Gordailuetan batezbeste 2.000 mEq Magnesio edukitzen dugu eta maila seriko normala 1,4 eta 2,1 mEq/l bitartekoa izaten da. Gorputzean honela banatzen da: % 53 hezurrean, % 27 muskuluetan, % 19 ehun bigunetan, % 0,5 globulu gorrietan eta % 0,3 seroan.
Gordailuetako magnesioaren erregulazioa zurgapen gastrointestinalean eta giltzurrun iraizpenean eragina duten efektu hormonal eta metabolikoen bidez lortzen da. Hestelodi guztian zehar zurgatu eta giltzurrunetatik kanporatzen da (jario gastrointestinaletan ere egoten da kopuru txiki bat). Dietan magnesio gutxi hartzen bada, proportzio handiagoa zurgatzen da, eta bestalde, giltzurrunari magnesio asko iristen bazaio, gehiago kanpora dezake.
Magnesioa beharrezkoa da potasioaren eta kaltzioaren metabolismoa normal egiteko. Hipomagnesemiak hipokaltzemia eta hipokaliemia sortaraz ditzake. Zelulen barruko kaltzioan zenbait aldaketa eragin dezake eta aparte magnesioak hormona paratiroideoak hezurrean duen eragina eragotzi dezake kaltzioaren maila aldatuz. Bihotzeko eta hodietako muskulu leunetan ere kaltzioarekiko kontrako eragina du. Zelulen mintzean sodioaren eta potasioaren zelula-barneko maila erregulatzen duen ponparen funtzioan duen eragina ere garrantzizkoa izan daiteke, eta esan bezala magnesioaren faltak potasioa ere gutxitu dezake.
Magnesioaren maila serikoak ez du halabeharrez gordailuetan dagoenarekin korrelazioa eduki behar, eta ondorioz, magnesio gabezia edo gutxiegitasuna atzematea oso zaila gerta daiteke. Are gehiago gabezia larriak ere sintomarik gabe pasa daitezkeela jakinda. Ardura Intentsiboetako Unitateetako pazienteen % 65ean eta beste oheetako pazienteen % 11n hipomagnesemia detektatzen da. Gordailuetako magnesioaren egoera hobeto adieraziko luketen beste azterketa batzuk ikertu diren arren, ez da ezer aipagarririk aurkitu eta 24 orduko edo egun bateko gernuan kanporatzen denaren neurria ere gutxitan eskatzen da.
Magnesio gabeziak eman ditzakeen sintomak lau taldetan bana ditzakegu: hiperraktibitate neuromuskularra, aldaketa psikiatrikoak, kaltzioaren eta potasioaren aldaketak eta eragin kardiakoak.
Maila serikoa alde batera utzita, sarritan hipomagnesemia agertarazten duten egoerak kontuan eduki behar dira: giltzurrunetako galera handiagotzen duten drogak (B anfoterizina, zisplatinoa, ziklosporina, digoxina, etanola, gentamizina, diuretikoak eta pentamidina), gaizki elikatua egotea, alkoholismoa, hipokaliemia eta hipokaltzemia eta diabetesa. Egoera hauetan magnesioa ematea onuragarria izan liteke giltzurrun gutxiegitasunik ez dagoela frogatuz gero.
Magnesioa zein eritasunetan erabiltzea komeni den aipatuko dugu. Hona hemen eritasun horiek banan-banan.
Pre-eklanpsia
Haurdunaldiko gaixotasun honetan garuneko eta gorputzeko basoespasmoa arin dezake, beharbada kaltzioaren aurkako eraginari esker.
Bihotzeko eritasun iskemikoa
Abraham et al konturatu ziren miokardioko infartu akutuarekin (MIA) ospitaleratutako pazienteek magnesioaren maila serikoan gutxiagotze azkarra zutela eta 5-12 egunetan normaltzen zela. Aurkikuntza horren ondoren egoera honetan magnesioa erabiltzea onuragarria izan zitekeela zioten lanak argitaratu ziren, ikus dezakegunez. Magnesioa hartu zuten pazienteek arritmia gutxiago izan zituzten eta hilkortasuna txikiagoa zuten plazeboa (itxurazko tratamendua) hartu zutenekin konparatuta. Hala ere, kritikak ugari izan dira lan horien diseinua behar bezalakoa izan ez delako.
1992an MIAren susmoaz ospitaleratutako 2.316 pazienteekin egindako beste azterketa bat argitaratu zen. Erdiari magnesioa eman zitzaion eta beste erdiari plazeboa. Hilabete ondoren plazeboa hartu zutenen % 10 hil ziren (% 14 MIA egiaztatutako taldean eta % 3 MIA egiaztatu gabekoan) eta magnesioa hartu zutenen % 8 (ez zituzten banatu MIA egiaztatutakoak eta egiaztatu gabeak). Beste azterketa handi baten emaitzak aurten argitaratzea espero da.
Bihotzeko arritmiak
Ugari dira arritmia kardiakoetan magnesioak izan dezakeen eragin onuragarria erakutsi duten ikerketak. Beste botika batzuk eraginkorragoak direnez, ezin daiteke lehen aukeran magnesioa erabili, baina bere toxikotasuna apala delako arritmiak tratatzeko aukera gisa edukitzea ez litzateke txarra izango.
Asma
Orain arte argitara eman diren ikerketek emaitza ezberdinak dituzte. Asma-krisietan edo okerreragotzeetan ez da aukerako botika, baina ohizko tratamenduekin erantzunik ez duten pazienteengan batzuetan eragingarria izan daiteke.
Alkoholikoen ospitaleratzeak
Alkoholak magnesioaren maila murriztu egiten du, elikadura desegokia izaten delako eta giltzurruneko kanporaketa areagotu egiten delako. Ospitaleratutako paziente alkoholikoengan edari faltagatik ager daitezkeen epilepsia eta delirium tremens konplikazioetan magnesioak izan dezakeen zeregina zein den ez dakigu. Egoera hauetan magnesioa onuragarria izan da zenbait kasutan.