Iratiko aurpegi ezkutuak

rain dela urte asko, Euskal Herri osoan basoak ziren edozein paisajetan jaun eta jabe. Industrializazioa deitzen dena ez zen artean iritsi eta familia edo herri bakoitzak etxegintza edo tresnagintzarako erabili ohi zuen egurra.
Antzinako Euskal Herrian, basoak ziren edozein paisajetan jaun eta jabe.
Alex Albisu

Orain dela urte asko, Euskal Herri osoan basoak ziren edozein paisajetan jaun eta jabe. Industrializazioa deitzen dena ez zen artean iritsi eta familia edo herri bakoitzak etxegintza edo tresnagintzarako erabili ohi zuen egurra. Egur-moztea ere selektiboagoa zen non aukeratua zegoelako, eta enborrak animalien bidez atera behar izaten zituzten. Beraz, basoek ez zuten inoiz benetako desoreka edo zartadarik jasaten, eta basoen bizia gorabeherarik gabe arrunt barreiatzen zen mendeetan zehar.

Iraupen idiliko hau ez zen betirako izan eta urteak aurrera egin ahala, egur-premia areagotu egin zen, baso gehienen egiturak aldatuz edo desagerteraziz. Horregatik, biluztu ziren lehen lurrak egurra ateratzeko erosoenak izan ziren, eta horrela gure antzinako oihan gehienak desagertu egin ziren, han-hemenka irlatxo testimonialak utzirik.

Guzti hau dela eta, Euskal Herrian aurki ditzakegun baso zabalenak, lurralde ezkutuenetan edo industrializazioa gutxien sartutakoetan aurkituko ditugu.

Hauetako bat betidanik, Piriniotako mendebaldea izan da; Ipar eta Hego Euskal Herria barnean direlarik.

Iparraldean, Arbailletako baso interesgarria, Kakueta eta Holtzarteko baso dotoreak edo Iratiko basoaren iparralde polita daude. Hegoaldean, basoekiko begirunea askoz handiagoa izan da, eta esate baterako, Aralartik hasi eta Ori mendiaren magaleraino irten gabe joan gintezke arazo handiegirik gabe.

Baina pagadiz osaturiko (gehiena behintzat) eta lehentxeago aipaturiko basa lerro luze horretan, gorabehera handiak aurkituko ditugu, bai azalera eta bai basoen kalitatea kontutan hartzen baditugu.

Horregatik, mendi hauek hegaz zeharkatuko bagenitu, Iratiko basoaren azalerarekin konparatzeko baso handiak badirela ikusiko genuke.

Beraz Iratiko basoaz entzundako azalerak mitotzat hartu beharko ditugu.

Mito honen zergatia uler dezagun eta Euskal Herriak oraindik duen egur-erreserba (zibilizatuki hitz eginez, noski) garbi utzita, aztergai dugun Iratiko oihanera pasatuko gara.

Iratiko basoak, betidanik jantzi mitikoaz inguraturik ageri izan zaizkigu, bai estatu frantses eta bai espainolaren barruan. Horren adibide garbi bat “oihan” goitizena ia beti erabiltzea litzateke, adimenean zabalera ikaragarri eta birjintasun handiko lurren ideia sorteraziz. Eta egia esan, Europa osoa oinarri harturik, azaleraz lehen edo bigarrentzat kontsideratzen ez duen artikulurik ez da, nik dakidanez, literatura espainolean. Baina inoiz benetan duen azalera edo konparaziotzat har genezakeen beste baso edo lurren daturik ez da ematen.

Baina lehenengo, Iratiko basotzat zer hartzen dugun definitu beharko genuke, zeren lehenago esan dudanez, ezingo bait genuke inola ere baso isolatutzat hartu, mendebaldean atlantiar isurialde osoan barna murgiltzen delako. Iratitik ekialderako bidean ere jarraitasuna ageri da Erronkari garaiko lurretan. Normalean Iratiko basotzat, Irati ibaiaren eskualde garaiak bakarrik hartu ohi dira.

Ohiturari jarraituz eta ekialdetik hasita, hau izango litzateke Irati basoa inguratzen duten mendi eta inguruen zerrenda:

Iratiko basoa, betidanik jantzi mitikoaz inguratua ageri izan zaigu.
Alex Albisu

Azalegi-Arritxilar, Orbaizetako herritik gora dagoen Larrau etxaldeko eskuinean aurkituko ditugunak; Mendi-zar, Irabia urtegiaren goikaldeko ur-adarraren punta; puntu honetatik eta mugari jarraituz, Sommet d’Occabe mendira, (Frantzian asmaturiko izena da noski); Iratiko etxolak dira, muga egiten duten hurrenak, eta etxola turistiko hauetatik, Alupina mendiraino doa basoa; Alupina ondoren, Ori mendiaren luzapena den Muxumurru dugu muga; handik Ortzbizkar mendira eta errepideari jarraiki, Pikatuako portuan aurkitzen den aduana. Aduana ageri ez bada, agian Ollokiako lepoa bai; handik, Abodiko mendikate osoa; gero Idorrokia mendia; errepidea pasa eta Goñiburu; ezkerrerago Auztarri, eta azkenik Orbaizeta, Larrauko etxaldeetan hasierako puntuari helduz. Dena dela, Iratiko mapa botanikoren bat eskuratzerik baduzue, askoz hobe.

Konturatuko zarete, beraz, txantxetan hartzeko eskualdea ez dela. Baina datu batzuk emanik, garbiago ikusiko dugu. Irati ibaiaren goieneko eskualdean finkatzen bagara, Irati basoaz ezagutzen denak 12.404,7 Ha beteko lituzke, tarteka eskualdeak biluzik aurkituko ditugularik. Europako baso handiena dela ez da egia, zeren Eskandinabia edo Errusian konifero-baso handiagoak aurki bait ditzakegu. Baina Europako pagadirik handienetariko bat da eta agian pagadi-izaidi handiena.

Pagadi-izaidi hauek barnean duten indar ekonomikoarekin batera, gizakia loturik ageri zaigu. Eta gizakiaren, egur- eta geroago diru-egarria, baso zabal hauek garbi adieraziko digute.

Inork ez daki uraren indarrez garraiatzen ziren enborrak mozten noiz hasi ziren. Hasieran banaka garraiatzen baziren, gerora “alma-diak” erabili zituzten, bai Irati ibaian eta bai inguruko besteetan.

Ori mendiak, baso ikaragarri hauei etena ezartzen die.
Alex Albisu

Lurralde honek jasandako lehen okerra XVIII. mendean gertatu zen, zaraitzuarrek gobernuari eginiko eskaintza zela medio. Gobernuak (Espainolak noski), nahi adina enbor atera zezakeen sosik eman gabe. Ateratako enborrak, handienak eta lerdenenak, azkenean mota bakar batekoak ziren: izaiak.

Gobernuak, trukean ezer eman gabe “Itsas Armada” enbor luze eta handiz hornituko zuen.

Ustiapen honekin, 1785. urte inguruan, enbor erraldoi hauek biltzeko eta mozteko egiturak finkatuko ziren. 1840. urtean, basoa 30 urterako errentan eman zioten “Sociedad Irati” izeneko elkarteari, ustiapen luze honi jarraipena emanez.

Dena dela, aurreko mendearen erdirarte, Irati oso gutxi urratutako eskualdetzat har zitekeen, egurzaleek errazago zela eta ibaien ertzak bakarrik erabili zituztelako.

Lainoak beti begirunea sortzen badigu, are gehiago, inoiz urratu gabeko baso honetan zehar.
Alex Albisu

Beraz, aurreko hauek eginiko urratuek ez zuten garrantzi handirik izan, baso osoa kontutan harturik.

Baina XX. mendean izan zen Irati oihanean benetako industrializazioa. 1907. urtean Aribeko Domingo Elizondo-k, IRATI, S.A. eraiki zuen. Honek egurra mozteko olak eraiki eta ibaian elektrizitatea sortzeko urtegiak egin zituen. Eta enpresa honen garrantzia adierazteko, trenbidea ipini zuela esango dugu. Gaur egun eta orain dela gutxi enpresa hau desagertuz gero, Iratiko lurrak plan baten arabera ustiatzen dira, urtero pago-landareak aldatzen direlarik. Beraz jendeak Iratiko basoaz duen birjintasun-irudia, behin-betirako lurperatu beharko genuke.

Iratiko basoa aspalditik ustiatu izan da, baina beste eskualdeetako basoek jasan behar izan dituzten urratuei begiratuz, gaur egun ere baso pribilejiatutzat jo behar dugu. Iratiko oihana, urrun dagoelako batipat, beste baso askok aizkoraren eragina jasan duten bitartean, oro har (eta beste basoekin konparatuz) noizbehinkako ustiapena besterik ez duela izan esan dezakegu. “Oihan” hitzari dagokion duintasuna oraindik ere ez du guztiz galdu.

Beraz Iratiko basoa ez da buruan sartu diguten etenik gabeko landare-maindirea. Bere barnean, zuhaitzik gabeko eskualdeak ditu; bai aizkora eta bai abeltzantzaren ondorio garbi direlarik.

Tarteka, birlandaketa-basoak aurkituko ditugu (urtegiaren ondoan batipat) eta birlandaketa hauek paisajean kolore ilunagoa ezartzen dutenez, erraz nabari dira zuhaiztiaren tartean. Birlandaketa hauek, garbi uzten dute gizakiaren eskuaren indarra. Goitik begiratuta, aizkora erraldoi baten zartada diruditen sail geometriko edo ondo egituratutako soro hauek, ez dira baso honetako kalte txikiena.

Izan ere, azkenaldi honetan, bide zabalak ireki dira eta Iratiko basoak bere barnean jasan dituen orbainak, ugari eta nabariak izan dira.

Esate baterako, basoetan barrena irekitako bide zabal hauek, jadanik 150 km luzeko tartea jan dio basoari. Bide zabal edo “pista” hauek egurra ateratzeko, bertako etxolak komunikatzeko edo, azkenik, turismoaren eraginagatik egin dira.

Gizakiaren mekanizismoa Iratiko birlandaketa hauetan nabari dezakegu.
Alex Albisu

Horrez gain, eta lehen aipatutako kilometro-kopurua baikorra dela esanik, baso honetan dauden bi orbain nagusi aipatu behar ditugu: bata Otxagabia herritik eta Abodi mendikatea pasata, basoaren bihotz-bihotzeraino sartzen dena da; Elurretako Ama Birjinaren ermitan bukatzen dena. Bestea, Ori mendiaren magala besarkatzen duena da.

Aipamen hauek garrantzitsuak dira, etorkizunean baso zoragarri hauentzat eduki dezaketen eraginagatik. Hau da, errepide zabal hauek egoteak, gerora edozein egitura turistiko sartzeko aitzakia eta erraztasuna izan daitezke. Ez da hutsaren truk hitz egitea, zeren urruti behean eta Iratin bertan, Iratiko etxolak eta "Txalet Pedro" bait dauzkagu, beren errepide beltz eta guzti. Eraikuntza hauek dakarten inguruarekiko errespetu eza, bertara joanda konturatuko gara hobekien. Kafetegiak, souvenir-dendak nonnahi, eskiak alokatzeko dendak, supermerkatua; Coca Cola, Fanta, Kas, Sprite, ...; eta adimenera esaldi tipiko bat helduko zaigu ia konturatu gabe: zertarako guzti hau, hain leku lasai eta ikaragarri izan diren ingurumari hauetan?

Errepideek dakartzaten arriskuak handiegiak dira, eta beraz, edozein proiektu luze eztabaidatzea ez da lelokeria.
Alex Albisu

Nora eraman nahi gaituzten edo gizarteak zer-nolako norabidea daraman konturatzea, ez da zaila; baina kanpoko kutsurik (kontsumismo harrapakaririk) ezaren miraria gorde izan duten lur hauek kapitalizatzea negargarria izango litzateke, dudarik gabe.

Esate baterako, eta Alemaniako “Ohian Beltz” ikaragarrira joaten bagara, Europako baso zabalenarekin topo egingo dugu. Hala diote liburuetan behintzat. Eta hala izan daiteke..., baina hara iritsita, dezepzio handia senti dezakegu, zeren basoa mila baso dira eta errepideak ugari ikusiko bait ditugu. Txaletak, hotelak eta horrelakoak ikusiko ditugu eta orduan konturatuko gara “Oihan Beltz” horren mitoaz, eta herri bakoitzak hori gerta ez dadin eman behar dituen pausoez. Pausoak azkar eta zehatz eman behar dira. Horrela osorik ikusiko dugu Nafarroan dugun benetako birika ekologiko hau.

Agian horrela bakarrik konturatuko gara Euskal Herri osoan egiten dituzten “beharrezko eraso” horien ezbeharraz, Iratiko eskualdeak benetan behar duen tratamenduaz eta, hasieran behintzat, parke natural izen polit artifiziosoaren aurrean, mesfidantza egin beharraz.

Irati 60 bat kilometrora dago kostaldetik, baina Kantauri itsasoa hain gertu izanik ere, Pirinioko lurretan murgildurik ageri zaigu. Bere klima, pirenaiko-atlantiarra dela esango genuke.

Noizbehinka Iratiko urtegiak, bere barnean dituen gizakiek utzitako aztarnak erakusten dizkigu.
Alex Albisu

Ur-prezipitazioak ugari izanik, ez dira kostaldean adinakoak, eta asko gainera elur gisa jasotzen dira. Irabiako urtegiaren inguruan adibidez, 1.773,4 l/m2 ur eroriko da urteko, gutxi gorabehera. Elurrak Iratiko lur guztiak sarri estaltzen baditu ere, errazagoa izango da, Ori, Abodi eta Ortzanzurietako lur garaiak janzten ikustea.

Prezipitazioak ugari izanik, Iratiko lurretan sorturiko erreka-sarea oso garrantzitsua edo ondo mailakaturikoa da. Erreka txiki hauetako asko, Irabiako urtegira biltzen dira.

Elurragatik ezezik, lur hauen altuera, jasaten duen negu hotzagatik soma daiteke; eta baita izotz-egunetan ere, non 1.000 metro inguruko lurraldeetan 100dik gora izaten bait dira urteko. Ori mendian, 100 metro igota tenperatura 0,6 °C jaisten dela badakigu. Beraz, goialdeetan 200-dik gora izotz-egun izateak ez gintuzke harritu behar.

Bestalde, uda epelak eta normalean bero handirik gabekoak dira. Urteroko batezbesteko tenperatur maila 9 °C-koa da, bai mendebalde eta bai hegoaldean, eta 7 °C ingurukoa, edo gutxiagokoa, Ori eta Abodiko mendietan.

Basoa zabala dela badakigu, baina basoaren kalitateari loturiko beste faktore garrantzitsu bat, gertutik lotzen zaio.

Mitoak mito, horietako beste bat Irati basoko zuhaitzen altuerari buruzkoa da.

Dena den, Iratiko basoa, oihan goitizenak eman dion duintasuna ez du guztiz galdu. Eta gaur egun ere, bere antzinako handitasunaren islada, garbi ikus daiteke bertako ingurune berezitan.
Alex Albisu

Liburu orotan, pagoen altuera 50 m-rainokoa eta izaienak 60rainokoa dela esan ohi dute. Guzti honek, huts batera eraman gaitzake. Zoritxarrez, hori gaur egun ez da egia Iratiko eskualdeetan. Baina zuhaizti osoaren heldutasuna bikaina da oraindik ere, eta batipat nabari ageri zaigu, oraindik ustiatu gabe segitzen duen lur-sail txiki batean. Lizardoia mendi-magalen izan ere, eskualde birjin bat dago antzinako basoen oroigarri.

Animaliak ere kontutan hartzekoak dira, eta orain dela gutxi arte bizi izan ziren ugaztun harrapakari handi nagusiak salbu (otsoa, hartza eta katamotza), ondo garaturiko basoek gordetzen dituzten beste animaliak bizi dira: oreinak, orkatzak, ugarabiak, lepazuriak, basurdeak eta basakatuak dira aipagarrienak ugaztunetan eta belatza, belatz txikia, miruak, sai arrea, sai zuria eta oso pagadi onetan bakarrik bizi ohi diren okil beltza eta gibelnabarra hegaztietan.

Gutxitan bada ere, arrano beltz edo ugatzen bat topa dezakegu hegan.

Baina hemen ere igandekeria gero eta gehiago sartzen ari da, eta bide zabalen inguruetan, zaborrarekin eta jendetzarekin topo egin nahi ez badugu, jendeak ohizkoa duen egitaraua baztertzea dugu burutsuena. Horrela, basoaren edertasuna eta ixiltasuna, beren handitasunean somatzea lortuko dugu; agian beste inon ez bezala somatu ere.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila