Hau da, William Knight naturalistak Everest mendira eginiko espedizio batean izan omen zuen ikustaldia. Ikustaldi hauek bestalde, oso ugari izan dira data nahiz toki desberdinetan. Guzti horiek izan dira hain zuzen, Jetiren istorioa elikatu dutenak. Baina zer da, zientifikoki, kondaira horren azpian ezkutatzen dena?
1921. urtean gaude. Howard-Bury koronela da Everest mendira egindako espedizio baten arduraduna. Mendira igotzen ari zirela eta 6.000 metroko altueran zeudenean, Lhakpa La deituriko pasabidean, oinatz-lerro bat ikusi ahal izan zuten. Gertakariaren harrigarriena ordea, gizakumeen antzeko oinatzak zirela egiaztatzea izan zen. Nola aurkitu altuera horietan gizakumeen oinatzak, orduan inguruetan beste espediziorik ez zegoela jakinda?
Xerpek berehalaxe identifikatu zituzten oinatz bitxi haiek, eta dudarik gabe, aho batez, Jetirenak zirela esan zuten. Howard-Bury koronelak, jaitsi bezain laster, telegrama bidali zuen aurkikuntzaren berri lehenbailehen ematearren. Hura zen zorabioa hura! Azkenean, europar batek Jetiren existentziaren lehenengo frogak aurkitu zituen! Handik aurrera, errealitatea eta mitoa batera ibiltzen hasi ziren. Elurretako mamutzarraren leienda jaioa zen.
Baina historiak hastea baino ez zuen egin, eta 1951. urtean, orain arte lortutako frogarik onenetakoa gauzatzea posible izan zen. Data horretan hain zuzen, Eric Shipton, Michael Ward eta San Tensing xerpa famatua Everest mendira igotzeko bide berria bilatzen ari zirela, Menlung deituriko glaziarean beste oinatz-lerroa aurkitu zuten. Oinatz-ilara egin berria zen, eta zorionez argazki-makina gainean zeramatelako, orain arte lortu diren argazkirik ederrenak gauzatzeko aukera izan zuten.
Zer esanik ez, paraje haietan ere gizakumerik ez zegoen. Kontutan hartu Eric Shipton eta bere lagunak Everestera igotzeko bide berri eta aurrez urratugabekoa (hegoaldekoa hain zuzen) bilatzen ari zirela. Beraz, han zeuden oinatzak animaliarenak ziren. Baina ez nolanahikoarenak. Oinatzen luzera 32 cm-koa zen, eta zabalera 16 cm-koa. Argazkien bidez ondorio ezin ernagarriagoak piztu ziren. Oinatz haietan, erpuruak oso ederki moldaturik agertzen ziren. Eta haiekin batera beste behatzak. Baina ez ziren, hasieran uste zen bezala, izaki batek moldaturikoak; batek baino gehiagok egindakoak baizik. Eric Shiptonen eta xerpen eritziz, oinatz haiek ikusi baino 25 minutu lehenago moldatu ziren.
Shiptonen taldea oinatzei jarraitu zitzaien glaziare hondoko morrenan desagertu arte. Sen Tensing xerpak (gizon famatu bezain zuhurrak) biziki hunkiturik, bi urte lehenago Jeti bat ikusi zuela kontatu zion Shiptoni. Xerpak esan zionez, ikusitako Jetiak gizakumearen altuera zuen, zutik ibiltzen zen, ilegabeko aurpegia zeukan eta kaskarra puntaduna eta ile gorriz beterikoa zuen.
Urte batzuk geroago, Hillary mendizale ospetsuak aspaldidanik entzuna zuen kondaira bat egiaztatu ahal izan zuen. Nepaldarren arteko kontakizun horren arabera, monjeen monastegi batzuetan Jetien buruko ilaje batzuk disekaturik zeuden. Hillaryk espedizio bat antolatu zuen; arrakastatsua, zeren eta adats bat lortu bait zuen (ilegorriz beterikoa) eta Europara ekarri bait zuen azter zezaten.
Jetiren misterioa zientifikoki aztertzen hasi zirenean, oso ondorio harrigarrira heldu ziren. Animaliatzar honen inguruko kondaira mundu osoan zehar banatuta dago.
Basoetako gizakume basatiak
Europako iparraldeko folklorean oso ezagunak dira. Ingalaterrako Erdi Aroan woodhouses deitutakoak izaten ziren. Kanada aldean bigfoot edo sasquatcha k ditugu. Txina aldean ere, dirudienez, ugari omen dira; iparraldeko lurralde menditsuetan batez ere. Pang Gensheng 33 urteko gizonak (komuna bateko arduradunak) oso historia ernagarria azaldu zuen 1977an. Pangek zioenez, Taibai mendian enborra ebakitzen ari zela, gizon handi eta iletsua hurbildu zitzaion.
Zeharo ikaraturik, erabiltzen ari zen aizkora altxatu zuen bere burua zaintzeko. Orduan, izaki hura gelditu egin zen, eta aurrez aurre elkarri begira egon ziren ordu luze batez. Gero, beldurra galduta, harri bat hartu eta bota egin zion. Animaliaren bular erdian jo zuen. Ulu ikaragarriak atera zituen, harriarekin jotako lekua igurtzitzen eta desagertu arte urruntzen zen bitartean.
Izaki hark bi metrotik gorako altuera zuen eta begizuloetan oso sarturik begi beltzak zituen. Baraila zorrotza zeukan eta aurreko hortzak zabalak. Ile gorriska (luze-luzea sorbaldaraino) eta gorputza ilez betea zuen. Besoak belaunetaraino heltzen ziren eta oinez ibiltzeko zutik jartzen zen, martxan zangoak oso aparte zituela.
Sobiet Batasunean ere horrelako kondairak entzun daitezke. Kaukaso mendietan almas deitzen zaie. 1979. urteko udan espedizio batek oinatz handiak aurkitu zituen. Siberian, Chuchunaa dute izena. Afrika eta Hegoamerika aldean ditugun datuak ez dira osoak, zonalde handiak oraindik esploratu gabe daudelako. Japonia aldean hibagon deritzonak, 1970. urtean ikusi ziren eta Australia kontinente populatugabeak ere badu bere yowie izenekoa.
Bai! Piriniotan ere badugu gure Jetia, eta ez da harritzekoa mamu horren inguruko leienda mundu guztian zehar zabalduta dagoela kontutan hartzen badugu. Europa aspaldidanik oso zibilizaturik dagoen lurraldea da, eta horrek gero eta leku basati gutxiago dagoela esan nahi du. Gelditzen diren leku bakarrak zonalde menditsuetan aurkitzen dira. Horietakoak dira Pirinioak. Ez da beraz kasualitatea, Euskal Herritik hain hurbil, Jetia egon ahal izatea.
XIX. mendean, Kataluniako Piriniotan ikusi omen zen, baina ez daukagu inolako froga zientifikorik. Gaur egun dakigun guztia tradizioaren bidez bideratua izan da. Ripolles eta Cerdaña deritzen lurraldeetan oraindik bizirik dauden istorioetan Piriniotako elurretako gizakumea aipatzen da, eta horien arabera, ikaragarri altu eta guztiz zuria zatekeen Piriniotako Jetia.
Ripolleseko folklorean honako historia kontatzen da. Orain dela urte asko lurralde horretan Nonell izeneko gazte eder bat bizi zen. Hain ederra izanda, neska guztiak maitemindurik ibiltzen zitzaizkion. Mutila neskaz neska ibiltzen omen zen, beren xarmak zurgatuz. Horren ondorioz, zazpi neskekin batera ezkontzekotan gelditu omen zen. Noski, promesa betetzerik ez zuen izan eta neskak banan-banan amodioz hiltzen hasi omen ziren. Egun batean, Nonellek inoiz ikusitako neskarik ederrena ezagutu omen zuen, eta berehalaxe maitemindu omen zen. Baina, neska xarmant hark Nonellek adierazitako asmoei barre egiten zien, eta mutilari ihes egiten zion.
Egun batean, neskak ihes egiten zuen bitartean Nonellek bere atzetik joatea erabaki zuen. Baina neska, urrats zaluaz, gero eta gehiago urruntzen zen mutilarengandik. Orduan, Nonellek bere burua madarikatu zuen hain motel ibiltzeagatik eta zakurra bezain arina izatea eskatu zion zeruari. Bapatean, mutila zakur erraldoi bihurtu zen; ile zuriz beterikoa.
Leiendak dioenez, Nonell urteoro lehenengo elurrekin agertzen da eta noraezean dabil ulu ikaragarriak eginez. Berarekin topo egitea zoritxarreko seinalea da eta jendeak ihes egiten dio. XX. mendean ez dakigu inork ikusi duenik, baina lurralde horietako aiton-amonek diotenez, gaztaroan entzuna zeukaten bertako zenbaitek Nonell de la neu (Elurretako Nonell-a) ikusia zutela. Entzundakoaren arabera, Nonell Piriniotako gailurretan bizi omen da, guztiz biluzik eta ile luze zuriz estalirik.
Mitologiako animaliatzar hauek aspaldidanik ikusi omen dira, beraz, Lurreko zonalde desberdinetan. Kultura desberdinetako mitologiek zaindu dituzte, eta nola ez, gizakumeen artean sortu dira izaki mitiko horiek ehizatu nahi izan dituzten adorez beteriko pertsonaiak. Albert Ostman, Britainiar Columbiako biztanlea horietako bat dugu.
Gizon honek Jeti (hemendik aurrera, egokia ez bada ere, Jeti hitza erabiliko dugu mito guzti horiek hitz batera biltzeko. Kontutan hartu, dena den, Jeti hitza Himalaia aldean elurretako gizakumetzarra adierazteko erabiltzen den berba dela) batekin inoiz gertatu den aurkikuntzarik harrigarriena kontatzen du. Britainiar Columbian aurkitzen den Toba Inlet zonalde menditsuan mamu horren bila zebilela, gau batean, nekaturik eta bere lo egiteko zakuan etzanda zegoela, bapatean 2,40 metro altuerako izaki ikaragarri batek eskutan hartu, leporatu eta amaierarik gabekoa iruditu zitzaion hiru ordu luzeko bidaia egin ondoren toki ilun batera eraman zuen. Gaua zen eta ez zen batere ondo ikusten. Baina goiza heldu zenean, ikaraturik gelditu zen, jeti-talde baten kanpamentuan aurkitzen zela egiaztatu zuenean.
Ostmanek, oso beldurtuta bazegoen ere, kanpamentuan ar eta emea bi umerekin bizi zirela ikusi ahal izan zuen. Gatibu egon zen bitartean animalia haien ohiturak aztertu zituen, eta behin baino gehiagotan saiatu zen beraiengandik ihes egiten, baina guztietan jeti zaharrenak eragotzi egin zion. Jeti-talde honek, dena den, tratu ona eman omen zion. Egun batean, Ostman bere galtzetako poltsikoetan artean sudurrauts pixka bat bazuela konturatu zen, eta jeti zaharrari ematea bururatu zitzaion.
Animalia hasieran kontuz, gero interesaturik, eta azkenean gutiziaz hasi zitzaion sudurrautsa kentzen, dastatzeko asmoz. Horren ondorioz, animalia jota gelditu zen, eta alde egin behar izan zuen kanpamentutik; ura edatera seguru asko. Orduan, familiako beste ahaideak inguruetan ez zeudenez, aukera aprobetxatu zuen Ostmanek ihes egiteko. Guztira, astebete inguru egon omen zen jetiek bahiturik.
Ostman ehiztariak ez zuen inongo frogarik lortu gertatutako menturaren kontakizuna sinesgarria izan zedin, baina besterik gertatu zitzaion Roger Patterson kaliforniarrari. Patterson, beste lagun batekin jetien ondoren zebilen, mitologi animalia haiei argazkia ateratzeko asmoz. Biak, Kaliforniako Bluff Creek urruneko baso trinko eta bakartietan zebiltzala, egun batean, zaldiak urduri jarri eta kontrolaezin bihurtu ziren. Jokabide horren arrazoia jakin asmoz, baso erditik igarotzen zen erreka batera hurbildu ziren, eta han, jeti eme bat belaunikaturik ura edaten ari zela ikustea lortu zuten.
Patterson jauzi batez zalditik lurreratu egin zen, eta segundo bat bera ere galdu gabe 16 mm-ko kamera hartu eta, urduri, filmatzen hasi zen, jetia berak zeudela oharturik lasterka urruntzen zen bitartean. Pertsonengandik guztiz urrundu baino lehen, bueltatu egin zen, hauek berriz ikusteko. Gero desagertu egin zen. Pelikula honek zirrara sorterazi zuen 1967. urtean. Harez gero hamaika aldiz aztertu da, eta batzuek han agertzen den animalia gizakume mozorrotua dela argudiatzen badute ere, faltsua denik ez da guztiz frogatu. Beraz zalantzak oraindik ere irauten du.
Zenbaitetan, Jetia Gigantopithecus tximu erraldoiaren ondorengo mota bat denaren tesia defendatu da. Gigantopithecus deritzonaren arrasto fosilak Indian nahiz Txinan aurkitu dira. Animalia hau orain dela 12 milioi-500 mila urte bitartean bizi zen. Garai hartan Himalaia mendikatea gorantz hasi zen igotzen tektonikaren poderioz 2.000-3.000 metro gehiagoko altuera irabazi arte. Horren ondorioz animali espezie asko isolaturik gelditu omen zen, horien artean Jetiren arbasoak ere egongo zirelarik.
Beste zenbaiten ustetan, Jetiren leienda hain zabaldurik egonda gerta zitekeen hitz berberaren azpian animalia desberdinak aurkitzea, guzti horiek gizakumearen antz handia izango zutelarik. 1917. urtean, Francois de Loys geologo suitzarrak Colombia eta Venezuelaren arteko mugan ikaratzeko moduko animalia bat hil zuen. Jeti horren jatorria zein den oraindik eztabaidatzen ari dira, baina ikertzaileen ustez armiarma-tximu espezie mota bat izan zitekeen.
Beste ikertzaileek, gutxiengoa badira ere, benetan oso teoria hunkigarria defendatu dute: alegia, Jeti izenaren pean bizirik irautea lortu duten gizakume prehistorikoak liratekeela. Teoria horren defendatzaileak biziki hunkiturik gelditu ziren 1968. urtean, Minnesotan gauzatu zen aurkikuntzarekin.
Bernard Heuvelmans zoologo belgiarra eta Ivan T. Sanderson zoologo eta idazlea dira mentura ikaragarri honen bi aktore nagusiak. 1968ko abenduaren 19an dei bat jaso zuten beren bulegoan eta bertan feria batean tximuen eta gizakumeen arteko maila galdua izan zitekeen gizakume iletsu bat erakutsiko zela aipatzen zen. Sanderson eta Heuvelmans berehalaxe ferialariaren atzetik hasi ziren, eta kontinente-erdia bisitatu ondoren, azkenean, Hansen (hori bait zen bere izena) aurkitzea lortu zuten.
Lurraldea isolaturik zegoen eta hotz ikaragarria egiten zuen negu gorri hartan. Etxaldearen atzekaldean, aparkaturik, Jelatzeko gela idatzirik zeukan karabana bat zegoen. Karabana horren barnean, gero ikusi ahal izango zutenez, izaki bat jelazko hobi batean kontserbaturik zegoen. Izaki hark ile marroi luzez gorputz osoa estalirik zeukan.
Atoi hartan leku handirik ez bazegoen ere, Sanderson eta Heuvelmansek, buru-belarri ekin zioten lanari hiru egunetan zehar. Izakiaren hamaika irudi nahiz argazki gauzatu zituzten. Izakiak aurpegian eta izterrondoan ilerik ez zuen. Barrabilak garbi azaltzen ziren eta zakila agerian zeukan, arra zela baieztatuz. Izakiaren ezkerreko besoa aurpegia babesten saiatzen zen, arrisku baten aurrean aurkituko balitzan. Gorputza mutilaturik zeukan. Besoa hautsia, begizulo bat hutsa, eta beste begia zulotik aterea aurpegi gainean zintzilik.
Buruaren atzekaldea guztiz puskaturik zeukan. Garbi zegoen buruan izakiari tiro egin ziotela eta erasoaren aurrean, bere burua zaintzeko senak agindu ziola besoa altxatzea. Bi ikertzaileek odola garbi ikusi ahal izan zuten; baita gorpuaren haragi erdi-ustelak sorterazi zuen kiratsa ere. Dudarik gabe, zuela gutxi bizirik zegoen izakia zen. Baina, nondik etorria?
Hansenek emandako datuak osatu gabeak eta ilunak ziren. Dirudienez, Ekialdetik ekarri omen zen, eta antza, itsasoan jela-bloke baten barnean flotatzen aurkitua omen.
Heuvelmansek geroago datuak aztertu zituen eta dudarik gabe gizakumeen kasuan bezala, erpuruaren eta bigarren behatzaren arteko espazioa ez zeukala egiaztatu ahal izan zuen. Ez zen, beraz, tximu-mota. Buruaren ezaugarriak aztertu ondoren, ondorio ernagarrira heldu zen: zientziak aztertutako eta harekin antz handiena zuen izakia, Neanderthal gizakumea zen. Beraz, hura Neanderthal baino lehenago bizi izandako antzeko espezieren bat izan zitekeen. Heuvelmansek Homo pongoides izena eman zion.
Heuvelmansek Ipar Euskal Herrian Isturitzeko kobazuloko irudi zenbaitetan, eta baita bertan aurkitutako hezur batean ere, oso irudi bitxiak agertzen direla gogorarazi zuen. Eta beraien artean, Neanderthal izakiarekin antz handia duten gizakumeenak nabarmenki. Orain arte gizakume modernoak Neanderthalak akabatu eta ordezkatu egin zituela sinetsi izan da. Zergatik ez pentsatu hondamendi hartatik Neanderthal batzuk salbatu egin zirela eta artearen, mitologiaren eta agian existentziaren bidez gaurdaino heltzea posible izan zutela?
Europako haitzuloetako artean, gure ustez aspaldidanik desagertuta zegoen zaldi-mota bat agertzen da. Przhevalski koronelak, XIX. mendeko Mongoliaren esploratzaile famatuak, Mongolian bertan lortu zuen zaldi horren ondorengoak bizirik aurkitzea. Aurkitzailearen oroimenez, zaldi-espezie horri bere izena ipini zioten.
Askoz berriago eta hunkigarriagoa dugu zelakantoaren kasua; denbora-distantzia ikaragarrian kokatzen bait da. Espezie hori orain dela 400 milioi urte desagertutzat jotzen zen. Hala ere, XX. mendeko lehenengo hamarkadetan bizirik segitzen zuela egiaztatu zen, banaka batzuk Hegoafrikako kostaldeetan harrapatu zirenean.
Egungo zientzilarientzat gero eta garbiago dago gure Lurrean dagoen guztia ez dugula oraindik ezagutzen, eta esploratu gabeko lurraldeak oso zabalak direla ere bai. Antarktika, Amazoniako eta Afrikako oihanak, Himalaiako mendikateak, Siberiako lurralde zabalak, etab... horren lekuko baino ez dira. Paraje horietan ustegabe ederrak ezagutu behar ditugu oraindik.
Zergatik Jeti hitzaren azpian ezkutatzen diren leienda eta kondairek, erreala eta ezezaguna den zerbaiten informazioa gorderik dutela onartu ez?
Ez dakigu geroak ezer berririk ekarriko digun, baina Kraken-en kondairaren azpian txipiroi erraldoia ezkutatzen bazen, eta Ness lakuko munstroaren azpian agian plesiosaurua estaltzen bada, zergatik Jetiren leienden azpian ere zerbait ezkuturik dagoela pentsatu ez?. Nolanahi ere, atsegina da espazioaren konkistan murgildurik gaudela Lurrean oraindik argitu gabeko misterioak ditugula onartzea eta amestea; ametsa bait da gizakumearentzat beharrik kuttunenetakoa.
Euskaldunon mitologian Jetiren antzeko pertsonaia Basajauna dugu. Barandiaranek giza itxurako izaki erraldoi eta indartsu gisa deskribatzen du. Baso itxietan edo goi aldeko kobazuloetan bizi omen da. Garai batean, ekaitzetan Basajauna orroaz ari zela pentsatzen zuen jendeak. Basajaunaren gorputz erraldoia ile luzez erabat estalia dago. Aurpegia, bularraldea eta sabela orraztutako ilez beteak ditu. Oin bat gizakiarena bezalakoa du, baina bestea zirkularra. Euskal Herriko istorioetan esaten denez, Basajaunek Natura oso ongi ezagutzen zuten eta jakintsuak ziren. Nekazaritza, errotak, burdina soldatzea, zerra, etab. beraiek asmatu omen zituzten. Barandiaranek dioenaren arabera, Basajauna ongilea da; artaldeak otsoengandik babesten dituena eta ekaitzetan orroa eginez artzainei bere laguntza eskaintzen diena. Azkueren arabera ordea, deabrutik ere badu Basajaunak eta bere kalteetatik libratzeko ermitak egin behar dira eta Asentzioko letaniak esan behar dira. |