Eguzkiak bazterrak kiskaltzen dituen egun horietako batean, Erribera inguruko sastrakadietan zehar ibilalditxo bat egitean, batek baino gehiagok entzuna izango du sasi artean ihesi doan pizti ezezagunak egindako ustegabeko zalaparta. Lasterkako urratsek eta soina arrastaka eramateak ateratzen duten zarata handiak despistatu eta kezkatu ere egin dezake animalia iheslariaren berri ez duen mendizalea. Nafarroa eta Arabako hegoaldeko biztanleek aldiz, ondotxo ezagutzen dute gardatxoa; Europako saururik handiena eta musker berdearen ahaide erraldoia dena.
Izan ere, gardatxoak 20 cm neurtzen ditu muturretik uzkira, eta guztira 60 cm eta gehiagoko luzera izan dezake. Oro har, bere anatomia gainerako muskerren antzerakoa da, baina Euskal Herriko gainerako muskerren aldean gorputz sendoa eta buru bikaina ageri ditu, eta ezkata gogorrez osatutako janzkera latzak bere arbaso ziren sauru erraldoiak dakartzagu gogora. Espeziearen ezaugarri bereizgarrien artean aipagarrienak hiru dira: batetik, berde biziz koloreztatutako larruazal ezkatatsuaren saihetsetan orbain urdin nabarmenak izaten ditu; bigarrenez, buru sendoaren gaineko aldean kokatutako ezkata okzipital ia triangeluarra ezkata frontala baino zabalagoa du; eta azkenik, sabeleko ezkatak luzetarako 10 lerrotan antolatuta ageri ditu
Gardatxoa musker lasaia eta berozalea da, eta ondorioz eguzkiak gogor jotzen duenetan harri edota zuhaitz-enborren gainetan etzanda egotea du gogoko. Horrelakoetan ordu luzeak eman ditzake eguzkitiko izpi goxoak hartuta gozatzen, eta lasai asko egoten da etsaia izan daitekeenik hurbiltzen ez bazaio behintzat. Arriskua somatzean ordea, begiak zabaldu eta ziztu bizian alde egiten du sasi edo harri artera, ihesean ateratzen duen zalapartaz arduratu ere egin gabe. Beraz, gardatxoa leku idor eta eguzkitsuetan bizi da, sastrakadietan, baso garbietan, edota lur harritsua dagoeneko parajeetan. Elikadurari dagokionean, omniboroa dela eta, nahikoa dieta dibertsoa duela esan behar da. Bere ehizakien artean batez ere intsektuak, zizareak eta beste ornogabeak aipatu behar dira, baina hauetaz gainera karraskari batzuk, txori txikiak eta arrautzak ere jan ditzake. Halaber, gogoko ditu fruitu gozoak ere.
Gardatxoaren araldia apirilaren erdi aldetik ekainera bitartekoa izaten da, eta ugalketa gainerako lazertido gehienetan bezalatsu gertatzen da: arrak emea hortzez harrapatzen du, barne-ernalketa kopularen bitartez burutuz. Emeak 6-15 arrautza erruten ditu, hauek lurrean edota harri azpian utzirik, eta narrasti eta anfibio gehienen kasuan bezalaxe, hauek patuaren menpe geratuko dira, gurasoen aldetik inolako arreta edo ardurarik jaso gabe. Hiru hilabetera jaioko diren gardatxokumeak beren gisara moldatu beharko dute, janaria bilatu eta mota guztietako arriskuei aurre eginez.
Banaketari dagokionez, gardatxoa Iberiar penintsulan, Frantziako hegoaldean, Italiako ipar-mendebaldean eta Afrikako iparraldean bizi den espezie mediterraniarra da. Euskal Herrian berriz, Arabako erriberan, eta Nafarroako hegoaldean bakarrik ikusi da. Banaketa honen arabera, gardatxoak musker berdearentzat idorregi diren habitatak betetzen ditu, eta batera ageri diren eskualdeetan musker berdea ( Lacerta viridis ) bertako lekurik heze eta freskoenetan bizi da, bazter lehorrenak gardatxoaren menpe geratzen direlarik.
Zoritxarrez, eta beste espezie askorekin gertatu den bezala, gardatxoa gero eta ikuskaitzago eta urriago bihurtu zaigu azken urteotan, eta zenbait autoreren ustetan espezie honetako populazioen egoera kritikoa ere bada jadanik. Eta ez noski bere etsai natural diren arrano eta beste harraparien ihardueren ondorioz. Aitzitik, gizakiak ere aspaldidanik ehizatu du gardatxoa bere okela samur, zuri eta preziatua dela eta.
Bestalde, nekazaritzak ia erabat irentsi ditu animalia honen bizileku diren sastrakadiak eta gainerako eremu naturalak. Ondorioz, gardatxo-populazioak gaur egun oraindik geratzen diren landaretza naturalez osatutako irletan eta nekazal alor zabalen artean utzitako sastraka-hesi eskasetan isolatuta bizi beharrean aurkitzen dira. Beraz, ez dago esan beharrik ingurune hauek babestea gardatxoarentzat eta berau bezala bertan bizi diren beste makina bat bizidunentzat ere derrigorrezkoa dela.
FITXA TEKNIKOA: GARDATXOA |
ESPEZIEA : Lacerta lepida |