Haztegietako izokinaren mehatxua

Izokinzaleak izokinik onena lortu nahian dabiltza. Hauentzat aurrerapen dena, basaizokinarentzat kaltegarri izan liteke. Izokin-hazketaren aurpegi ezkutua
Zientzilaria lerro bakoitzak zer nolako aurrerakuntza egin duen apuntatzen.

Izokin-hazkuntzan Norvegia ez da atzera dagoen estatua. Hauxe du helburutzat herrialde honek: bai Arktiar Zirkuluan dagoen Finnmark-eko ur hotzetan, eta bai 1.000 km hegoalderantz dagoen Rogaland-eko ur epelagoetan bizitzeko gai izango diren arrainak otarretan haztea. Lortu nahi duten izokin ideala otar berean antzeko ehundaka arrainekin (batera) bizitzeko gai izango litzateke, gaixotasunei aurre hartuko lieke eta berehala haziko litzateke, jaten duena okela eta gantzaren arteko oreka egoki bihurtuz. Akabatu eta saltzeko tamainara iritsi arte ez da sexualki helduko. Norvegiak badu aipatu izokinaren prototipoa; bertako izokin-hazkuntzaren industria transformatzen ari den prototipoa, hain zuzen ere.

Izokinzaleei zaila zaie arrainean zein ezaugarri diren heredatuak eta zein ingurunearen ondorio bereiztea, baina beraiek nahi duten gene-uniformetasuna duen arraina lortu nahian dabiltza poliki-poliki.

Norvegia da orain arte izokinaren ugalketa-programa duen estatu bakarra. Hazkuntza azkarreko arrainak produzitu dituzte eta hori izugarrizko aurrerapena da arrain-hazkuntzan dabiltzanentzat. Urtero, izokin-belaunaldi berria aurrekoa baino ehuneko 10 edo 12 azkarrago hazten da. Aipatu programak arrain-industriari ere izugarrizko bultzada eman dio. Orain dela bost urte Norvegian 17.000 tona izokin produzitu baziren, aurten 80.000 tona produzitzea espero da. Ikusten denez, aldea ez da txantxetakoa.

Estatuaren altxortegirako ere izokin-hazkuntza oso berri ona da. Haztegiko izokin eta amuarrain ortzadarraren ehuneko 90 baino gehiago esportatu egiten da. Industriaren aurrerakuntzak, ordea, Norvegiako basaizokin atlantiarraren etorkizunaz kezkatu egiten ditu kontserbazionistak. Kezka honen arrazoia zera da: gero eta izokin gehiagok ihes egiten duela itsas otarretatik Norvegiako ibaietara. 400 inguru ibaitan dago basaizokina. Ibai bakoitzeko izokin-populazioak genetikoki desberdinak dira. Ibai batean bi edo hiru populazio desberdin egon liezke, bakoitzak ibaiko zona jakin batean arrautzak erruten dituelarik.

Arrain-hazketa Averoy-ko ikerketa-zentruan. Produktua otarretik jaso daiteke edo itsaso irekian ugaltzen utzi.

Ibaira iristean, ihes egindako izokinek basaizokinekin egin behar dute lehia; alde batetik janari urria lortzeko eta bestalde arrautzak erruteko zonak lortzeko. Kutsatutako arrautzak edo izokin kumeak inportatuz, adibidez, haztegietako arrainari transmititutako gaixotasunak basaizokinarentzat guztiz berriak izan litezke.

Norvegiako merkatal arrantzari buruzko azken estatistikek adierazten dutenez, aurten harrapatutako arrain-kopuruaren %20 haztegietatik ihes egindakoa da. Norvegiako ibaietan haztegietatik ihes egindako izokin-kopurua zenbatekoa den jakiteko egindako erregistroen arabera, ibaia arrain-haztegitik zenbat eta hurbilago egon orduan eta arrain-inbasio handiagoa gertatzen dela ikusten da eta ibai batzuetan eta besteetan inbasio hori ez dela neurri berdinekoa.

Haztegiko izokina eta basaizokina baldintza desberdinetan bizi dira. Izokin atlantiarrak ur freskotan erruten ditu arrautzak eta bertan geratzen da urtebetez gutxienez eta batzuetan 8 urteraino ere gera daiteke. Ur freskotan hazten diharduten arrain gazte hauek “parr” izenez ezagutzen dira. Bere bizi-zikloaren hurrengo pausoan itsasora emigratzen dute izokin gazte hauek, bertan elikatzeko eta heltzeko, baina aurrez portaerazko aldaketak eta aldaketa fisiologikoak jasaten dituzte itsas ingurunean bizi ahal izateko. Beren zakatzetan “kloruro-zelula” berezituak garatzen dituzte sodio-gatzak aktiboki iraizteko.

Zelula hauek migrazio aurretik ugaldu egiten dira. Giltzurrunek ez dute ia gernurik produzitzen eta arrainak ur gehiago edaten du ur gaziaren ondorio deshidratatzaileak konpentsatzeko. Erretinako pigmentuak aldatu egiten zaizkio itsasoko ur urdinagoan ikusi ahal izateko. Gorputzean dituzten zantzu urdin-grisaskak higatu eta arraina gris distiratsu koloreko bihurtzen da. “Smolt” izenez ezagutzen dira maila honetara iristean.

Ibai askotako izokinak nahasten dira itsasoan, baina sarda bakoitza bere ibaian bizitzeko moldatua dago. Haztegiko arrainarekin gurutzatzeak diferentziak ezaba ditzake.

“Smolt” izenez ezagutzen diren hauek itsasoan milaka kilometro egin ditzakete elikatze-zonak aurkitzeko. Gehienak bi edo hiru negu itsasoan geratzen dira eta batzuk bost urte geratzen direla ere gauza jakina da. Ondoren, aparteko zehaztasunez, lehengo ibaira itzultzeko bidaia luzea egiten dute han arrautzak erruteko. Ur freskotara iristean ia elikatzeari utzi egiten diote eta egunean 30 kilometro baino gehiago egin ditzakete ur-jauziak eta bestelako oztopoak zeharkatuz arrautzak erruteko zonetara (ibaiak jaiotzen direneko lekuetara) heldu arte.

Erregulatutako bizitza

Gaur egun hautespenerako erabiltzen den erizpidea zera da: hazten denbora gutxi pasatzea eta gaixotasunekiko erresistentzia izatea. Izokinzaleek heldutasunera berandu iritsiko den arraina hautatzen dute, horrela animalia honek bere energia okela (eta ez arrautzak edo esperma) produzitzera zuzenduz. Okelaren kalitatea eta kolorea ere garrantzitsuak dira guraso potentzialak hautatzeko garaian.

Urtero, bi ugalketa-zentrutatik 150 familiako “Smolt” deituriko izokin gazteak bidaltzen dituzte Norvegiako leku desberdinetan dauden bost ikerketa-zentruetara. Azken zentru hauek ingurune-baldintza desberdinak (uraren tenperatura, egun-argia zenbat ordukoa den, etab.) dituztelako aukeratu dituzte. Bertan arrainak bi urtez elikatzen dituzte eta ikertzaileek hainbat faktore azter ditzakete; jaio eta heldutasunera iritsi arteko denbora eta adin desberdinetan duten hilkortasuna, esate baterako. Hemendik ateratako emaitzetan oinarrituz, biologoek urte osoko produkziotik hamarna familiatik arrainik handiena aukeratzen dute izokinaren hurrengo belaunaldirako guraso izan daitezen. Arrain bakoitzak ugalketa-programaren hasieratik izan duen prozesua jasoa dagoenez, izokinzaleek aukeratutako arrainaren genealogia zein den aurki dezakete eta horrela endogamia ebitatu.

Honela, haztegiko arraina merkatal arloan garrantzizkoak diren ezaugarriak kontutan hartuz hautatzen da. 1987an izan zen artifizialki hautatutako laugarren belaunaldia. Ugalketa-zentrutan “smolt” edo izokin gazte izateraino hazi eta Norvegia osoko arrain-haztegietara 200 milioi baino gehiago banatzen dituzte.

Itsas otarrak ez daude beti ihesa eragozteko moduan eraikiak.

Itsas otarretan daudelarik, elikagai kontzentratua ematen zaie, horrela pisu eta tamaina egokiko arraina lortzeko. Bakterio-gaixotasunak eta onddo-infekzioak sendatzeko, antibiotikoak eta fungizidak ematen dizkiete. Lurraldeko portaera desagertzen ari da. Dirudienez hautespen artifiziala egiten hasi zireneko arraina eta gaur egungoa ez dira berdinak. Oraingoa, gizakia beraiengana hurbiltzean ez da lehengoa bezala ikaratzen. Ez da erasokorra. Baina izokinzaleek ez dakite oraindik aldaketa hauek portaerazkoak ala genetikoak diren.

Gai honetan adituek diotenez, haztegietatik bizitzako azken fasean ihes egiten dutenak (itsasoan elikatu ondoren) itsas otarraren ingurura itzultzen dira, baina basaizokinak ezaugarritzat duen zehaztasuna galdu egiten dute. Ondorioz, ibaietara itzultzen dira arrautzak errutera, baina azarean, ordenarik gabe. Izokin-biologoek zehazki ez dakite oraindik izokinak bere “etxera” itzultzeko garaian zertaz baliatzen diren. Adituek diotenez, “etxeratze” hori izokin gazteek ibaitik joatean jasotzen dituzten sentimenezko seinaleen inprinting sekuentzialean oinarritua dago.

Usainak, ikuspenak, uraren tenperatura eta bestelako adierazle sentsorialak konbinatu egiten dira beharbada inprinting hori gerta dadin. Biologoen ustez, “smolt” edo izokin gazteek gako edo seinale horiek bideo-kamera baten antzera jaso egiten dituzte, gero beren jaiotibaira itzultzeko unea iristen denean alderantziz ikusteko. Haztegiko arrainak ez du inprinting sekuentzial hori gerta dadin aukerarik izaten eta, ondorioz, bizitzako azken fasean ihes egiten dutenak ez dira itsasotik itzultzerakoan ibai jakin batera “etxeratzen”.

Arrain prototipoaren kontua ez da basaizokinak izan dezaken mehatxu bakarra. Norvegiako basaizokinak jadanik jasan du Gyrodactilus Salaris bizkarroiaren erasoa. Arrain-haztegietan agertu zen lehen aldiz eta ordutik gaurdaino arrain-sarda batzuk ia erabat desagerterazi ditu. Suediako kutsatutako haztegi batetik inportatu zela uste da. Lehen aldiz 1975ean agertu zen; Lakselva ibaiko “parr” izokin-kumeak erabat kutsaturik agertu bait ziren urte hartan. 1982. urterako bizkarroia beste zazpi ibaitara hedatua zegoen eta azken kontaketaren arabera 33 ibai daude kutsatuta.

Ez da hain mehatxu txikia: Gyrodactylus bizkarroia izurrite grabea da. Norvegian haztegiko izokin-lote baten bidez sartu zen eta bizkarroiak basaizokinera hedatu eta ibai askotako sardak kutsatu ditu.

Bizkarroia ez da izokinzaleentzat (izokin-haztegietakoentzat) arazo izugarria, zeren ur-tangara formalina (%40 formaldehidoa) pixka bat botata bizkarroia akabatu egiten bait da. Basaizokinarentzat soluzio bakarra zera da: kutsatutako arraina atera eta tratatzea, ibai osoa ere rotenona deituriko pozoi indartsua botata tratatzea eta berriro arrain sanoa botatzea. Prozedura hau, ordea, garestia da eta ibai guztietarako ez da egokia.

Euri azidoak eta elurrak ere egin dute kaltea. Hegoalde eta mendebaldean, euri azidoak eragindako lekuetan, 25 arrain-sarda desagertu dira edo desagertzear daude. Eta guzti honen ondoan, neurririk gabeko arrantza daukagu; bai Norvegiako merkatal arrantza-lekuetan eta bai Groenlandia eta Faeroes-eko arrantza-lekutan egiten dena.

Bitartean, arrain-haztegietako industria gorantz doa. Iaz Norvegiak 6 milioi inguruko “Smolt” izokin gazteen soberakina produzitu zuen. Izokinzaleek itsasora bota nahi dute soberakin hori eta gero berriro, lehengo lekura gizenduta itzultzean, harrapatu.

Praktika honek merkatal arrantzaren ondorioz arrain-sarda txikiek jasaten duten presioa gehitzea besterik ez luke egingo.

Etorkizunerako garrantzitsuagoa dirudi haztegietako arraina bertako arrain-sardekin gurutzatzeak dakarren arriskua. Basa populazioekin gurutzatzeak haztegiko arraina gainditzen duen uniformetasun genetikoa sor lezake.

Biologo asko aritu dira haztegietako arrainaren eta basarrainaren dibertsifikazio genetikoa aztertzen, horretarako proteina batzuen konposizio kimikoaren aldaketei begiratuz.

Arrain-sardek proteina beraren forma desberdinak eduki ditzaketelako, biologoek posible dute (proteina-markatzaileen multzo nahikoa zabala aukeratzen badute) sarden arteko bariazioaren ikuspegi estatistikoa egitea. Ibai bereko sardak, arrautzak zona desberdinetan erruten dituztelarik, genetikoki desberdinak dira.

Norvegiako ugalketa-programak merkatal arloan balioa duten ezaugarriak hautatzen ditu. Gaur egun, programak urte berekoak ez diren produkzioko arrainak gurutzatzea ebitatu egiten du; horrek are uniformeago bihurtuko bait lituzke.

Norvegiako ibai askok arrain-sarda txikiak dituztelako, basaizokina aldaketa genetikoekiko zaurgarri da.

Izokinzaleek, inoiz behar izanez gero, ez lukete nora joanik izango ezaugarri berriak aurkitzeko material genetiko freskoaren bila. Zorionez, arazo hau ikusita, 1986an arrain-sardentzat esperma-banku bat jarri zen. Gaur egun, bankuak 69 sardetako 857 izokinen esperma-laginak ditu.

Otarretan botatzen zaizkien eligai-pilulek itsas hondoa poluitzen dute.

Orain arte, zientzilariek izokinen kromosometan genetikoki aldagarri diren 17 puntu aurkitu dituzte. Beste era batera esanda, sarden artean 17 diferentzia egon litezke. Ikerketak dioenez, marka genetiko hauek ez dira seguru asko azarearen emaitza; hautespen naturalaren ondorio baizik. Hau honela izanik, sardak ibai berean iraun dezan marka horiek esanguratsu direla pentsa genezake.

Nahiz eta erosio genetikoaren ondorio potentzialki kaltegarriak eta ibaietan gero eta ihes egindako arrain-kopuru handiagoa aurkitu, haztegiko arrain eta basarrainaren arteko elkarrekintzari buruz ikerketa gutxi egin da orain arte. Biologoek arriskua ikusten dute, baina oraindik ez dute gaiaz datu zehatzik aurkitu.

Etorkizunean har daitekeen neurrietako bat zera da: haztegiko arrainak antzuak izatea.

Eskozia (1990erako 54.000 tona arrain lortzea espero duelarik) Norvegiaren ondoren produkzio handiena duen herrialdea dugu. Bertako agintariek Highlands-en 1.100 lanpostu berrien etekinak kontatzen dituzten bitartean, beste batzuk (kontserbazionistak hain zuzen) izokin-hazketa dela eta kezkaturik aurkitzen diira, industria honen inguruan legezko kontrol-planik ez dagoelako. Eta zientzilariak ere kezkaturik daude horrelako industria hainbeste eta hain azkar zabaltzeak itsas ingurunean, ur gezaren ingurunean eta basaizokinean izan dezakeen kalteaz.

Otar bakoitzak arrain-tona asko eduki ditzake eta elikatu egin behar dira. 1990. urterako industria eskoziarrak 184.000 tona aingira, ijito-sardina eta beste hainbat harrapakin eta itsas hegazti kontsumituko ditu. Hareatako aingirak, lehortuak eta pilula moduan konprimatuak ez dira freskoak bezain elikatzaileak eta horregatik pilula bakoitzak 15 bitamina, 11 mineral eta kantaxantina (E161g) koloratzaile sintetikoa ditu gehigarri gisa. Koloratzaile honek (EEBBetan debekatua) haztegiko arrainaren okela grisa arrosa bihurtzen du; basaizokinarena bezalakoa. Arraina eta otarrak kloro, sodio hidroxido, iodoforo (iodo-disoluzioa) eta kaltzio oxidoaren bidez mantentzen dira. Gaixotasuna urruti mantentzeko, formaldehidoa, malakita berdea eta lau antibiotiko arrunt erabiltzen dira.

Naturaren kontserbaziorako kontseiluko (NCCko) zientzilariek eta Stirling Unibertsitatekoek izokin-otarretako poluzioaren eragina aztertu dute. Hamar tona elikagaitik, tona bat hondakin itsas hondora doa eta tonaerdi bat (nitrogeno-konposatu disolbagarri gisa) ur-zutabera sartzen da. Substantzia gehigarri hauek metabolizatzeko, otarren inguruko itsas hondoko sedimentuak eta sedimentu horren kontura bizi diren organismo mikroskopikoek oxigeno gehiago behar dute. Oxigenoa ahitzen denean, organismoak akabatu egiten dira, sarritan Beggiatoa izeneko bakterioaren hazkuntza uniformeak ordezkatzen duelarik.

Era berean, nitrato gehigarri horien presentzia dela eta, ur-zutabean algak biderkatu egiten dira. Algak desagertzen direnean, alga horiek suntsitzen dituzten bakterioak biderkatu egiten dira eta uretatik oxigeno gehiago kontsumitzen dute. Eta izokinzalearentzat are okerrago dena: horrela sortzen diren alga-mota batzuk arrainarentzat pozoitsu dira.

Izokina hazten den herrialde guztietan, haztegiko izokinak otarretik ihes egin duelako edo izokinzaleek nahita libre uzten dituztelako edo ur gezetako haztegietatik ibaiak izokinez betetzen dituztelako, basaizokinekin nahasten dira eta zientzilariek gero eta gehiago ohartzen dira ihes egindakoek basaizokinarentzat suposatzen duten mehatxuaz, mehatxu hau epe laburrera (janaria lortzeko) eta epe luzera (basaizokinarekin ezaugarri genetikoak elkartrukatuz) gerta litekeelarik.

Izokin-haztegien Elkarte Eskoziarraren arabera, ihes egindakoen kopurua txikia da, baina errealitateak kontrakoa dio. 1987. urtean, Peter Maitland arrain-biologoak 90.000 arrain zenbatu zituen ihes egindako bezala. Urte berean, Amerikan Izokin Atlantiarra Berreskuratzearen aldeko talde batek zera estimatu zuen: haztegietatik batezbeste ehuneko 15ek ihes egin zuela.

Eskozian, itsasora “smolt” eta “parr” deituriko zenbat arrain isurtzen den jakiteko inork ez dauka datu zehatzik.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila