Elhuyar Fundazioa
Bai irakurle, ezin dugu hori uka. Behin eta berriro entzuteaz gain, haur txikiak ditugunok egunero dugu ikus-entzunezkoen garaian gaudela gogorarazteko aukera. Telebista, bideoa eta irratiak dira informazio-iturri nagusiak. Baina, ez bakarrak, jakina! Elhuyarren dihardugunok badakigu medio horiek oso garrantzitsuak direla eta ez dauzkagu inolaz ere alboratuta.
Gure ihardueretara erreparatzea baino ez dago hori horrela dela egiaztatzeko. Irratietan egiten ditugun programak eta kolaborazioak dira horren ageriko lekukoak. Baita, oraindik argia ikusi ez duten zientziaren dibulgazioa areagotzeko proposatu ditugun telebista-programak ere.
Zein da, alabaina, Elhuyar. Zientzia eta Teknika aldizkariaren egitekoa ingurune horretan? Zergatik eta zertarako mantendu horrelako aldizkari bat egungo merkatuan? Merezi al du?… Inolako ezbairik gabe, BAI!
Zergatik? Euskaldunok zientziaren munduan gertatzen ari denaz informatuta egoteko eskubidea dugulako. Gainera, bertatik sortutako informazio horrek kanpokoak etorritakoak ez dituen osagaiak ditu: Euskal Herriko zientzi produkzioaren berri zuzen-zuzenean izatea. Balio erantsi bi ditu, beraz, Elhuyar. Zientzia eta Teknikak: euskara eta bertakotasuna. Ez dugu, dena dela, lo hartu behar. Aurrera begira aldizkaria hobetu beharrean gaude edukiz eta itxuraz eta, gainera, irakurle-segmentu berriak geureganatu behar ditugu (gazteak, esaterako) haientzako produktua egokituz.
Baina, taldeak aldizkarian egiten dituen ahaleginek (harremanak, lankideak, informazio-sareak, sinesgarritasuna, etab.) haratago joan behar dute eta zientziaren dibulgazioaren alorrean beste baliabide batzuk baliatu behar dira. Horretan badugu esperientzia: telebista-saio batzuk, Norteko Ferrokarrila irratsaioa, Izarren Hautsa gehigarria Euskaldunon Egunkarian, hitzaldi-zikloak, etab.
Positiboa da oso esperientzia eta horren eragina areagotzeko duela hiru urtetik hona ZETIAZ zientzia eta teknologiari buruzko informazio-zentroa martxan dugu eta, zientziaren komunikazioaren alorrean, esperietzia piloto bat garatzen ari gara CICYTen laguntzaz. Esparru honetan, zientzi informazioko telebista-programa ekoiztea da gure erronka nagusia. Eta horretan ari gara, aldizkariaren itzalean hazten ari diren adar berriak ere zaintzen, jakinik, nolanahi ere, enborrak eutsiko diola zuhaitzari.