Beraien artean, hontza zuria ( Tyto alba ) da ezagunena. Elizetako kanpandorreetan, biztanlerik gabeko etxeetan edo zuhaitz zuloetan aurki dezakegu, eta beste harrapariek bezalaxe, egagropilak ere egiten ditu. Lurrean umatzen du, habiarik egin gabe. Araldia udaberriko lehen egunetan heltzen denean, gutxienez 4-6 arrautza erruten ditu. Bere ugalketa harrapakin-kopuruaren araberakoa da neurri handi batean. Janaririk ez duenean ez da ugaltzen. Denboraldi oparotan aitzitik, habialdi bi aurrera atera ditzake. Hontza zuria, Tytonidae familiakoa da.
Strigidae familiako bost espezie aurki ditzakegu: apo-hontza ( Otus scops ), hontza handia ( Buho buho ), Mozolo arrunta ( Athene noctua ), urubi arrunta ( Strix aluco ) eta hontza ertaina ( Asio otus ).
Apo-hontza ( Otus scops ), gautxoririk txikiena dugu (36 cm); zozo arrunta bezalakoa. Gure lurraldeetara martxoa edo apiril aldera heltzen dira, eta bikoteak egin ondoren 3-6 arrautza erruten ditu. Hegazti honen ezaugarririk berezienetakoa hauxe da: arra bi emerekin batera elkartzen da eta urtero bi habialdi ipin ditzakete.
Hontza handia ( Buho buho ), tamainuz apo-hontzaren kontrakoa da, hots, gautxoririk handiena dugu (66-71 cm). Gaueko "jaun eta jabe" da jendeak dioenez. Urtean zehar, hontza handia gure herrialdean egoten da. Ez du habiarik egiten, eta lehendik egindako habia zahar, zuhaitz edo harkaitzetan umatzen du. Oro har, 3-6 arrautza jartzen ditu.
Mozolo arrunta ( Athene noctua ) 21-23 cm-koa izan daiteke. Leku zabaletan edo bizidunak dauden tokietan ikus dezakegu. Zuhaitz- edo horma-zuloetan ugaltzen da. Ez du inoiz habiarik egiten eta 3-5 arrautza jartzen ditu.
Urrubi arrunta ( Strix aluco ) 37-46 cm bitartekoa da. Bere ezaugarririk bereziena, duen kantu bizkorra da. 8-10 kilometrotik entzun daiteke gau baketsutan. Normalean zuhaitzetan ipintzen du habia, otsail edo martxoan. 2-5 arrautza erruten ditu.
Hontza ertainak ( Asio otus ) 36 cm. ditu. Bere habia beste hegaztiren batek egindako habia zahar batean ipintzen du. Martxo edo apirilean 4-5 arrautza jartzen ditu. Euskal Herrian ez da maiz ikusten, nahiz eta gure lurralde guztian egon.
Familia horretakoak, Euskal Herriko edozein lekutan aurki daitezke, apo-hontza izan ezik. Azken hau, Arabako lautadan eta Piriniotako hego inguruan ez bait dago.
Nahiz eta eguzkiaren argia onartu, zaila da hegazti hauek egunez ikustea. Normalean gauez dihardute eta eguna amaitu ondoren hasten dira lanean.
Bestalde, elikadurari dagokionez, nekazariei gautxoriak mesedegarri zaizkie; intsektu, sator eta hegazti txikiak jaten bait dituzte.
Caprimulgidae familiako gaueko espezie bat bakarrik aurki dezakegu Euskal Herrian: zata arrunta ( Caprimulgus europaeus ).
Zata arrunta (27 cm.), egunean zehar geldirik dago; lurrean etzanda. Gehienetan, ikustea ezinezkoa da bere mimetismoa bikaina izateagatik. Eguzkia sartutakoan hasten da ehizatzen; intsektuak batez ere. Zatek sentimen-ileko lumak dituztenez, intsektuekin topo egindakoan berehala konturatzen dira.
Bestalde, kantuak zurrumurru etengabea dela dirudi. Askotan bost minutuz ere iraun dezake.
Baso garbietan eta eremuetan bizi da. Beste hegaztiek bezala, ez du zuhaitzetan egiten habiarik; lurrean baizik. Normalean 2 arrautza erruten ditu.
Gaur egun beste hegazti guztiak bezala, gautxoriak arriskutan daude; bai elizatan egiten diren erreformengatik, bai basoak desegiten ari direlako eta baita beste arrazoi askorengatik ere. Beraz, denok egon behar dugu problema honetaz adi, gizarteak ahal den neurrian gure ekosistemaren parte garrantzitsu diren hegazti hauen alde egin dezan.