Itsas maila eta herrialde pobreak

Itsasertz ondoko lur-sail handiak dituzten herrialdeek, ondorengo hamarkadetan gertatuko den itsas igoerari aurre egiteko prestatzen orain hasi beharko lukete. Baina itsas babesak eraikitzea kostu handikoa litzateke eta beste era bateko neurriak hartzea egokiagotzat jotzen dute.

Itsasertz ondoko lur-sail handiak dituzten herrialdeek, ondorengo hamarkadetan gertatuko den itsas igoerari aurre egiteko prestatzen orain hasi beharko lukete. Baina Commonwealth osatzen duten herrialdeetako buruzagiek 89. urte bukaeran eztabaidatutako txostenaren arabera, itsas babesak eraikitzea kostu handikoa litzateke eta beste era bateko neurriak hartzea egokiagotzat jotzen dute.

Irletan kokaturiko herrialdeek eduki ditzaketen estrategiak ondokoak izan litezke, esate baterako: jangaitarako uzta-mota desberdinak sartzea (erabiltzea), eraikuntzarako neurri estandardak berrikusiz zoluak gorago egitea eta haizearen kontra etxe gogorragoak eraikitzea eta zabor-lekuak eta barneko lakuak betez lur-sail berriak sortzea. Koralezko arrezifeak babestuz eta lurraren higidura aurrikusiz herrialdeek beren zeregina areago dezakete.

Txostenak dioenez, populazioaren presioa arintzeko gobernuek emigrazio “apal eta mailakaturako” plana antolatu ere antola dezakete. Bertan dioenez, “Commonwealth-eko partaide guztiek berraztertu beharko dute itsas maila eta klima-aldaketarekiko garapen-politika nazional eta lokalen sentikortasuna, eta baita inbertsio publiko eta pribatuak ebitatu ere”.

Itsas maila igotzeak sorterazten dituen arazoen aurrean itsas babes garestiak erabiltzea, ekonomikoki erantzun justifikaezina da.

Herrialde hauek berrazterketa burutzeko laguntza teknikoa beharko dute. Beharrezkoa bada, nazioarteko laguntza-agentzien bidez ordaindu beharko dute herrialde garatuek.

Aipatu txostenean zortzi zatiz osaturiko “ekintza-plana” proposatzen da, estrategia hauek zati nagusi direlarik. Plan honetan zirriborratzen denez, Commonwealth-eko herrialdeek negutegi efektua dela eta sortutako beroketa globalaren ondorioak aztertzeko elkarlanean aritu beharko dute. Herrialde hauek premia handiz aurre egin beharko diete ondoko gai hauei ere: klimaren inguruko ikerketari, egungo klima-aldaketak bideratzeari eta aldaketa horietara moldatzeko beharra adieraziz informazioa zabaltzeari.

G

aratze

-bidean

dauden herrialdeek negutegi-gasen jaulkipena nola murriztu aztertzeko laguntza finantzarioa jaso beharko dute. Murriztapen hori lortzeko bideetako bat energiaren erabilpena hobetzea eta kontserbazioa bultzatzea litzateke. Herrialde pobreek dirua ere beharko dute gas hauek kontrola ditzaten teknologia berriak garatzeko.

Txostenean bertan ondorengo hamarkadetan espero daitezkeen klima-aldaketei buruz ematen den datua ez da hain beldurgarria. Bertako gomendioak 2030. urterako Lurraren tenperatura 1 eta 2°C artean igo eta itsas maila 17 eta 26 cm bitartean igoko denaren ideian oinarrituta daude.

Beste zientzilari batzuek, ordea, aldaketa beldurgarriak aurrikusi dituzte. Herrialde askori aldaketa ekonomiko eta soziala eragingo die aipatu dugun egoera berriak.

Nahiz eta negutegi efektua murriztearen kostua nagusiki herrialde garatuek bere gain hartu (hauek bait dira negutegi-gasen sorterazle nagusi), aldaketetara moldatzeko estrategien beharra bereziki garatze-bidean dauden herrialdeek dute.” (Klima-aldaketaren) ondorio negatiboak herrialde pobreenek jasango dituzte bereziki, moldatzeko ahalmen mugatua eta sistema naturalekiko dependentzia handiagoa dutelako”, dio txostenak.

Commonwealth-eko partaideen artean badira itsas maila igotzearen ondorioz kalte handiagoa jasango luketen herrialdeak. Bangladesh-en, esate baterako, itsas maila 1 metro igoz gero lurraren %15 urak hartuko luke eta 10 milioi pertsonari erasango lieke. Talde honetan sartuko genituzke Guyana, Maldives, Tuvalu, Tonga eta Kiribati ere.

Maldives-eko lehendakaria izan zen 1987. urtean Commonwealth-eko gobernu-buruek Vancouver-en egindako bilkuran klima-aldaketaren eragina aztertzeko estudio berezia egiteko beharra aldarrikatu zuen lehena. Irla hauek izugarrizko uholdea jasanberria zuten eta uholde horren sorterazlea negutegi efektuaren ondorengo itsas mailaren igoera ote zenaren galdera aurkeztu zuen bileran.

Adituen txostenean, modu ironikoan, hitz zorrotzak erabiltzen dira Maldives eta beste irletan itsas babeserako sistemak eraikitzeko egin dituzten saiakuntzei buruz.

Irla txikietako gobernuek, itsas babes garrantzitsuagoetarako proposamenak “kontu handiz” aztertu behar lituzkete eta beste aukera guztiak agortutakoan soilik martxan jarri.

Herrialdeek modernizazioaren izenean alde batera utzi dituzten teknologia tradizionalak, berriro modan jar daitezke. Txostenak dioenez “kasu askotan bertako jangai eta botikak, eraikuntzarako modu eta egitura sozialak klima-egokitzapenaren beharretarako aproposak dira, baina behar adina erabili gabe daude”.

Ibaietako deltatan dauden zonaldetarako (arriskurik handiena duena Bangladesh izanik) beste egokitzapen-estrategia batzuk hartu behar lirateke kontutan.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila