila ere antzera iraganen da, lurtar asko eta asko Marteri begira jarriko baikara. Izan ere, duela hilabete batzuk Marterantz bidali zen Mars Climate Orbiter zunda hil honetan sartuko da planeta gorriko orbitan. Urrian, berriz, japoniarrek bidalitako zunda ere iritsiko da Martera. Azkenik, abenduan Mars Polar Lander zundak Marteko Hego poloko lur-zorua zapalduko du. Zunda horrek Hego poloko laginak jasotzen dituen bitartean, Mars Climate Orbiter zunda planeta gorriko orbitan jira-biraka ibiliko da, Martetik bidaltzen zaion informazioa jaso eta Lurrera igorriz. Marte albiste-iturri izango da hurrengo hilabeteotan.
NASA

Marte espazioaren konkistan gizakiak begibistan duen helmuga garrantzitsuenetarikoa da, bertan egingo den ahalegin eta iraultza teknologikoarengatik batetik, eta abenturatik atera daitezkeen ondorioengatik bestetik.

Sojourner errobota.
NASA

Marte ezagutzeko ahaleginik nabarmenenak azken hamarkada honetan egin badira eta datozen urteotan egingo badira ere, gizakiak Marte ezagutzeko duen grina oso-oso aspaldikoa da. Eguzkitik abiatuta laugarren planeta da, itxura gorrixka izateagatik gorria abizena jarri izan zaiona. Espazioko esplorazioaren aurretik, Marte bizitza gordetzeko hautagairik indartsuena zen. Zerura begira zeuden astronomoek Marteko azala zeharkatzen zuten lerro zuzenak ikusi zituztenez, urteetan norbaitek egindako eraikuntzak zirela pentsatu izan zen. Urtaroen arabera planetaren azaleko kolorean aldaketak gertatzen dira; horregatik pentsatzen zen urtaro beroetan landaretza sortzen zela eta hotzetan, berriz, desagertu. Horregatik zientzia-fikzioko idazleen sormenerako Marte eta martetarrak —gizontxo berdeak— iturri agortezina izan dira. Denborak aurrera egin ahala espazioko esplorazioan egin diren urratsek bertan behera utzi dituzte uste horiek denak. Hala eta guztiz ere, Martek helburu izaten jarraitzen du. Baina, zergatik?

Marteko esplorazioaren zergatiak

Mars Pathfinder .
NASA

Marteko esplorazioak gizakiaren unibertsoa ezagutzeko gaitasuna zenbatekoa den erakutsi ahal izango du. Unibertsoaren osotasuna kontuan hartuta urratsa txikia izango den arren, gizateriarentzat urrats erraldoia izan daiteke, behin Lurra utziz gero, Martetik itzultzea ez baita erraza izango. Planeta gorrira iristeko Lurra eta Marte lerrokatzen diren unea itxaron beharko da, baina baita itzultzeko ere; horixe da esplorazio honen eta orain arte egin diren gainerakoen arteko desberdintasunik handiena. Ideia zenbakietara ekarriz gero, bidaia osatu ahal izateko, gizakiak hiru urtez egon beharko du espazioan. Astronauten esperientziak eta inprobisazio-gaitasunak zer ikusi handia izan dezake Marteko esplorazioan, edozer gertatuta ere, gutxienez 40 minutu beharko direlako Lurretik hara mezu bat bidali eta erantzuna itzuli arte. Beraz, Martera noizbait bidaliko den hegaldi gidatuak autonomia handiz jokatu beharko du.


Horretaz gain, badago galdetzea ahaleginak merezi duen edo ez, eta beste modu batera esanda, Martera zertara? Helburuak hiru multzotan bil daitezke: zientzia-arlokoak, gizateriaren hedadurari dagozkionak, eta nazioarteko lankidetzaren ikuspuntutik kontuan har daitezkeenak.


Zientzialarientzat Marte planeta berezia da, bizitzaren eta planeten jatorriaren eta historiari buruz argibideak eman ditzakeena. Zientzia-fikzioko idazleentzat erakargarri izatetik, espazioko esplorazioak aurrera egin duen heinean, zientzialarientzat guztiz interesgarri bihurtu da Marte. 1960.eko hamarkadan ondorioztatu ahal izan zenez, Marten ez zegoen bizitzarik eta gizakientzat ere ez zen toki egokia. Mariner 4 zundaren irudiek Ilargiaren antzeko panorama erakutsi zuten, kraterrez betetakoa.

Olympus sumendia, Eguzki-sistemako sumendirik altuena. 25.000 metroko garaiera du eta Marten dago.
NASA

Orain uste denez, eremu hura noizbaiteko azala izan daiteke, Ilargiarenaren antzekoa, planetak sortu zirenean eratutakoa. Mariner 9 zundak, berriz, erakutsi zuen Marte ez zela Ilargiaren hain antzekoa, bazituela ezaugarri tektonikoak eta bolkanikoak, sumendi erraldoiek eta azaleko rift-ek, barne-indarrak daudela adierazten dute eta. Oraindik sakon ikertu ez den arren, uste da Marteko azalaren sorrera duela 4.000-5.000 milioi urtekoa izan daitekeela; sumendiak, berriz, duela 1.000 milioi urtekoak izan omen daitezke. Ikaragarrizko amildegiak daude Marten, bailarak, kraterrak, noizbaiteko sumendi erraldoiak, noizbaiteko ibaien arrastoak, eta urtaroaren arabera aldatzen diren poloak. Lurzoruaren % 68 burdin oxidoa da, eta gainerakoa buztina eta silikatoa. Jatorri bolkanikoa duten arrokak aurkitu dira bertan, baita sedimentarioak diruditen beste batzuk ere.


Marteko atmosfera gehienbat karbono dioxidoz, eta hauts-ekaitz erraldoien ondorioz sortzen diren hondarrez osatuta dago. Zerua, berriz, hori-arrosa egunez, gorri bihurtzen da iluntzerako Marten. Presioan eta tenperaturan ere aldaketa handiak gertatzen dira, ordu gutxitan -70 °C-tik -10 °C-ra pasatzen da. Eta altueraren arabera ere gertatzen dira aldaketa horiek, esate batera tenperatura lurzoruan hartu edo metro batera hartu 8 graduko diferentzia dago. Ezaugarri horiek kontuan hartuta, Marteko azalean ezin da urik egon; hala ere, aurkitu diren seinaleen arabera, badirudi Marten noizbait ura egon zela. Teoriaren arabera, Marteko atmosfera orain baino epelagoa zen. Horretatik guztitik, hiru galdera sortzen dira zientzian, Marte esploratuz nolabait erantzun nahi direnak:


  • Zergatik aldatu ziren Marteko atmosferaren ezaugarriak?

  • Aldaketa horietatik zer ondoriozta daiteke Lurreko ingurugiroan gertatzen diren aldaketekiko?

  • Bizitzarik egon zen edo badago Marten?


Erantzunak planeta gorriko ezaugarri geologikoen ezagutzatik etor daitezkeela uste da: arroka-motak, arroken adina, Marteko azal azpiko uraren banaketa, sumendien historia….


Gizateriaren hedaduraren edo migrazioaren ikuspuntutik begiratuta, Marteko esplorazioa erronkarik handienetarikoa da. Izan ere, Marten koloniak jartzeak zailtasun ugari ditu, nabarmenena bertan bizi ahal izateko ingurune naturalik eza da; horrekin batera, garraioaren garestitasuna. Hala eta guztiz ere, bizi ahal izateko ingurune artifiziala eraikitzea teknikoki posible denez, eta garraio-sistema denborarekin merkatuko denez, Marten giza kolonia bat ezartzeko bideragarritasuna eta oinarri teknologikoa aztertuko dira. Marteko terraformazioaz hitz egiten da.

Mars Orbiter zundaren altimetroarekin ateratako datuak. Kolorreek altuera adierazten dute.
NASA

Azkenik, nazioarteko lankidetza aipatu behar da. Estatu Batuen eta Sobietar Batasunaren arteko sasoi bateko gerra hotza bukatu eta gero, lankidetza-ereduak nagusituz doaz. Bi erraldoiei proiektuan parte hartzen ari diren beste herrialde batzuk gaineratu zaizkie, Europa, Japonia, Txina eta Kanada, besteak beste.


Azken urte hauetako arrakastak

Mars Global Surveyor eta Mars Pathfinder zunden bidaiek —Ilargiaren konkista alde batera— espazioko abenturaren historian sekula lortu den jakinminik handiena piztu zuten. Mars Global Surveyor zunda 1996ko azaroan bidali zen Marteko orbitarantz; Hilabete geroago Mars Pathfinder zunda jaurti zuten espaziora, baina ibilbide desberdina agindu zitzaionez Martera Global Surveyor baino bi hilabete lehenago iritsi zen. Pathfinder hiru urtetan diseinatu, eraiki eta jaurti zuten.

Berritzailea izan zen Pathfinderen iritsiera Martera, lurzorura jaisteko teknika berria estrainatu baitzen, modulua babesten zuen airbag multzoa erabiliz. Era horretan, erabat gelditu baino lehen, modulua lurzoruan punpa-punpa boteak eginez marteratu zen. Martera iritsi baino 5 minutu lehenago, segundoko 7 kilometroko abiadura zeramala eta Marteko lurzorutik 1.500 kilometrora zegoela, zunda geratzen hasi zen atmosferako igurzketaren eta horretarako prestatuta zituen propultsore batzuen eraginez.Marteko lurzoruarekin tupust egin baino 30 segundo lehenago airbag-ak atera ziren eta 12 boteren eta hainbat itzulipurdiren ondoren lurzoruan tinkotu zen zunda.

Mars Climate Orbiter .
NASA

Teorian 3/4 poltsa puskatuta ere ez zen arazorik izan behar zunda behar bezala iristeko, baina bat bera ere ez zen suntsitu. Airbag-ek haizea hustu zuten eta zunda zabaldu egin zen. Barruan, irudiak hartzeko kamera, klima aztertzeko beste kamera bat, seinaleak bidaltzeko masta, eta Sojourner ibilgailua –11 kiloko errobota– zeuden. Denbora gutxira Sojourner Marte arakatzen hasi zen, segundoko zentimetroa aurreratuz. Argazki-kamerez gain, Sojournerek tresna zientifiko ugari zeramatzan eta Lurretik kontrolatzen zen. Horretarako ordenadore-programa diseinatu zuten; geldirik zegoen zundatik eta mugitzen zen ibilgailutik lortutako irudiak erabiltzen ziren. Egunero aztertzen zen ibilbidea ordenadorean eta gero aginduak irrati bidez bidaltzen ziren. Seinaleak hamar bat minutu behar zituen Martera iristeko. Erreferentziak bidaltzen zitzaizkion Sojourneri eta hau bera bakarrik abiatzen zen, distantziak erabakitzeko eta bere aurrean zegoena ikusteko bost laser eta bi kamera erabiliz.

Pathfinderen azken transmisioa irailaren 27an izan zen. Ikerlariak saiatu baziren ere, ez zuen informazio gehiago bidali. Baliteke tenperatura-gorabeheren eraginez kableren bat edo soldadura-punturen bat hondatu izatea, baliteke ere gainditu ezineko oztoporen baten aurrean egotea sekula iritsiko ez diren aginduen zain, eta eguzki-energiaren bidez dabilenez baliteke ere jira eta buelta ibiltzea zundaren inguruan. Galdu zen arte, Sojournerek 100 metroko ibilbidea egin zuen, arroken eta lurzoruaren 16 azterketa egin, eta 17.000 iruditik gora bidali. Egunero tenperaturaren gorabeherak aztertu zituen, presio atmosferikoa, eta haizearen norabidea eta abiadura neurtu. Orotara Marteko 200 metro karratu arakatu ziren. Mars Pathfinder misioak 57 eguneko iraupena izan zuen, hasieran uste zena baino 27 egun gehiago.

Mars Polar Lander zunda.
NASA

Oinarrian misio horren helburu nagusia Martera zerbait segurtasunez eramatea bazen ere, helburuetariko beste bat Marten bizitzarik zegoen ikusteko esperimentuak egitea zen. Marteko paisaiari begiratuta eta jaso ziren datuak aztertu ondoren, pentsa daiteke noizbait izan zela han urik, klima beste era batekoa zela. Hala ere, badirudi gaur egun Marten ez dagoela ezer bizirik.


Patfinder misioaren kostua 265 milioi dolarrekoa izan zen, oso txikia espazioko kontuetarako. Datu bat, 1976. urtean Viking-ak Martera eramatea hamalau aldiz garestiagoa izan zen. Baina, diotenez, gaur egungo teknologia erabilita gizakia Martera bidaltzeko izugarrizko diru piloa beharko litzateke.


Pathfinderen azken transmisioa gertatu zenetik denbora gutxira, Mars Global Surveyor zunda kalitate handiko irudi mordoa bidaltzen hasi zen. Marteren orbitan dagoen bitartean, Global Surveyoren kamera irudiak bidali eta bidali ari da. Irudiek erakutsi dute Marineris bailarako hormek estratu garbi-garbiak dituztela, Koloradoko Arroila Handikoak bezalakoak. Zundaren altimetroak erakutsi du Ipar poloa uste zena baino askoz ere altuagoa dela, Marteko Iparraldeko Hemisferioan lautada erraldoia dagoela, noizbait urez beteta egon zitekeena. Hori horrela bada, non dago orain ur hori guztia? Ikerlari gehienen arabera, Marteko ur gehiena izoztuta dago, poloetan, lur azpian edo planetako iparraldeko lautadetan. Teoria egiaztatuko balitz, bizitzarik ez dagoela esan nahiko luke, likidorik gabe ez baitago bizitzarik.


Orain zer?


Irailean bi urte beteko dira Sojourner errobota isildu zenetik, baina Marteren esplorazioan ez da etenik gertatu, proiektua hura baino orokorragoa baita. Gainera, tarte honetan Mars Global Surveyor zundak lanean jarraitu du eta datu interesgarri ugari pilatu ahal izan dira, batez ere martxoan zunda Marteko poloen gainean kokatu zenetik. Esate batera, Marten piroxeno —jatorri bolkanikoko harrietan maiz agertzen den minerala— asko dagoela ikusi ahal izan da, tenperaturen gorabehera handiak aztertu dira bai lurzorukoak eta bai atmosferakoak, lautadak eta mendiak neurtu dira, Marteko mapa topografikoa egin eta ipar-hemisferio laua eta sakona den bitartean, hego-hemisferioa menditsua eta sakona dela ikusi da, eremu magnetiko txikia aztertzen jarraitu da, eta abar. Labur esanda, aztertu den guztiak adierazten du Marte noizbait Lurraren oso antzekoa izan zitekeela.


Duela bi urteko taktikari eutsiz, aurreko urtearen bukaeran eta aurtengoaren hasieran eman zaio jarraipena Marteko esplorazioari; hau da, bidaia bakoitzean orbitan geratuko den zunda eta Marteko lurzorua zapalduko duen modulua bidalita. Horrela, espazio-ontziek errepikagailu-funtzioa beteko dute, Marteko lurzoruan dagoen tresneriaren datuak bidaliz Lurrera. Mars Climate Orbiter zunda espaziora iazko abenduaren 11n bidali zen, Marteko atmosfera eta lurzorua ikertzeko tresneriaz hornituta. Zunda Martetik 400 kilometrora jarriko da, atmosferako tenperaturak, presioa, hautsa eta abar aztertuko ditu. Urte-hasieran, berriz, Mars Polar Lander zunda bidali zen Marteko Hego polora. Mars Climate Orbiter hil honetan iritsiko da Martera, hilaren 23an, bederatzi hilabeteko bidaiaren ondoren; Mars Polar Lander zundak, berriz, abenduaren lehen astean zapalduko du Marteko lurzorua.

Mars Global Surveyor zunda.
NASA

Mars Polar Lander zundak errobot beso baten bidez Hego poloko laginak hartu eta irudiak bidaliko ditu, uste baita Hego poloa urez eta karbono dioxidoz osatuta dagoela. Mars Polar Lander zundak Marteko atmosferara sartu aurretik bi mikrozunda jaurtiko ditu; hauek lurzoru azpian sartuta geldituko dira —metro pare batera— eta zorupeko ezaugarri fisikoak, tenperatura eta abar neurtuko dute, ura edo izotza detektatzeko probak egitearekin batera.

Oraingo honetan, ordea, ez da lur orotarako ibilgailurik bidali, baina badu berezitasunik bidaiak, lehenengoz planeta gorriko soinuak jasoko dituen mikrofonoa eramango baita. Zientzialarien ustez, 90en bat egun iraun dezakete Mars Polar Lander zundaren lanek Marteko lurzoruan. Beraz, Marteko irudiak jasotzeaz, hango tenperaturak aztertzeaz, hango lurzoruko ezaugarriez jabetzeaz, eta eguraldiaren urtaroen gorabeherak ezagutzeaz gain… datozen lau hilabete hauetan Marteko lurrazaleko giroa nolakoa den ikusteko aukera izango da. Zirraragarria izan behar du!

Etorkizun gorria


Orain egingo diren urratsek emango dutena ematen dutela, Marteko esplorazioan aurrera begira jarri beharra dago, etenik ez baita gertatuko. Aurrera begira jartze horretan, berriz, 2001. urtea begibistan. Orduan beste bi zunda bidaltzeko asmoa dago: bata orbitan geratuko da; besteak Marteko lurzorua zapalduko du. Mars Pathfinder espedizioan bezala, lur orotako ibilgailua eramango du, arrokak bildu eta lurzoruko laginak jasotzeko asmoarekin. Sojourner ibilgailuaren antzekoa izango da, ahalmen eta askatasun handiagoarekin ibili ahal izango dena. Oraindik ez dago garbi Marteko zein gunetara bidaliko den, Mars Polar Landerek eta Mars Climate Orbiterek ematen dituzten datuen –eta aurrekontuaren– arabera erabakiko baita. Bi urtera egingo da hurrengo bisita, 2003. urtean.

Fido Rover ibilgailua, 2001.urtean Martera bidali nahi dute.
NASA

Aurrekoaren antzekoa izango da eta bizitza-aztarnak egon daitezkeen tokiren batean kokatuko da. Handik bi urtera beste espazio-ontzi bat bidaliko da, eta ordura arte bildu diren arrokak ekartzen saiatuko da. Arrokak Lurrera ekarri ahal izateko teknologia oraindik garatu ez den arren, teorian zunda berri bat bidaliko da Martera. Zunda barruan —besteak beste— bildutako arrokak jasoko dituen ibilgailua egongo da, gero Lurrera ekarriko dituena. Dena pentsatuta dagoen bezala gertatuko balitz, 2008. urterako Marteko zatiren batzuek Lurrean behar lukete.

NASAren asmoak horiexek, baina ez dira bakarrak, beste herrialde batzuk ere interesa eta proiekturen bat edo beste badute eta, esate baterako Japoniak badu dagoeneko zunda bat Marterako bidean, Europako Espazio Agentzia 2003. urteko Mars Express proiektuarekin ari da lanean, eta Frantziak badu NASArekin batera proiektua eskuartean. Eta hortik aurrera, zer? Kateari jarraituz, hurrengo pausoa gizakia bidaltzea litzateke, baina horretarako —teknologia garatzeaz gain— Marten noizbait bizitzarik egon dela ziur jakin beharko litzateke, bestela ez dirudi eta bertaraino joatea merezi duenik. Hala ere, —jokalari-sena nonbait— horra hor apustua: 2020. urterako baietz!.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila