Ikerketa-zentruaren barrenean

1988. urtean Euskal Herriko ikerketa-zentruei buruzko sail berri bati hasiera eman genion. Orduan INASMET izan zen azalpenaren helburu eta gaur CEIT izango da. Geografikoki Donostiako Ibaeta auzoan hain hurbil dauden zentru hauek, badituzte beren ezaugarri propioak.
Manuel Fuentes.

Urtarrileko asteazken batean CEITeko Ikerketa-Zuzendari den Manuel Fuentes jaunaren bulegora sartu ginenean, telefonoz hitz egiten zuen bitartean hurrengo eguneko klasea prestatzen ari zen. Mahaian paper-, liburu- eta txosten-pilo bat zeukan. Telefonoz hitz egiteari utzi zionean, bigarren lineatik beste dei bat zain zegoen. Gizon honen ekimenaz berehala konturatu ginen eta eskerrak eman nahi dizkiogu gurekin igarotako denboragatik. Hark emandako datuak instalaziotara egindako bisitaz osatu genituen. Bisitan gidari aparta izan genuen: zientzilari eta lagun den Jose Mari Rodriguez.

Gipuzkoako Ikas eta Ikerkuntza Teknikoen Zentrua, hau da, CEIT, hamarkada honen hasieran sortu zen Eusko Jaurlaritzak sortutako beste ikerketa-zentruekin batera.

Garai hartan Gartzia Egotxeaga Eusko Jaurlaritzako kontseilari zenean sortu zen Entitate Babestuaren irudia. Consejo Superior de Investigaciones Científicas delakoaren menpe Euskal Herriko erakunderik ez egoteak (beraz transferentzi arazoak ez egoteak) eta enpresa pribatuak zerbitzu publikora zuzen daitezkeela pentsatzeak, asko lagundu zuen Entitate Babestuen sorreran.

Arakapenezko mikroskopio elektronikoa.

CEIT siglak beste sigla batzuen jarraipena dira, hots CITenak (Gipuzkoako Ikerketa Teknikoen Zentruarenak). Zentru hau Donostiako Industri Injineruen Eskolari erantsia zegoen (eta dago) eta jadanik oso ezaguna zen zientzi eta teknologi arloan.

Ikerketa-zentruek ikerketa-eremu desberdinak jorratzen dituzte eta bakoitzak bere esparru propioa du. Manuel Fuentes-ek honela mugatzen du CEITen laneko eremua:

Bakoitzak geure burua kokatzeko I + G (Ikerketa gehi Garapena) sisteman oinarritzen bagara, CEIT Ikerketaren eta Garapenaren lehen faseetan bereziki aritzen dela esan behar da, Euskal Herriko beste ikerketa-zentruak garapenaren erdiko eta azkeneko fasetan aritzen diren bitartean. Zenbait zentruk enpresen laguntzaile gisa funtzionatzen duen bitartean, guk injineru-eskolaren eraginez iharduera zientifikoa lantzen dugu.

Transmisiozko mikroskopio elektronikoa. Tresna hau oinarrizko ikerkuntz mailan erabiltzen da bereziki. Europan daudenen artean, eredu hau hoberenetakotzat jotzen da.

Entitate babestu izan aurretik CEITen finantzabideak bi iturri nagusi zituen. Alde batetik estatuko zenbait zentru eta bestetik enpresa handiren batekin (CAFekin adibidez) sinatutako akordioak. Enpresa honekin konkretuki, abiadura handiko gurpil baten diseinua estudiatu zen. Lan hau arrakastaz bukatu zen eta munduko aldizkaririk hoberenetan eman zen horren berri. Baina, lan horren emaitzak hemen aprobetxatu beharrean Estatu Batuetan aprobetxatu ziren, zenbait arazo politiko zela medio.

Hasierako harreman haiek mantentzen badira ere, Eusko Jaurlaritzak Entitate Babestuaren irudia sortu zuenez gero ikerketa-zentruen ikusmirak asko aldatu dira. Entitate Babestu izateak, Eusko Jaurlaritzak proiektu jeneriko deitutakoak kontratatuz gehienez zentruaren aurrekontuko %50 estaliko duela esan nahi du. Manuel Fuentes-ek dioenez, proiektu jeneriko hauekin zentruak aberastu egiten dira eta horrela beste proiektu defizitario batzuei aurre egin diezaiekete.

50 tn-ko makina dinamikoaren kontrola. Makina honek 40 tn 1 m/s-ko abiaduraz aplika ditzake. Irudi honetan ijezketa-prozesu industrialak simulatzeko CEIT-ek diseinatutako tresneria ikusten da.

Hamarkada honetan zenbait industriak, giroa aldatu delako agian, beren produkzio nahiz produktuak hobetzeko asmoa azaldu du. Beraz, honek ikerketa-zentruen laneko esparrua zabaltzea esan nahi du. Lehen aipatutako CAF enpresaz aparte, Tubos Reunidos, Tubacex, Artetxe Anaiak, Iberduero, eta abar, harremanetan daude CEITekin.

Enpresa hauekin dauden proiektu guztiak aipagarriak baldin badira ere, biren erreferentzia bakarrik emango dugu.

CAF enpresarekin, baldintza gogorretako burdinbide-esekidurak hobetzeko estudioa burutzen ari dira une honetan.

Iberduerorekin arrakasta handiz burutuako proiektua, linea elektrikotan matxurak urrutira detektatzekoa izan zen. Gaur egun asko erabiltzen den sistema da hau, hain zuzen ere.

Labe berezia material zeramikoak sinterizatzeko. 2500 ºC-raino berotu daiteke, nitrogeno- edo argon-atmosferak erabiliz ala hutsean mantenduz.

Aipatzekoak dira Europan kontratatutako proiektua ere: Espazio-Agentzia Europarrarekin espazioan kokatzeko oso mekanismo konplikatuen diseinua alde batetik eta CAD pakete bat (lan hau burutua dago) bestetik aztertzen ari dira. Ikatzaren eta Altzairuaren komunitatearekin, hausketaren mekanika lineala eta neke plastikoa dira besteak beste aztergai. BRITE proiektu europarrean, ZERMET (zeramiko-metaliko) materialak aztertzen ari dira. Beira metalikoak ere beste zenbait ikerketa-zentru europarrekin batera ikertzen ari gara.

Estatu Batuetako zenbait enpresekin harreman estuak daude. Izen batzuk emateko INTEL komunikazio-enpresa eta EXXON petrolio-enpresa aipatu beharko lirateke.

Orain arte aipatutako proiektuek eta lan-eremuek CEITeko lansail desberdinen berri ematen dute. Batez ere hiru sail daude:

  • mekanika aplikatua
  • materialak
  • kontrola/elektronika
Berotako prentsa isostatikoaren gorputza. Tresna hau hauts metalikoak eta zeramikoak sinterizatzeko erabiltzen da....

Hauez gain ingururigoari buruzko sail txiki bat dago. Gazteena denez, ez du lorpen garrantzitsurik eman oraindik.

Langilego berezia

Ikerketa eta garapenaren lehen faseetan aritzen den zentruak langilego berezia eduki behar izaten du. Horixe da hain zuzen ere CEITen gertatzen dena. Administrazio-lanetan eta laguntza-lanetan dabiltzan pertsonez gain, ikerlari guztiak doktore dira; 50 gutxi gorabehera. Hauetatik hamaika, ikertzaile nagusi deitutakoak dira. Titulu hori lortzeko, doktore titulua edukitzeaz aparte munduan dauden aldizkari teknikorik onenetan txostenak nahiz artikuluak argitaratu behar dira. Zientzi arloan munduko onenak esateak, EEBBetako, Britainia Haundiko eta Alemaniako aldizkari jakin batzuetan argitaratzea esan nahi du. Aipatu beharra dago bederatzi doktorek bi tesi doktoral egin dituztela ere; bat estatuan eta bestea atzerrian.

... tresna honekin tenperatura eta presioa batera aplika daitezke. Tenperaturaren balio maximoa 2000 ºC-ko da eta presioarena 200 atmosferakoa.

Ikerketa-zentruetan oso normala izaten da bekadunak aurkitzea, bat, bi edo hiru urtean formatzen egoten direlarik. CEITen bekadunak egon ordez doktoregaiak daude. Normalean doktore izateko laupabost urte behar izaten direnez, horixe da hain zuzen ere jende-mota honek bertan irauten duen denbora. Manuel Fuentes-ek esan zigunez, doktoregaiak lehen bi urteetan formatzen egoten badira ere, hirugarren urtetik aurrera ikasitakoa aplikatzen hasten dira proiektu desberdinei gazteen indarra emanez.

CEITeko ikerlarien curriculuma dela eta, hauetako askok estatu-nahiz nazioarteko aholkularitza-batzordetan parte hartzen dute, eta baita kongresu espezializatutan ere.

Finantzabidea

Finantzabideei buruz hitz egin genuenean, zera esan zigun Fuentes-ek: lukro asmorik gabeko entitatea gara, baina ezin dugu galerarik eduki.

Finantzabide nagusia Eusko Jaurlaritzatik dator; %45 gutxi gorabehera. Lehen esan den bezala, diru honen truke adostasunean onartutako proiektuak burutzen dira. Gipuzkoako Foru-Aldundiarekin batera dauden programen arabera aurrekontuaren %10-15 betetzen da, Europako programetatik beste %10 eta azkenik enpresa pribatuekin lan egiteagatik falta den %25-35 lortzen da.

Departamendu desberdinak bisitatu genituenean, makineria nahiz tresneria sofistikatua bezain garestia ikusi genuen. Hogei milioi, hogeitamar milioi pezeta zen ikusi genuen makina bakoitzaren prezio normala. Baina Fuentes-ek tresneria hau zein erraz lortzen zuten azaldu zigunean, harrituta geratu ginen. Hauxe esan zigun: departamentu batek gailu bereziren bat behar duenean, departamentu horretako ikerlari-buruak eskaera egiten dio dagokion entitateari. Eskaera horri bere curriculuma, argitarapenak, etab. erantsiz, eskatutakoa onartua izaten da pezeta bat ere eztabaidatu gabe. Hitz hauen azpian CEITen izenaren indarra soma daiteke.

Trenaren esekidura aktiboen ikerketa esperimentala. Proiektu hau Beasaingo CAFekin batera egiten ari dira trenen egonkortasuna hobetzeko asmoz
ikus Elhuyar 16. aleko artikulua

Injineru-Eskolarekiko harremanak ere aztergai izan ziren elkarrizketan. Bi erakundeentzat onak omen dira erlazio hauek. Alde batetik CEITeko zenbait ikerlari Injineru-Eskolan irakasle ere badenez, irakasten dutena praktikoki esperimentatzen dute, eta honek beti beste zentzu bat ematen dio irakaskuntzari. Bestalde, CEIT unibertsitateak duen zientifismoaz kutsatzen da eta horrela metodo zientifikoaren inguruan garatzen du bere eginbeharra.

CEITen asko zaintzen den eginkizuna, beste ikerketa-zentruekiko erlazio eta informazio-trukaketa da. Horren ondorioz urtero 6-10 bisitari ospetsu izaten dira aste-pare batez eta berdin gertatzen zaie CEITeko zenbait ikerlariri; hauek Europa nahiz EEBBetako ikerketa-zentruetara joaten bait dira.

Etorkizunari begira

Deformazio handiko neke-saiakuntza. Probeta 600ºC-raino berotuta dago erresistentzia elektrikozko sistema erabiliz, eta karga aldakorrak jasaten ari da. Tenperatura neurtzeko termopare bat probetaren gainazalean soldatuta dago, eta neurri-aldaketak ezagutzeko estentsometro diametral bat erabili da.

Etorkizunaren aurrean oso baikor azaltzen dira, baina zuhur jokatuz. Antza denez EEBBetan, Britainia Haundian eta Holandan, gehiegi hazitako zenbait zentruk porrot egin bait du. Konsziente dira beren aurrekontuen zatirik handiena diru publikoaz estaltzen dela eta, beraz, horrek borondate politikoak irauten duen bitartean aurrera segituko duela, baina egunen batean diru-iturri hau agortu egingo da eta orduan enpresa pribatuan bilatu beharko dute finantzabidea. Beraz, nahiz eta orain eskaerak eskaintzak baino gehiago izan, luzera arazoak ekar ditzake gehiegi hazteak. Kontutan hartu beharreko beste faktorea, zein ikerketa-arlotan inbertitzea da.

Horretarako ikusmirak hamar edo hogei urtera jarri behar dira, eta jakina, asmatu egin behar da. Hau dela eta, gaur egun izen eta arrakasta handia duten arlo batzuetan (hausketaren mekanika linealean adibidez) ez da gehiago haziko. Aldiz, heldutasunera iritsi ez diren beste arlotan (mikroelektronika eta mekanika esperimentalean adibidez), inbertitu egingo dute CEITen. Hala ere, etorkizunaren aurrean baikor azaltzearen arrazoi nagusiena metodo zientifikoa aplikatzean datza; horrela teknologia konkretu baten zerbitzuan egon beharrean teknologi eremu baten zerbitzuan egoten da eta ondorioz, zailagoa da porrot egitea.

CEIT-en iharduera nagusiak

Materialen saila

  • Aleazio nahiz metalen mikroegituraren eta propietate mekanikoen arteko erlazioa.
    • Deformazio plastikoa
    • Hausturaren mekanika
    • Ziklo handiko eta txikiko nekea
  • Transformazioak egoera solidoan
  • Sinterizazioa fase likidoan
  • Produktu berdeen berotako forjaketa
  • Konposatu bimetalikoen konformazioa
  • Injinerutza zeramikoko produktuen finkapena

Elektrizitate-, elektronika- eta kontrol-saila

  • Erdieroalezko gailuen ereduak
  • Mikroprozesadoreak
  • Potentzi sistemen egoeraren estimazioa
  • Eremu elektromagnetikoen zenbakizko analisia
  • Ordenadorez zuzendutako prozesuak
  • Sare lokalak

Mekanika aplikatuaren saila

  • Elementu finituen bidezko analisia
  • Mekanismoen zinematika eta dinamika
  • Makina erremintaren diseinua
  • Bibrazioak
  • Analisi esperimental modala
  • CAD/CAM
  • Hausturaren mekanika
  • Egituren optimizatzea
  • Robotika
  • Ibilgailuen esekidura aktiboa

Ingurugiro-ikerketarako taldea

  • Uraren poluzioaren segimendua eta kontrola
  • Hondakin-uren tratamendu-prozesuen ereduztapen dinamikoa
    • Material organikoen biodegradazioa
    • Malutapena
    • Sedimentazioa

Kalkulu-zentrua

  • CAD/CAM
  • Programazio lineala
  • Izakinen murriztapena

Tresneria berezia

  • Ordenadoreak eta dagozkien periferikoak (VAX 11/780, HP 9000, MICROVAX II)
  • Transmisiozko mikroskopio elektronikoa
  • Arakapenezko mikroskopio elektronikoa
  • Energia barreiatuaren mikroanalizatzailea
  • X izpizko difraktometroa
  • Bonbardaketa ionikoz mehetzeko unitatea
  • Makinen entseiu dinamikoa, ordenadorezko kontrolerako baliabideekin
  • Berotako prentsa isostatikoa
  • Tenperatura altuko sinterizazio-labeak
  • Zurgapen atomikozko espektrofotometroa
  • Karbono organikoaren analizatzailea
  • Mikroprozesadoreentzako garapen-sistema
  • Transistore bipolarretako junturen entseiu automatikoa
  • Elektronikan CADez iharduteko lanpostua
  • Fourier-en analizatzailea
  • Entseiu dinamikotarako mikroordenadorea
  • CADerako lanpostu grafikoa
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila