1.986ko Otsaileko "Futuribles" aldizkari frantziarrak dakarrenez, 2.000. urte ingururako enplegu-beharrizanak aztertzen ari dira bazterretan. Hemen, bi lekutako adibideak baino ez dira eskaintzen, baina joerak zeintzu diren ikusteko kontutan hartzekoak dira noski.
Eskola-beharrizanen eboluzioari buruzko azterketa bat egin behar zuela eta, Institut d'aménagement et d'urbanisme de la Région Ile-de-France (IAURIF) delakoak, eskualde horretako populazioa, gaur egun 10,1 milioi biztanlekoa dena, hemendik hamar urtera, 10,6 eta 9,9 milioi biztanleren artean kokatu behar dela dio. Lehenengo kasuan (10,6 milioi), eskualdea oso erritmo geldian zertxobait hazitzea aurrikusten da eta bigarrenean berriz (9,9 milioi), populazio-gutxitze arin bat aurrikusten da. Bi ikuspegiak ere, egiazkotzat eta gertatzeko modukotzat emanak dira, edo hobeki esanda, benetan gertatuko denaren ertzeko mugatzat. Benetan gertatuko dena beraz, bi muga horien barnean aurkituko da.
Demografi tasak beraz, ugalkortasunaren beherakadarantz jotzen du, probintzietatik etorritakoak ostera itzultzerat eta atzerriko etorkinen etorrera gutxitzerat. Azken finean, populazio osoaren eboluzioa kontutan hartuta, eskola-beharrizanek beherantz egingo dutela aurrikusten du.
Atlantikoaren beste muturrean berriz, Régional Plan Association delakoak, New York eskualderako aurrikuspen-egitasmoak argitaratu ditu, beronek, New York hiria, eta Connecticut, New Jersey eta New York Estatuetako zati batzu hartzen dituelarik. Hemendik mende-amaierara bitartean (dio azterketa honek) populazioa %10 haziko da eta 22 milioiko kopurua gaindituko du, enplegua %30 ugalduko da, 11 milioiko populazio ihardulera iritsiz. Ekoiztuko dituzten ondasun eta zerbitzuen balioa, 546 milioi dolarretan zifratzen da (1982ko balioarekin), %60 baino handiagoko hazkuntzarekin, alokairuen zenbatekoarena %6an ipintzen dutelarik eta biztanleko errentarena %14ean, 17.000 $ lortuz.
Aurrikuspen hauek egia bihurtzen badira, Régional Plan Association delakoak, nahiko lan izango dela dio haziz joango den eskulanari irteera aurkitzen eta lantegietarazko garraio-bitartekoak segurtatzen.
Berriro ere ostera Frantziara itzuliz hemendik 2.000 urtera, honako enplegu-eskaeren eboluzio hau aurrikusten du BIPE (Bureau d'Information et de Prévisions Economiques) delakoak, "Faire gagner la France" deitutako Egitasmo-Zuzendaritza Orokorrak egindako txostenean:
Informazio honen arabera eta hemendik 2.000. urtera bitartean sortzen joango den enplegu-mota, hirugarren sektoreko koadro, burotikan prestatutako enplegatu, ofizial kualifikatu, neskame edo etxekoandre-laguntzaile eta zaharberritze-lanetarako pertsonal-beharrei erantzutekoa izango da eta lehenaz gain, horiek egingo dute gorantz. Alderantziz ostera, gutxitzera joko dute, nekazariek, langile kualifikatu gabeek, mekanografoek eta tropako polizia nahiz soldaduek. Emaitza hauek ez dira agian ustegabekoak izango. BIPEk egindako ikerketek behintzat hauxe diote. Ondorioa garbi dago: gizarte-zerbitzuak izugarrizko mailara igotzen dira, horrek enplegua sortuz, edo eta egundoko langabetu-pila izango da kaleetan edozertarako prest.