Gure azken dunetan isilik: Alyssum arenarium

FITXA TEKNIKOA Ophrys orkideoa

Landare bitxi honek osatzen duen familia oso ondo ordezkatuta dago gure arteko floran, aipatu familia honen barruan 350 genero eta 3.500 espezie inguru ezagutzen baitira. Euskal Herrian 50 genero baino gehiago ezagutzen dira familia honen barruan, Alyssum generoak gure artean 6 espezie dituelarik.

Oraingo honetan aztergai dugun Alyssum arenarium espeziea, bere izen zientifikoak ongi adierazten digunez, harearekin zerikusirik izan beharko luke, eta badu, zeren eta kostaldeko dunetako biztanlea baita. Landare honen itxura, eite ertainetik txikira doa eta iraunkorra da. Dunetako lurzoru hareatsu mugikorretan, errosetak eratuz agertzen da, hauetariko batzuk edo ardatz batzuk antzuak izaten direlarik. Izar-formako ileek estaltzen dituzte hosto txikiak. Azken hauek lantza-formakoak izaten dira eta zertxobait biribilduak. Errosetetatik irteten diren matsalko tenteenetan lore hori txiki ugari azaltzen da udaberri hasieran. Fruituek kusku iletsuak izaten dituzte, eta barneko lokuluetan 1-2 hazi eliptiko gordetzen ditu.

J. Terés

Alyssum hau, adituek diotenez, genero bereko alpetar formako talde bateko partaide izan daiteke, eta agian, populazio batzuk, altitude baxuetara alderatuak izan zitezkeen glaziazio garaian. Hipotesi honi jarraituz, dunetan aurkituko lituzkete, mendi gailurretako hartxingadi mugikorretan izaten diren lurzoru dinamikoaren antzeko baldintzak. Azpimarratzekoa da, Huescako Pirinioan espezie honengandik oso gertu dagoen Alyssum cuneifolium landarea aurkitzen dela, eta Euskal Herriko populazioa horren ezaugarrietara gehiago hurbiltzen da Galiziakoa baino. Dena den, ikerketa gehiago eta sakonagoak egin beharko dira hipotesi hau baieztatzeko.

Espezie garrantzitsu honen ezaugarriekin jarraituz, landare hau endemikoa dela esan behar da; Frantzian hego-ekialdean eta penintsulan iparraldean aurkitzen da. Penintsulan, oso leku gutxitan aipatzen da, Euskal Herrian berriz, kokagune bakar batean topa daiteke. Frantzian oso urria izanik, Landetako hegoaldean bakarrik aurki daiteke eta legez babesturik dago.

Estatu mailako botanikoek landarea babesteko ahaleginetan ari dira eta zeresanik ez, Euskal Komunitate Autonomoan eta Nafarroan horrelako neurriren bat hartzea guztiz beharrezkoa litzatekeela iruditzen zaigu. Euskal Komunitate Autonomoko Natura Babesteko Legeak (16/1994), “Arriskuan dauden espezieak” izeneko II. atalburuko, 48. atalak dioenez: “Fauna eta Landaredian Arriskuan dauden Espezieen Euskadiko Zerrendan jasoko dira babes-neurri bereziak behar dituzten espezie, azpiespezie edo populazioak. Eta ondorio horietarako, honako kategoria hauetakoren batean sailkaturik egon beharko du:

  • “Galtzeko arriskuan daudenak”. Oraingo egoeraren faktore eragileei jarraituz, gerora iraupen nekeza izango dutenei mugatua.
  • “Kalteberak”. Beraiei edo beren habitatei eragiten dieten aurkako faktoreak berehala zuzentzen ez badira, aurreko kategoriakoak bihurtzeko arriskua dutenentzat.
  • “Bakanak”. Populazio gutxiko espezie edo azpiespezieak sartuko dira kategoria honetan, eremu geografiko murriztuetan edo lurralde zabaletan.
  • “Interes berezikoak”. Aurreko kategorietan ez badaude ere, duten balio zientifiko, ekologiko edo kulturalagatik edota bere apartekotasunagatik arreta berezia behar dutenak.

Bere egoeraren aurrean, eta legeak markatzen duena kontutan hartuz, aztergai izan dugun Alyssum arenarium espezieak, “Galtzeko arriskuan daudenak” kategoria izan beharko lukeela uste dugu, ondoko arrazoiak direla medio:

  • Euskal Herrian, duna bakar batean azaltzen delako,
  • bera dagoen habitataren jarraipena eta etorkizuna ziurtatuta ez dagoelako, eta
  • bera kokatzen den ekosistemetako egoera eta garrantzia kontutan harturik eta bertako adierazle tipikoa izanik, berarekin batera landaretza psamofiloa osatzen dutenen multzoa, gainontzeko bizidunak eta habitata bera ere, arrisku bizian daudelako.
J. Terés

Baina jarrai dezagun legea aztertzen, eta 49. eta 50. atalek horrela diote:

49. atala

  1. Espezie edo azpiespezie bat zein kategoriatan zerrendatu behar den erabakitzeko orduan, aintzakotzat hartuko da zein arrisku-egoeratan dagoen berezko duen lurralde osoan, tokian tokiko egoera oker edo hobe dezaketen gora-beherak alde batera utzita.
  2. Toki zehatz batean arriskuan dauden populazioak zerrendatu ahal izango dira.

50. atala

  1. Fauna edo landarediko populazioaren espezie edo azpiespezie bat “Arriskuan dauden Espezieen Euskadiko Zerrenda”n sartzeak honako orotariko debekuak izango dute:

    · Animaliei dagokienez, akabatu, harrapatu, jarraitu edo zirikatzeko asmoz, baimenik gabeko edozein ekintza burutzea. Debeku horretan sartzen dira animalia horien kumeki, kume edo arrautza eta habitatak suntsitzea eta bereziki kabiak, biziguneak zein ugalketa, negualdi, atseden edo elikadurarako guneak suntzitzea.
    · Landareei dagokienez, suntsitu, atalen bat moztu, osorik moztu edo errotik atera eta habitataren suntsipenera daraman baimenik gabeko edozein ekintza burutzea.
    · Animalia zein landareei dagokienez, “galtzeko arriskuan” edo “kaltebera” sailkapenetan zerrendatuta badaude, bizirik edo hilda eduki, naturalizatu, garraiatu, saldu, erakutsi, inportatu edo esportatzea, eta baita propagulu edo landare-atal eta hazi, polen eta esporen bilketa egitea, araudiak ezarritako kasuetan salbu.
  2. Nekazaritza eta Arrantza Sailak izango du espezie, azpiespezie eta populazioak zerrendatan sartzeko ardura. Horretarako, kontutan hartuko du “Consejo Asesor de Conservación de la Naturaleza del País Vasco” Naturzaintzak aurretik egingo duen txostena. Hilabete baino lehenago egin beharko da txosten hori.

Informazioa eta tresnak baditugu dagoenekoz. Orain, askotan falta izan den konpromezu, borondate eta jarrera frogatzeko garaia da. Ikusiko dugu...

Familia: kruziferoak
Espeziea: Alyssum arenarium
Banaketa: oso arraroa
Habitata: kostaldeko dunak
Sendabelarra: - - -

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila