1709. urtean Suediako Karlos XII.a erregeak Poltawa-ko gerra galdu ondoren, bere alde borrokatutako 3.000 gudari errusiarren eskutan utzi behar izan zituen. Deportatu egin zituzten eta urte asko eta oinaze latzak pasa ondoren horietako zenbaitek Mendebaldeko Europara, itzuli ahal izan zuen. Heldu ondoren, Asiako barnekaldean ikasitako hizkuntza, herri eta lurralde desberdinez kontakizun ernagarri bezain txundigarriak jakin erazi zituzten.
Eta kontakizun horien artean historia konkretu bat izan zen Europako zoologoak gehien kilikatu zituena. Siberiako estepan Europan ezagutzen ez zen animalia ikaragarri handia omen zegoen: bertakoek Mamut izenez deitzen zutena. Animaliatzar horren hondakinak nonnahi barreiaturik aurki zitezkeen jelapean eta bolizko betortz ikaragarri luzeak ere bai.
Elur azpian zeutzan animalien hondakinak ugari izan arren, inork ez omen zuen bizirik inoiz ikusi ahal izan. Baina urtzaroa helduta hondakin asko ikus zitekeen, animalien haien haragiak odol eta guzti irauten zuelarik. Behin (eta pasadizo honek ospe handia lortuko zuen denbora igaro ahala), San Petersburg-eko Geologi Institutuan zientzi kongresu bateko partaideei mamut deritzonaren txuleta ederrak eman omen zizkieten bazkarian. Mamut-txuleta haiek Siberiatik izotz-bloke batean ekarritako mamut kume batenak ziren; jai horretarako espreski ekarritakoak.
Kontaketa guzti horiez gain, mamutari buruz oso gutxi zekiten garai hartako Europan, eta jasotako datuak ernagarriak bezain kontrastagaitzak ziren. Baina 1799. urtean garrantzi handiko gertakari bat suertatu zen, eta ondoko eran gertatu zela pentsa daiteke.
Urte hartan, lanerako toki egokiagoak aurkitu nahian, arrantzale siberiar bat Lena ibaiaren bokalea arakatzen ari zen. Hotz izugarriak arrantzalearen aurpegia gorritu egiten zuen, berau arinki zebilen bitartean. Bapatean, urruti, izotz-horma ikusi zuen. Hormak, kristalezkoa bailitzan, eguzkiaren izpiak isladatzen zituen, giroari sorgin-itxura emanez. Gure arrantzalea bertara abiatu zen, horma distiratsuaren oinarriraino helduz.
Nekearen nekeaz elur gainean eseri omen zen eta denbora-tarte batean, inora begiratu gabe, atseden hartu zuen arnasa lasaituz. Inguruko edertasunak txundituta denbora ohartu gabe pasatu zitzaion eta konturatu zenerako eguzkia jadanik jaitsita zegoen, ortzearen muga ukituz. Une hartan arrantzaleak, jadanik susperturik eta gaua pasatzeko aterbea bilatu nahian, jaiki egin zen eta bidaiari jarraitzeko erabakia hartu zuen. Baina abiatu aurretik, Naturaren mirari zen kristalezko horma hari, azken aldiz begiratu nahi izan zion.
Baina une hartan, eguzkiaren izpiak ezkutatzear zeudela, jelazko hormaren egitura eta ezaugarriak arretaz aztertu ahal izan zituen. Hasieran argiaren efektu optikoa zela pentsatu zuen. Baina ez! Ez zen hori. Zerbait handi, izugarri handi, geldi eta solemnea zetzan jelazko hobi hartan. Arrantzalea, beldurtuta baina jakinguraz beterik izotz-hormara hurbildu zen.
Lehen itzal ilun zirenak argitzen hasi dira. Bai!!. Ikaragarrizko bolumena duen izaki erraldoi bat ikusi du arrantzaleak ikaratuta. Ile gorri ugaria duen masa izugarri batek, bi betortz luze-luzeak harro erakusten ditu. Azkeneko hamar mila urteetan zehar, sartzen ari den estepako eguzkiari begiratuz bere izotz-hobian geldirik egon den animaliatzarra gizaki batek lehen aldiz ikusi du. Holozeno aroko mamut bat izotzetan harrapatua dago.
Benetako aurkikuntza garrantzitsua! Europa aldera berria zabaldu bezain laster, Herry Adams zoologo britainiarra Siberiara abiatu zen baina mamuta zetzan tokira heldu zenerako, denbora pasa eta urtzaroaren eraginez, animaliaren zati handi bat jadanik usteldua zegoen. Dena den, larruaren hiru laurdenak berreskuratzea lortu zuen; baita belarri bat eta hezurdura osoa ere. Gainerakoa hartzek eta otsoek jadanik jana zuten. Eskeletoa San Petersburgo-ko Historia Naturaleko Museora bidali zuten eta han berregituratu. Urte gutxiren buruan mamut hark mundu zientifikoan ospe handia lortu zuen, zeren eta planetan desagertutako espezie berri bat aurkitu eta deskribatzea posible izan bait zen.
Gaurko paleontologiak bitarteko boteretsuak ditu mamut-en zuhaitz genealogikoa berreraikitzeko. Dakigunez, mamut-en eta elefanteen ezkutuko historia orain dela 50 milioi urte hasi zen. Garai hartan Moeritherium deritzon animalia bitxia jadanik gure planetako lurretan ibiltzen omen zen. Hipopotamoaren antza zeukan animalia hark, eta Europa eta India aldean bizi omen zen. Enbor horretatik bi adar berezi sortu ziren. Lehena Dinotherium deritzon animaliarena eta bestea Mastodontearena.
Dinotherium deitutako animalia bitxia zen guztiz. Itxura oro har gaurko elefanteenarekin bat zetorren, baina betortzak behe aldera kurbaturik zituen. Aurkitu diren fosilak aztertu ondoren ez dago dudarik tronpa zutela, eta gehigarri hori Proboszideoen ezaugarri garrantzitsu bihurtuko zen denbora igaro ahala. Dirudienez animalia honen ohiturak urtarrak ziren, laku bazterretan eta garai hartako zingiretan belarrak jango zituelarik.
Dinotheriumaren bizikidea Mastodontea dugu. Orain dela 25 milioi urte animalia hauek Lurreko txoko ekologiko zabalak kolonizatu zituzten. Mastodonte hitzak “titipuntako ortz” esan nahi du, mastodonteek zituzten haginen itxura gogoratuz. Mastodonteak Iparramerikan bizi izan ziren; baita Europa eta Katalunia aldean ere. Dena den, naturalistek Iparramerikako espezieari bakarrik jarri diote Mastodonte izena, Europan eta Asian bizi izandako espezieei beste izen batzuk emanez.
Mastodonteak goiko letaginak gorantz kurbaturik zituen eta hiru metroko luzera izatera heldu zitezkeen. Letagin batek 130 kilogramo pisa zezakeen. Dakigunez, letagin erraldoi horiek belarrak eta erroak biltzeko erabiltzen zituzten; egunero belar-kantitate ikaragarria jan behar bait zuten. Asia aldean bada lurreko landareen erroak biltzeko oso ongi moldaturiko mastodonte bat. Horretarako letaginak oso zabalak ditu, pala erraldoi antzera moldaturikoak, bere eguneroko lana ezinhobeto burutu ahal izateko.
Gero glaziazioak heldu ziren eta animalia hauen gorputza ilez bete zen, ingurugirora hobeki moldatzearren. Dakigunez, moldaketa hori oso egokia izan zen, zeren eta gizakumea agertu arte iraun bait zuten bizirik. Zientzigizonen ustetan, nonbait gizakumeak ehizatu egin zituen. Laugarren Aroa hasi zenean, orain dela 1,8 milioi urte, Europako mastodonteak baztertuta gelditu ziren lehenengo elefanteak agertu zirenean. Horietako bi adar desberdin ditugu: Mamutak eta Elefanteak.
Mamuta Errusian eta Siberian bizi izan zen, baina glaziaziotan Europa aldera jotzen zuen Piriniotaraino helduz. Mamut hitzak siberieraz “satorra” esan nahi du, eta esanahi hori sinesmen bitxi batetik datorkio. Siberiako herritarrek mamuta satorren arraza erraldoi batekoa dela uste dute eta sinesmen horren arabera lurrazpian bizi omen dira, baina hilzorian daudela sentitzen dutenean, lurrazalera agertzen dira, hantxe hilik geratuz. Era poetiko horretaz baliatu dira hango herritarrak horren ugari den izotz azpian aurkitutako hainbat mamut jelatu adierazteko.
Siberian, dakigunez, 50.000 mamut jelatu aurkitu dira jadanik, horien artean haragia, ilea eta azala oso ondo zaindurik dituztenak ere badirelarik. Maila bateraino daude, zeren bertako herritarrek lerak bultzatzen dituzten txakurrei, janari gisa askotan eman bait diete. Mamutak dira, arrazoi guzti horiengatik, desagertutako animalietan gehien ezagutzen direnak.
Jelak hain ederki gorde dituenez, zoologoek animalia horien azala, muskuluak eta odola zuzenean aztertzerik izan dute. Artikulu honen hasieran aipatutako Lena ibai ondoan egindako aurkikuntzan posible izan zen animaliak bere azkeneko orduetan jandako belarra eta elikagaiak sabelaren barnean aurkitu eta aztertzea. Jan ondoren 25.000 urtean zehar jandako elikagaiak konjelaturik gorde dira guk aurkitu arte.
Mamuta itzela bada ere ez da Lurraren bizitzan zehar sortu den animaliarik handiena; ezta gutxiagorik ere. Dinosauru-mota asko, eta gaur egungo baleak eta beste zenbait espezie, askoz handiagoak dira. Dena den mamuta, zenbaitetan, lau metro t’erdiko altuera izatera heldu zen, eta bere letagin luzeak hiru metro t’erdirainoko luzera zuen.
Animalia honen ia arrasto guztiak Siberia aldean aurkitu badira ere, badakigu Europa osoan barreiaturik ibili zela eta Euskal Herriraino heltzea lortu zuela.
Glaziazio-teoriek, Lurraren eboluzioaz bide berriak zabaldu ahala, animalia hauen bizitza argitzeko elementu berriak eskaini dizkigute. Mamut deritzona, glaziaziotako animalia izango litzateke, eta garai hartako baldintza gogorretan bizitzeko oso egoki moldaturik egongo zen. Klima hoztutakoan hego aldera jo zuen bizitzeko toki egokiagoak bilatu nahian. Glaziaziotako beheko muga fisikoa Piriniotan kokaturik zegoenez, gure Herriraino heldu ziren. Gero klima epeldu ahala, ipar alderantz joko zuten berriro haiek utzitako txoko ekologikoa beste espezie batzuei eskainiz.
Mamuta eta gizakume prehistorikoa alkarrekin bizi ziren. Europako hegoaldean aurkitu izan dira gizakumeak, mamuten bolizko letaginetan marraztutako, eta berak ehizatutako animaliaren irudiak zituztela. Baita gizakume prehistorikoa bizi izandako kobazuoetako hormetan animalia haien irudi ugari ere. Irudi horiek, gainera, gure paleontologoentzat oso lagungarriak izan dira.
1900. urtean Font-de-Gaume haitzuloan gizaki prehistorikoek marraztutako mamut bat aurkitu zen. Garai hartan aurkikuntza oso garrantzitsua izan zen bi arrazoigatik. Lehena: gizakia eta mamuta elkarrekin bizi izan zireneko froga ukaezina izan bait zen. Bigarrena: irudi horren bidez, mamutak bizirik zeukan itxura morfologikoa berarekin batera bizi izandako gizaki batek marraztuta ikusi ahal izan dugulako. Gizaki hark, mamutaren argazki prehistoriko bat bidali digu, irudi horren bitartez.
Haitzuloetan aurkitutako irudi horren bidez mamutak koipezko konkor bat zuela (gaur egungo gameluenaren antzekoa) jakin ahal izan dugu, eta jasotako fosiletan antzematerik ez zegoen. Seguraski, gameluaren kasuan bezala, konkor horrek bizitzako une gogorrenetan elikadura emango zion, horretarako koipea erabiliz. Pintura horrek, mamutak goitik behera jaisten zen bizkarra zuela ere adierazi digu, eta bere amaieran (atzekaldeko hanken ondoan) 35 zentimetroko isatsa zuela ere bai.
Irudi horretan, mamuten garezur konkortsua, betortz luzeen egoera berezia (pintura hauek azaldu arte benetako enigma zen) eta ile luze eta lodia agertzen dira. Gizaki prehistoriko horien bidez gaur egungo zoologoek badakite garai hartako animalia ernagarri haiek zein itxura eduki zuten.
Gaur egun zientzilarien artean ondoko galdera sortzen da maiz: animalia haiek ingurugirora hain egoki moldaturik egonda, nola galdu ziren, bapatean, orain dela 10.000 urte inguru?. Dakigunez, mamuta oso egoki moldaturik zegoen garai hartako klima-aldaketetara. Hotza jasateko ile luzea zuen, eta janari falta gainditzeko konkor koipetsua zeukan, han gordetako kaloriak emeki-emeki eskuratzeko.
Beroaldia zetorrenean, iparraldera jotzea baino ez zuen egin behar. Beraz, kliman ez dugu aurkituko bilatzen ari garen erantzuna. Bestalde, errealitate gordina daukagu; alegia, azkeneko glaziazioan hain zabaldurik zegoen espeziea erabat galdu zen. Zergatik? Erantzuna ez da, bada, erraza. Baina egunetik egunera, gizakia zerikusi handia edukiko zueneko hipotesi bat zabaltzen ari da gero eta gehiago.
XX. mendean zehar egindako indusketetan ateratako informazioetatik, badakigu gizakume prehistorikoak mamutak ehizatu egin zituela. Gizakumeak bizi izandako kobazuloetan dauden irudietatik aparte, mamuten hezurrez, letaginez eta azalez egindako lanabes ugari aurkitu izan da. Ikerketa horietan gizakume haiek animalia ikaragarri haiek akabatzeko zernolako teknika desberdinak zituzten ere jakin izan dugu. Horietako bat animaliak izutzea eta tranpa bateraino eramatea zen, han, erori ondoren, harriz eta geziz zauritu eta akabatuz.
Zenbait tokitan, orain dela 15.000 urte gizakumeek jelapean moldatutako hobiak aurkitu dira, bertan mamuten haragia gordetzen zutelarik (gaur egun hozkailuan gordetzen dugun moduan). Horrela, ehiza eskas zenean gordailutik ateratzen zuten haragia, gosea asetzeko.
Datu guzti hauekin batera, Europan 20.000 ortz eta hezur aurkitu direla gogoratu behar dugu. Siberian, lehen aipatu dugunez, 50.000 inguru biltzea lortu da. Amerika aldean milaka batzuk. Aurkikuntza ugari horiek, aldiz, oso toki berezietan aurkitu dira. Zientzilari batzuek, animalia haiek hil baino lehen biltzeko toki bereziak zirelako tesia plazaratu zuten orduan. Baina azken urteotan egindako ikerketek datu harrigarri bat sarterazi dute historia honetan.
Iparrameriketan egindako indusketa zenbaitetan, mastodonteekin (lurralde hartako mamut bereziekin) batera animalia haiek hiltzeko erabilitako material ugari (geziak eta uharrak batez ere) ere aurkitu izan da. Aurkikuntza horiek kontuan izanda, ideia bat sortu da. Leku haiek ez ziren mamuten hilerriak; gizakumeen kanpalekuak baizik.
Tesi ernagarri hori egiaztatu egin da Europa aldean ere. Ukranian, adibidez, garai hartako gizakumeen kanpalekuak aurkitu izan dira. Txabola asko dituzte, eta txabola haien materiala mamuten hezurrez, barailez eta letaginez osaturik zegoen. Aurkikuntza hauek gizakume prehistorikoaz ikuspegi berria azaldu digute. Horren arabera, ehiztari-talde haiek talde egonkorrak eta beren artean lana eta hierarkia soziala jadanik garaturik zuten. Seguraski, XIX. mendeko bufalo-ehiztariek egiten zuten bezala, gizakume prehistorikoek ere mamutak sistematikoki akabatuko zituzten, gero eta teknika sofistikatuagoekin.
Orain dela urte gutxi zientzi fikziozko hipotesi zitekeena, gero eta gehiago ari da onartzen ikertzaileak. Tesi horren arabera, mamuta gizakiak galerazitako lehenengo espeziea izango zen. Mamutak ez ziren galdu, bada, glaziazioak edo klimak eraginda; garai hartako gizakume ehiztariek eraginda baizik.
Mamutak betirako ezkutatu baziren ere, haiekin bizi ziren beste lerro ebolutibo batzuk gaurdaino heldu dira. Lehena Loxodonta africana deritzon espeziea da; normalean elefante afrikar deritzona. Pleistozeno garaian espezie hau Afrikan zehar banatu zen. Baita Saharako basamortuan ere, zeren eta garai hartan basamortu hura basoz eta landarez beterik bait zegoen.
Bigarren espeziea Elephas maximus edo elefante indiarra da. Afrikan sortu bazen ere, gero Europa eta Asiara zabaldu zen, gaur egun kontinente honetan bakarrik dagoelarik. Europan, eboluzioaren ondorioz, beste elefante-mota batzuk ere sortu ziren. Elephas antiquus deritzona da horietako bat. Lau metro altu zen eta Pleistozeno garaian Europan oso zabaldurik egon zen. Mediterranioko irletan zen falconeri deritzon elefante txundigarria bizi izan zen. Bere altuera zakur handiaren parekoa zen.
Nolanahi ere, ezkutatutako mamuten espezierik hurbilenak, gaur egun elefante afrikarra eta indiarra ditugu. Eta desagertutako mamuten jokabidea eta etologia ezagutu nahi baldin baditugu, bi elefante-mota horietara jo beharko dugu. Orain arte elefanteen inguruko azterketa etologikoak urri izan badira ere, gaur egun animalia miresgarri horien inguruko datuak biltzen eta interpretatzen hasi gara, eta mamuta zer izan zitekeenaren inguruan oso hipotesi ernagarriak sortu dira.
Etologo eta zoologoak gehien harritu dituen elefante-organoa tronpa dugu. Tronpa sudurraren eboluzio-emaitza da. Eozeno aldean bizi izan zen Moeritherium-ak sudurra eta letagin motzak baino ez zituen. Gero, 50 milioi urtetan zehar jasandako eboluzioak betortz eta tronpa luzeak eman zituen, eta horiek dira gaur egungo elefanteengan ikusten ditugunak.
Tronpa, sudurra izateaz gain, eskua ere bada. Sudurra den aldetik, elefanteak (eta konparazioz mamutak ere bai, noski) usaimena, ukimena eta dastamena ditu organo berezi horretan. Eskua den aldetik, elikagaiak harrapatzeko, ura edateko eta borrokatzeko defentsa bezala ere erabiltzen du. Lehortea heltzen denean, letaginekin zulo sakonak egiten ditu eta tronparen bidez lurrazpian dagoen ura xurgatzen du. Ura jasoz gero, dutxak hartzen ditu, edota, ahora pasatuz, edan egiten du. Hartualdi bakoitzean 10 litroko karga jaso dezake.
Tronpak baditu muturrean bi luzapen (Indiako elefanteak bat bakarrik du). Luzapen horiek behatzen antzeko eginkizuna dute eta horiekin gauzak ukitzen ditu. Muturreko luzapen horiek hain eboluzionaturik daudenez, zientzilari batzuen ustez elefanteak, nahi izanez gero, harpa jotzerik izango luke, organo horretan duen sentikortasuna medio. Dena den elefanteak dituen behatz horiek oso bereziak dira, zeren ukimenaren organo izateaz gain usaindu ere egiten bait dute. Usaimena oso zorrotza da eta munduari buruzko usaimen-irudia dutela esan liteke. Hain organo aberatsa egoki ulertu eta maneiatzen ez da batere erraza. Horregatik elefantekumeek hilabete batzuk behar izaten dituzte amaren laguntzaz, tronpa egoki menperatzeko.
Tamaina handia duten animaliek arazoak izaten dituzte gorputza hozteko, eta ahalegin horretan belarriek garrantzi handiko zeregina dute, elefanteen kasua nabarmenena izanik. Gorputzean tenperatura konstante mantentzeko belarrietan dituzten odol-hodiak odolez betetzen dira. Animaliak belarriak astindu egiten ditu eta horrela belarrietan dagoen beroa jaitsi egiten da. Elefanteak soberako kaloriak galtzeko modua da. Hotz dagoenean, aldiz, belarriak gorputzari lotuta edukitzen dituzte eta horrela berorik ez dute galtzen.
Animalia helduen pisua oso handia izanik (3.000 kilo) emeak eta 5.000 inguru arrak), gorputzari eusteko zutabe moduko hanka lodiak ditu eta duten formagatik ezin dute korrika egin edo jauzika ibili.
Lur zingiratsuetan zehar mugitzen direnean oso zuhur ibiltzen dira eta tronpaz zoluaren egonkortasuna aztertzen dute, tronpa esku gisa erabiliz. Gainera, oso igerilari trebeak dira eta tronpa periskopio modura erabiltzen dute arnasa hartzeko. Usaimena eta ukimena oso garaturik dituen arren, entzumena eta ikusmena ez dira oso zorrotzak. Horregatik seguraski, usaimenak oso zeregin sozial garrantzitsua du.
Elefantea da bere bizitzan zehar etengabe handiagotzen den animalia bakarra. Handiagotze hori mantentzeko (batezbeste 4.000 kiloko pisua duela kontutan hartuz), elikatzeko garaia oso garrantzitsua da elefanteentzat. Belar gogorrak, zurtoinak, hostoak, fruituak, zuhaitz-azalak, erraboilak eta estutasunak jotakoan egurra ere jaten dituzte. Egunean 200 kilo baino gehiago murtxikatzen dute. Hain janari desberdinak asimilatzeko haginek oso lan handia egin behar izaten dute, eta poliki-poliki higatu egiten dituzte. Hondatzen diren haginak berriez ordezkatzen dituzte. Zahartzen direnean ibai ertzetan elikagai samurren bila ibiltzen dira, herio noiz helduko zain.
Elefanteak 65 urte inguru bizi izaten dira. Eta bizitzan zehar gehien zaintzen duten gorputz-atala larruazala da. Bertan pilatzen diren intsektuak akabatzeko ura edo hautsa botatzen dute tronpaz.
Azken urte hauetan egin diren ikerketetan frogaturik gelditu da animalia hauek elkarrekin komunikatzeko sistema sofistikatua dutela. Elefanteek (eta gogoratu ikerketa hauek seguraski mamutentzat ere baliagarriak izan daitezkeela, infrasoinuak igortzen dituzte kopetarekin, horretarako era berezian bibraraziz. Soinu horiek gizakumeak ezin ditu entzun, noski.
Soinu-uhin horiek kilometro askotara zabal daitezke beren espezieko beste animaliekin komunikatzeko. Jokabide honek zirrara eragin du zientzilariengan. Gogoratu itsas aldean bizi diren ugaztun garrantzitsuenak ere (baleak, alegia) horrelaxe komunikatzen direla elkarrekin. Baleek, elefanteek bezala, badute maiztasun baxuko oso hiztegi aberatsa. Hizkuntza horren bitartez informazioa eta emozioak zabaltzen dituzte beren taldekideekin harremanak izateko eta ahaidetasun-loturak sendotzeko.
Ura soinu-uhinak zabaltzeko airea baino ingurune errazagoa denez, baleek ehundaka kilometrotara bidal ditzakete beren mezuak. Elefanteen kasuan prozesua berdina da, baina atmosferako airera egokiturik. Horrek nonbait, hain desberdinak diren bi espezie horien artean hurbilketa ebolutiboa dagoela esan nahi du, biak ugaztunak eta kolonizatu behar duten ingurugiroa antzekoa izanik.
Baleen eta elefanteen arteko hurbilketa ebolutiboak alde batetik, eta mamuten eta elefanteen arteko elkarkidetasun genetikoak bestetik, hiru espezie horien jokabide amankomuna aztertzeko bide zabal bezain ernagarria eskaini digute.
Aipatutako hiru espezie horiek talde handitan bizi izan dira, eta baleek eta elefanteek horrelaxe segitzen dute bizitzen. Talde horietan hierarkia eta harreman sozialak oso eboluzionaturik daude. Elefanteen kasuan, adibidez, taldeak antolatzen dira, taldeko nagusi eme bat izaten delarik. Ar helduak, batez ere zaharrak, talde txikitan ibiltzen dira eta zenbaitetan bakarrik ere bai. Amatasunak beraz, garrantzi handia du.
Bai baleek, bai elefanteek eta (dakigunez) bai mamutek, migrazio handiak egiten dituzte ingurugiroa aldatzen denean elikadura egokiagoa lortu asmoz. Elefanteek, baleek eta (seguraski) mamutek, jolasa dute jokabide garrantzitsutzat (batez ere gazte direnean) beren espezieko mainak ikasteko.
Elefanteek tronparekin ukitzen dituzte beste izakiak eta ukimen berezi horien ondorioz, maitasuna, jolasa edo borroka azaleratzen dituzte.
Baleek eta elefanteek umeekin dituzten harremanak bereziak dira dudarik gabe. Bi kasuetan umeak zaintzea eta hezitzea oso parekoak dira. Elefanteen kasuan (eta gogoratu mamutaren kasua ere izan daitekeela seguraski) umeek amaren sabelean 22 hilabete egiten dituzte. Elefantekumeak (eta baleakumeak ere bai) jaio bezain laister hasten dira amaren tititik edoskitzen. Elefantekumeek ahoaz edoskitzen dute, eta ez tronpaz. Amarekin emango dute urtebete esnea edaten eta bitarte horretan arrisku guztietatik babestuko ditu. Bitartean, tronpa erabiltzen irakatsiko die eta migrazioetan zaindu egingo ditu. Umeren bat umezurt geldituko balitz, taldeko beste ama batek zainduko du, baina inoiz ez dute bakarrik utziko.
Ez. Mamutak ez dira bizirik aurkitu gure planetan, zelakanto edo krakenen kasuan gertatu bezala. Baina orain kontatu nahi dizuedan historia, zelakantoarena edo Ness lakuko sugetzarrarena baino ikaragarriagoa da. Benetan zientzi fikziozko historia bat.
XX. mendean zehar biziaren sekreturik sakonenak aurkitu dira, eta gaur egun badakigu batzuk gizakume zergatik garen, eta beste batzuk (adibidez), balea edo mamut.
Gure gorputzetako zeluletan badaude atal berezi batzuk: nukleoak. Nukleoetan kode genetikoa daukagu eta kode horretan behar dugun informazio guztia bildurik dago, bai jaiotzean, bai gaztaroan nahiz zahartzaroan zer izan behar dugun jakiteko. Kode genetikoaren oinarria DNA deritzon molekula dugu.
Genetikaren eta bioteknologiaren arrakasta medio, orain dela urte gutxi arte pentsatu ere ezin zitekeen bizidunen manipulazioa martxan dago jadanik. Manipulazio genetikoan emandakon urrats garrantzitsu bat klonazioa da.
Zer da klonazioa? Pentsa dezagun obulu bat, ernaldu berria, badugula. Obulu horren nukleoa atera egiten da eta duen DNA (informazio genetikoa) atera eta ordezkatuta, animalia berbera sortuko litzateke denborarekin.
Prozesu hori aurrerago eraman daiteke eta obuluaren nukleoa hustu ondoren beste izaki baten DNA sar liteke, barnean gera dadin. Metodo honekin eme baten obuluan beste izaki bat garatuko litzateke. Igelekin horrelako lanak egin dira jadanik, baina asko aurreratu bada ere, oraindik ugaztunekin klonazioak lortzea nahikoa zaila dela dirudi.
Azkeneko hau mamuten historiarekin oso loturik dago. Dakigunez, gaur egun ere mamut batzuk jelaturik aurkitu dira eta beren azaleko zelulak oso ondo kontserbatuta gainera, tenperatura baxuaren ondorioz. Zientzilari batzuek proiektu bat martxan jarri dute eta, elefante eme baten obuluan informazio genetikoa kendu egin beharko litzateke, bere nukleoan mamut baten azaleko zelula baten DNA txertatuz. Horrela mamuten informazio genetikoak izango luke eta ontzi berezi bat (elefantearen uteroa) bere burua garatzeko. Hogei hilabeteren buruan, proiektua egoki burutuz gero, gure elefantea mamutkume batez erdituko litzateke.
Hori lortuko balitz, posible litzateke, XXI. mendeko atarian mamut-taldeak lortzea eta beren morfologia, fisiologia eta etologia “in vitro” ikastea, denboran zehar atzeranzko ibilaldia egin izan bagenu bezala. Ideia hori orain dela gutxi plazaratu da arrakasta handiko nobela batean (Parke Jurasikoa izenekoan) Michael Crichton zientzi fikziozko nobelagile trebearen eskutik. Baina hor ez dira mamutak klonatzen; askoz ere zaharragoak ditugun dinosauruak baizik.
Klonazioak zabaltzen dituen bideak ikaragarri bezain ernagarriak dira. Gizakumeak egoki erabiliko al ditu zientziak bere esku jartzen dituen ahalmenak? Mamuta ez eta Neanderthal bat klonatuko bagenu, zer-nolako gizakia lortuko genuke? Noraino egin daitezke horrelako esperimentu genetikoak gizakumearen eta eboluzioaren geroa hondatu gabe? Benetan ikaragarriak dira XXI. mendeak plazaratzen dizkigun erronkak. Jakingo al dugu erantzukisun horiek geure gain hartzen? Mamuten kasua, nonbait, bide arriskutsuan emandako lehenengo urratsa baino ez da izango.