HIESaren kutsapena nola ebitatu?

Agirre, Jabier

Medikua eta OEEko kidea

Hartutako Inmuno-Eskasiaren Sindromea sortzen duen birusa bestelako infekzioak ez bezala, ez da harreman sozialetan transmititzen.

  • Ez bostekoa ematerakoan eta ezta besarkada baten bidez ere.
  • Musu bat emateak, edota edalontzia edo zigarroa beste pertsona batekin konpartitzeak ere ez du HIES transmititzen, azken horiek erabat higienearen kontrakoek diren arren.
  • Igerileku publikoak, komunak edota telefono publikoak ere ez dira kutsatzeko arriskua duten lekuak.
  • Birusa 56°C-tik gorako tenperaturetan eta lixiba erabiliz suntsitu egiten da.
Odol-transfusioak eta xiringak arrisku-faktore dira.

Giza Inmunoeskasiaren Birusa (HIV bezala ezagutzen dena), ondorengo bideetatik transmititzen da:

  • Odolaren bidez: transfusio, xiringa edota bestelako tresna zorrotzen bitartez, eta beti ere larruazaleko zauri txikiren batez baliatuz edo injekzioz.
  • Gorputzeko jariakin edo fluidoen bidez: semenaren bidez batez ere, eta oraindik oso argi ez dagoen arren, baita agian malkoen eta listuaren bidez ere.

Arrisku altuko taldeak

HIESari buruzko Batzorde Nazionalak 350 pertsona inguru identifikatu eta diagnostikatu ditu eritasunak jota bezala, eta horietatik 210 hil dira dagoeneko (%60tik gora).

  • Gure artean arrisku-talde nagusia drogazaleena da, xiringak trukatzen dituztelako eta baita duten promiskuitateagatik ere (hau beste arrisku-faktore bat izanik).
  • Erasandakoen artean %11 dira emakumezkoak, eta hauetatik gehientsuenak drogazaleak. Haurdun geratuz gero, abortu terapeutikoa eska dezakete legez; fetua kutsatzeko posibilitateak oso handiak bait dira (%50, gutxi gorabehera).
  • Homosexualak, eta baita bisexualak ere, beren promiskuitatearen arabera daude arriskutan.
  • Azkenaldi honetan egiten diren plasma-analisiei esker, hemofilikoak arrisku-taldeen artetik atera genitzake, zorionez. Odol-bankuetan ere derrigorrezkoak dira proba hauek, transfusiotan kutsapen-arriskua ebitatzeko.

Dena den, analisi batean HIV birusaren aurkako antigorputzak dituztela jakin duten pertsona guztiek ez dute eritasuna garatzen. Gaur egun pentsatzen denez, pertsona horietatik %20-25 izango dira 5 urteko epean eritasuna jasango dutenak: Baina kutsatzeko arrisku gehiena ere beraien artean dago, baldin eta sintomarik ez dutela eta, eritasuna beraiekin daramatela jakin gabe prebentzio-neurririk hartzen ez badute.

Gure Herrian 100.000tik gora dira HIESaren birusarekin harremanetan jarri direnak, nahiz eta horietatik gehienak inoiz eritasuna jasango ez duten. Behin harremana eduki ondoren, Sindromearen lehen sintomak (eritasuna “egiten” dutenean, 2. fasea) ondoez orokorra, sukarra, pisu-galera, muskuluetako minak, giltzaduretakoak eta gongoil linfatikoen tamainaren handitzea izan ohi dira. Hirugarren fasean birusak gorputzaren defentsei eraso eta suntsitu ahala, gaixoa oso sentibera aurkitzen da pertsona osasuntsuak oso erraz gainditzen dituen eritasunen aurrean. Infekzio bat (edo gehiago) agertzen dira eta konplikazioengatik hil egingo da.

Denok hartu beharreko neurri minimoak

  • Preserbatiboa (edo kondoia) da semenaren bidezko kutsapen-arriskua ebitatzeko prebentzio-metodorik eraginkorrena.
  • Ipurdi bidez egiten diren harreman sexualak arriskutsuagoak dira preserbatiboa erabili ezean; uzkian eta ipurdian beti egoten bait dira semenak ekar dezakeen birusa har dezaketen zauri txikiak.
  • Kontutan har ezazu barrera-sistema honek (kondoiak, alegia) ez duela koitoaz bestelako sexu-harremanetan inolako babesik eskaintzen.
Harreman sexualetan kondoia erabiltzean HIES arriskuei ekiditen zaie.

Harreman sexualak alde batera utzita, hona hemen guztiok oso kontutan eduki behar genituzkeen prebentzio-neurri bezala guztiz eraginkor diren zenbait puntu:

  • Injekzio bat jarri behar dizutenean, xiringaren prezintua zure aurrean hautsi dezatela eskatu.
  • Hortzak garbitzeko zepilua (eskuila) eta bizarra mozteko labana ez beste inorekin konpartitu.
  • Sexu-harreman kasualetan erabili beti preserbatiboa.
  • Zeuretzat edo zeure senide edo adiskideren batentzat laguntzarik behar izanez gero, zure eskueran daukazu HIESaren telefonoa: Donostian (943) 282666, 1987ko abenduaren 15ean zabaldu zena, guztiz konfidentziala eta nahi adina informazio emango dizuna.

Birusaren aurkako antigorputzak dituen edozein pertsonarekin bizi zintezke inolako arriskurik gabe, aipatu ditugun neurri sinple horiek hartzen badituzu.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila