Artelatzaren familia ezagutu genuen aurreko alean eta oraingo honetan Euskal Herrian oso ezaguna den Quercus generoa aztertzeko aukera izango dugu. Genero honen barruan, zuhaitz edota zuhaitzak azaltzen dira. Hostoak forma anitzekoak eta erorkorrak edo iraunkorrak izaten dira.
Bere baitan 300 espezie inguru ditu, gehienbat Ipar Hemisferioko eskualde epel eta beroetan banatuak. Bestalde penintsulan ezagutzen diren 12 espezie desberdinetatik, gure artean 9 daude; eta genero honi dagokionez, hibridazioa eta introgresioak askotan izaten direla esan behar dugu. Esate baterako, penintsulan 22 hibrido daude.
Artelatza, adaburu zabaleko zuhaitza da, 25 m-ko altuerakoa. Enbor lodia eta azala harroa eta pitzatua, kortxoa, edukitzea da bere ezaugarri nagusia. Hostoak berde ilunak eta zertxobait distiratsuak dira gainaldean. Azpialdean berriz, tomentuz estaliak. Larrukarak, obatu-luzangak eta iraunkorrak. Lore arrak txikiak eta dilindariak dira.
Adaska-muturretan egoten dira gerbetan bildurik. Emeak berriz, kandu motzekoak dira eta oso talde txikietan bilduak, kimu berri indartsuetan agertzen dira batik bat. Apiril-maiatzean loratzen da gehienbat. Fruituak ezkurrak dira, eta urte bereko udazken edo negu hasieran heltzen dira. Zenbaitetan bere loraldia atzeratuz, ezkurrak ere udaberrian heltzen direla esan behar. Eskualde mediterraneo eta mendebal-atlantikoetako espeziea da, baina antzinatik landu izan denez, zaila da bere jatorrizko banaketa-area ondo zehaztea. Euskal Herrian, kostaldeko muinoetan azaltzen da eta nahikoa urria dela esan behar da. Lurzoru silizeoak begikoak ditu batez ere. Aipatzekoak dira Zarautz eta Getaria artean daudenak. Halaber, Aturri ibaiaren bokalekoak.
Bere azala, kortxoa, industriagintzan erabiltzen da (material isolatzaile, tapoi eta oinetakoen industrian, esate baterako). Ezkurremaile ona izanik, penintsulako hego-mendebaldean, txerri-aziendatarako garrantzia handia du. Sendabelar modura erabili da eta bere azala lehorgarria dela diote.
Familia: fagazeoak |