Badira berrogei urte baino gehiago Institutu Onkologikoa minbiziaren aurka borrokan ari dela.
Orain dela 60 urte, 1927. urtean, Aiestaran mediku kirurgilaria Academia Medico-Quirúrgica ko lehendakari zen eta urte hartan hitzaldi guztiak minbiziari buruz eman ziren.
Medikuen artean, eta baita Gipuzkoako elkarte askotan ere, oso barrura sartu zen minbiziaren aurka zerbait egiteko asmoa.
Baina, 1933. urtera arte ezin izan zen Donostiarako eta Euskadirako izango zen lehenengo ospitalea, hau da, Institutu Antikantzerosoa , sortu.
Lehenengo zuzendaria Luis Aiestaran kirurgilaria izan zen eta harekin batera mediku ezagunak laguntzaile izan ziren: Iparragirre, Irigarai, Anguera, Barriola, Llombar, Gastamintza, etab.
Tratamendurik berrienak ematen zitzaizkien gaixoei; Radioa, Erradioterapia eta Kirurgia ziren baliozko metodoak garai hartan.
Handik urte batzuetara, 1951. urtean, Aurrezki-Kutxa Probintzialak bere Ekintza Sozial Propiotzat hartu zuen eta orduz gero Institutu Onkologiko deitzen da.
Hemen egiten diren tratamenduak bi motatakoak dira: batzuk sendatzeko intentzioz egiten dira eta besteak mina kentzeko eta minbizidunaren azkeneko momentuak arinago eramateko. Hemen sartuko litzateke
Oinazearen tratamendua
deitzen den espezialitatea; batzuetan botikekin eta beste batzuetan Erradioterapiarekin (minbizia hezurretan edo hezur muinetan dagoenean) tratatzen dena.Baina lehendabiziko tratamendua da guk atsegin duguna eta minbizia sendatzeko edo urte askotan ongi bizitzeko posibilitate gehien dituena.
Tratamendu horiek nola eta nork manatzen ditu?
Gehienetan, ospitale honetan protokoloak eginak daude eta edozein sendagilek, gaixo baten aurrean, erabaki bat har dezake. Lehenengoa eritasuna ondo eta ziur non sortu den eta noraino iritsi den jakitea da. Hori jakinda, erraza izango da protokoloarekin nork hasi behar duen, eman beharreko tratamendua zein den eta sendatzeko daukan posibilitatea jakitea.
Eta horretan egongo da gure zalantzarik handiena. Askotan kirurgiak hasi beharko du minbizia kentzen, eta haren ondoren, erradioterapia edo kimioterapia eman beharko zaio gaixoari.
Beste batzuetan, biopsia ondoren eta minbizia zein motatakoa den jakinda, erradioterapiarekin hasiko gara eta honekin bakarrik sendatzen da.
Tumoreak handiak badira, bilkura bat egin beharko dugu hiru espezialitateko medikuek, eta denen artean nondik hasi aukeratuko dugu. Kasu horietan, gehienetan kimioterapia ematen diegu lehendabizi eta murriztu ondoren beste tratamenduren bat aurkitzen da.
Zer esan nahi du honek? Gaur egun ez dagoela tratamendu bat bakarrik gaixo gehienentzat. Horregatik gaur egun Diziplina anitzeko tratamendua da minbizi gehienetan aplikatzen dena eta horrela egiten ez bada ezin da sendatu, noizean behin baizik. Horregatik Onkologi Ospitale Monografikoak dira hoberenak, gaur egun minbiziari aurka egiteko.
Horrek, lehenago esan dugun bezala ospitale batean espezialistak biltzen badira, eta aparatu propioak jartzen badira, gauza asko egin dezakegula eta gutxienez bitik bat senda daitekeela esan nahi du.
Zerbitzu honetan egiten diren gauzak aipatuko ditugu orain:
Tele-erradioterapia edo kanpotik ematen dena bi klasetakoa izaten da: bat Betatroi izeneko makinarekin ematen dena eta bestea Kobaltoak ematen duena.
Tumorea bakarra denean bere lokalizazioak esango digu hoberena zein den gaixo bakoitzarentzat. Batzuetan erradioterapia ere ematen da kimioterapia tratamenduaren erdian. Orduan, erradioterapia bukatu ondoren, kimioterapi zerbitzura pasatzen da berriz.
Honek zera esan nahi du: alegia, guk gutxitan ematen dugula tratamendu bakarra eta gehienetan minbiziaren tratamendua denen artean egin behar dela, ondoriorik onenak lortzeko.