Itsasbazterraren babesa

Alderdi ekologikoa, nola ez, kontutan hartu beharreko funtsezko elementua da, nahiz eta bakarra izan ez. Zientzien aurrerapenak, eta biologia eta ekologiarenak bereziki, lurraren eta itsasoaren arteko elkarrekintza-gune hauen kalitatea eta originaltasuna hobeto ezagutzeko aukera ematen digu: aparteko produktibitate primarioa; landare- eta animali espezie originalak, batzuetan endemikoak, maiz oso bitxiak eta desagertze-bidean daudenak, bizidunen munduaren ondare genetikoa kontserbatzeko nazioarteko interesa dutenak; fenomeno natural batzuk are larriago bihurtzen dituen gizakiaren itsasbazterretako eskuhartzearen aurrean (gogoan izan behar da hori ere), higaduraren kasuan gertatzen den bezala, honen aurka funtsezko papera, erabakiorra, jokatzen duten landare-espezieak.

Itsasbazterra babestea, frogatu beharrik ez duen premia da, eta beraz...
P. Gascouat

Alabaina, balio ekologikoaz gain, itsasbazterrean oraindik dauden espazio libreak norberaren kultur garapenerako toki paregabe dira. Asko dira gure itsasbazterrean inspiratu diren artista, idazle eta musikariak. Naturguneen hondamendiak, lehentxeago edo geroxeago kultur ondarea murriztu egiten du.

Gainera, naturarekiko harremana, egunetik egunera gero eta gehiago estimatzen den gizarte-beharra da. Herrietatik ihes egin eta hirietako biztanle bihurtu direnek, hirietako paisaje uniformatuen aurrean itsasertzeko espazioen barietatea izugarri eskertzen dute. Beraz, ez da harritzekoa jendeak ibilaldiak egiteko eta opor-egunak pasatzeko itsasbazterrerako zaletasuna izatea.

Ezin dugu ahaztu, bestalde, itsasbazterrak ekonomi ikuspegitik duen lehen mailako garrantzia; turismoari eta itsasoko baliabideak ustiatzeari dagokienez bereziki; eskaintzen dituen aukerak paregabeak baitira. Bi arlo hauetan, gero eta nabariago da itsabazterra babestea potentzial ekonomiko hori zaindu eta garatzeko elementu erabakiorra dela. Itsasbazterretako paisajeen kalitatea eta ugaritasuna, turismoa garatzeko funtsezkoak dira eta arrantza-iharduerek eta itsas haztegiek ere gune babestuak beharrezkoak dituzte.

Orain arte itsasbazterretako natura babesteko beharra hainbat modutara justifikatu dugu, labur bada ere, eta orain, benetako lurralde-politikaren beharra azpimarratzea falta zaigu.

Itsasbazterra kontserbatzea: bide emankorra

P. Gascouat

Arrazoi ekonomikoek gastu publikoen bolumen eta banaketa aztertzera behartzen dutenean eta duela urte batzuez gero hirigintzan eta ingurunea babestearen alorretan metatutako lege- eta araudi-piloaren aurrean, itsasbazterrean lur naturalen ondare publikoa eratzearen aurrekontu-kostuak etekinik gabeko luxua ez ote den galdetzea zilegi da.

Zalantza horrek ordea, itxuraz zilegi izan arren, eskarmentuak erakutsitako funtsezko hiru datu alboratzen ditu:

  • Lehenengoa, araudiek (baita landuenek ere) mugak izaten dituztela eta indartu egin behar izaten direla da.
  • Bigarrena, araudiak ezartzea baino gehiago, babesa maiz, gune horiek kudeatzea da, eta hori lurraren jabe izanik soilik egin daiteke.
  • Hirugarrena, ingurunerik ederrenak guztientzat irekita egoteko aukera bakarra, gehienetan, horiek eskuratuz bakarrik lortu ahal izatea da.

* Ohizko araudiak indartzea

Duela urte batzuez geroztik, natura babesteari dagokionez, sekulako artsenala eratu da. Inguruneei buruzko Estatu frantseseko 1930eko legeria zaharrari, perimetro sentikorren sistema, lurra okupatzeko planak eta, duela gutxiago, 1986ko urtarrilaren 3ko legea (zeinak itsasertzetik 100 m-raino, oraindik urbanizatu gabeko eremuetan eraikitzeko debekuaren printzipioa jasotzen baitu) gainjarri zaizkio, itsasbazterrean urbanizazioak eragozteko dauden arma nagusiak baino ez aipatzearren.

Itsas plantaina (Plantago marina). Argazkian ondo ikusten da labarretako landare hauek lurzoruari nola eusten dioten. (Argazkia: M. Estonba).

Gehienetan neurri horiek nahi den emaitza (eremu batzuetan eraikitzea galeraztea) lortzeko nahikoa izan arren, babes iraunkorra ez dutela inoiz bermatuko azpimarratu behar da.

Beraz, honako galdera hau dugu aurrez aurre: adibidez itsasbazterrean urbanizazio garapeneko bi poloren artean dagoen eta hori urbanizatzea lortzeko presio handiak daudela (edo egongo direla) jakinda, ekologi eta paisaje-ikuspuntutik azpimarragarri den ingurune bat kontserbatzea erabakitzen den unetik, ba al dago erabateko babesa betirako ziurtatzen duen neurririk?

Galdera honek baiezko erantzunik ez izateak, ingurunea jabetza publikoko bihurtzearen neurrira garamatza nahitaez eta hauxe da Itsasbazter eta Lakubazterretako Inguruneen Kontserbatorioaren (Conservatoire de l'Espace littoral et des Rivages lacustres) xedeen lehen justifikazioa.

* Administratzeko erosi

Babeserako araudi-politika osatuko duen lurralde-politikaren aldeko argudiorako bigarren datua, gestio-beharrak kontutan hartzetik dator.

Ingurune naturalen babesak ez luke soilik debeku batzuetara (ezta eginbehar batzuetara ere) mugatu behar. Gehienetan benetako gestioa beharrezkoa da; alegia, zaindu, garbitu, basoetan landatu, etab. egin behar dira.

Izan ere, jabe askoren txakurra beti gose.

* Parajerik ederrenak guztiontzat irekita

Babestu, baina ez hustu.
P. Gascouat

Itsasbazterreko naturguneen kontserbazioa lehenago aipatutako kultur eta gizarte eskakizunak ere kontuan izanik baino ez da justifikatzen; paraje ederrenak guztiontzat irekita edukitzea lortzen bada, alegia. Zertarako balioko luke demagun, Bilboko Arte Ederretako Museoan gure arte-ondareko maisu-lanak biltzeak, Museo hori itxita egongo bada? Gauza bera gertatzen da inguruneekin ere. Nola justifika daiteke benetan horiek babestuko dituen araudiaren politika, sofistikatuena izanda ere, babestutako ingurune paregabe horiek publikoari sartzea debekatzen zaion jabetza pribatuak badira?

Itsasbazterreko paraje natural ederrenak eskuratzeko politikaren beharra azaltzeko, hirugaren arrazoia horixe da: urbanizatzeko presiorik gabe edo gestio jakin bat behar duen degradaziorik egon ezean ere, lurraren jabetza publikoa da bide bakarra, paraje handi batzuk guztientzat irekita egoteko eta naturarekiko benetako eskubide gisa defini dezakeguna betetzeko.

Kolektibitate lokalen bidez

Kontserbatorioa urtero Estatu frantsesak emandako subentzioez elikatutako aurrekontua duen erakundea da. Alabaina, estatu-mailako izaera atxiki zaion arren, Kontserbatorioak oso antolamendu eta funtzionamendu deszentralizatuak ditu.

Babeserako programak eta eskuraketa-proiektuak, Urbazter Kontseiluek (Conseils de Rivage deituek) aztertzen dituzte sistematikoki. Batzorde horiek zortzi dira: Mantxakoa, Ipar Itsasokoa, Atlantiarrekoa, Mediterraniokoa, Lakuetakoa, Kortsikakoa, Amerikako itsasbazter frantsesetakoa eta Indiar Ozeanoko itsasbazter frantsesetakoa.

Urbazter Kontseilu bakoitza lehendakariak eta bertako kide batek ordezkatzen dute Kontserbatorioko Administrazio Batzordean.

Administrazio Batzordea da egin behar diren erosketak erabakitzean azken hitza duena. Estatuaren ordezkariak, dagokien administrazioaren ikuspuntuak defendatzen dituztenak, ez dira gehiengo Administrazio Batzordean. Kideen erdiak hautatuak dira (diputatuak, senadoreak, Urbazter Kontseiluetako ordezkariak) eta lau natura eta ingurunearen babeserako elkarteetako ordezkariak.

Abbadiako larre batzuk abeltzantzarako erabili ohi dira lehenagotik eta baita orain ere.
P. Gascouat

Administrazio Batzordearen erabaki bakoitza, idea eta ikuspuntuak luze eztabaidatzearen ondorio da.

Ez dago lurrik eskuratzerik aurrez Udal Kontseilu interesatu guztien iritzia jaso gabe. Udalerriak kontrako iritzia badu, Kontserbatorioaren esku dago Udalerriak aldeko iritzia izan dezan saiatzea edo kasu batzuetan, orain arte ohizkoa izan ez bada ere, udalerriaren kontrako iritzi hori alboratzea.

1975eko uztailaren 10eko legearen xedapen-multzoak, Kontserbatorioa sortzen duenak, babesaren erantzukizuna dagokien kolektibitate lokalei, udalerri eta departamentuei, harrarazten die. Inola ere urra ezin daitezkeen arauen bermatzaile den Kontserbatorioarentzat, xedapen hauek dira epe luzerako arrakasta-tresnarik onena.

Kontserbatu, aditz aktiboa

Beraz, urbanizaziotik ihes egiten duten Kontserbatorioaren lurrak publikoarentzat irekita daude eta arreta berezia eskatzen duen gestioa behar dute.

Edozein lur eskuratu aurretik, Kontserbatorioak inguruneko ekologi balantzea eginarazten du; biologia eta paisaje-aldetik interesa duten inguruneak definitu eta ekosistemarentzat mehatxu diren faktoreak aztertzen ditu. Kasu batzuetan, naturgunearen aberastasuna arriskuan jarri gabe, hori hobetzen duten heinean, nekazal, artzantza- eta arrantza-iharduerak jarri eta garatzea aurrikus daiteke.

Lurren osasunaren benetako balantze den adituen txosten ekologiko honen arabera, inguruneak prestatu eta babesteko programa burutzen da.

Lan horiek egin ondoren, Kontserbatorioak eragina izango duten kolektibo lokalekin (udalerri eta udalerri-sindikatuekin), Baso Bulego Nazionalarekin eta, inoiz, ingurunea babestea xede duten elkarteekin, gestio-hitzarmenak egiten ditu. Horrela, babestutako lurrak ez dira museo itxiak.

Norberaren baitan dago eskaintzen zaion natura aurkitzea, ibiltzen ikastea, ixiltzea, entzutea, ulertzea, maitatzea eta, azken finean, ikusi eta bertan ibiltzeko atsegin dituen tokiak errespetatzea.

Abbadia, ingurune babestua

Abbadian bertako espezieak eta kanpotik ekarritakoak elkarrekin hazten dira.
P. Gauscouat

Etorkizuneko premiak zalantzarik gabe besteek baino hobeto ulertu zituen Antoine Abbadia, eratu zuen eskualdea zaintzeko neurriak aurrikusten ahalegindu zen. Ingurune hori Hendaia eta Donibane-Lohizune arteko 340 hektareak osatzen zuten; bertan gaztelua eraiki zuen. Bere azken egunetan egin zituen dohaintzetan betebehar batzuk ezarri zizkion Zientzi Akademiari horri iraunarazteko; guztiak, naturarekiko zuen kezkan eta honek merezi zituen arreta eta errespetuan oinarrituak ziren.

Hiru mende-laurden geroago, 1979ko urrian, Itsasbazter eta Lakubazterretako Inguruneen Kontserbatorioak Zientzi Akademiarekin egindako hitzarmenaren baitan, hasierako jabetzatik geratzen zena, gaztelua ezik, berreskuratu egin zuen eta gaur egun kontserbazio-lan horrekin segitzen du.

Bere 46 hektareak (horietatik 15 baso dira) euskal itsasbazterra izan zenaren lekuko dira. Benetako altxorra dela pentsatzen du hendaiar askok; Ipar Euskal Herriko itsasertza, Estatu frantseseko urbanizatuenetako bat baita. Pirinio Atlantiarren departamentuak dituen 38 km-etatik % 4 baino ez dira gaur egun naturgune.

1981ean Hendaiako hiriak gestio-hitzarmena sinatu zuen Itsasbazter Kontserbatorioarekin. Geroztik bera da mantenu, zaintza eta baita susperketaren ardura duena. Abbadiako eskualdea babes arrakastatsuaren ikurtzat har daiteke, baina asko dago oraindik egiteke: Hendaia eta Ziburu artean Urruñako udalerriaren mugapean dagoen, “Erlaizeko” zelai zabal uhinkatuak daude.

Kontserbatorioak Abbadiari esleitutako ingurunea babesten jarraituko dela bermatzeko, sailkatutako ingurune horretan 200 hektarea inguru eskuratu nahi ditu.

1992aren bukaeran, 40.350 hektarea eskuratu dira 305 tokitan. Estatu frantseseko 543 km itsasbazter babestu eta, administratu egin dira, publikoarentzat eskuragarri bihurtuz.

Guregandik oso hurbil, Akitanian, Itsasbazter Kontserbatorioak hamabost bat tokitan 2.000 hektareatik gora babesten ditu. Bisitatzeko azpimarragarriak: Baionatik iparralderantz, km gutxi batzuetara, Marais d´Orx-en 777 hektareatan 200 txori-espezietik gora dago (milaka ahate eta antzara, kurriloak, itsas arrano bitxiak, etab.).


Abbadiako ingurunea; bisitarientzako planoa.
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila