Paleontologia iraganeko biziaren ikerkuntza da definizioz eta oraingo biziaren azterketa neontologiaren eskuetan uzten du. Baina, oraina ameskari bat baino ez da eta etengabe iragana bihurtzen da. Beraz, paleontologia biziaren azterketa dela esan genezake besterik gabe. Areago, bizia bera ere ia ameskari bat da, berehala heriotza baitator. Hortaz, paleontologia biziaz eta heriotzaz arduratzen da.
Heriotza, ahalik eta beranduen gertatzen laguntzen du medikuntzak eta beronek erabiltzen dituen bideen artean daude transplanteak, hots, Frankensteinatze-prozesuak. Milurteko honen amaieran entzuna dut, mende batzuk barru medikuntzak heriotzarik gabeko etorkizuna erdiets zezakeela. Hau, neurri batean Frankensteinatze-prozesuaren bidez lortu ahal izango da; hori bai, inork ez du azaltzen beharko diren organo eta gorputz-adarren emaileak nor izango diren, xenotransplanteak eta ordezko artifizialak ez baitira nahikoa izango! Aurrerapenak aurrerapen, heriotza saihestu ezinekoa dela medikuek eta paleontologoek ondo ederki dakigu...
Hala ere, gorputzari betirako iraupena eman ahal izateko aurretik ere egin dira ahaleginak. Horrela, agintari egiptoarrak, besteak beste, momifikazioaren bidez saiatu ziren. Zoritxarrez, teknologiarik aurreratuenenak ere ez lituzke momia hauek berpiztuko. Dagoeneko erdi-fosilizaturik daude. Bestalde, aspaldi honetan ezer entzuten ez bada ere, XX. mendean momifikazio modernoak, krionizazioak alegia, ere izan du bere lekua, batez ere Ameriketako Estatu Batuak ditxosoetan. Horrela, hildako pertsonaje "garrantzitsu" batzuk, Disney eta Kennedy besteak beste, izoztu eta gorde egin dituzte hiltzera eraman zituzten arazoei erremedioa aurkitu eta berpizteko teknologia asmatuko den egunaren zain.
Baina momifikazioa eta krionizazioa oso garestiak dira eta ez dute ezer ziurtatzen. Agian, hobe, Historiara zerbait "handia" eginez pasatzea. Horretarako, batzuek lan erraldoiak eginarazten dituzte. Hortxe ditugu Egiptoko piramideak, Txinako harresia, El Escorial jauregia, Eiffel dorrea, Guggenheim-Bilbao museoa eta Kurtsaal Berria jauregia, beste askoren artean. Gehienek, aldiz, nahikoa dute trikuharri, estela edo kanposantuan Kretazeoko kareharriekin egindako hilobi txukun batekin. Ildo beretik, beste batzuek beren izena egile modura ikusi nahi dute ahalik eta liburu, artikulu, artelan,... gehienetan edo Guiness liburuan errekor batez agertu.
Dena den, gehienok iraupen genetikoan jartzen dugu itxaropena. Geneen bidez gure seme-alabengan irautea esleitzen dugu. Honek antza, arrakasta txikia du. Frantzian izen-deiturekin egindako ikerketa batzuen bidez ikusi da XIX. mendearen hasieran bizi ziren leinuen % 70 baino gehiago suntsitu direla. Antza, deitura-espezie bakar batzuk dira arrakastatsu; Martinez abizenekoen adibideak frogatuko luke azken hau Espainian. Batzuentzat iraupen genetikoa nahikorik ez denez, azken bolada honetan klonazioa letorkieke laguntzera. Baina Arturo Elosegik(1) ondo azaldu bezala, hau ez da benetako bidea, izaki berria, berria delako eta ez jatorrizko gorputzaren iraupena.
Erlijioek gorputzaren iraupena ezin dute bermatu eta gehienez, arimarena edo gorputz berri batean berriro jaiotzea eskaintzen dute. Ikusirik espezie aldetik kakalardoak direla munduan ugarienak askogatik, 300.000 espezie baino gehiago hain zuzen, esango nuke gizabanako gehienoi inoiz kakalardo izatea tokatzen zaigula. Galdetu bestela arabarrei. Bestalde, Kristau erlijioak eskaintzen ditu arimaren iraupena eta gorputzaren berpiztea Zeruan, alegia, egun osoa harpa jo eta Jaungoikoari begira egoten omen den leku etereo eta txuri-urdin batean.
Nik neuk ere baditut bizitza eta heriotzaren inguruko kezkak. Batetik, ahalik eta luzeen iraun nahi dut mundu honetan bizirik. Nahiago dut harpa hementxe eta orain jo, hurrengo bizitzan baino. Bestetik, badakit noizbait hilko naizela eta hil ostean maite nautenen pentsamenduan iraungo dudala denbora batez. Baina hau ez zait nahikoa iruditzen. Horregatik, paleontologian jarri gura dut luzaro irauteko itxaropena. Fosilizazioak eskain liezaidake behin-behineko iraupena. Eskuetan daukat duela 500 milioi urteko trilobite bat. Trilobitetxoa zendu zenean uzkurtu, biribildu eta pilotatxo batean bildu zen. Pilotatxo hau itsas ondoan jalki zen eta nekrofagoek desegin baino lehenago lohiek estali zuten. Lohiak gogortu, pilatu eta arroka gogorra, hots hilkutxa iraunkorra, bihurtu. Azkenik, tektonikak eta higadurak pilotatxoa gordelekutik azaleratu dute. Inoiz bizi izandako izakien kopuru murritz batek trilobitearen patua segitu du. Izaki gehienek, aldiz, ez dute horrelako zorterik eta hil ondoren nekrofagoek erabat desegiten dituzte. Fosilizazioa da, beraz, gorputzak irauteko ezagutzen dugun biderik egokiena. Ezin du betirako iraupena bermatu, lehenago edo geroago fosilak ere desegiten direlako, gure Ludia bera Eguzki Sistemarekin batera desagertuko den bezalaxe.
Nik neuk ez dut hil ondoren kanposantuan zizare eta bakterioen jana izan nahi, gurago dut, ahal den neurrian, egungo Frankensteinatzerako errekanbio-multzoa bihurtu, eta horrela beste norbaiti lagundu. Horretarako balio ez duena hobe da erretzea ene ustez, eta zomorroen fase gastronomikoa ekidin. Baina, ahal izanez gero, erre baino atseginago dut fosilizatzea. Zaila da jakitea non ari diren gaur egun lagerstaetenak eratzen, hau da, fosilizazio-baldintza paregabeko aztarnategiak. Baina, horren mutur-finekoak izan barik, besterik gabe itsas sakona izan daiteke fosilizatzeko leku aproposa, bertan alde bigunek seguruenik ez, baina gutxienez hezurrek izango dute fosilizatzeko aukera. Apika, ozeanoetako hondaleetara ondoratutako gizabanako batzuk fosilizatzen ari dira dagoeneko.
Ondo pentsatuta, hildakoei fosilizazioa eskaintzea iraupen gisa ez da agian enpresa-ideia txarra. Kanposantu geologikoak eskainiko lituzkeen industria tafonomiko errentagarria sor daiteke, zalantzarik gabe. Nork dio paleontologian, dinosauruak aparte, ez dagoela etekin ekonomikorik? Al loro, etorkizunak kontrakoa frogatuko baitu!