IPv6 Interneteko protokolo berria

Waliño, Josu

Elhuyar Fundazioa

IPv6 protokoloa izango da etorkizunean Interneteko helbideak adierazteko erabiliko dena. Steve Deering-ek, IPv6ren aitatzat har daitekeenak, esan duenez, azken bertsio hau amaitutzat jo daiteke. Orain, Internet bera egokitzea bakarrik falta da.

Gauza jakina da Interneten dagoen edozein ordenagailu edo makinaren helbidea IP helbide moduan adierazten dela. Orain arte erabili ditugun IP helbideak, 1972an garatzen hasi eta 1982an ezarri zen IP protokoloaren laugarren bertsioan oinarritzen dira. Bertsio horrek ahalbidetzen dituen helbideak 32 bitez osatutakoak dira eta aspalditik ohartarazi dute helbide-kopuru hori mugatua dela eta helbideak amaitzen hasiak direla. Orain arte, protokolo hori erabiliz, 4.300 milioi IP helbide eslei zitezkeen, baina horietatik 2.500 milioitik gora 80ko hamarkadan ezarri ziren. Egun Internetera konektatzen diren ordenagailuei IP helbide aldakorra ezartzen zaie eta horrela arazo hori gainditu egiten da, baina etorkizunari begira IP helbide finkoak esleitzea aurreikusten zenez, hori gainditu beharra zegoen. Egun dauden telefono eta antzeko gailu mugikor guztiek IP finkoa behar dute eta horien gorakada dela eta, 2005-2010 urte bitartean IP helbide librerik ez zela geratuko aurreikusten zen.

IPv6ak arazo horiek guztiak konpontzen ditu. Protokolo honek 128 bit erabiltzen ditu helbideak adierazteko eta horrela 340 koatrilioi IP helbide eman ditzake. Hau erabiliz, arazorik gabe eman daitezke behar adina IP helbide, eta horrela etorkizunean protokolo honekin Internetera konektatzen diren gailu guztiek IP finko bat izango dute. Honek abantaila asko baditu ere arazoak ere sortzen ditu. Aurrerantzean Internet erabiliz mezu bat bidaltzen duen edonoren jarraipena egiteko aukera egongo da, haren IP helbidea finkoa delako. Baina bestalde, segurtasuna ziurtatzeko aukera gehiago eskaintzen du sistema honek.

Internet berria

Protokolo berri hari ezartzeak Internet berri bat ekarriko digula esaten dute. Deering-ek adierazi berri duenez, Internet geroz eta kalitate txarragokoa da, sarbideko pasabideak eta tarteko sareak sortzen ari direlako. Etorkizunean ordenagailu bakoitzak IP helbide finkoa izatean, bezeroa zuzenean Interneteko sarera konektatuko da tarteko sareetatik pasa beharrik gabe, horrela erabilera egonkor eta errazagoa ziurtatuz. Bere ustez, Homer Simpson berak ere Internet era errazean erabili ahal izango du sistema honi esker.

Berehalakoa izango da protokolo berriaren ezarpena eta ez da lan makala izango. Dena den, etxeko erabiltzaileoi ez omen digu ezertan eragingo, aplikazioak egokitu beharko badira ere. Egokitze hau ditxosozko 2000 efektuarekin eman zen egokitzearekin konparatzen da. Orduan ere, aplikazio asko aldatu behar izan ziren lau zifrak onartzeko eta orain ere antzeko lana egin beharko da. Dena den, aldaketak 2003. urtera arte ez omen dira hasiko eta, gehienez ere, 2005erako amaituta egongo omen dira. Informazio gehiago: www.ipv6forum.com

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila