Txikitandik egiten nuen amets urrutiko lurrez. Eskola-ordutan, aspertzen nintzen unetan, gustokoa izaten nuen aldameneko lagunekin, herriak, ibaiak, mendiak, etab. non zeuden bilatzen aritzea.
Arktikoak niregan erakargarritasun berezia sortzen zuen. Urrutiko lurraldea zen, leku hotza eta elurtua eta bertan gizakia bizitzera moldatu zen. Gauerdiko eguzkia ere bazuen. Egia esan, gaztetxo nintzela jakinmina ase nahian ibili nintzen.
Arktikoarekin gure lehen kontaktoa 1984. urteko udaberrian izan genuen. Lau lagunez osaturiko espedizioa zen eta Laponia eskiz zeharkatu genuen. Zirkulu polar arktikotik gora geratzen diren Suedia, Norvegia, Suomi eta Sobietar Batasuneko lurraldeek osatzen duten leku hartan 600 km egin genituen eta handik zertxobait erasanda (zentzu onean) etorri ondoren, beste arrazoi (aitzakia) batzuk izan dira Groenlandiara eraman gaituztenak.
Fridtjof Nansen, izeneko norvegiar gazteak, 27 urte besterik ez zituen 1888. urtean Groenlandia zeharkatu zuenean. Garai hartan 700 km-ko zeharkaldia egiteko bi hilabete eman zituen eta esperientzia honek beste espedizio ausartagoak burutzeko ateak zabaldu zizkion. Nansen, Filosofian doktore, Zoologia eta Ozeanografian jakintsu, eta honetaz gainera poeta eta pintore ere bazen eta 1922. urtean Pakearen Nobel Saria eman zioten. Norvegiarrentzat gaur egun oraindik heroirik handienetarikoa da.
Aurten 100 urte betetzen ziren eta badakizue mendeurrenek nolabaiteko lotura sentimentala sortzen duela: Iparragirrerenak euskaldunongan, Einsten-enak zientzilariengan eta Nansen-enak gu bezalakoengan.
Ametsa, aitzakia, gogoa, ilusioa eta beste zertxobait gehitu, eta prestaketa-lanetan murgildu ginen...
Azaletik besterik ez bada ere, Groenlandiara egindako espedizioari buruzko zenbait datu laburki aipatuko dugu:
Ibilbidea
Munduko irlarik handiena den Groenlandia, ekialdeko kostatik mendebaleko itsasertzeraino zeharkatzea zen gure asmoa; Annmassalik herrian hasi eta Sondre Estromfiord-en amaitzea. Guztira 650 km dira eta gutxi gorabehera zirkulu polarraren inguruan dago ibilbide osoa.
Taldea
Bost lagunek osatu dugu taldea; bi emakumezkok eta hiru gizonezkok. Elkar ondo ezagutzen genuen eta hor egon daiteke gauzak ondo ateratzearen gakoa. Hasiera-hasieratik garbi ikusi genuen eskilari onak izatea eta fisikoki ongi prestaturik egotea ez zela sekretu bakarra. Hilabete baino gehiago basamortu zuri hartan inor ikusi gabe egotea, giza portaera aztertzeko laborategi ezinhobea gertatzen da. Ez genuen irratirik eraman, eta erabat inkomunikaturik geunden. Geure berririk ere ezin genuen bidali.
Urtesasoia
Udaberria da egin behar genuena egiteko urtesasoirik onena; argitasun-ordu asko aprobetxatzeko modua bait dago eguraldiak laguntzen duenean. Mendebaleko kostara uda baino lehen iritsiz gero, ibaietako urek eta glaziaretako izotz-urtzeek sortzen dituzten arazoak txikiagoak dira.
Materiala
Geu fondoko eskilari garenez gero, erabakia hartzeko orduan azkar eta arin ibiltzea pentsatu genuen. Nahitanahiez ia 400 kiloko zama gurekin arrastan eraman beharra genuen, baina azken urteotan izan den espediziorik arinena zen gurea. Jantzi bereziak, lozaku beroak, denda isotermikoak, etab. behar beharrezkoak dira zero azpitik 30 eta 40 graduko tenperaturak iristen direnean. Guzti honi haizea gehitzen badiogu, izozteko arriskua ez da txikia izango.
Eskiak telemark motakoak eraman ditugu, eta elurlerak geuk egindakoak erabili arren, oso egokiak suertatu zaizkigu.
Janaria eta elikadura
Atal honek garrantzi handia izan du oraingo honetan, hiru arrazoi kontutan hartu behar zirelako:
Dietetika eta elikaduraz, azterketa izan dugu. Joan aurretik, bertan eta etorritakoan, sendagile-talde batek ikertu gaitu. Era berean, esfortzu-proba bereziak ere eginak ditugu.
Argazkigintza
Bi argazki-kamera (konpakto deritzen horietakoak) eta reflex bat (35-110 objetiboduna) eraman genituen. Hotzagatik ez genuen arazo handidik izan. Aipatzekotan, eta berrikuntza modura agian, bideokamera eraman izana litzateke. Teknikoki zinea erabiliagoa izan da honelakotan, zeluloideak eta zinekameraren mekanismoek ondo funtzionatzen zutelako. Bideokamerak ez digu inolako arazorik sortu (askok besterik uste bazuen ere), eta energi iturri bezala bateriak kargatzeko eguzki-argiaz baliatzen ziren plaka fotovoltaikoak oso baliagarri suertatu zaizkigu (energia nahikoa, garbia eta merkea erabiltzeko moduan izan gara).
Orientazioa
Luze hitz egin daiteke honetaz ere, baina bi gauza besterik ez ditugu komentatuko. Hango paisaiaren erliebe ezak, zaila egiten du erreferentziak hartzea eta ondorioz norabide zuzena asmatzea.
Interesgarriak gerta badaitezke ere, utz ditzagun zuzenki espedizioari dagozkion gauzak eta zenbait kuriositate azaltzeko hiru izen aukeratu ditut; hiru eskimal-izen: nuna, imak, inuit. Berehala ulertuko duzu zergatia.
Honela deitzen diote eskimalek lurrari; ia urte osoan elurrez estalirik dagoen lurrari. Greenland = "Lur berdea" izanagatik, irla honetako %85 izotz eta elurrez estalirik dago eta Inlandiss izenez ezagutzen da.
Bi lurralde izoztuen konparaketa egin dezagun:
ANTARKTIDA. 14.000.000 km2 dauzka eta batezbesteko izotzaren sakonera 2.150 metrokoa da. Hango izotzak urtuko balira, itsasoetako uraren maila 55 metro igoko litzateke.
GROENLANDIA. Bere 1.650.000 km2-rekin Antarktikoaren anaia txikia litzateke, baina batezbesteko izotzaren lodiera 2.242 metrokoa da eta puntu batzuetan 3 km-ra ere iristen da. Hemengo izotz guztiak urtzea gertatuz gero, 6 metro igoko lirateke itsas urak.
Lurralde izoztuak aipatzerakoan, albedo izenez ezagutzen den fenomeno bat komentatuko dugu. Eguzkiaren erradiazioak lurrera iristen dira, baina elur eta izotzaren zuritasunak isladatu egiten ditu. Elur lehorrak isladapen handiagoa dauka eta elementu zuriaren zenbat eta luzezabalera handiagoa izan, are eta erradiazio txikiagoa zurgatuko du lurrak. Ondorioz leku horrek tenperatura baxuagoak izango ditu. Hau ez da gu ibili garen lurraldeetako hotza esplikatzeko arrazoi bakarra, noski.
Nuna horretan beste guztien gainetik, animalia bat da nagusi: nanok, edo hartza zuria. Urtetan desagertzeko zorian egon arren, gaur egun neurri berezi batzuei esker babestua dago. Bertako jendeak ehiza dezake, baina familia bakoitzak urtean bat bakarra gehienez.
Nanok, beste animalia guztiak baino indartsuagoa izanik, gizakia izan dezake kontrario bakarra. Ehundaka kilometro egin ditzake oinez, eta igeritan ere mordoa. Bera da jaun eta jabe lur izoztu haietan.
Groenlandiara joateko baimenak eskatzen hasi ginenean, bertako gobernuak rifle bat eramatera behartzen gintuen, baina irten aurreko egunetan ez genuela beharrik izango abisatu ziguten... Lasai joan ginen, baina kontutan hartzekoa da hartza goseak janaria 5 kilometrora usain dezakeela. Benetako arriskua kostaldean bakarrik dago, eta ekialdekoan batipat.
Nanok aipatu dugu eta ezin kringmek (zakurra) bazterrean utzi. Munduan zehar gizakiaren lagunik onentzat kontsideratzen bada, han zer esanik ez.
Eskimalentzat zakurra da basatia ez den animalia bakarra. Otso arktikoa da gaur egungo zakurren arbasoa eta han zakurrak dira hilabete askotan garraiabide posible bakarra. Gero hitz egingo dugun itsasoan ere, 8 hilabete luzez zakurrak dira batetik bestera joateko erabiltzen den modua. Tiro bakoitzak 8-10 zakur izaten ditu.
Zakurrak bizitza osoa kanpoan pasatzen du eta ez du zaunkarik egiten; negar antzeko garrasi bat ateratzen zaie. Eskimalen aginduei kasorik egiten ez dieten zakurrak akatu egiten dituzte... eta Nanok ehizatzera joaten direnean, zakur azkarrak badaki hartzak beso ezkerraz erasoko diola... Gu egon ginen Anmassalik herrian (ekialdeko herririk handiena da bere 2.000 bizilagunekin) 4.000 inguru zakur daude eta zakur adina historio entzun daiteke.
Itsasoa, urtean zehar hilabete gutxitan urturik dagoen itsasoa, mendetan eskimal askorentzat janari-iturri bakarra izan da. Uda partean garraio bezala kayak izeneko untzia erabili izan dute. Hezurrez, egurrez eta larruz egindako tresna hau gaur egungo gizartean ez da formaz aldatu, baina materialez bai. Umiak izeneko untziak ere erabiltzen zituzten taldean arrantzara joan behar zutenean. Egun, motoredun txalupatxoak familia askoren esku daude.
Itsasoa bizileku bezala aipatzerakoan, puise foka delakoaz hitz egin behar. Hau izan da (eta oraindik ere halaxe da) familia askorentzat bizibide bakarra. Teknika desberdinez ehizatu izan dute. Hona hemen riflea erabili gabeko hiru:
Baina zeintzuk dira milaka urtean zehar hain baldintza gogorretan bizirik iraun duten gizakiak? Inuitak dira. Mendetan zehar munduan bizi ziren gizon-emakume bakarrak beraiek zirela uste zuten eta horixe esan nahi du inuit hitzak. Eskimal izena indioek jarritakoa da eta "haragi gordin jaleak" esan nahi du.
Arktikoan zehar bizi den inuit jendea (110.000 guztira, hauetariko 59.000 Groenlandian), antzeko kulturaren jabe izan da. Alaska eta Groenlandiako eskimalek hizkuntza bera hitz egiten dute, nahiz eta dialekto desberdinak eduki. Gizaki zuria iritsi zen arte ez zen idazten eta oraindik ere Groenlandiako ekialdeko dialektoa ez da papereratu.
Benetan hizkuntza konplexua dute. Izen bakar batek esaldi luzearen esanahia du askotan, 14 atzizkiraino har ditzake erro batek... Zenbakiak aldiz, askoz ere sinpleagoak dira. Orain dela gutxi arte, 20raino bakarrik konta zezaketan (eskutako hatzek eta oinetako behatzek osatzen dituzten 20 zenbakiraino). Hortik gora, hamaika zen,... Honelako gauzak irakurri eta Groenlandiako lur haietatik etxera itzuli naizenean, tristura handiak hartu nau. Izan ere bizirik irauteko izan duten ahalmen miresgarri hori aldatuz joan zaie. Antzinako kultura eta zibilizazio modernoak erdi-erdian harrapatu ditu... Orain, azken lerro hauek idazterakoan, aurrean daukadan liburuan honakoa irakurri dut: gure bizimodua aldatuz joango da, baina geuk erabakiko dugu noiz, eta gure erara egingo dugu aldaketa. Honela mintzatu omen zen inuit herriko bozeramale bat Kanadako agintarien aurrean. Ni neu beldur naiz. Sinestu nahi nuke, baina ezin dut; ni qadlunat (gizon zuria) besterik ez bait naiz.
Pingasunngornermi sisamanngornermilu
Kitaani Avannaanilu sila issaasannerulissaaq.
Kujataaniit anorsarissiartussaaq.
Qulisimassaaq ilaanni apisarluni.
Kujaataani sila issaasannerussaaq, immaqali
panissaluni.
Tunumi silagissaaq seqinnerluni anorikillunilu.