alde
Ibai alde programa aurten abiatuko da lehen aldiz. Lehen urratsak emanak ditu jadanik eta ekitaldi horretan parte hartzeko nahia dutenek agertu dute jadanik asmo hori. Aurki banatuko da materiala taldeetan eta galderak argitzeko tenorea ere helduko da. Hori guztia baino lehen ordea, ibai alde programaren berri zehatzago jakin nahi izan dugu eta zuek jakin dezazuen, han-hemenka galdezka ibili gara.
Ibaien ezagutza eta babesa bultzatzea da programa horren helburu nagusia. Azterbideari eta azterketarako metodologiari begiratzen badiegu, AZTERKOSTA programarekin zerikusi handia duela azalduko zaigu eta, izan ere, halaxe da. Lehen aldiz Irlandan burutu zen proiektuak beraz, eman ditu bere fruituak gure artean ere.
Euskal Herri penintsularrari dagokionez, CEIDA (Ingurugiro Heziketarako Zentrua), EHUko Estratigrafia eta Paleontologia Saila eta Zumaiako Natur Taldeak antolatu ohi dute AZTERKOSTA. Inkesta batzuei erantzunez, talde bakoitzak kostalde-zati baten ardura hartzen du eta makina bat alderditatik aztertzen du. Datuok ondoren, iharduera-txostenean biltzen dira eta segidan, ikastetxeetan erabiltzeko moduan antolatzen. Urtetik urtera, gero eta oihartzun handiagoa lortu du AZTERKOSTAk eta ereduaren bideragarritasuna erabat baieztaturik dago gaur egun.
Eredu berean oinarritu dira oraingoan, ibai alde proiektua egituratzeko. Kostaldea ordez, ibaiak eta ibarrak zehatz-mehatz aztertzea da programaren xedea. Hor ere irakurle, zer ikasi franko dago eta.
Ibaiak leku ikusgarriak eta liluragarriak dira. Ibaietan, ura bezalaxe, bizia isuri egiten da, bizi berria elikatuz. Landareak, animaliak eta gizakiak, urik gabe ez gara deus eta nekez gara zitekeen inoiz bizi-iturri oparoagorik. Gure gizartea, hots, gu geuk, ibaiez eta ibarrez baliatzen gara eguneroko bizimodua aurrera ateratzeko; etxean nahiz lantegietan, ibaiak garapenaren zutabe nagusienetarikoak izan dira eta dira gaur egun, sarritan horretaz ohartzen ez bagara ere.
Beharrezkoak izanagatik ordea, degradazioak ez du barkatzen eta ibaiek ere pairatzen dute poluzioaren zama. Lurrari kimikagaiak gehitzen dizkiogu eta horiek, euria egiten duenean esaterako, ibaietan zehar garraiatuko dira. Ehundaka poluitzaile isurtzen da eta landare- eta animali espezie asko zenbaitetan zigortzen ditugu suntsitzeraino.
Horrez gain, gure beharrizanen arabera egokitzen ditugu ibarrak eta, berezko ibilbidea aldaraziz, ibai ertzak birrindu egiten ditugu. Zaborrez betetzen ditugu. Hitz lauz esatearren beraz, zor zaien miresmena utzikeria bihurtzen da.
Ez al dira horiek guztiak nahikoa arrazoi egoera larri horretaz kezkatzen hasteko? Baietzean daude ibai alde programaren arduradunak eta horrela, ibaiak eta ibarrak hobeto ezagutzea da egitasmoaren ardatza. Hori guztia nola bidera daitekeen irakurle, oso bestelako kontua da.
Arestian esan bezala, ibaiak eta ibarrak ezagutzea eta ezagutzera ematea da programaren helburu nagusia. Asmo horretara biltzen den edonori zuzenduta dago beraz, ibai alde egitasmoa. Halaber, hezkuntza-arloko iharduera gisa ere ulert daiteke eta horrek jakina, gehiago zabaltzen du oraindik egitasmoaren eremua. Labur esanda, ikastetxeetarako ezin egokiagoa da ibai alde programa, lehen eta bigarren hezkuntzakoentzat eta baita batxilergo-mailan ari direnentzat ere; horiez gain, kirol elkarteak edota kultur taldeentzat ere biziki interesgarria izan daiteke. Eta talde ekologistak?
Dudarik gabe, zeresan handia izan dezakete horiek programaren garapenean eta horrelaxe aitortzen dute antolatzaileek talde horiei bereziki zuzentzen zaizkienean. Izan ere, talde ekologistek eskarmentu handia dute zeregin horietan eta esperientziak trukatzea guztiontzat aberasgarri izan daiteke. Taldeen ekintza-programa osatzeko egokia da ibai alde : ibaietako jeitsierak edo garbiketak egiten direnean, esate baterako, edota isurketen azterketak eta salaketak egiterakoan.
Arestian esan bezala, ibai alde proiektuaren egitura ezaguna gertatuko zaie aurrez AZTERKOSTAn ihardun dutenei, metodologia beretsua erabiliko baita.
Ibaiak bost kilometroko zatitan banatuko dira eta talde bakoitzak zati horietako bat izango du bere ardurapean. Datuen eta laginen bilketa maiatza aldera egingo da. Makina bat irteera burutuko da hortaz, Euskal Autonomi Elkarteko ibaietara eta, antolatzaileek emandako irizpideen arabera, taldeek inkesta bat osatu beharko dute. Alor desberdinetan egingo da azterketa hori, hala nola, ibaien egitura, bertako bizidunen banaketa, arriskuak, poluzio-motak, gaur egungo erabilera, etab.
Lan praktikoari dagokionez, laginak eta zuzeneko behaketak ere egin beharko dira. Hori guztia aurrera eramateko, materialez ongi hornituta joan beharko dute partehartzaileek eta horretaz, antolatzaileak arduratuko dira: ikusitako eta bildutako datuak jasotzeko orriak, laginak hartzeko material instrumentala eta material osagarria, hots, animalien eta zuhaitzen gida-liburuak, uren kalitateari buruzko laburpenak, etab. emango zaizkie.
Ondorengo urratsean, bildutako informazioa sailkatzeari eta egituratzeari ekingo zaio. Horrekin guztiarekin, ibai alde programako txostena osatuko da eta parte hartu duten guztiei eta ibaien kudeaketan dihardutenei (Udalei, Aldundiei edota ibaiekin zerikusia duten enpresei) banatuko zaie.
Horra hor beraz irakurle, gure ibaiak ezagutuz arduratsuki jokatzeko aukera berria. Ea proiektuak behar duen oihartzuna lortzen duen eta aurrerantzean segida duen.
Nor da nor proiektuan?Eusko Jaurlaritzako Lurralde Antolamendua, Etxebizitza eta Ingurugiro Sailak sustatu du ibai alde proiektua. Proiektuaren diseinuaz, antolaketaz eta martxan jartzeaz bestalde, hiru talde arduratu dira, probintzia bakoitzeko bat, hain justu. ARABA GIPUZKOA BIZKAIA |