Makinak ere sareko lanean

Behin baino gehiagotan irakurri ahal izango zenuen: Internetek mundua txiki bihurtu du. Egia izan daiteke, teklatxo bat sakatu eta munduko edozein toki edo pertsonarekin harremanetan jartzeko aukera ematen baitu. Hortaz, telekomunikazioek pertsonen arteko komunikazio-ahalmena —zibernetikoa bada ere— handitu egin dute. Pertsonak ez ezik, makinak ere, horretan ari dira.

Gizateriaren historian, hasieran ez zegoen makinarik. Gizakia bere eskuez baliatzen zen. Nolabait lanabesak eta ehizatzeko tresnak asmatu zituen lehenik, eta, gero, apurka apurka hobetu egin zituen. Makinak ere asmatu zituen, hasieran sinple-sinpleak; gero, konplexuagoak. Besteak beste, gizakia arlo guztietan erosoago bizi ahal izatea, bere lana errazago egitea eta lanari etekin hobea ateratzea zuten helburu.

Makinen arteko komunikazioa hobetzen ari da.

Makinak sasoi batean erabat mekanikoak ziren. Beti norbait behar zen makinaren inguruan: elikatu behar izaten zen, zaindu, matxuraren bat gertatuz gero gerarazi eta konpondu. Gerora, jauzi handia egin zen: makinak eurak nolabaiteko autonomia izatera iritsi ziren, arazoren bat izanez gero abisua ematen zuten, materiala behar izanez gero eskatu egiten zuten eta aldez aurretik programatutako lana osatzera iristen ziren. Eredu hori dagoeneko lantegi eta langintza askotan nagusi da, baina une honetan ondorengo urratsak prestatzen ari dira, makinen arteko komunikazioa hobetu nahi baita.

Makinen arteko komunikazioa errealitatea da gaur egun. Kasu askotan, makinek nolabaiteko adimena izaten dute, haien artean konektatuta egoten dira eta badute beren arteko sarea. Beraz, hori lortuta dago. Baina hori baino gehiago ere nahi da, batez ere bi helbururi begira: batetik, kanpoaldetik ere makinetaraino iritsi ahal izatea; bestetik, toki desberdinetan dauden makinak ere komunikatzeko gai izatea. Une horretan agertzen da Internet hitza, eta hitz hori enpresaren munduan.

Internet kontzeptua kontrol elektronikoa duen edozein gailu edo makinarentzat baliagarria izan daiteke, ikuzgailua, igogailua, tornua… Makina horiek, besteak beste, berdintzen dituen ezaugarri bat badute: mikroprozesatzaile edo ordenagailu txiki batekin gidatzen den kontrol elektronikoa daramate. Horrek esan nahi du mikroprozesatzaile horiei neurrira egindako Internet jar dakiekeela; hortaz, edozein ordenagailu edo Internet duen telefono mugikorretik makina horietara irits daiteke.

Gaur egungo makinek badute nolabaiteko adimena.

Jakina, horren ondoren galdera egin eta galderari erantzun beharra dago. Eraginik izango al du horrek makinen produktibitatean? Hainbat arlori erreparatuz gero, baiezkoa eman beharra dago.

Esate baterako, mantentze-lanari begiratuz gero, horrelako sistemek dirutza handiak aurreratzea ekar dezake. Izan ere, aldez aurretiko eta urrutiko mantentze-lana egiteko aukera eskaintzen du. Adibide batekin egoera hobeto uler daiteke: igogailuen mantentze-lanarekin, adibidez. Ehundaka igogailu jarrita dituen enpresak, legez, jarraipena egin behar die igogailuei, une oro egoera onean daudela ziurtatzeko. Gaur egun, mantentze-lanetan, dihardutenek, maiztasun jakin baten arabera, igogailuetako bakoitza ikustera joan behar izaten dute. Igogailuei Internet jarriko balitzaie, enpresak berak izango lukeen guneren batetik igogailuak kontrolatu ahal izango lituzke; ez hori bakarrik, teknikariek ere, ordenagailu eramangarrien bidez —WAPdun telefono mugikorren bidez, adibidez— instalazioak ikusi eta kontrolatu ahal izango lituzkete.

Noski, piezaren bat ordezkatu beharra badago, azkenean igogailua dagoen tokiraino joan beharko du norbaitek, baina asko izango du aurreratua: aurretik zehatz-mehatz jakingo du zein pieza ordezkatu behar duen, igogailu horren historia zein den, zein arazo izaten dituen…

Mantentze-lanetatik haratago, makinen doitze-zereginetan ere, telekomunikazioek garrantzia handia izan dezakete. Hori, adibidez, begi-bistakoa da etxetresna elektriko berriren bat erostean. Saltzaileak Internet bidez azal diezaioke erosleari etxetresna berria abian nola jar dezakeen, nola erabili behar duen, sor daitezkeen arazo txikiak nola konpon ditzakeen eta abar.

Enpresetan ere, egoera oso antzekoa da. Izan ere, makina berriak erosi eta abian jartzen diren arte, bada osatu beharreko prozesua. Horrelako gehienetan, aholkularitza lanak egin behar dira, makinarekin lan egin behar dutenen trebakuntza-prozesua eta, sarritan, makina bera ere produkzio-prozesu zehatzera egokitu behar izaten da. Gaur egun, prozesu hori guztia osatzeko, saltzaileak bidalitako adituren bat jartzen dute; batez ere, makinak —fresak, tornuak…— balio handikoak direnean eta produkzio-prozesu konplexuetan sartzen direnean. Pertsonaren bat edo talderen bat lan horietan edukitzeak kostu handia izaten du, eta urrutiko aholkularitza informatikoa egiteko aukera badago, hori saihestu egin daiteke.

Makinetako Internet

Telefono bidez kontrola daitezke makinak.

Makinekin komunikatu ahal izateko, PCa eta modema izatea nahikoa izan daiteke, ez baita horretarako aplikazio berezirik behar. Konexioak GSM bidez egin daitezke gaur egun, GPRS bidez egin ahal izango dira hemendik gutxira eta, espero da, urte batzuetara UMTS bidez egiteko aukera izango dela. Telefonia klasikoaren bidezko konexioak ere —kablea erabilita— hor daude; eta aurrerago, zuntz optikoa erabili ahal izango da horretarako. Beraz, konexioak egiteko bideak asko izan daitezke, baina oinarrian ideia bera dago, gaur egungo teknologia erabilita makinekin eta makinen arteko konexio merkeak egitea; hau da, dei lokalen kostua duten Internet bidezko konexioak.

Hala eta guztiz ere, ohiko Interneta eta makinetakoa ez dira berdinak izaten; izan daitezke, baina ez dira izaten. Gaur egun ordenagailu pertsonalak ahalmen handi samarreko makinak dira, datu asko azkar prozesatzeko eta gordetzeko gaitasunarekin. Merkatua ere zabala da, eta produktu asko PCek dituzten ezaugarri horien arabera egiten dira. Makinen kontrol elektronikoen kasuan, aldiz, denetarik ikusten da. Mekanizatze-lanak eta zenbakizko makina-erremintek, adibidez, datu-piloa erabili behar dutenez, gehienak PCarekin datoz. Baina makinak txikiagoak badira, izaten dituzten osagai elektronikoen konplexutasuna askoz ere txikiagoa izaten da. Jakina, horrelakoetan, PCendako propio garatutako produktuak erabili ezin direnez, neurrira eginiko osagaiak egin behar izaten dira, neurrira eginiko Internet barne.

Konexio-bideak asko izan daitezke, baina oinarria bera da: egungo teknologia erabilita makinen arteko konexio merkeak egitea.

Euskal Herrian horrelako hainbat lan egiten ari dira. Ikerlanen, esate baterako, zereginetariko bat hori da. “Guk merkatuan dauden mikroprozesatzaileak erabiltzen ditugu; gero, mikroprozesatzaile horren barruan ibiliko diren aplikazioak garatzen ditugu, Internetera konexioa egin ahal izateko. Zenbat eta aplikazio gehiago jarri, mikroprozesatzaile hori gertuago egongo da ohiko PCetatik eta, orduan, makinari jarri behar zaion Internet hori ohiko Internet saretik gertuago egongo da. Aplikazio gutxiago behar direnean, berriz, Internet eta horren bidez eskain daitezkeen zerbitzuak murrizten ditugu”. Beraz, neurrira egindako garapenak eta neurrira egindako produktuak dira, baina hala ere estandarrak; Interneteko estandar guztiak betetzen dituzte, baina ez dituzte zerbitzu guztiak eskaintzen. Bezeroaren arabera.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila