Hondartza, itsasoaren ataria

Lexartza Artza, Irantzu

Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

Uda laster izango dugu hemen, eta, hura hurbildu ahala, hondartzak betetzen hasiko gara. Baina hondartzak, beltzaran jartzeko eta bainatzeko erabiltzen ditugun tokiak izateaz gain, inguru aberats eta garrantzitsuak ere badira. Kontinenteen eta itsasoen arteko paregabeko munduak dira.
E. Carton

Eguzkiarekin eta aisialdiarekin lotzen ditugun hareazko eta legarrezko hondartzak komunitate biziak dira, hainbat landareren eta animaliaren bizilekua. Itsasoaren eta lurraren arteko elkarrekintzak sortzen duen kondizio-nahasketak eratzen ditu ekosistema horiek sortzeko ezaugarri bereziak. Metatzegune horietan aldaketa handiak gertatzen dira denbora gutxian.

Prozesu sedimentario aktiboak etengabe gertatzen dira hondartza naturaletan, eta prozesu horietan hainbat faktorek eragiten dute: urtaroen zikloak, itsas maila erlatiboaren aldaketak, sedimentu-hornidurak, ziklo meteorologikoak eta abar.

Aisialdirako erabiltzen ditugu inguru hauek.
N. Rementeria

Faktore horien guztien elkarlanaren ondorioz, berdingabeko kondizio geologikoak eta geomorfologikoak sortzen dira, eta horien arabera ezartzen dira tokian tokiko ezaugarri fisiko nagusiak: garauaren tamaina, malda, egitura sedimentarioak…

Sedimentuek eraikitzen dute hondartza. Hainbat jatorri izan ditzakete: itsasoko eta kostaldeko arroken higadura, lur-jauzietan sortutako harritza-deposituak, ibaiek higatutako eta garraiatutako materialak…

Behin hondartza-sisteman sartuta, material horiek kostalderantz, kostaldetik at edo kostaldearekiko paralelo eramaten dituzte olatuek edo korronteek. Arrokak biribildu eta leundu egiten dituzte indar horiek. Marearen eraginak eta olatuek partikulak askatu, txikitu eta nahastu egiten dituzte, harearen tamaina eman arte.

Konposaketa nolakoa, halakoa izaten da harearen kolorea. Tenerifeko hondartza honen kolore beltzak agerian uzten du jatorri bolkanikoa duela.
E. Carton

Sedimentuak metatu eta higatu egiten dira ziklikoki, eta, une bakoitzean zein den nagusi, fase eraikitzailean edo higatzailean egoten da hondartza. Fase bi horien arteko balantzeak definitzen du hondartzaren eboluzioa nolakoa izango den.

Normalean, garai batzuetan metatzea izaten da nagusi, eta beste batzuetan higadura. Epe luzean orekan baldin badaude, hondartzaren hedadura ez da aldatzen. Bietako bat nagusitzen bada, ordea, hondartza eraldatu egiten da. Sarritan gizakiak hondartzaren dinamikan eragiten duten jarduerak egiten ditu, eta fase bi horietako bati indar gehiago ematen dio. Ondorioz, desoreka sortzen da eta hondartzak aldatu egiten dira.

Itsasoaren eragina

Hondartzaren izaera itsasoarekiko duen harremanak definitzen du. Hala, mareen eraginaren arabera banatzen dira hondartzako gune fisikoak, eta horietako bakoitzak bizidunentzako kondizio-multzo espezifikoak ditu.

Lurraren eta itsasoaren arteko elkarrekintza-guneak dira hondartzak.
I. Lexartza

Urpeko aldea mareabeheraren lerroak eta ur-hausteak eragindako sedimentu-mugimenduen mugak definitzen dute. Normalean harea-barra batek edo gehiagok osatzen dute, eta tartean sakonuneak sortzen dira, guztiak kostaldearekiko paralelo. Energia handikoa da inguru hau.

Hondartzaren frontea edo aurrealdea urpean eta agerian geratzen da periodikoki mareen eraginez. Hondartza aktiboaren eremua da eta gune horretan gertatzen dira aldaketarik handienak egunean zehar. Itsasorantz duen inklinazioa nahiko maldatsua izan ohi da, gorengo partean bereziki. Gainazala nahiko leuna du olatuen ekintzaren ondorioz, eta goiko aldean hondartza-gailurra dago.

Hondartza-gailurraren atzealdean leunagoa da itsasoranzko malda. Goiko ur-lerrotik gora kokatuta dago eta marea biziak daudenean baino ez du olatuen ekintza jasaten. Itsasgoraren puntutik ekaitz-olatuen eraginaren goiko mugaraino zabaltzen da. Gainazal latza du, eta, ekaitzen artean, haizeak sortutako formak garatzen ditu.

Euskal kostaldeko hondartza asko itsaslabarren artean daude kokatuta.
M. Estonba

Itsasoaren gorengo muga jito-lerroak erakusten du. Olatuek urrunen utzitako materialek definitzen dute lerro hori, eta hortik gora urak ez du zuzenean eragiten.

Hondartza askok itsaslabarrak edo dunak izaten dituzte barrualdeko muga. Horrelako itsaslabarrak inaktiboak izaten dira, normalean ez dutelako itsasoaren erasoa pairatzen.

Dunak gara daitezen, bestalde, harearen tamainakoa izan behar du sedimentuak. Haizeak partikula horiek garraiatu eta modelatzen ditu, eta harea pilatu egiten da jito-lerrotik gora.

Hondartza-sistemaren dinamikan eragiten denean, eraldatu egiten da egitura naturala. Esate baterako, giza interesengatik olatuen energia mugatu, ibaien ibilguak aldatu edo kostaldea eraldatuz gero, desagertu egin daitezke inguru natural aberats hauen aparteko ezaugarriak. Eragin berbera izan dezake gune horien gehiegizko ustiapenak ere.

Euskal kostaldeko hondartzak

Hondartzaren atzealdea eraikuntzekin mugatzeak dinamika naturala eteten du.
I. Lexartza

Euskal Herriko kostaldean, batez ere mendebaldean, arroka gogorrak dira nagusi eta hondartzak itsaslabarren artean agertzen dira. Ipar-ekialderantz joan ahala, ordea, gero eta toki gehiago dute zabaltzeko. Hondartza txiki asko dago metro gutxi batzuk baino ez duena, baina badaude kilometro batetik gora luzatzen direnak ere.

Hareazkoak zein legarrezkoak izaten dira Bizkaiko Golkoko hondartzak. Horietako asko itsasaldera irekita daude, batzuk erabat agerian eta beste batzuk txokoetan kokatuta. Horrelako hondartza gehienak estuak dira, sarritan itsaslabar batek mugatzen baititu atzetik. Horren adibide dira, besteak beste, Sopelako hondartzak eta Azkorrikoa.

Bestalde, hondartza nagusi gehienak itsasadarretan daude kokatuta. Horietan garrantzi handia du ibaiaren eta itsasoaren arteko elkarrekintzak. Tamaina askotakoak izan daitezke, eta horrelako inguruetan daude Euskal Herriko luzeenak, Hendaiakoa eta Zarauzkoa kasu. Lapurdi, Gipuzkoa eta Bizkaiko itsasadar guztietan egon dira naturalki sortutako hondartzak, nahiz eta batzuetan desagertu egin diren.

Hondartzari muga artifizialak jartzean, ekaitzen jarduera aldarazi egin
daiteke.
Argazkiak: N. Rementeria

Badietan ere aurki ditzakegu, nahiz eta gutxi diren Euskal Herrian. Ezagunena Donostiakoa da, eta metaketarako leku onak dira horrelakoak, fase higatzailean energia gutxi daukate eta.

Donostian tonbolo bat ere egon zen, baina eraiki egin zen haren gainean, eta erabat estali zen. Mota horretako egituren beste adibide bat bada oraindik Lekeition, baina hark ere pairatu du gizakion nolabaiteko eragina.

Euskal Herriaren erliebearen eraginez, populazioa ibai-haranetan biltzen da, eta baita kostalde eta itsasadarretan ere. Hortaz, garapen industriala ibai-arroetan eta itsasadar gehienetan gertatu da. Gainera, lantegien eta populazioaren jarduera ibaien gainean hasi eta itsasertzeraino iristen da.

Horrek eragin handia izan du kostaldean, eta azken urteetan hainbat hondartzatako elementuak edo hondartza osoak desagertu dira. Ibaizabalen itsasadarrekoak dira, besteak beste, horren adibide. Batzuetan hori eragin duen jarduera hondartzetan bertan gertatu da, baina beste batzuetan lur barneko zein kostaldeko elementuetan eragiteak zuzenean kaltetu ditu hondartzak. Esate baterako, dikeak eraikitzeak edo ibaiak eraldatzeak erabat aldatu dute Gorliz, Gros eta beste hainbat hondartzaren dinamika.

Hondartza naturalak ekosistema aberatsak dira.
I. Lexartza

Gaur egun hondartza erabat artifizialak ere badira euskal kostaldean, Hondarribikoa kasu. Aisialdirako eman zaizkie dituzten ezaugarriak eta sarritan harea eraman behar izaten dute periodikoki, adibidez, Angeluko hondartzara. Izan ere, hondartza artifizial asko ez daude metatzeguneetan kokatuta eta etengabeko higatzea jasaten dute.

Kostaldea, energia- eta sedimentu-koktela

Kostaldeek garrantzi handia dute mundu osoan, itsasertzeko inguruneek betidanik erakarri baitute jendea. Itsasoratzeko errazagoak ziren tokietan ezartzen ziren bizilekuak, bizibidea errazteko asmoz. Gainera, aisialdiak gero eta pertsona gehiago ekartzen ditu kostaldera, eta, bereziki, hondartzetara.

Gune horiek sortzeko, ordea, beharrezkoa da kondizio jakin batzuk izatea. Izan ere, kostaldea, fisikoki, oso konplexua da. Olatuen ekintzak, energiaren distribuzioak eta sedimentu-emariak, besteak beste, definitzen dute kostaldearen garapena nolakoa izango den. Sedimentu-emaria eta energia antzekoak direnean, adibidez, sedimentuak pilatu eta hondartzak sortzen dira normalean.

Tamaina, itxura eta mota ugari

Hesia.

Inguru klimatiko eta geografikoaren arabera, ezaugarri desberdinak dituzte hondartzek. Gainera, kostaldean duten kokapenak ere eragiten du era batekoak ala bestekoak izatea , eta hori hartzen dute kontuan egin diren sailkapen gehienetan.

Kostalde-ertzean bertan daudenak: badietakoak, itsaslabarren oinetan daudenak, itsasadarretakoak… Zuzenak, konkaboak zein konbexuak izan daitezke.

Hesi-hondartzak zingira edo lagoon batek banatzen ditu kostaldetik.

Kostalde-mihiak, alde batean lur-ertzari lotuta, itsasoan barneratzen dira.

Mihia.

Tonboloak irla edo arroka bat kostaldearekin konektatzen duten hondartzak dira. Batzuetan itsasgorak estali egiten ditu, baina itsasbeherak agerian uzten ditu berriro.

Hondartzako materialak ere eragin handia du hondartzaren itxuran. Kuartzoak, adibidez, presentzia handia du hareazko hondartza askotan, luze egiten baitio aurre higadurari. Mineral horrek kolore argia ematen dio hondartzari. Horrekin batera, maskor-zatiak, harri-zatiak, eta abar aurki daitezke.

Tonboloa.

Beste leku batzuetan koralak eta laba dira harearen osagai nagusietako batzuk, inguru bakoitzean eskuragarria den materiala higatu eta metatzen baita hondartzan. Konposaketa nolakoa, halakoa izaten da harearen kolorea: marroia, zuria, beltza, berdea, arrosa…