Laranja eta limoiak edo euskal kostalde tropikala

urtengoan indarrean iritsi den moda da: zitrikoak landatzea. Landareok apaingarri huts dira ala fruitua eman ere ematen dute? Erantzuna bete-betekoa da: fruitu handi, eder eta gozoak ematen dituzte.
Bai laranjondoa, bai limoiondoa ekialdetik etorritako zuhaitz-koxkor arantzadunak dira; bost metrotik gora nekez hazten direnak. Montefuerte jauregiko limoiondoa. Gernika-Lumo.

Aurtengoan indarrean iritsi den moda da: zitrikoak landatzea. Mundu guztiak laranja- eta limoi-landareak eskatu ditu aurtengo neguan. Bai Bizkaiko mintegietan, bai Iparraldeko saltegi handietan eskaini dira landareak; batzuek ale eta guzti. Gehienok, ordea, harritu egiten gara honelakorik gurean ikusita.

Landareok apaingarri huts dira ala fruitua eman ere ematen dute? Erantzuna bete-betekoa da: fruitu handi, eder eta gozoak ematen dituzte.

Bai laranjondoa (Citrus aurantium), bai limoiondoa (Citrus limonum) ekialdetik etorritako zuhaitz-koxkor arantzadunak dira; bost metrotik gora nekez hazten direnak. Berez, tropiko inguruetako espezieak direnez, berotasun dexentea behar dute eta izotz eta jelateen beldur dira. Landareok nekez jasan dezakete zero azpitiko lau edo bost gradu zentigradu baino hotz handiagorik. Hala gertatuz gero, inausketa sakona egin behar zaie indarberri daitezen.

Euskal Herriko kostaldean ordea, baldintza hori errespeta liteke eta hortik aurrera ahalik eta berotasunik handiena eskatzen dute. Beraz, kostaldetik gertu ipiniz gero eta ipar-haizetik babestuz gero, eguteran oso fruitu ederrak eman ditzakete, eta ematen dituzte. Inor harrituko bada ere, gurean hartutako limoiak ileak guztiz lazteko beldurrik gabe, garraztasunaren beldurrik gabe, jan ere jan litezkeela esan genezake.

Kostaldetik gertu ipiniz gero eta ipar-haizetik babestuz gero, eguteran oso fruitu ederrak ematen dituzte. Jose Etxebarriaren Txone Barri baserriko limoiak. Gatika.

Eta honelako landareak ez dira berriak Euskal Herrian. Aspaldidanik ere, Ingalaterrako ontziak euskal kostaldera etortzen ziren hemen limoiak hartu eta eskorbutuaren beldurrik gabe itsasoa zeharkatu ahal izateko. Hondarribiatik Muskizeraino euskal kostalde guztian omen ziren laranja eta limoiondoak, nahiz eta oraingoen aldean txikiak eta garratzak izan.

Gaur egun patroi egoki eta txertaketa aurreratuei esker, berehalakoan lor litezke laranjak eta limoiak lehen aipatu ditugun baldintzak betez gero. Gainera landareon fruitua arbolean bertan ederki kontserbatzen da negualdeko hiruzpalau hilabetez; janari gordinak eta bitaminak urrien diren urtegaraian, alegia. Eta, gaur egun, badira urte osoan fruitua ematen duten motak ere; lau urtaro deituak hain zuzen.

Gainera landareon fruitua arbolean bertan ederki kontserbatzen da negualdeko hiruzpalau hilabetez. Feliziano Renteriaren saileko laranjak. Bakio.

Eskerroneko eta emankorrak dira landareok eta ez ahorako bakarrik: loreak usain ederrez eztitzen ditu inguruak eta begiak ere betetzen dira loreen zuriaz eta hostoen berde iraunkorraz; ez bait du urte osoz hostorik galtzen. Landareon apologista sutsuenetariko batek (Gatikako Jose Etxebarria fruituzale famatuak) dioenez, laranjondoa da, koloreak direla medio, Euskal Herriko zuhaitzik jator eta abertzaleena: berdeak ditu orriak, zuriak loreak eta gorriak fruituak!

Gaur egun ez dira ezagunegiak fruitarbolok gure artean, baina Bizkaian hainbat lekutan ikus litezke neguan fruituz karga-karga eginda. Arbola banaka batzuk dira etxe bakoitzean Mungialdetik hasi eta Getxoraino kostaldean barrena. Hala ere, sail handi ederrak ere ikus litezke. Bat Bakion bereziki; Feliziano Renteriak landatu eta zaindua.

Hondarribiatik Muskizeraino euskal kostalde guztian omen ziren laranja eta limoiondoak, nahiz eta oraingoen aldean txikiak eta garratzak izan. Feliziano Renteriaren saileko laranjondoa. Bakio.

Arbola hauek kilo asko ematen dute eta beste edozein lekutakoen aurrean lotsarik ez dute. Tamainaz oso ederrak dira, gustoz beste edozein lekutakoak bezain gozoak eta usaina ere, agian inolako tratamendu fitosanitarioren beharrik ez dutelako, erositakoak baino usaintsuagoak.

Orain arte aipatu ez badugu ere, badira euskal kostaldean mandarina edo klementinak ere, hauek laranja-mota berezi bat direlarik. Besteek bezain emaitza ona dakarte, ongi zainduz gero.

Bat baino gehiagok pentsatuko du landatu nahi izanez gero ere kaletxean bizi delako ez daukala leku egokirik. Horri honakoa esan geniezaioke: nahiz txikiegia izan, lorontzi handitxo batean landa dezakeela eta neguan etxe barnera sartu hotz handiegiak ihar ez dezan. Proba egin dezazuen, guztioi zorte on eta on egin!

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila