“Komunikazio elektronikoen aroan egon arren, gero eta paper gehiago kontsumitzen da”

Zumardiko jardunaldien baitan antolaturiko hitzaldi eta mahainguruen artean, Miguel Matey, baso injineruak eskainitakoa izan zen harrera jendetsuena izan zuena. Paper birziklatuaren inguruan lan asko egiten ari den gizona dugu Matey jauna eta Papelera Peninsular S.A. enpresako zuzendarietako bat da gaur egun. Bere ibilbide profesionala basogintza-alorrean hasi zen eta gaur egun paperezko produktuen produkzio eta komertzializazioan dihardu.

RECI 2.000 izeneko proiektua garatzen aritu da azken urte hauetan, eta laster irekiko ditu bere ateak proiektu hau gauzatuko duen fabrika berriak. Argitalpenetako papera edo prentsa-papera deiturikoa ekoiztuko dute bertan. Ingurugiroari ahalik eta kalte txikiena eraginez papera ekoitzi ahal izatea dute helburu eta horretarako prozesuan zehar gertatzen diren inpaktuak hartu dituzte kontuan; lehengaia erabilitako papera izango da eta horrez gain, uraren poluzioa eta hondakin solidoen kalteak murriztuko dituzte.

Izan ere, Mateyren ustez, gaur egun bada paper birziklatua poluzio-maila txikiagoz ekoizteko adina teknologia: “lehen paper birziklatuaren produkzioak poluzio handia sortzen zuen, baina gaur egun, eta teknologiarik modernoenaz baliatuta, ekoizpena garbia dela esateko moduan gaude.”

Lehengaiari dagokionez berriz, gauzak garbi dituela dirudi; “Madril bezalako hiri handi batean papera egin nahi baldin badugu, zelulosa zuntzaren bila kalera jo beharko dugu, eta ez du zentzurik, hiriko zabortegietan hainbeste paper dagoen bitartean, basoko zuhaitzak ustiatzea papera egiteko. Suedian, esate baterako, egurra izango da lehengaia, merkea eta eskuragarria delako, baina Madrilen edo beste edozein hiri handitan ezin dira produkzio-eredu horiek erabili”. Fabrikazio-prozesuari, izan ere, ez dio batere eragiten ‘lehen eskuko’ edo berreskuraturiko zuntza erabiltzeak: kostuak eta produktuaren kalitatea berdinak dira.

Aldea, zuntza hori lortzeko behar den logistikan legoke, hau da, paper birziklatua egiteko papera bildu egin behar da, tinta, grapak eta gisa horretako hondakinak bereizi behar zaizkio eta abar. Egurraren zuntza nahi badugu, berriz, egurra erosi eta bertatik zuntza eskuratzeko prozesua dugu lehenik. Hortik dator, hain zuzen, tokian tokiko baldintzen arabera, paper-mota bat edo bestea izatea.

Teknologikoki oso interesgarria den beste datu bat ere eman zuen Matey jaunak; “Gaur egun ez dakigu zenbat aldiz berreskura eta berrerabil daitekeen zuntza; paperaren erabilpenak zeresan handia du, ez baita berdin hondatzen jarduera guztietan. Alabaina, guk egin ditugun frogetan garbi ikusi dugu zuntza hamar aldiz erabilita ere, adibidez, ez dela kalitate txarragoko papera lortzen.”

Paper birziklatuaren oinarria erabilitako paperaren bilketa egokia da, noski, eta gaur egungo legeak ez omen dira mesedegarriak mota honetako paperaren produkzioa bultzatzeko; “administrazioak ditu hirietan eta kaleetan papera biltzeko eskumenak eta guri, paper-fabrikei, traba anitz jartzen dizkigute bilketa-lan horretan. Guk konkretuki, udalekin egiten ditugu hitzarmenak, baina administrazio autonomikoetatik arazo asko jartzen dira zenbait kasutan”.

Bestetik, gaur egun hainbeste erabiltzen den “ekologiko” hitzaren inguruko zehaztasunak argitzen ere aritu zen paper-fabrikatzailea; “guk ez dugu paper “ekologikorik” egiten, birziklatua baizik. Ekologia zientzia bat da eta, beraz, nekez aurkituko ditugu produktu “ekologikoak”. Birziklapena, aldiz, teknologia bat da eta gu teknologia horretan oinarritzen gara, hain zuzen, papera egiteko”.

Etorkizunari begira, berriz, oso baikor azaldu zen; ”2010. urtean orain baino askoz ere paper gehiago kontsumituko da, komunikazio elektronikoen aroan bizi garen honetan, paradoxikoki, gero eta paper gehiago kontsumitzen da; azken batean, geure dokumentuak, fisikoki, paperean ikusi nahi izaten baititugu eta, beraz, aurrerantzean paper birziklatuko ‘papera’ gero eta garrantzitsuagoa izanen da”.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila