Muturreko egoeretatik abiatzeagatik, Hego Poloaren konkista lehenbizi. XX. mendeko lehen hamarkadan hainbat abenturazale ausart lortzeko zorian egon ziren ametsa, bigarren hamarkada honetan errealitate bihurtu zen. Balentria Roal Amundsen esploratzaile norvegiarrarena izan zen eta, 1911ko abenduaren 14an egia bihurtu zuen ametsa. Kontinente zuriaren konkistan lehia-giroa nagusi zenez, Amundsenek isilpean egin zuen bere bidaia. Horrela aurrea hartu zion Robert Falcon Scott britainiarrari —1912ko urtarrilaren 17an lortu zuen bere helburua—. Aipatutako hori ez zen hala ere, Amundsenek Hego Polora iristeko egin zuen lehen bidaia, aurrez bakarren bat edo beste egina baitzuen. Antartikarako bere lehen bidaia 1897. urtean egin zuen, Gerlatze nabigatzaile belgikarrarekin. 1903. urtetik aurrera esplorazio-bidaia asko egin zituen. 1906. urtekoan polo magnetikoa aztertu zuen, eta baieztatu egin zuen desplazatu egiten dela. Amundsen abentura-giroan bizi izan zen; heriotza ere horrela iritsi zitzaion Artikoko ozeanoan 1928. urtean, Nobile italiarrak antolatutako espedizioaren bila zebilela.
Lurralde ezezagunei bezala, zeruari begira ere jarraitzen zuten garai hartako abenturazaleek. Arlo horretan Mantxako kanala zeharkatzea izan zen lehen hamarkadako lorpenik garrantzitsuenetarikoa; bigarren hamarkada honetan, berriz, Atlantikoa zeharkatzea lortu zuten. 1919ko uztailaren 6an Estatu Batuetan lur hartu zuen Britainia Handiko globo gidagarri batek, bidaia luzea eginez Atlantikoa zeharkatu ondoren. Zerura igo eta han egoteari bezainbesteko garrantzia eman zitzaion jaisteari. Albert Berry zuen izena paratxutean jauzi egin zuen lehen gizonezkoak (1912); emakumezkoak, berriz, Georgia Broadwick (1913) zuen izena.
Hegazkinak eramaten dituzten itsasontziak ere ospetsu bihurtu ziren hamarkada honetan, 1911ko urtarrilaren 1ean lehenengoz hegazkin bat USS Pennsylvania itsasontzitik irten eta hara itzultzeko gai izan zenean. Hori dela eta, gerora USS Pennsylvania izeneko itsasontzi bat baino gehiago izan da. Gerra-giroko aurrerapenak —edo atzerapenak?— ugari izan ziren, I. Mundu Gerra hamarkada honetakoa baita. Aipatze hutsagatik ordukoak dira hegazkinen arteko lehen borrokaldia, gas pozoitsuak erabiltzea, tankeak, bonbaketariak….
Jendaurreko balentriak alde batera utzita, laborategietan egindako lanaren uzta ere emankorra izan zen. 1911. urtean Casimir Funk jatorriz Poloniako biokimikari estatubatuarrak bitaminak aurkitu zituen. Urtebete geroago bitaminen teoria ere argitaratu zuen. Teoria haren arabera, gaixotasun batzuk —beriberia, pelagra, errakitismoa, eskorbutua…— elikadura txarraren ondorio ziren, elikaduran substantzia batzuk —bitaminak alegia— falta zirelako. Funk-ek bitaminak bizitzeko ezinbestekoak zirela uste zuen eta guztietan nitrogenoa oinarrizko osagaia zela; orain badakigu bitamina batetik bestera egitura ez dela batere berdina eta nitrogenoa ez dela ezinbesteko osagaia. Hala eta guztiz ere, biokimikari haren aurkikuntzari esker hainbat gaixotasun desagertarazi ahal izan dira, beriberia kasu.
Teoria-kontuekin jarraituz, Albert Einstein ekarri behar da berriro lerro hauetara, 1916. urtean Erlatibitate Orokorraren Teoria azaldu baitzuen. Atomo-ikerketaren lehen garaiko beste ikertzaile handi bat, Ernest Rutherford izan zen, eredu atomiko berria proposatu baitzuen. Rutherford-ek honakoa egin zuen: substantzia erradioaktibo batek sortutako alfa partikulen bidez metalezko xafla bonbardatu. Hori eginda konturatu zen alfa partikula gehienek xafla zeharkatu egiten zutela. Ondorioz, Rutherfor-ek atomo-eredu berria proposatu zuen: nukleoan masa handiko eta bolumen txikiko partikulak zeuden, eta kanpoaldean masa eta bolumen txikiko partikulak. Gerora, arlo horretan Niels Bohrn-ek ere eman zuen zer esanik, proposatu zituen postulatuengatik alegia.
Abenturak, osasun-arloko aurrerapenak, teoriak eta gerraren babesean egindako hainbat asmakuntza edo gertaera alde batera utzita, garai hartan sortu eta orain arte iritsi den aurkikuntza azkenerako: altzairu herdoilgaitza. Asmakizuna Henry Brearly britainiarrarena izan zen, 1913. urtekoa. Altzairu herdoilgaitzak tenperatura arruntean zein apalean ez du korrosiorik izaten. Karbono-kopurua handiagotu ahala altzairuaren gogortasuna handiagotu egiten da, baina altzairu herdoilgaitzean karbono-kopurua oso txikia izaten da. Kromoa edukitzen du, eta nikela ere bai.
Aipatutakoak behar bada XX. mendeko bigarren hamarkadako asmakizun eta gertaera aipagarrienak izan daitezke, baina izan, gehiago ere izan ziren. Hona hemen beste batzuk: