Hegaztientzako habia-kutxak

1991-94 bitartean hegaztien ugalketarako hainbat habia-kutxaren erabilera ikertu dugu. Artikuluan ikerketaren emaitza eta ondorioak azalduko ditugu; ondorio horietako batzuk oso baikorrak dira eta habia-kutxak nolakoak egin eta non jarri jakiteko erabil daitezke.
Habia kutxen motak: "Txantxangorri" motako habia-kutxa, konglomaratuzkoa. "Urubi" motako habia-kutxa, konglometatuzkoa. "Belatz Gorri" motako habia-kutxa, konglomeratuzkoa. "Parido" motako habia-kutxa, konglomeratuzkoa. Artelazkizko habia-kutxa. "Gerri-txori" motako habia kutxa, konglomeratuzkoa. "Saguzar" motako habia-kutxa, konglomeratuzkoa.
J.M. Perez de Ana

Euskal Herriko basoetan eta baso-landaketetan bizi diren hegazti-espezie ugarietako batzuk trogloditak dira, hau da, zuhaitz-zuloetan egiten dute habia. Okilek, esaterako, mokoka egindako zuloetan txitatzen dute. Baina zuhaitz-zuloetan habia egiten duten hegazti-espezie gehienak ez dira beren zuloa egiteko gai eta bilatu egin behar dute habia egiteko zulo egokia.

Horietakoak dira kaskabeltz handia, pinu-kaskabeltza, kaskabeltz txikia, amilotx urdina, amilotx mottoduna, gerri-txori arrunta, garrapoa edo lepitzulia.

Zuhaitz-zulo naturalak eskura izatea oso garrantzitsua da, basoko hegazti trogloditen dentsitatea zuloen dentsitatearen mendekoa izateraino, nahiz eta gutxieneko zulo-dentsitatetik gora beste faktore batzuek eragin handiagoa izan (elikadurak edo lurraldetasunak, esaterako). Gainera, zulo natural guztiak ez dira egokiak habia egiteko. Izan ere, harraparien aurrean segurtasuna eskaini behar dute edota parasitoek ez lukete ugalketaren arrakasta baldintzatu behar. Azken finean, zulo natural egokiak baliabide urria dira eta hegaztiek lehiatu egin behar dute zulo bat lortzearren.

Zuhaitz-zuloetan hegaztiek habia egiteaz gain, beste animalia asko ere babesten dira bertan. Hala nola, muxar grisa eta sagu lepahoria. Baso zaharretan zuloak ugari dira, baina Bizkaiko eta Gipuzkoako gaur egungo baso gehienak baso gazteak eta baso-landaketak dira. Horregatik, basoko hegaztien ugalketarako egokiak diren zuloak oso gutxi dira: zuhaitzak zuloak agertu aurretik mozten dituzte eta, gainera, inausketek zuloen sorrera galarazten dute. Hori da zulo egokiren bat aurkitzea oso zail egiten duena eta, aurkitu ezean, ugalketaren porrota populazio bideragarriei eusteko handiegia bilaka daiteke. Esaterako, zuloek harraparien aurrean segurtasunik eskaintzen ez badute.

Habia-kutxa artifizialak

"Parido" motako habia kutxa, konglomeratuzkoa.
J.M. Perez de Ana

Gizakiok, hegaztiei laguntzearren, habia-kutxak egin ditugu. Habia-kutxak zulo naturalak ordezka ditzaketen zurezko edo artelazkizko kutxak dira, eta berezko zulorik ez dagoen lekuetan edo oso urriak diren lekuetan jartzen dira. Habia-kutxen erabilera demografiaren, hegaztien banaketaren eta zulo naturalen ugaritasunaren araberakoa da.

Bizkaiko Foru Aldundiak ordainduta, 1991.eko lehenengo hiruhilekoan mota ezberdinetako 1.950 konglomeratuzko habia-kutxa jarri genituen bederatzi lekutan. Bi urte eta erdi geroago, 1993.eko azken hiruhilekoan, mota bakarreko 1.172 artelazkizko habia-kutxa jarri genituen hamabost lekutan (1. taula). Batetik, konglomeratuzko habia-kutxak 3 metrotik 4 metrora bitartean jarri genituen. “Gerri-txori”, “Txantxangorri” eta “Saguzar” motako habia-kutxak burdinazko iltzez josi genituen enborretan eta beste motatakoak metalezko gakoekin eseki genituen zuhaitzen adarretatik.

Euri eta haize bortitzenen eragina saihesteko ekialdera eta hegoekialdera begira jarri genituen. Ugaltze-garaian hegazti ugaltzaileen jarraipena egin genuen, baita kutxak ikuskatu ere 1991, 1993 eta 1994.eko azken hiruhilekoetan. Bestetik, artelazkizko habia-kutxak altzairuzko iltzeekin josi genituen, 4 metrotik 5 metrora bitartean jarri genituen. Kaxak 1993 eta 1994.eko azken hiruhilekoetan ikuskatu genituen eta hegaztien jarraipena egin 1994.eko ugaltze-garaian.

Kutxa-dentsitate bertsua jarri zen leku guztietan. Ugaltze-garaian egindako jarraipenari esker, habia-kutxen mota bakoitza zein espezie ugaltzailek erabili zuen jakin genuen. Ugaltze-garaiaren ondoren habia-kutxak ikuskatuta, erabilera-maila jakin genuen, hau da, habia barruan zuen kutxen ehunekoa. Kaxetan aurkitutako habiak kendu egin genituen hurrengo urtean ere habia-kutxak erabiltzea errazteko.

Habia-kutxen erabilera

Artelazkizko habia-kutxen erabilera % 20,83koa eta % 25,00ekoa izan zen, desagertutako habia-kutxak kontuan hartuta eta hartu gabe, hurrenez hurren. Konglomeratuzko kutxa-mota bakoitzaren erabilpena 2. taulan ikus daiteke eta mota bakoitzeko kutxatan habia zein hegazti-espeziek egin zuen 3. taulan.

Muxar grisa artelazkizko habia-kutxa barruan.
J. M. Perez de Ana

Konglomeratuzko zazpi habia-kutxa motetatik, hiruk besterik ez zuten izan erabilera-maila handia: “Gerri-txori”, “Parido txiki” eta “Parido handi” motakoek; baso gazteetan eta baso-landaketetan habia egiteko zailtasunak izan ditzaketen hegaztientzat (hegazti trogloditentzat) egokienak direnak, hain zuzen. “Saguzar”, “Belatz gorri” eta “Urubi” motako habia-kutxek ez zuten espero zitekeen arrakasta izan, ez saguzarrek ez eta belatz gorri edo urubiek ez zituzten erabili eta. Gainera, oro har, oso erabilera-maila txikia izan zuten, baita “Txantxangorri” motakoek ere. Jarri genituen “Belatz gorri” eta “Urubi” motako kutxak oso txikiak ziren eta, ikerketa amaitu ondoren, urubientzako beste kutxa-mota batek arrakasta handia izan zuen, seguraski askoz handiagoa zelako.

Desagertutako edota apurtutako konglomeratuzko kutxen portzentajea kontuan hartzekoa izan zen: % 10,90 1991.eko berrikuspenean, % 59,85 1993.ekoan eta % 74,46 1994.ekoan. Hau da, habia-kutxen laurdenak besterik ez zuen iraun lau urtez. Enborretan iltzez jositako habia-kutxek denbora gehiago iraun zuten, batez ere “Gerri-txori” eta “Txantxangorri” motakoek. Fibrapan-ezko konglomeratua oso desegokia dela ikusi dugu. Izan ere, fibrapanek ura zurgatu egiten du eta burdinazko iltzeak herdoildu eta apurtu egiten ziren. Azkenean, habia-kutxak zartatu eta erori egiten ziren.

Gehien irabazi duten hegaztiak kaskabeltz handia eta amilotx urdina izan ziren, batez ere, “Gerri-txori”, “Parido txiki” eta “Parido handi” habia-kutxei esker. “Txantxangorri” motako kutxa egokia da txantxangorrientzat eta euli-txori grisentzat. Dena den, espezie horiek bestela ere ez lukete arazorik leku egokiak aurkitzeko, ez baitira hegazti troglodita hertsiak eta, beraz, beste hainbat tokitan egin dezakete habia.

"Urubi" motako habia-kutxa, konglomeratuzkoa.
J.M. Perez de Ana

Artelazkizko habia-kutxen erabilera-maila eta “Parido” konglomeratuzkoena parekoak izan ziren, baina artelazkizko habia-kutxak ez bezala, konglomeratuzkoak zartatu eta erori egiten ziren euriagatik.

Artelazkizko kutxen habitataren araberako erabilera-portzentajea ere aztertu genuen. Desagertutako habia-kutxak (193) eta habitat heterogeneoetan zeudenak (153) alde batera utzita, bost baso-landaketetan eta bi baso naturaletan kokatutako 826 habia-kutxa hartu genituen kontuan (4. taula). Habia-kutxen erabilera-portzentajea oso aldakorra zen habitataren arabera. Baso-landaketak oso gazteak ziren eta zuhaitzak zuloak agertu aurretik mozten dira. Artadietan ere zuhaitzak oso gazteak ziren. Hariztietan, ostera, gehienetan zaharrak.

Bioestatistikak erabilita (ji karratua, p 0,05, n=6), kutxen erabilera-mailaren habitataren mendekoa zela behatu genuen (4. taula). Harrigarria bada ere, hariztiak zulo natural gehien duen habitata izanik ere, kaxen erabilera-portzentaje handiena zutenak ziren. Izan ere, habia-kutxen erabilera-portzentajea hegazti trogloditen dentsitatearen araberakoa da eta hariztiek zulo natural ugari zutenez, hegazti asko zuten habia-kutxak erabiltzeko prest. Gainera, hegaztien portaera filopatrikoa (jaiotako tokian ugaltzeko joera) dela jakinda, baliteke hariztietan jaiotako hegazti askok harizti bereko habia-kutxetan egin izana habia.

Beste aldetik, hegazti trogloditen dentsitate txikiko habitatetan, segur aski baso-landaketetan gertatzen dena, hegazti gutxiago izango da habia-kutxak erabiltzeko prest, hori izanik beste habitaten erabilera txikia azalduko lukeen zergatia. Beste ikerketa batzuetan ere, habia-kutxen erabilera urteak pasa ahala pixkanaka emendatzen dela (baso-multzoetan hegaztiak ugaltzen diren neurrian) eta baso-landaketetan, askotan, baso naturaleko hegazti-dentsitatea eta -dibertsitatea ez dela lortzen frogatu da. Gure ikerketan ustekabe atseginena muxar grisak aurkitzea izan zen.

1991.ean, Salbada mendizerran erkametz asko zituen pinu gorriko baso-landaketa batean, konglomeratuzko habia-kutxa batean, bi muxar gris aurkitu genituen; eta beste bi konglomeratuzko habia-kutxa batean Gorbeiako larizio pinuko baso-landaketa batean, pagadi batetik oso gertu. 1994.eko azaroaren 1ean artelazkizko habia-kutxetan muxar ugari aurkitu genituen Karrantzako erreka ondoko haltz eta pagoetan.

Artelazkizko habia-kutxa.
J.M. Perez de Ana

Hamar muxar gris aurkitu genituen zortzi habia-kutxatan. Beste bi habia-kutxa gaztaina-azalez beteta zeuden. Antza denez, leku horretan gaztainak dira elikagai garrantzitsuena. Bestalde, udalerri bereko hariztietan sei sagu lepahori ere aurkitu genituen.

Azkenik, habia-kutxak egin eta jarri nahi dituenari esango genioke, oso begirune gutxiko pertsonek apurtutakoez gain, balitekeela bestela ere apurtutako habia-kutxak aurkitzea. Guk 50 konglomeratuzko habia-kutxa (berrikuspenetan zuhaitzetan zeudenen % 5,11) mokokadaz apurtuta aurkitu genituen, bioestatistikaren arabera, kokapen kutsagarriaz (elkarrekin agertzeko joeraz).

Izan ere, lau habia-kutxa taldeetan (jarritako habia-kutxen % 9,98an) % 68,00 agertu zen mokokadaz apurtuta. 50 habia-kutxa horretatik 11n habia zegoen eta besteak hutsik zeuden. Ziurtatu ez genuen arren, baliteke okil handia izatea kalteen eragilea, hegazti honek ugaltze-garaian hegaztien arrautzak eta txitoak jaten baititu sarritan. Gainera, habia-kutxak balizko harrapakinak egotearekin lotzen ikasten du.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila