Liburu elektronikoaren borroka

Waliño, Josu

Elhuyar Fundazioa

Liburu elektronikoari buruzko zerbait entzuten dugun bakoitzean, PDF edo antzeko formatuan dagoen liburua datorkigu burura, zure ordenagailura jaitsi eta irakurtzeko aukera soilarekin. Baina bilioika dolarreko merkatu batez ari garenez, gauza ez da hain sinplea: konpainia handiak sartzen dira jokoan eta bakoitzak pastelaren zatirik handiena nahi duenez, gauzak nahasten hasiak dira.

Pixkanaka hasiko gara: zer da liburu elektronikoa? Bueno, hori gauza jakina da: pantailan irakurtzeko moduan argitaratutako liburua. Liburu horiek Internet bidez erosten dira eta norberak bere ordenagailu, PocketPC edo eBook irakurgailuan irakurtzen ditu. Askotan liburu horiek ezin dira inprimatu eta behera kargatzen diren ordenagailuan bakarrik irakur daitezke eta, horrela, pirateatzearen aurka babestu. Tontakeria dirudi inork liburuak pantailan irakurtzeko gogoa izango duela pentsatzea, baina enpresa handiek hor merkatu izugarria ikusten dutenerako zerbaitegatik izango da.

Egia esan, badaude hainbat aurrekari: Stephen King da segur aski ezagunena. Idazle horrek bere azken liburuak Internet bidez bakarrik argitaratu ditu eta aurrerantzean ere horrela argitaratzen jarraitzeko asmoa azaldu du. Frederick Forsyth idazle britainiarrak ere "Quintet" izeneko ipuin-bilduma Internet bidez argitaratzeko asmoa azaldu berri du. Idazleentzat honek abantaila nabarmen bat dauka: beraien irabaziak izugarri handitzen dira, artekariak murrizten baitira.

Segurtasuna

Orain arte sistema horri aurkitu zaion arazorik handiena segurtasunarena izan da. Nola ziurtatu erabiltzaileek ez dituztela liburuak kopiatu eta elkarri utziko? Horretarako, enkriptatze-sistema berezituak sortu dituzte, baita liburuen salmenta segurua ziurtatzeko sistemak ere. Esaterako, Adobe etxeak PDF formatuaren aldeko apustua egin du eta, horretarako, Web Buy izeneko sistema sortu du. Horren bidez, edozein libururen edizio elektronikoa eros daiteke Internet bidez, baina liburu hori ezin da ez inprimatu ezta kopiatu ere, eta behera kargatzen den ordenagailuan bakarrik irakur daiteke.

Dena den, segurtasuna ez dago inondik inora ziurtatua. Berriz ere Stephen King-en kasua aztertuz konturatuko gara horretaz: Internet bidez argitaratu zuen lehen liburua "Riding the Bullet" izan zen. Berak salgai jarri eta hurrengo egunean inprimatzeko aukera eskaintzen zuten liburuaren kopia piratak bazeuden sarean.

Dena den, ez pentsa gutxi direnik formatu elektronikoan argitaratu diren liburuak. Egun milaka liburu aurki ditzakegu formatu horretan, eta, liburuez gain, aldizkari eta egunkariak ere argitaratzen dira formatu honetan.

Teknologia

eBook irakurgailuak dira berariaz liburu elektronikoak irakurtzeko erabiltzen diren tramankuluak. Irakurgailu elektroniko horietako batek testu-kopuru izugarria jaso dezake. Esate baterako, 340 Mb-eko disko gogorra duen irakurgailuak laurehun orrialdeko 850 liburu gorde ditzake. Travelstar irakurgailu elektronikoak 12 Gb-eko disko gogorra dauka eta hamabi milioi testu-orrialde jaso ditzake bertan, edo berrogeita hamar aldizkari argazki eta guzti.

Baina gaur egungo arazoa ez da liburu elektronikoaren gaitasuna, edo bere pantailaren kalitatea: arazoa formatua da. Merkatuan hainbat konpainia sartu direnez, bakoitzak bere formatua ezarri nahi du irakurketarako eta horrek irakurleak nahasi egiten ditu: liburu bat PDF formatuan edo Microsoft Reader formatuan behera karga dezakezu. Liburua irakurtzeko irakurgailu elektronikoa erabil dezakezu, edo baita PocketPC batean irakurri ere. Diferentzia hau da: irakurgailu elektronikoa horretarako soilik erabiltzen da, PocketPCa berriz, poltsikoko ordenagailua da, eta, liburuak irakurtzeaz gain, bestelako erabilerak ere baditu. Horren arazoa sistemaren kalitatean dago: erabilera anitzetako tresna denez, PocketPCaren pantailaren kalitatea eta liburu-irakurketarako zerbitzua irakurgailuak eskaintzen dituenak baino kaskarragoak dira. Irakurgailua gainera askoz erosoagoa da, txikiago eta erabilgarriago delako. Gainera, PocketPCak ordenagailuak direnez, askoz errazago hackeatu daitezke, eta beraz, argitaletxe batzuk ez dira arriskatzen beren Best Seller-ak sistema horretan eskaintzen. Baina teknologia horiek guztiz berriak dira eta pixkanaka hobetzen joango dira. PocketPCaren kasuan, badirudi Microsoft-ek izugarrizko apustua egin nahi duela liburu elektronikoen irakurketa sistema horretara egokitzeko, eta, horretarako, Microsoft Reader formatua sortu du bereziki, baita Barnes and Noble eta Amazon-ekin hainbat akordio sinatu ere.

Enpresen arteko apustu horrek irakurleengan izango duen arrakasta ikusi beharko da ordea. Duela gutxi egin da Washington-en liburu elektronikoen inguruko hirugarren topaketa. Bertan azaldu zutenez, duela gutxi 1.140 liburu-erosleren artean egindako inkesta baten arabera, lau pertsonak bakarrik uste zuten liburu elektronikoak paperezkoa ordeztuko duela eta % 60k bakarrik zekien Stephen King-en azken liburua formatu elektronikoan lor zitekeela.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila