Iowan, Illinoisen eta inguruko estatuetan, artoak ikaragarrizko garrantzi ekonomikoa du. Han, arto-sail amaigabeak daude, eta ekoizleek barietate onenak bilatzen dituzte beti. Hala, badira 80 urte barietate hibridoak ereiten dituztela, arto-barietate arruntek baino uzta hobea ematen baitute.
Hibridoak gurasoek baino ezaugarri hobeak izateari heterosi deitzen zaio, eta XX. mendearen hasieran frogatu zuten fenomeno hori gertatzen zela artoan. Iparraldeko ale gogorreko barietatea hegoaldeko hortz-itxurako alea duenarekin gurutzatuz, etekin handia ematen zuen hibrido bat lortzen zela erakutsi zuten. Hala ere, garai hartan ezin zuten hibridatu eskala handian, eta, horregatik, nekazariek ez zuten arto-mota hura ereiterik.
1914-1917an lortu zuten lehen aldiz barietate hibrido komertzial bat egiteko metodoa. Lau barietatetatik abiatuta, gurutzaketa bikoitzaren bidez sortzen zuten hibrido hori. Denborarekin, lau barietate beharrean bi bakarrik erabilita, eta gurutzaketa bakarra eginda, hibrido interesgarriak lortu zituzten.
Gaur egun, barietate hibridoak oso zabalduta daude. Horietako bat, F1 arto hibridoa, ohikoa da artoa ekoizten duten AEBko estatuetan, eta baita barietate parentalak edo 'gurasoak' ere: B73 eta Mo17 barietateak. Hain justu, hiru horiei jarri diete arreta Iowako Unibertsitateko ikertzaileek.
B73 eta Mo17 barietate puruak dira, oso homogeneoak genetikoki eta ezaugarri jakinekoak. F1 hibridoa bi horiek gurutzatuta sortua da, eta barietate parentalak baino lehenago heltzen da, gehiago hazten da eta uzta hobea ematen du.
Ikertzaileek ondo ezagutzen dituzte hirurak; hain zuzen ere, F1 hibridoaren ondorengo batean oinarrituta egin da artoaren mapa genetikoa. Oraingo ikerketan ere azterketa genetikoa egin dute, baina ez DNA argitzeko, baizik eta jakiteko zerk egiten duen F1 hibridoa beste biak baino hobea. Horretarako, hiruren gene-espresioa aztertu dute, gene bakoitzaren RNA-kantitatea neurtuz.
Ikerketak bi urte iraun du. Hasteko, ikertzaileek hiru barietateak hazi zituzten inguru kontrolatuan, inguruko kondizioek denei berdin eragingo zietela ziurtatzeko. Ondoren, RNA isolatu zuten hiruren genotipoetatik, eta gene bakoitzak zenbat RNA zuen aztertu zuten. Horrekin, gene bakoitzak zer aktibitate duen jakiteko aukera izan dute. Izan ere, RNA da genearen eta proteinaren artean dagoen tarteko pausoa, eta, beraz, genearen aktibitatearen adierazlea da.
Lehen aldia da halako azterketa bat egiten dela hain eskala handian. Mikromatrizeen teknologia erabiliz, aldi berean 14.000 generen aktibitatea aztertu dute hiru barietateetan. Eta emaitza, hauxe: heterosiak ez du azalpen sinplerik; alderantziz, hura azaltzen duten mekanismoak askotarikoak dira.
Hibridoak barietate parentalak baino hobeak zergatik diren azaltzeko, hainbat eredu molekular proposatu izan dira orain arte. Eredu batzuen arabera, hibridoaren geneen aktibitatea barietate parentalena baino handiagoa da, eta horrek azaltzen du zergatik den hobera hibridoa.
Beste eredu batzuetan, berriz, juxtu alderantziz da; hau da, hibridoa barietate parentalak baino hobea da, geneen espresioa txikiagoa delako hibridoan beste bietan baino.
Azkenik, hainbat eredutan ez da aintzat hartzen hibridoaren geneen espresioa barietate parentalena baino handiagoa edo txikiagoa den, horrek hibridoaren ezaugarrietan eragiten ez duelakoan.
Baina, ikerketan frogatu dutenez, F1 hibridoan geneetako batzuk aktiboagoak dira bi barietate parentaletan baino, beste batzuek aktibitate txikiagoa dute, eta gehienen aktibitatea (% 78) beste bi barietateen geneek dutenaren tartean dago.
Emaitzak, beraz, ez du erabat argitzen ikertzaileen zalantza. Horrek ez du esan nahi, inondik inora, ikerketa alferrikakoa izan denik. Ikertzaileen esanean, azterketa benetan garrantzitsua izan da, lehenengo pausoa izan baita aztertzeko zer gertatzen den hibridoetan maila molekularrean, barietate parentalekin alderatuta. Halaber, frogatu dute ez dagoela mekanismo bakarra hibridoen nagusitasuna azaltzeko; aitzitik, mekanismo molekularrak askotarikoak direla ikusi dute, eta hibridoaren nagusitasuna fenomeno konplexua dela egiaztatu dute.
Edonola ere, ikertzaileek aurrera egiteko eta gehiago sakontzeko asmoa dute. Gaur egungo hibridatze-prozesuan, ezinezkoa da jakitea zehaztasunez zein izango den emaitza; neurri batean, saiakuntza-erroreen kontua da. Gainera, garestia da. Horrenbestez, heterosia kontrolatzeko gai izatea da ikertzaileen helburua, hibrido hobeak orain baino modu merkeagoan lortzeko.