Enpresa-bideragarritasuna eta ingurugiro-gestioa elkarren osagarri direla gero eta nabarmenago azaltzen ari da. Euskal Herriko zenbait enpresak behar honetaz oharturik, ingurugiroari kalterik egiten ez dioten produkzio- eta zerbitzu-sistemak atondu dituzte jadanik, mundu osoan nagusitzen ari den joera berrira egokituz.
Eusko Jaurlaritzaren Lurralde Antolamendua, Etxebizitza eta Ingurugiro Sailak antolatu dituen ihardunaldiak filosofia honetaz ohartarazteko eta produkziorako jorratzen ari diren sistema berriak ezagutzeko aukera ezin hobea izango da. IHOBE Sozietate Publikoaren bidez gauzatu den egitasmoak joera eta filosofi aldaketa horren ispilu izatea nahi omen du eta horretarako enpresa eta ingurugiro-zerbitzutako profesionalak Bilbora bertaratuko dira Martxoaren 23an.
Enpresari eta zerbitzu-enpresetako kudeatzaileei, zuzendari teknikoei, kalitate- eta ingurugiro-arduradunei eta oro har, ingurugiroarekiko kezkarik duen edonori interesgarri gertatuko zaizkie Bilboko Injineru Eskolan aztertuko dituzten gaiak. Enpresa eta industri iharduerarekin lotutako aztergaiaz gain, Eusko Jaurlaritzaren “2000 Globala. Teknologia eta Produktu Garbien Ekintza Plana” delakoaren hildo nagusiak ihardunaldietan bertan ezagutaraziko dira.
Ingurugiroarekiko begiruneak momentuko moda baino zerbait gehiago beharko du euskal enpresek aurrera egin dezaten. Gaur egun, mundu osoan ezartzen ari den produkzio-eredu berriak orain arte kontutan hartu ez den aldabai berria ezarrarazi du. Produzitzea, izan ere, lehengaien tratamendu hutsa baino zerbait gehiago dela ohartzen hasiak dira. Nola produzitzen den eta ekoizpenak zein kostu sorraraziko duen aztertzea gero eta aldagai arruntago bilakatzen ari da enpresatan.
Joera hau iritsi berria da gure artera. Oraingo honetan ere, kanpotik etorri da ziztada. Atzerriko inbertsiogileek harreman komertzialak ezarri baino lehen, enpresa edo sektorearen ingurugiro-kudeaketaren egoera aztertzen dute, horren arabera onartu edo atzera bota daitezkeelarik inbertsio asko eta asko. Honek isladatzen duenez, lehiakortasun-kontzeptua ez da ezustean iritsi gure artera, produkzioaren kostu eramangarria eta enpresa bideragarritasuna uztartuz baizik. Bistan denez, euskal enpresa askoren etorkizuna erronka berriei aurre egiteko gaitasuna izatean eta garai berrietara egokitzen asmatzean datza.
Prozesuaren norabidea Eusko Jaurlaritzaren “2000 Globala. Teknologia eta Produktu Garbien Ekintza Plana” egitasmoak zehaztuko du hurrengo urteotan. Gobernu autonomikoaren ingurugiro-estrategia isladatzeaz gain, euskal enpresatan teknologia eta jokamolde berritzaile eta garbiak sartzeko eta sustatzeko irizpideak finkatzea dira Plan berriaren helburu nagusiak.