Hala eta guztiz ere, elkarrekintza horrek ez du arau zorrotzik betetzen: gerra-garai askotan zientzia izugarri garatu da, baina aurkakoa ere gertatu da. Gerra batzuetan zientzialariek ez zuten baliabide askorik izaten; beste batzuetan, aldiz, gerraren beraren eraginez, diru gehiago inbertitu da zientzian. Horregatik, gerra zer den hausnartu behar da. Gerra-mota asko dago, eta horietako bakoitza sailkatzea ere zaila da.
Gizakiak ez ezik, txinpantzeak ere borroka egiten du. Dena dela, gerra borroka baino kontzeptu zabalagoa da. Agian, gizakien borroka guztiak ez dira gerrak izan. Paleolitoan, gizaki ehiztaria nomada zen. Harrapakinak eremu handietan mugitzen ziren; ehiztari bakoitzak 40 km 2 -ko lurraldea behar zuela kalkulatu da. Ehiza oparoa zenean, giza taldeak asko handitzen ziren; tribu handiak banatu egiten ziren, eta lurraldea kontrolatzeko borrokak hasten ziren. Baina, agian, borroka horiek ere ezin dira gerratzat hartu.
Neolitoak aldaketa izugarria ekarri zuen: nekazaritzak gizakia sedentario bihurtu zuen. Egoera berri horretan, lagun bakoitzak behar zuen lurraldea askoz txikiagoa zen, baina lurralde horrekiko lotura orduan sendotu zen. Inguru guztiak ez direlako berdinak, hainbat lurralde kontrolatzeko borrokek benetako gerrak ekarri zituzten.
Mesopotamia eta gaur egun Siria, Israel eta Libano direnak oso lur emankorrak ziren (historiagileek 'Ilargierdi emankorra' izenez adierazten dutena), eta lehen inperio handien sorlekua dira. Gerrek hiri-estatuak sorrarazi zituzten, harresiz inguratuta zeuden 200 etxebizitzatik gorako hiriak. Ospetsuenak Jeriko eta Uruk izan ziren. Horrelako hirietan gizartea oso hierarkizatua zegoen; ondorioz, harresitik barrura zientzia eta teknologia asko garatu ziren, harresitik kanpoko uztek ahalbidetzen zuten bitartean.
Zientziak gerran izan duen eraginik zuzenena, noski, armen garapena da. Gerretan azken teknologia erabili da beti, bai antzinako herrietan bai eta gaur egun ere. Izan ere, Neolitoa sailkatzeko, materialen erabileraz baliatzen gara, eta material berri horiek gehienbat armetan bilatu dira.
Sumertarrek lehenik eta egiptoarrek gero, kobrea lantzen zuten. Ez da harritzekoa inperio horiek sortu izana, besteak beste metala erauzteko eta tratatzeko teknikak garatu zituztelako. Metalezko tresnak (armak) harrizkoak eta zurezkoak baino zorrotzagoak ziren. K. a. 3000. urtearen inguruan, eztainuarekin aleatuz gero kobrea gogortu egiten dela ikasi zuten egiptoarrek; brontzea egiten ikasi zuten, alegia.
Troiako gerran, brontzezko gezi-puntak eta armadurak erabili ziren. Handik aurrera, aleazio hori ezagutzen zutenak Brontze Aroan zeudela esaten da. 'Brontzezko gerlariek' 'kobrezkoak' menderatu zituzten, eta borrokatzeko moduan iraultza ekarri zuten.
Brontzea atzeratuta geratu zen, ordea, hititek burdina erauzi zutenean. Burdinazko armek, besteak beste, Alexandro Handiari eta, geroago, erromatarrei ospe handia eman zieten. Burdinazko armadurak eta armak makina eta estrategia sofistikatuekin batera erabiltzen zituzten. Horrela, gerran arrakasta ziurtatzen zuten, eta herri aurreratuen kultura azkar zabaldu zuten Europan, Afrikan eta Asian.
Erromatarrak ez ziren oso ikertzaile iaioak izan, baina hainbat ekarpen garrantzitsu egin zituzten gerraren esparruan. Oso ingeniari trebeak izan zirela aipatu behar da. Teknologikoki aurreratutako gerra-makinak egin zituzten (katapultak, adibidez), eta, batez ere, gotorlekuak eta komunikabideak landu zituzten.
Grekoen ondarea jasota, erromatarrek oso gotorleku modernoak egin zituzten bide nagusietan. Kanpoaldeko paretak harrizkoak egiten zituzten, (noizbait zementuarekin nahasirik). Bestalde, egun osoa ibili ondoren, zulo batez inguratutako kanpamentuak eraikitzeko gai ziren.
Oso aipagarriak dira lehen gerra punikoetan erabiltzeko egin zituzten itsasontziak, Mediterraneo osoa kontrolatzeko adinakoak. Ontzi horien bitartez, erromatarrak erraz nagusitu ziren kartagoarren aurka (dena dela, Sirakusako Arkimedes ospetsuak ontzi horietako batzuk erre egin zituen ispilu ahurren bitartez).
Zaldia eta gurdia ziren itsasontziaren ordezkoak lehorrean. Baina garai hartako baliabideak kontuan hartuta, bidaiak ibaiek baldintzatzen zituzten. Ibai handiak armadak gerarazteko moduko oztopo gaindiezinak ziren. Beraz, erromatarren ekarpen nagusietako bat zubia izan zen.
Zementuaz eta enkofratzeko teknikaz, arku zirkulardun zubiak eraiki zituzten Europako ibai nagusietan. Teknika horrek arrakasta handia izan zuen. Gerretan, zurezkoak egin zitezkeen denboraldi batez kontrolatu eta, nahi izanez gero, suntsitu ahal izateko; oso zubi iraunkorrak egin nahi zituztenean, berriz, harrizkoak egiten zituzten.
Zubiak erraz babesten diren eraikuntzak dira. Beraz, zubien jabetza izateak abantaila handiak ditu bai bake-garaian, bai eta gerran ere. Erromatarrek eraikitakoek mende askotan izan zuten garrantzia, inperioaren gainbeheraren ostean ez baitziren zubi berri asko egin. Gainera, eraikuntza horien garrantzi estrategikoak gutxienez XX. mendera arte iraun zuen (gaur egun ere ez da zubien mendekotasuna guztiz gainditu): Bigarren Mundu Gerran eta Vietnamgoan horren adibide asko izan ziren.
Zaldia gerrarako animalia izan da mendeetan zehar. Animalia gogorra da, eta, mendeetan, garraiobiderik azkarrena. Zaldi baten gainetik armak erabiltzeak, ordea, trebezia handia eskatzen zuen. Hainbat herri trebezia hori garatu zutelako izan ziren ospetsuak. Zaldi gainean, mongolek, adibidez, inoiz izan den inperiorik handiena konkistatu zuten XIII. mendean.
Estriboak (eta, noski, zelak) zaldi gaineko trebezia izugarri areagotu zuten. Ez dago oso argi noiz asmatu zen: seguruenik Kristo aurretik izan zen; dena dela, ez zen ohiko bihurtu erromatarren inperioa desagertu eta askoz geroago arte. Ondorioz, gerraren kontzeptua eraldatu egin zen: gerlariak zaldunak ziren, oinezkoek ez baitzuten aukera handirik horien aurka. Zaldunek lantzak eta arkuak maneiatzen zituzten 'ibilgailu' altu eta azkar batean. Mongolak, adibidez, hiru arku eramateko gai ziren zaldi gainean.
Zaldiak armaduraz hornitu zituztenean, gerra-makina bihurtu ziren. Ideia horren adierazgarririk handiena Europako Erdi Aroko zaldunak ziren. Baina horrek esan nahi zuen edozeinek ezin zuela gerlaria izan, gerlariak nahitaez jauntxoek ordaindutako zaldunak ziren. Zaldunak prestatzeak kostu handia zuen, baina erasorako baliabide indartsua ziren. Garai hartako gerrek, dena den, defentsarako baliabideak ere ezinbestekoak zituzten: gazteluak. Gazteluak (Euskal Herriko dorretxeak, adibidez) defentsa-eraikinak ziren, eta, etxe xumeak ez bezala, harriz egiten ziren.
Zaldunen eta gazteluen gerra-mota eta sistema feudala erabat osagarriak ziren. Ez dago esaterik zein den zeinen ondorio, baina biak batera garatzea ez da harritzekoa. Bai erasoa bai eta defentsa ere aberatsen monopolioa ziren. Erregeek eta jauntxoek, gainera, zergen bitartez lortzen zuten aberastasuna, diru-sarrerekin batzuetan eta elikagaien bitartez besteetan. Adibidez, bikingoek Ingalaterra behin eta berriz eraso ondoren, erregeak gerra babesteko zerga berezi bat ezarri zuen. Diru horrekin armak egiteaz gain, bikingoei zuzenean ordaintzen zitzaien, eraso ez zezaten.
Hala eta guztiz ere, armaduradun zaldia akabatzea ez zen guztiz ezinezkoa. Erdi Aroa baino askoz lehenagoko arma bat garaiko beharretara egokitu zen, eta zaldunen gerrarentzat oztopo bihurtu zen: balezta. Asmakizun horrek Europako gerrak eta beste edonongoak bereizi egin zituen.
Balezta txikia eta merkea zen, ia edozeinek egin zezakeen arma. Erabili ahal izateko, arkuak baino trebakuntza gutxiago eskatzen zuen; izan ere, bereziki gehitutako mekanismo batzuen bitartez, ez zen bandatzeko indar handirik behar. Hain zuzen ere, erabiltzea neketsua ez zenez, borroka luzeetarako arma aproposa zen. Gainera, baleztak jaurtitako geziek ia edozein armadura zula zezaketen.
Desabantaila batzuk ere bazituen, batez ere zehaztasunari eta irismenari dagokienez. Baina, baleztari esker, baliabide garestiak izan gabe, oinezkoek zaldunen aurkako batailak irabaz zitzaketen. Horrek gerraren kontzeptuaren iraultza ekarri zuen: bat batean, oinezkoek kontrola zezaketen gerra.
Horrek ez du esan nahi herri xumea erregeen eta jauntxoen aurkako batailak egiten hasi zenik, baina armada bat osatzeko garaian oinezkoak ezinbestekoak suertatzen ziren. Infanteria berriak gerrarako dirua gastatzeko modua aldatu zuen. Gainera, herritarrek gerran soldadu izan behar zutenez, motibatu egin behar zituzten agintariek. Horretarako, nazioaren ideia indartu behar zen: jendeak gerran parte hartzen zuen ez nobleen lurrak babesteko, herriarenak baizik.
Balezta oso arma arriskutsua zen, pobreek eskura zeukatelako eta aberatsen boterea kolokan jar zezakeelako. Botere laikoa zein eliza horretaz jabetu ziren. Konrad III.a Alemaniako erregeak debekatu egin zuen balezta erresuma osoan, eta Elizak ere erabiltzen zutenak zigortzea erabaki zuen Latrango bigarren kontzilioan (erabiltzea anatema zen). Dena dela, ironikoa bada ere, gurutzadetan oso arma eraginkorra izan zen musulmanen aurka.
Txinan asmatuta, eta Europara Marko Polok ekarrita, Erdi Aroaren bukaeran bolbora agertu zen gerraren munduan. Nahaste kimikoa besterik ez zen, nitrato potasikoz, egur-ikatzez eta sufrez egindakoa, baina suarekin edo burdina goriarekin eztanda egiten zuen eta ke zuri trinkoa sortu. Eztanda horrek balak jaurti ditzake abiadura oso handian, eta hodi batetik bideratuz gero suzko armak osatu.
Bolborak eta bere aplikazio ugariek izugarri handitu zuten oinezko borrokalarien garrantzia; ordura arte espero ezin zitekeen distantziatik eraso hilgarriak egiten hasi ziren. Ideia horretan oinarrituta arma berriak egiten zituzten, gerlari bakoitzak eraman ahal izatekoak eta lurretik erabili beharrekoak.
XV. mendean, armak baino eragin handiagoa izan duen asmakuntza teknologikoa etorri zen: inprenta. Johanes Gutenberg alemanaren eskutik, mundua aldatu egin zen. Inprenta oso azkar zabaldu zen Europan, eta, Bibliatik hasita, liburu asko inprimatu ziren.
Garai hartan, jakinduriaren monopolioa Elizak zuen mendebaldeko gizartean, komentuetan kopiatu eta gordetzen zirelako liburuak. Inprentak egoera hankaz gora jarri zuen, besteak beste, Eliza Katolikoarekin bat ez zetozen hainbat ideologiaren berri zabal zitekeelako. Horren adibiderik argiena Martin Lutheren erreforma izan zen.
Amerikaren aurkikuntza lehenagokoa izan zen arren, han topatutakoaren eraginak pixkanaka krisialdi sakona sortu zuen Europako pentsaeran. XVI. eta XVIII. mendeetan mundu ezezagun eta ezberdin hartatik zetorrena bereganatu behar izan zen. Bestalde, Europan metodo zientifikoaren oinarriak finkatzen hasi zen Galileo, Descartes eta beste askoren lanen eskutik, eta teknologiaren aurrerapenaren garaia iritsi zen.
Hainbat asmakuntzak eragin oso zuzena izan zuen gerraren esparruan. Betaurrekoa, adibidez, XV. mendean estatuko sekretua zen Herbehereetan. Lentedun hodi horren bitartez, etsaia urrutitik detektatzeko aukera zuten zelatariek, eta abantaila horrekin estrategiak askoz lehenago egokitzen ziren.
Galileok unibertsoa eta gauza txikiak behatzeko moldatu zuen betaurrekoa, eta teleskopioari eta mikroskopioari bideak ireki zizkien. Azken horrek batez ere, Amerikaren aurkikuntzak bezala, mundu berri baten atea zabaldu zuen. Mundu berri horiek ikertzeko tresneria zehatzagoa eta sofistikatuagoa egiteko premia zegoen. Erlojuak eta beste neurketa-makina harrigarri batzuk egin ziren. Kartografia zehatzaren garaia etorri zen, eta gerrarako mapak ezinbesteko bihurtu ziren.
Iraultza frantsesarekin eta ondorengo gatazkekin oinezkoen gerrari 'gailurra' iritsi zitzaion. Infanteriak egiten zuen gehienbat borroka. Horregatik, borrokalari-kopuru handiak ezinbesteko bihurtu ziren; neurri batean, armadarik jendetsuenak izaten zuen irabazteko aukera gehien. Horrek ekarri zuen soldadutza ezartzearen beharra, eta hori justifikatzeko inoiz baino gehiago garatu ziren nazionalismoak goraipatzen dituen filosofiak: herri bateko gizonezkoek defendatu behar dute herria.
Soldaduak ez zuen pentsatu behar; agintarien eskuetan zegoen estrategia. Horregatik, azken horien aginduei zalantzarik gabe eta erabat koordinatuta erantzuten ikasi behar zuen armadak. Askotan danborrak eta tronpetak erabiltzen ziren batailan bertan aginduak eman eta betetzen laguntzeko. Horretarako trebatzen hasi ziren borrokalariak Napoleonen garaian; gaurko armadaren trebakuntza ere ideia horietan dago oinarrituta.
Soldaduak eramaten zituen suzko armen tiramena ez zen oso handia; beraz, eremu ez oso zabalean gertatzen ziren borrokak, askotan, muino batetik jeneralek kontrolatuta. Oro har, kanoiak (irismen luzeko armak) bataila-eremura eramateko astunegiak ziren, eta gotorlekuak babesteko besterik ez ziren erabiltzen.
Baina, industria-iraultzaren hastapenetan, John Wilkinson ingelesak zehaztasun handiko zulagailu bat asmatu zuen; armada frantsesak, garai hartako onenak, kanoi arinak egiteko erabili zuen zulagailua, batailan bertan erabili ahal izateko. Artilleria berri hori erabilita, Napoleonek Europako mapa politikoa goitik behera aldatu zuen.
Fisika, kimika eta matematika zientziak ziren, baina XVIII. mendeko medikuntzak ez zuen kutsu zientifiko handia. Zerbait egiten zen, batez ere odol-ateratzeen eta antzeko metodoen bitartez, baina askotan diagnostikoa pazienteak berak egiten zuen.
Hala ere, gizarte ilustratuak arazoei aurre egiteko modu berriak proposatu zituen. Adibidez, gorputzaren tenperatura neurtzen hasi zen, eta 37 gradu inguruan egon behar duela ikusi zen. Baina neurketa sinple horiek hasiera besterik ez ziren. Pierre Cabanis frantsesak beste urrats bat proposatu zuen: matematikaz eta estatistikaz tratatu behar ziren datu medikoak gaixotasunen jatorria bilatzeko.
Dena dela, ideia hori gauzatzeko datu-kopuru handia beharko zuen Cabanisek. Arazoa segituan konpondu zen: Napoleoni esker, datu-iturri oparoa izan zuen bere teoriak frogatzeko. Gainera, soldaduak tratu txarrak jasotzen ohituta zeudenez, medikuaren nahiaren mende egoteko trabarik ez zuten jartzen. Soldaduei, mota guztietako frogak egiteaz gain, klaseetara eraman eta medikuntza irakats ziezaiekeen.
Medikuak gero eta datu gehiago jasotzen zituen eta diagnostikatzeko metodologia garatu ahal izan zuen, pazienteak ulertzen ez zuena: medikuak agintzen hasi ziren. Beraz, soldaduen eskutik, pazientearekiko harremana betiko aldatu zen.
Borrokarako teknologiaren aurrerakuntza ez da geratzen bake-garaian, baina gerra egiteko modua, ordea, ez da garai horietan aldatzen. Estatu Batuetako gerra zibila horren adibidea da. Mende-erdia geroago izan zen arren, jendeak buruan zuen erreferentzia Napoleonen garaiko gerrena zen. Garai hartan, irismen txikiko armak erabiltzen zirenez, ohikoa zen korrika eginez erasotzea. Baina etsaietatik oso gertutik hasi behar izaten zen korrika. Estatu Batuetako gerra zibilean estrategia bera erabiltzeak askoz hildako gehiago ekarri zituen, armen irismena askoz handiagoa zelako.
Hurrengo mende-erdian zientziak aurrerapauso asko egin zituen. Garai hartako armetatik abiatuta, XIX. mendearen bigarren erdian metrailadorea garatu zen, etengabe tirokatu ahal izateko makina. Oinezkoentzat astunegia zen hasieran, baina puntu estrategikoen defentsarako ezinbesteko bihurtu zen.
Gaixotasunek mikrobioekin zerikusia dutela aurkitu zuen Pasteur-ek; mikrobio horiek hilda sendatu, eta kutsatuta gaixotasuna eragin zitekeen. Baina medikuntzak ez ezik, kimikak eta fisikak ekarritako asmakuntzek gerra eta bakea aldatu zituzten. XX. mendearen hasieran, hainbatek uste zuen asmatu beharreko guztia asmatuta zegoela. Garraiobideetan, zaldia nagusitasuna galtzen hasi zen, makina ibilkarien aurrean.
Fisikariak erradiazioen mundua menderatzen hasi ziren: Roetgen-ek X izpiak eta Bequerel-ek eta Curie-k erradioaktibitatea aurkitu zituzten, Maxwell-ek eremu elektrikoaren eta magnetikoaren teoriak bateratu zituen eta Johnson-ek atomoak osagai txikiagoak zituela aurkitu zuen. Ordura arte espero ez zitekeena garatzeko teknologia bazegoen; aurki, airetik zein itsaspetik bidaiatzeko makinak egingo ziren.
Errepikatuko ez diren ezaugarriak izan bazituen ere, gerra modernoa Lehen Mundu Gerrarekin sortu zen. Zifrak izutzeko modukoak dira: 8,5 milioi pertsona hil ziren, gutxienez 16 estatuk parte hartutako gerra batean. Ez da harritzekoa Gerra Handia izena eman izana.
Lehen Mundu Gerraren ezaugarri nagusia oso estatikoa izatea da. Lubakietatik egindakoa izan zen; bataila-eremua trabaz eta alanbre-hesiz josita zegoen. Frontea lerro batetik ez zen mugitu, eta horregatik milaka hildako izan ziren bertan.
Gerra horretan lehen aldiz erabili ziren hegazkinak. Dena dela, oso arinak ziren eta gehienez metrailadore txikiak eramaten zituzten; ez ziren garrantzi handiko armak izan. Radarra ideia teorikoa besterik ez zenez, hegazkinak etsaia zelatatzeko aukera ematen zuen. Ideia horrekin, zepelinak erabiltzen ere hasi ziren Gerra Handian; alemanek guztira 115 erabili zituzten. Hala ere, zepelinak oso zaurgarriak eta eguraldiaren mendekoak ziren.
Bestalde, lehen gerra-gurdi blindatuak eta tankeak diseinatu ziren. Britainiarrek lehen prototipoa sekretupean garatu zuten, hiru soldadu eraman zitzakeen Little Willie . Baina gerra horretan tankeak ez ziren erabakigarriak izan; bigarrenean, aldiz, lurreko erasoen arduraren zati handi bat izan zuten.
Lehen Mundu Gerra arma kimikoengatik da ospetsua. 91.000 hildako eta milioi bat baino gehiago zauritu izan ziren eraso kimikoen ondorioz. Ziape gasa izan zen produktu kimiko erabiliena, baina ez bakarra; kloroak akabatutako biktimak ere izan ziren. Arma horiek zailak ziren erabiltzen, haizea aldatzen zenean erasotzailearen aurka itzultzen zelako gasa.
Neurri batean, lehenengoan probatu zena bigarrenean erabili zen. Baina bi mundu gerrak erabat ezberdinak izan ziren, eta gakoa mugikortasunean datza. Bi gerretako ahalmen teknologikoak eta zientifikoak oso ezberdinak ziren. Esaterako, atomoaren eredua oso aurreratuta zegoen, eta nukleoa apurtzeko prozesuak askatzen duen energiaren inguruko ikerketa sekretu garrantzitsuena bilakatu zen.
Lehengo gerraren ostean bizirik iraun zutenek uste zuten hegazkinetatik askoz gerra 'errukitsuagoa' egingo zela: puntu estrategikoak bonbardatzearekin nahikoa izango zen. Baina bonbardaketak ez ziren zehatzak izaten; herritarrak izutzeko oso tresna egokia ziren eta, azken batean, gerra irabazteko lurretik konkistatu behar ziren hiriak. Ondorioz, aurrekoa baino gerra suntsitzaileagoa izan zen.
Radarra, hegazkin handiak, itsaspekoa eta bonbak baliabide garrantzitsuak ziren gerra teknologikoa egiteko. Horrez gain, koheteak eta arma nuklearrak ikertu ziren. Alemaniak inperio handia egin zuen, baina produktu arruntak egiteko lehengaiak azkar agortu zituzten; neurri batean, aliatuek blokeatuta gelditu ziren. Horrek azkartu egin zuen ikerketa zientifikoa, produktu naturalen ordezkoa bilatzeko asmoz. Beraz, lehenagoko ikerketa-lerro batzuk garatzeari ekin zioten. Horren adibide dira polimeroak eta penizilina, kautxu naturalaren ordezkoa eta gaixotasun 'guztiak' sendatzeko botika.
Estatubatuarrek 'bukaera' ikusgarria eman zioten Bigarren Mundu Gerrari: Hiroshiman eta Nagasakin jaurtitako bonba atomikoen ondorioz, mundua dardarka hasi zen. Zientziak planeta suntsitzeko arma bat garatu zuen, eta urteak pasatu ahala, arma hori hobetu egin zuen: fisiozko bonbak fusiozkoari (H bonba) ireki zion atea.
Bigarren Mundu Gerrak zientziarekiko jarrera aldarazi zuen. Gobernuek oinarrizko ikerketara bideratutako diru-kantitatea izugarri handitu zen; Estatu Batuetan, adibidez, 20 aldiz handiagoa zen. Ikerketa horiek, batez ere, inbertsio militarra ziren. Horregatik, gobernuetan ez bezala, gizartean zientziaren kontrako jarrera eragin zuten.
1960 inguruan, dirua proiektu zibiletan ere inbertitzen hasi ziren (NASA, adibidez, 1958an sortu zen), eta zientziak eguneroko bizitzarako tresnak garatzen zituen heinean, publikoaren jarrera hobetzen hasi zen. Koloretako telebistaren, transistorearen eta abarren garaia zen. Gerra Hotzak bultzatuta, gainera, harrokeria nazionalistaren bidetik, gizakia Ilargira iritsi zen. Garai hartako ikerketen berri oraindik ez da guztiz argitara atera.
Beste hainbat faktorek ere osatu dute gaur egungo gerra-mota. Informazioaren gerra ere oso garatuta zegoen. Stalinek, Hitlerrek eta Mussolinik propagandarako bideak ireki zituzten telebistaren eta zinemaren bitartez. Baina hedatu diren heinean, komunikabide guztiak kontrolatzea ezinezko bilakatu da. Informazioarekin batera, gerra kimikoa eta biologikoa edozeinen eskuetan daude inbertsio handirik egin gabe. 'Informazioaren gizarte' hau beste gerra-mota batzuk ekartzen ari da, nazio osoen parte-hartzea behar ez dutenak. Irailaren 11ko New Yorkeko atentatuan hori frogatu da.