Kanarietako Astrofisika Institutuaren ekimenez sortu da Grantecan teleskopioaren proiektua, diametroan 10 metroko ispilu nagusia duen teleskopioa, hexagono formako 36 ispilu txikiz osatutakoa. Hala ere, teleskopioa lanean hasten denean, 36 ispiluak bat balitz bezala mugituko dira, Jerry Nelson ikerlari estatubatuarrak diseinatutako ereduari jarraituz. Handia izan arren, Grantecan-ek ez du bakardaderik sentituko. Izan ere, teleskopio erraldoia Kanarietako Roque de los Muchachos behatokian kokatuko dute, lehendik ere era guztietako teleskopioak biltzen dituen tokian. Adituen arabera, Ipar Hemisferioko behatokirik onena da Roque de los Muchachos. Kokapenaren baldintza ezinhobeei esker, proiektu berrian erabiliko diren teknologia modernoenei esker, eta bere erraldoitasunari esker, Grantecan munduko teleskopioen podiumean sartuko da.
Bere ezaugarriak kontuan hartuta eta non kokatuko den ikusita, gaur egun Lurrean dauden teleskopioek maiz jasan behar izaten duten eragozpenetariko bat gainditu ahal izango du Grantecan-ek: atmosferako perturbazioak.
Beraz, Grantecan-ek kalitate handiko irudiak eskaini ahal izango ditu. Datu tekniko bat: kupularen, ispilu nagusiaren berotasunaren eta optika-tresneriaren eraginez sortuko den irudien degradazioa —altuera ertainean— ez da 0,18 segundo-arku zabal baino handiagoa izango. Teleskopio berriaren beste erronketariko bat eraginkortasun operazional ahalik eta handiena lortzea da.
Zerbitzu malguen behaketa-sistema erabili nahi da teleskopioarekin; horregatik, ahalik eta tresneria gutxien aldatzeko, bigarren mailako ispilu bakarra eta hainbat foku-estazio jartzea erabaki da, guztia teknologia aurreratuenen bidez kontrolatua. 12.750 milioi pezetako (503 milioi libera) aurrekontua du proiektuak, tresneria guztia, proiektuaren gestioa eta ezusteetarako % 10 kontuan hartuta.
Teleskopioa bere baitan hartzeko, eraikina jasoko dute Roque de los Muchachos behategian. Eraikinaren ezaugarri nabarmenena kupula da, teleskopioa, tresneria zientifikoa eta mantenimendurako beharrezkoak diren tresnak hartuko dituen egitura mugikorra. Kupula zilindro-formako oinarri finko batean jarriko da, teleskopioaren zutabea inguratuz. Egitura horrek osatzen du teleskopioa gordeko duen eraikinaren oinarria.
Grantecan teleskopioarentzat kupula nolakoa izan erabakitzeko bi ereduren arteko aukeraketa egin zen: zilindrikoa edo esferikoa. Azkenik esferikoa hautatzea erabaki zen, batez ere hiru arrazoigatik: eraikitzeko kostu txikiagoa, egitura aldetik egokiera hobea, eta martxa-jartze merkeagoa.Kupula altzairuzkoa izango da, 33 milimetroko lodierakoa. Eguzkiaren berotasunaren eragina gutxitze aldera termikoki isolatuko da, eta aire girotuaren eraginpean pasa beharko ditu eguneko orduak, gaueko orduen tenperaturekin diferentziarik izan ez dezan.
Aire girotuaz gain, behaketa egiten ari dela teleskopioko ganberaren aireztapen naturala ere egingo da, eta horretarako kupulako egituran bertan leihoak jarriko dira. Horri esker, eraikinaren barrualdean modu merkean gorde ahal izango dira baldintza egokiak; haize gutxi dabilenetan, berriz, aireztapen-sistema artifiziala ere erabili ahal izango da.
Aireztapenerako lagungarri den bezala, haizeak kaltea ere egiten die teleskopioei, bibrazioak eragiten baititu. Arazo horri aurre egiteko, teleskopioaren ganberan kontrolatu egingo da haizearen abiadura, behaketa-gunean porodun pantaila jarriz. Era horretan behaketa-gunea erabat zabalik egongo da teleskopioa martxan dagoenean, aldi berean ganberaren aireztapena hobetuz. Eraikinaren beste ataletariko bat behaketa-konporta izango da, bi konporta irristagarriz osatutakoa, bata bestearen gainean jarrita. Eraikinari dagokionez, azkenik, kupularen oinarri izango dena. Oinarria zilindro-formakoa izango da, erabat finkoa eta hormigoiez egindakoa, barne-diametroan 31 metro inguru izango ditu eta 15 metroko altuera. Garaiera aprobetxatuz oinarriaren goialdean leiho-lerroa jarri ahal izango dute, ispiluko kokagunearen aireztatzea hobetuz. Eraikin nagusiaren ondoan eta harekin lotuta beste bat ere jarriko da, bertan zerbitzu, mantenimendu, kontrol-gela, biltegiak eta abar biltzeko.
Teleskopioaren kokaguneak eta egiturak garrantzia duen bezala, optika-sistemak ere zerikusi handia eta zuzena du Grantecan-i aurrez somatzen zaion kalitatezko irudiak jasotzeko gaitasunarekin. Hiru ispiluk osatuko dute teleskopioaren sistema optikoak: nagusiak —36 ispilu txikiz osatutakoa—, bigarren mailakoak, eta hirugarren mailakoak. Ispilu nagusiak jasoko du espaziotik iristen den argia; jasotakoa bigarren ispilutik fokuetara bidal daiteke zuzenean eta bertan ikusi edo hirugarren ispilura bidali handik ikus dadin. Ispilu nagusiak 10 metroko diametroa izango du eta 36 ispiluak bat balira bezala erabiltzeko aukera dagoen bezala, banan-banan mugiarazteko aukera ere eskainiko du.Bigarren mailako ispilua askoz ere txikiagoa izango da, metro bete pasatxokoa, eta —eraikitzeko erabiltzen den materialaren arabera— 45 edo 65 kiloko pisua izan dezake. Azkenik, hirugarren ispilua, laua eta elipse-formakoa.
Optika-sistema osoa eta tresneria zientifikoa beste egitura baten barruan kokatuko dira, Grantecan-en azpisistema izenez ezagutzen denean. Azpisistemaren eginbeharrak teleskopioa zuzen edukitzea eta espazioa zeharkatzen duen edozeri jarraipena egitea dira. Labur esanda, Grantecan-en azpisistema honela osatzen da:
2002. urtera arte, dena den, Grantecan ez da errealitate izango. Oraingoz, lehen urratsak ematen ari den proiektua besterik ez da, eta Eibarko Tekniker Zentro Teknologikoa horretan ari da hain zuzen, lehen urrats horietan.
Teleskopioko tresna mekanikoen aurre-diseinuarekin ari dira lanean Eibarren, teleskopioaren armazoia eta hodia egin ahal izateko beharrezko diren azterketekin. Armazoiak, gainerako tresnekin batera, teleskopioaren biraketa egiteko funtzioa du, 360 °-tik gorako biraketa. Teleskopioaren ispiluak eta fokuetarako beharrezko den tresneria hodian oinarritzen dira.
Zehaztasun handiko azterketak egin behar dituzte Teknikerren. Izan ere, Grantecan proiekturako nolabaiteko ikerketak egin dira, zehaztuta baitago zein mailako betekizun, optikoak eta funtzionamendukoak, izango dituen teleskopioak, baina haratago joan gabe. Betekizun optikoak eta funtzionamendukoak edozein eraikitzailerentzat ulergarri egitea da, bi hitzetan, Teknikerren egiten ari den lanaren oinarria.
Abian jartzen denean teleskopioa nola ibiliko den jakiteko, Eibarko zentro teknologikoan simulazio-eredua egiten ari dira. Eredu horretan hainbat sistema biltzen dira: egitura, motorrak, kojineteak, sentsoreen sistema… dena ordenadorean sartu eta teleskopioa behaketa-lana egiten ariko balitz bezala jarri, proba-banku teorikoa antolatuz eraiki aurretik erabaki bat edo bestea hartzeko. Teleskopioko tresneriaren gorabeherak simulatu eta eraginaren ondorioak aterako diren bezala, kanpoko faktoreak ere hartuko dituzte kontuan, haizea, lurrikarak, ekaitzak, Roque de los Muchachos behatokira daraman bide estu eta txarra, eta abar.
Bi hilabete inguru igaro dira Teknikerren lan honekin hasi zirenetik, eta euren eginbeharra bukatzen dutenerako beste sei joango zaizkie.
Hortik aurrera, Teknikerren ateratzen diren ondorioekin, teleskopioaren mekanika egiteko lana merkatura aterako dute, eraikitzaileek eskaintzak egin ditzaten.
Teknikerrentzat garrantzitsua da lan hau —zaila izan arren— lehenengoz egitura oso baten jokaeraren simulazioa egin behar baita. Lehendik ere egin dute antzekorik Teknikerren, baina beti zatika, makina-erreminta baten lana aztertuz edo motor baten dinamika hobetuz esate baterako. Azkenik —lanaren garrantziari dagokionez— kontuan hartu behar da nazioarteko proiektu erraldoia dela Grantecan, harreman ugari izan eta dena ondo eginez gero, gerora ere etekina ekartzen duen horietakoa.