Kaio hankahoria (Larus michahellis) dugu, zalantzarik gabe, Euskal Herriko kostaldeko hegaztirik ezagunena. Kaio honek kilotik gorako pisua, eta 55-70 cm-ko altuera ditu.
Kaio hankahoria (Larus michahellis) dugu, zalantzarik gabe, Euskal Herriko kostaldeko hegaztirik ezagunena. Maiz ikusten da gure hondartza eta itsasadarretan, portu eta bokaletan, edota estolderi isurketetan janari bila dabilela.
Gure kaioen artean arruntena eta hedatuena den honek kilotik gorako pisua, eta 55-70 cm-ko altuera ditu. Ale helduak lumajea ia erabat zuria du, bizkarrean eta hegal gainetan izan ezik; hauek gris urdinskak bait ditu. Hegal-muturretan ordea, zuriz orbaindutako kolore beltza ageri dute. Hankak horiak dituzte, eta baita mokoa ere, bertan ageri den orbain gorri biziak txitoen hazkuntzan garrantzi handia izan bide duelarik.
Hegalari bikaina da, eta hegakada indartsu jarraiei esker altitude ertain eta handietan ere lasai asko ibil daiteke. Igerilaria ere bada, eta sarritan ikus daiteke uraxalean geldirik, talde handitan atseden hartzen edota lotan. Ez du itsas ertzetik aldentzeko joerarik. Aldiz, bertan gora eta behera ibiltzen da janaria edota gaua pasatzeko leku atseginen bila. Arrantzuntzien atzetik ere maiz ikus daiteke, eta hori gertatzen denean, untziak arraina dakarrenaren seinale izaten da.
Animalia hau, antxeta mokogorriarekin (Larus ridibundus) batera hedatzen ari da Europa osoan. Bere arrakastaren arrazoietariko bat, hegazti honek edozein motatako elikagaiak aprobetxatzeko duen erraztasuna da zalantzarik gabe, eta aldi berean gizakiaren gertutasunari eusteaz gainera, beroni etekinik ateratzen ere ondo aski jakin du, bere faboretan. Beste itsas hegazti askok bezala, arrainez, zizare eta beste ornogabez, eta itsasoak eskaintzen dizkion sarraskiez elikatzen den arren, zabortegietakoak eta estolderiak garraiatutako beste makina bat hondakin ere ikasi du jaten. Horrela, elikagaien eskuragarritasuna ez da muga benetako itsas bele izatera iritsi den hegazti honen hedapenerako.
Kaio hankahoria, beste hainbat itsas hegazti bezalaxe, animalia gregarioa da. Joera taldekoia janari bila ari denean, migrazioetan, kolonia negutiarretan, eta ugalketan ereikus daiteke. Euskal Herrian habia-leku garrantzitsuenak Bakion, Gaztelugatxen, Izaron, Ogoñoko haitzetan, Igeldon, Ulian eta Jaizkibelen aurkitu dira. Iparraldean berriz ez omen du habiarik egiten, honen arrazoia batipat iparraldeko itsas ertzaren topografia laun eta erraza izan daitekeelarik.
Izan ere, kaio hankahoriak kostaldeko lekurik zail eta eskuragaitzenak aukeratzen bait ditu habia egiteko: irla harkaiztsuak, haitzebakiak, etab. Leku hauetan, eta apiriletik aurrera, kaio-talde handiak biltzen dira habiak egiteko. Habia hauek ar eta emeen artean eraikitako belarrezko egiturak izan ohi dira, eta harkaitzetako ertz eta zulotan kokatzen dituzte. Normalean 2-3 arrautza jartzen dituzte txitaldiko, eta hau urtean bakarra izaten da. Hala ere, habia ugal-sasoiaren hasieran galduz gero, bigarrena aurrera ateratzen ere saia daitezke.
Habia lurrean egiten duten hegazti gehienen kasuan bezalaxe, kaio hankahoriaren arrautzek kolorazio kriptikoa dute. Hauek pintarratuak izaten dira. Oinarrizko koloreak berriz, arre berdeskatik urdinerainoko aldakortasuna ageri du. 25-33 egunen buruan jaioko diren txitoek ere antzerako kolorazioa dute, eta jaio eta egun gutxitara inguruko belar edo harrietara egiten dute ihes, bertan ezkutatuz. Txitaketa emeak soilik burutzen du, eta bitartean, arra bere habiari dagokion lurraldea gainerako kaioengandik defendatzeaz arduratzen da. Izan ere, ugalketa-koloniatan habiak batabestetik gertu izaten bait dira oso. Txitoak haztea berriz, arraren eta emearen lana izaten da.
Dirudienez, kaio helduek mokoan ageri duten orbain gorriak erakarri egiten du txitoa, eta mokoka hasten zaie bertan, janari eskean. Orduan, helduek erdi-liseritutako elikagaiak ematen dizkiote. Txitoaren bizitzako lehen egunetan iharduera hau habian bertan gertatzen da, baina geroxeago txitoa inguruko belar eta harri-zulotan mantentzen da bere gurasoak heldu arte. Une horretan, ezkutalekua utzi eta ziztu bizian inguratzen zaizkie bazkaren bila.
Txitoak, jaio eta sei astera hegan egiteko gai dira jadanik. Adin horretan beren kolorazioa nahikoa desberdina gertatzen da helduenaren aldean: bizkarra eta hegalen gaineko aldea arreak eta ilunez jaspeztatuak ageri dituzte; isatsa marra zuriska eta arre ilunez jantzita, eta moko eta hankak beltzak; sabel-aldea berriz, zuriska izaten dute, baina beti ere arrez jaspeztatua. Kolorazio hau lau urtean zehar aldatuz joango da, epe horren bukaeran eta heldutasun sexualarekin batera helduen janzkera zuri bikaina ere lortuko dutelarik.
Kaio hankahoria Europa osoan, Ekialde Hurbilean eta Afrikako iparraldean bizi da. Sedentarioak eta migratzaileak ere izan daitezke, eta kasu guztietan sakabanatze-mugimenduak burutzen dituzte.
FITXA TEKNIKOA: KAIO HAUSKARA |
ESPEZIEA: Larus michahellis |